L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. Epaila-Iorraila —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti berriak—

 

Sopokel'en Antzerkiak

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k.

 

Zaitegi'tar Iokin. - SOPOKEL'en ANTZERKIAK. — II. — Aiatz, Tarakin'go Emaztekiak, Piloktete. Baiona'n. 1958.

 

Egunerokoak, berrikarietaz ari naiz, geienetan beintzat berri aspergarriz ta artikulu iñozoenez gaiñezka etortzen zaizkigu, gizarteko albiste txoroz ez denean. Noiztanka ala ere, argi diztira iakingarriren bat irtetzen da orrialde agor ta nekagarrien artetik. Esan bearrik ez, gizon auta batzuen biotz-zentzuak baizik ez ditutela ukitzen diztira iakingarriok, Orati'ren profanus vulgus kine-izarren likiskeri ta kirol-mutillen ostiko tartean uzarka ari dan bitartean.

        Luzaro ez dala, alako argi-printza ernagarri bat arkitu nuen emengo berrikari orrialdez totolo-mardul batean; artikulu laburra, baña iakituriz, gizatasunez ta neurriz betea. Izenik ikusi ezta ere, laister antz-eman zezaioken idazle on baten zitua zana, ez taldeko idazlari arruntarena. Itzaurre gille ta literatur-kritikarietaz ari zan G. Marañon idazle andia artikulu artan.

        Baten batzuek esan zioten or-nunbait, itzaurre geiegi idazten zituela idazle ez-ezagun aunitz literatur-zelaian erakusteko, baita ere kritikagintzan biguñegia zala alde onak baizik ez dituelako erakusten. Eta idazlan artan, zenbaitek egin salakuntza orietaz bere burua zuritzeko Paul Valery olerkari bikaiña eta estilista gorengoa aipatzen zuen. Onek ere, agiri danez, itzaurre askotxo idatzi zituen olerkari ta idazle gazteak, eta ez ain gazteak, aurkezteko. P. Valéry'k beti arkitzen omen zituen alde onak olerkari ta idazle guztiengan bere kritika borobiltzeko.

        Eta auxe dio gaiñera, Marañon'ek: kritiku ondo eskaxak dirala idazlearen makurrak baizik billatzen ez dituena, eta ondo itsua ere bai, alderdi txarrak ikusteko baiño begirik ez daukana. Alako kritikuek on baiño kalte geiago egiten omen dute literatur-soroan, geroago landare mardul ta oparo ditezkenak erne-miñean itotzen ditutelako. Eta ez zaio arrazoirik palta osagille ospetsuari.

        Neri ere, gorago aipatu ditudanen aiñakoa izan ez erran, orrelako zerbait gertatu zait. Bein baiño sarriagotan idatzi didate makalegia naizela kritikagintzan; obe nukela eztia baiño egurra erabilli nere iriz-lanetan. Baña ez diet kasurik egin olakoak idatzi dizkidaten «basoko» biotz-bera oriei, ez. Naiago dut luma au milla zati egin eta surtara jaurti, euskal-idazle bat, den delakoa, b-etiko ondatu baiño. Ain oparoa ote da gure soroa ernemin xamurrenak ere ostikopean zapaltzeko? txori lumatu berriak kabian bertan itotzeko? Badugu bai, euskal-irizleok gizabidea nun ikasi: erbesteko kritikarietan alegia.

        Sarrera luzetxoegia gaurko nere iriz-larrerako. Baño esan bearrekoak nituen. Luzaro ez dala naigabe aundienaz irakurri bait nituen bizpairu itz garratz Sopokel'en itzulariaren lana orpo-orpoan jo ta erabat ondatu nai zutenak, zearka gaiñera, izenik ere aipatzeke.

 

* * *

 

        Orra, irarkurle, Zaitegi iaunak damakigun Sopokel'en antzerkiz osotutako bigarren bilduma. Gaurko iru antzerkiok Euzko Gogoan agertu ziran atalka ta osorik, eta oraingo ontan liburutxo txanbelin batean bilduta damazkigu gure idazle azkarrak «Piloktete», «Aiatz» eta «Tarakin'go Emaztekiak»; Sopokel aomen andikoaren lan osoa euskeraz. Eztitan bear genuke euskerak eta euskal-seme guztiok gure mintzaira zarraren antuxiñean Elade ospatsuko trajeri illezkorrak ikusi-ta. Poztu ta gaiñera esker-onik andiena erakutsi alako lan andia egin digun gizonari.

        Amar urte bai, Mexiko'n argitara zituen «Oidipu Bakaldun», «Oidipu Kolono'n», «Antigone» eta «Eletere» ri buruz iriz-lan luze bat egin nuela. Orduan ere, gaur bezela, ez nuen esku-larru txuririk iantzi bear izan gure gizona goraipatzeko; onen arnas andiko lanak berez dira aski ta geiegi ere nornai jaso ta goraipatzeko.

        Urteak ordea, ez dira alperrik igarotzen, eta orduko Zaitegiren itzulpenak gaur irakurri ondoren oraingoekin daukaten alde andiaz iabetu naiz. Euskal-lanari atertu gabe ta sakonki egin dion gure idazle kementsuak, euskera orduan baiño askoz menderago duela dirudi, dudarik gabe. Ingelesek lioketenez, ordukoa baiño fluency'ago, iariotsuagoa du gaurko euskera. Ia erri euskeraz mintzo zaizkigu Sopokel'en gizuren eta andreurenak, batzuetan errikoiegi ere bai arako zakurraren sala aipatzen dutenean, esaterako. Piloktete, batez ere, edozeinek irakur dezakela nik uste, arnas batean. Ain dago errex ta ixurkor euskeratuta.

        Nai ta nai ez, olako iriz-lan batean izkerari buruz iardun bear. Antzerki auen mamiak nik esan ditzakedanak baiño milla bider obeto esanak nun-nai arki zenitzakete, Zaitegi'k bere idazti berriari jarri dion itzaurrean bertan urrutirago ioteke, iakingarrienetakoa baita.

        Baiña onen neurriko itzulpenak beste zerbait ere eransten diote gure izkerari: aunditasuna, orokortasuna ta kulturtasuna (landutasuna esan dezadan Orixe adiskidea mindu ez dakigun). Nun, eta Caracas'en atera zaigu españar idazle bat euskeraren aurka, gogor atera ere, gure izkera abere tartean, ukulluan ta ardo arruntenez naasita erabiltzeko baizik ez den izkera arlote bat dala esanaz, bere esanok Unamuno, Baroja ta Ortega'k euskeraren aurka idatzi zitutenekin sendotuz. Nik bezin ondo dakizute aipatu iru idazleak euskeraren aurrerapenari bizkarra emanda bizi ta il zirala. Ala ere aien erasi zaar ta igatuak aintzat dauzkate españar intelektualtxoek et noiz-nai aotan ar oi ditute gu bezteko. Alperrik da aiei esatea zer nolako lan aundiak egin dituten euskal idazleak, entzun nai eztuena baiño gorragorik iñun ezpaitago. Entzun eta ikusi nai balukete, aski litzake Zaitegiren lana oien begiaurren ezartea, betiko lotsatzeko. Baiña..........

        Iakiña, gogor ateratzen gera gu ere olakoen aurka izparringietan, ala ere arrazoi pixkat badutela aitortu bear dugu, gere kautan baño ezpada ere, euskaldun geienak euskerakiko ain muker ta saiestuta ikustean, naigabez ta miñez aitortu ere. Ez al da oraindik iritxi ordea guztiak batera aberri-izkeraren alde iarteko? Ez al ditu gure euskerak bere gaitasunak nabarmendu edozein arlotan aundikiro erabiltzeko? Nik baietz uste, eta or dago tinko aski Zaitegi'ren lana nik esanaren sendogarri. Baño, euskaldunon ezur-mamiak atergabe jaten ari dan erdal-txitxare nazkarria il arte, ez dugu onik izango. Eta ar zikin ori kemenez ta adorez beterik lertu bear dugu.

        Barka irakurle, iriz-lanetik zerbait baztertu naizelako. Propaganda pixkat egiteko aukerak ezin ditzakegu nolanai galdu, sorrak ernatzea zail bada ere.

        Bukatu baiño len, au ere esan dezagun: aspaldikoak izan arren oraindik ez dala igatu antzerki sakon oien mamia. Gizonen auziak, atzo ta gaur, berdin xamarrak; irrits eta griñen sua ordukoa gaur ere. Mende ta aurrerapenek, iakintza eta teknika berriak gora-bera, giza-biotzak ez dira aldatu: kanpogiroa zerbait bestelakotu arren, barne-giroa betikoa da orain ere. Orregatik pozik ikusi oi ditugu gaur ere antzerkiok, ikutu axal batzu eginda, gozart-errexagoak gerta dakizkigun egungo ikusleei. Axal-ikutuok egiteko ordea, noraezekoa da norbere izkeraz iantzita antzerkiok ukaitea. Orrela bakarrik egokitu ta gaurkotu ditezke, eta egokiera ortarako biderik aukerakoena ematen digute Zaitegi'ren itzulpenak.

        Antzerki auetaz baliatuko al gera gu ere euskal teatroari txerto berri bat eransteko, atzerrietan egin oi dan lez. Sopokel'en ispiritu ernaia, len bezin atzarri dago orain ere, Grezia zaarreko neurritasun ta gizagiro barearen lekuko, trajeri-gillean izan baitzan antziñatean giza-pzikologiaren joera ta itzalguneak nabarien iarri zizkiguna.

        Idazti onetan gaiñera, errextasun guztiak eman dizkio irakurleari egilleak, irakurpena erosotzeko; iarri dizkion oar ugarietan arkituko du iakin-miña nun ase. Iztegi polit bat ere erantsi dio gainera.

        Taldeka irakurle opa dizkiogu itzultzalle azkarrari.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.