Itz Lauz
Euskerazko aldizkariak
Zeleta
Azken-aldi ontan, elur-malutaren gisa, mara-mara iritxi zaizkigun ainbat euskal-aldizkariz gaindurik, gañezka daukagu gure idazmaia.
Emen ditugu: «ZERUKO ARGIA», «YAKIN», «ARANZAZU», «GOIZ ARGI», «EGAN», «KARMEL», «P.P.C.», «ANAITASUNA» (gipuzkoeraz), eta «ANAITASUNA», (bizkaieraz). Dan-danak zaizkigu begiko ta aipagarri; baña, nola eta noizko bat-bana guziak irakurri? Eta, azterkatu?
Bakoitzaren irizpena eman aal-izateko, astiro irakurri bear, ordea, eta astia, beta edo denbora bear, nai-ta nai-ez, orretarako... Baña, ori baño okerrago dana, beste au gerta-oi-zaigu bearkizun ontan ari geranok ortaz bizi ezgeranez, atseden-une atsegiñari orduak lapurtuaz bete-bear eginkizun ori...
Orra, beraz, irakurle maite, zergatik sarritan aldiz-at edo axal-samarretik egiñak izan oi-diran jasotzen ditugun euskal-irakurgaien aitapen eta irizpenak. Barkatu, bai eta goiazan arira
«ZERUKO ARGIA». Aurrean ditugu, Euskera'ri eutsi-naiaz euskaldun Aita Kaputxinoak Iruña'n argitaltzen duten illeroko polit onen Jorraila ta Loreilla'ri dagozkien bi zenbakiak.
Orain iru-lau urte berralgitaldu zanean, gexa ta argal-samarra iruditu ba'zitzaigun ere, azken-aldi ontan jasotzen ditugunekin ez-da ori gertatzen. Antxiñako ta oraingo euskal-idazle bikañen idazlan ederren bidez ederki mamitu ta marduldurik dakusgu.
Eta euskaldun jende-xeak bere izkuntzan Goi-argiak jaso ditzan sortutako aldizkari errikoia izanagatik ere batere, lotsarik gabe ikasien idazti-gelaetan sar-ditekeala esan dezakegu kezkarik gabe. Gure-arteko idazlerik goi-mallakoenak diran «Gama», «Gurutz», «Oyartzuna», «Aranzibia», «Arin», «Alzani», «Azkizu» eta Etxaniz'tar Nemesi'ren idazlanak ezbait-ditugu aurkitzen, noiznaika, goi-koska'ko aldizkarietan ere!
Aitatu ditugun idazle ospetsu oien zinismen-gai eta elerti-gaiezko idazlan gain-gañekoak, ezjakin eta jakitun, guztiontzat dira on, eta orrelako irakurgai garrantsidunak erruzka dakarzki, aspaldi ontan «ZERUKO ARGIA»-k. Gure goresmen eta zorionik-onenak bere Zuzendari bizkor-bizkorra eta guztiz saiatua dan Yurre Aba agurgarriari.
«ARANZAZU». Aurtengo urtean oraindaño argitara diran iru-azken-zenbakiak, benetan mardulak eta apañak, atsegin aundiz jaso eta irakurri ditugu. Zerutar aldizkari ederrak dakarzkin idazlan geientzuak, erderaz'koak diran arren, amairu euskal-idazlan benetan irakurgarriak aurkitu ditugu argazki ederrez jantzitako ale apain oietan.
Arendui'ren «NUNDIK NORAKOA FEDEA?», Agirrezabal'dar Andoni'ren «BITORI'KO EUSKALDUNAK», Xeama'ren «ORIXE EUSKALTZAIN», Satarka'ren «INTZA BEGIETAN», «EGUARRIZ ARANTZAZU'N», «NAPARROA EUSKERA'REN ALDE», Arendui'ren «JAINKOA IPUI?», I. B.'ren «NOLA IRAKURRI BEAR DA BIBLIA?», Aztiri'ren «EUSKAL-ERRIKO MUGATIK», (lenengo atala), Eleizaran'en «LOURDES'KO BERRIAK», Berriatua'ren «DONIBANE'TIK DAKAR'ERANO» eta Aztiri'ren «EUSKAL-ERRIKO MUGATIK, (bigarren atala), goi-mallako idazle argien idazlan jakingarri ta sakonak dira. Eta Berriatua'rena ez-besteak, bearreztako erdal-itzik-gabe euskera garbi, errez eta aberatsean egoki ta disdiratsu idatziak; baña, aitaturiko idazlan dan-danak, dira guztiz irakurgarriak eta bai onuratsuak ere. Or ikusten da, argi ta garbi, gure izkuntza, beste izkuntza nagusiaguen gisa, nolanaiko gaiak erabiltzeko gai-dala.
Ezpairik gabe, «ARANZAZU» degu, oraingoz, euskaldunen-artean geien irakurtzen dan aldizkaria, eta aldizkari onek ain idazlan garrantzitsuak euskeraz dakartzela ikustea, pozgarri da, guretzat, eta onurakor, izkuntzarentzat.
Zorionak, eta jarrai, bide zuzen ortatik, Arantzazu'ko lekaide maitagarriok.
«GOIZ-ARGI». Ongi irabazitako gorespenak poz-aundiz zuzendu dizkiogun «ARANZAZU»-ren geigarri edo Suplemento'a degu «GOIZ-ARGI».
Iñundik ere, oraindaño gure-artean asmatu dan irakurgairik bidezkoenetako bat, auxe degu: «Goi-Argi», euskeraz irakurtzeko zaletasunik ez-duten nekazari-artean euskal-irakurmiña sortu-erazteko.
«ARANZAZU» aldizkariaren neurriko zortzi-orrialde ditun euskal-irakurgai onek dakarzkin idazlanak, guztiz irakasgarriak dira, nekazarientzat, beren abere, soro, zelai, baratz, zugasti, mendi ta oianak nola landu ta zaindu bear dituzten jakiteko, bai euskerari eutsi ta zabalkundea egiteko ere.
Ain begiko izan zaigun aldizkaritxoa irakurriaz, benetan pozgarri izan zaigun beste gauzatxo bat ere oartu degu: berau sortzeaz batera sortu zaizkigula beste bost euskal-idazle gain gañeko: Oñatibia, Arzelus, Buska, Zurutuza eta Aranzadi. Gain-gañekoak, gipuzkera garbi ta jatorrean disdirakor idatziak bait-dira beren «EUSKAL-BASERRIA TXIKIEGIA AL DA», «NAPAR-MINA», «BASERRIAN MAKINAK SARTU BEAR AL-DIRA!», «GANADUAREN SAL-EROSKETAK» eta «GURE BASERRIENTZAKO ARGI-BERRIAK» deritzaien idazlanak.
Irakaspen abek nekazarientzat duten garrantzia, izugarria da, ta oraindaño euskeraz irakurtzeko oiturarik izan ez-dutenen artean mendu ta barrenduko-da zer esanik ez euskeraz irakurtzeko zaletasuna. Ori-da, gure lana, ta saiatuz irakatsi bear-deguna.
Zorionak, gure esker-onarekin batean, «GOIZ-ARGI»ren irazle azkar eta idazle bikañei.
«ANAITASUNA», BIZKAIERAZ. Gure idazkide maite Berriatua Aba Prantziskotarra'ren Zuzendaritza-pean, Zarauz'en irarri, eta Bizkaia'n banatzen dan erlejio-gaiz ornituriko zortzi-orriko aldizkaritxo onek, aldi batean bizkaitar apaiz on eta euskaltzale zintzo batzuk oraindaño ezagutu ditugun euskal-idazlerik bikañenetekoak diran Arzubiaga, Ibargutxi eta Manterola beren-artean zirala, Zornotza'n argitaltzen zuten «JAUNGOIKO-ZALE», euskal-asterokoa, gogorazten digu.
Bizkaierazko «ANAITASUNA»-k berexten ditun gaiak, baña, ez-dira «JAUNGOIKO-ZALE»-k erabili oi-zituanen antzekoak, ez idazkera ere; baña ikutzen ditun gaiak, oraingo biziera ankerrari dagozkionak diranez, «ANAITASUNA»-k dakarzkin idazlanak, ezin obeak, biziak, larriak, oarkorrak, arduratsuak, egun-egungoak, egokiok, eta beraz, garrantzi aundikoak eta onurakorrak dirala, poz-pozik adierazten degu.
Lan ederra, bearrezkoa ta aukerakoa, jende-xearen artean egiazko zinismena sendotu naiaz Berriatua Aba'k asmatu duana; baña, idazkerari-buruz, asarrerik gabe, ta maitasunez, onez on, gauzatxo bat adierazi nai-genioke gure idazkide agurgarriari: kaltegarri derizkiogula, bai Euskera'rentzat eta bai irakurlearentzat, bere idazlan jakingarri oietan bearreztako erdal-itzak eta h, F eta V izkiak ugari erabiltze ori.
Urrengo zenbakian, Jainkoa lagun, emango ditugu gañeantzeko euskal-aldizkarien iritziak.
|