Atarikoa
Euskera iraun-erazi, edertu ta zabaldu nai genuke, gure Erri osoa euskaldun izan dedin. Erabateko euskaldun eta fededun izan gaitezen. Ez date gutxi.
Euskaldun endekatu zenbaitek, zoritxarrez, euskera bein betiko baztertzea ta zapaltzea nai luteke. Gure aleginak oro elkorrak eta alperrikakoak omen dira. Itsasoan barna goldake tan ari omen gera. Gure Erria aldez beste irauli nai luteke alako oiek. Beren buruak gain gainetik iruzurtara dakartzite, ordea. Arnasa gezurra dute oiek. Euskalerriak iraun beza, diote, euskerarik bage, ordea. Nola antola, ordea, elkarri mokoka dauden bi gauza oriek? Eguzkipean gertatzen ez danik ez da! Alabaña, euskera gal ba'geneza, Euskalerriarenak egina luke.
Guk, berriz, lena berrizten diardugu. Naiago genuke arnasik bage erori, euskera galdu baino. Obe il bagendiz.
Non-naiko errien nortasunaren ezagugarririk nagusiena eta garbiena, norberaren izkera oi dugu. Egia au uka-egina dugu, eguzkia bera baino argiagoa, noski. Egia au beste erriei buruz ontzat artzea, ta Euskalerriari buruz ezezkoan irautea, ulertezina litzake. Areago oraindik: gorrotogarria litzake.
Erri zar-berriek oro onetara ulertu al izan dute; ta beren izkuntzak iraun-erazteko, ez dute aleginik parkatzen. Lanak lan, egindk egin, erri guziak kataskan eta ekinalean ari dira, beren izkerak iraun-erazi nairik. Bestalde, onetara, eusten diete beren ariurri bereziei, izkera beren nortasunaren bereizgarririk nagusiena, ta beren nor izatearen ezagugarririk ederrena bait-da.
Morrontzapean uztartuta ta ustelduta bizi diran erriek ez dute onelako kezkarik eta bizi-nairik. Errien goraberetan, ordea, ez dute gorarik eta ar-emanik zoritxarreko erriok.
Onelakorik ez da gertatzen Euskalerrian, zorionez ta ala bearrik. «Euskaldunak gera» diogun bakoitzean, arro-arro eginda esku ta bidez kukurruku egiten dugu. Euskeraren iabe dun oraindik baikera, gure abenda zindoari ta iatorrari oraindik eusten baitiogu, ta onela, Europe'ko erririk zarrenetarikoa, berebizikoena ta garbiena baikera.
Eutsi dezaiogun, euskerari, beraz, arretarik andienaz, maitasunik beroenaz, aleginik gogorrenaz.
Gakizkion lanari! Euskerari garraizkion!
Bide batez oro ta oroz bat elkar gaitezen, euskaldun iraun dezagun.
|