Itz Lauz
Zenbaketatzaz
Kapanaga
Prantzerazko zenbaki-izenak ikastean sortu zait lerro auek idazteko asmoa; euskeran ditugun zenbaketa-arauen asterrenak izkera ortan idoretzea izan da lantxo onen eragille ta zuzenki edo oker, xede onez dagit beintzat. Onela izanik, zure biozberatasunagan uste dut ene irakurle; emen diñozkidanok, aburu bidebakoak ba-dira ere, ontaz azketsiko nauzula, baita gai au «etimoloji» arloetan sartzeagaitik ere. Arlo onen erabiltze ta lantzeak, kalte besterik eztiola egiten gure izkerari, maiz entzun dut. Orañokoan, egia izan bide da esate au, baña ez arlo ori berez kaltegarria dalako, ene ustez; gaurdaño geienean erderaz erabilia izan dalako baño ta gañera, ergelkeri utsezko yarduna izaten dalako sarritan.
Gai labangarria naiz burrukagarria izanarren ere, euskeraz erabilia ba-da, gaitzerdi dala uste dut gaurko garaian; baita ongarria izatea ere baleiteke iñoiz.
Beste alde batetik, Oslo'ko H. Vogt yaunak Baiona'n esan zunatzaz alki naiz: euskera, bere-beretan aztertua izan bear dala. Izan ere, gure artean diran eta izan diran itxorkunlariak, gizon ikastunak ditugu geienak; beste izkera batsu (latera ta gerkera batez ere) ikasi dituzten gizonak eta gero, zio onengaitik, euskera okerreko aldetik begiratzen dutenak; beren izkera berrietako leioetatik ikusten dute geurea ta ala-nola, burua oiñetan ikusten diote maiz. Onexegaitik entzuten ditugu entzun oi ditugun zerok: euskera, «mano-era» (esku-era) dala ta erdera «media lengua» (erdi-era) izan bide dala et. a...! Gure izkerak dunik zer bereiziena (bere izena) erdi-aroan, bere zaartzaroan edo aultze-aroan sortua! Yainkoak yagon gaitzala gaitzetik, zeren ergelkerietan ez erortzea, geure bearkizuna dugu.
Gai ontan, oslotar yaunaren ustekide naiz eta aintziñatik gañera; yakiña, besteen usteetzaz epai zuzenik ematea gaitz izango zait, euskeratik landa ezer ez bait-dakit gaztelera osta-osta baño; au dala ta, dutan zaletasuna gure izkeraren muiñetan edatu bear dut nai-ta-naiez; beraz, euskera bere-berean ikusi ta aditaldu bear noski.
Emen irakurtzen dituzunok, baserritar ez-yakin baten usteak dituzu, baña euskeraz eta euskeran asi ta egin dan ez-yakin batenak. Eta ain zuzen ere, baldintza auetan itzalpeturik, bide auetara urtetzera ausartu natzaizu. Ta onetzaz gañera, zure irizpide ta ulermen zuurrak babestu edo azketziko nautelakoan.
Zenbaketa gaian, erderak begiak lauzotzen dizkigu. Erderaz ikasten dugu eskoletan, erderazko zenbaki-izenak gogo muiñeraño sartzen zaizkigu ta gero, euskerazkoak arrotz aurkitzen ditugu; izan ere, zenbakatzak irakurtzean, euskal izenok erakaitz izaten zaizkigu (lenen aldian beintzat) baña au ez da berez erakaitzak diralako, ikur oiek izen auekin alkartzen oituak ez geralako baizik; emen ere arlo guztietako leloa: oigetasuna, oitu bearra; erdera utsezko ikasketak dakarzkigun kalteak.
Euskaldun geienak bezela, nik ere, euskerazko zenbaki-izenak erakaitzak zirala uste nun aldi batean; auek etxean ikasi nitun, baña gero eskolan ez nintzan oitu berauek zenbakatzekin alkartzen, erderazkoak soilki erabilirik.
Zenbaketa amarkoia bear genula ere, amaikari entzuten nien; ogeikoia bait-da gurea. Izkera orotan darabilgun zenbakiztia, amarkoia izan ordea. Oker au zuzentzeko, gure zenbakizenak amarkoitzea biderik onena dala ere bai: amar, biramar, iruramar, lauramar, et. a. egitea.
Ala ere, bein batean (aztu zait nun) euskal-zenbaketa zentzuz besteak baño obeto antolatua zala irakurri nun; gure zenbaki-izenak arauz obeto yarriak dirala; «txobenkeri» (chau vinismo) utsa izango zalakotan, ez nion yaramonik egin. Baña orain prantzera ikasten asi naiz eta bereala, zenbaketa arauan ditun akatsak agertu zaizkit; izan ere, gaztelarren amarnaka orren eta gure ogeiñaka onen naste bat besterik ezta; ta naste biurria ganera: irurogeitamarrera eltzean, bide-auste zakar bat egin ondoren, ogeikotzen asten da ta larogeitik aurrera euskal arauz bezela yarraitzen du. Baña ala ere, prantzetarreri etzaie erakaitz egiten. Zergaitik? Artara oituak diralako; berak ere, 97 irakurtzean, larogeitamazazpi esaten dute, guk bezela ta ez bederatzamar-da-zazpi, gaztelarren arauz. Ez dute erakaitz aurkitzen, ezta bururatu ere etzaie egiten zenbat-izen oiek aldatzerik, naiz eta ain nastu ta biurriak izan. Guk ordea, gureak aldatzea nai dugu, ain eratsu ta zentzuzko dugun zenbakatz izendegi au aldatzea:
Amar | |
Bat | ama-ika |
Bi | ama-bi |
Iru | » iru |
Lau | » lau |
Bost | » bost |
Sei | » sei |
Zazpi | » zazpi |
Zortzi | » zortzi |
Bederatzi | eme-retzi |
| |
Ogei | Ogei-ta-amar |
ogei-ta-bat | ogei-ta-amai-ka |
ogei-ta-bi | ogei-ta-ama-bi |
» iru | » » iru |
» lau | » » lau |
» bost | » » bost |
» sei | » » sei |
» zazpi | » » zazpi |
» zortzi | » » zortzi |
» bederatzi | » » eme-retzi |
Ber-ogei | |
Zenbakatz izenak amarnako arauz yarriak bear ornen ditugu baña, ez ote da gero gure zenbakazti au besteak bezin amarkoia? edo ta amarkoiago ere? Begira:
Bat | uno |
Bi | dos |
Iru | tres |
Lau | cuatro |
Bost | cinco |
| |
Sei | seis |
Zazpi | siete |
| |
Zortzi | ocho |
Bederatzi | nueve |
Amar | diez |
| |
ama-ika | on-ce |
ama-bi | do-ce |
» iru | tre-ce |
» lau | cator-ce |
» bost | quin-ce |
» sei | diez-y-seis |
» zazpi | diez-y-siete |
» zortzi | diez-y-ocho |
eme-retzi | diez-y-nueve |
Ogei | veinte |
Amarnaka izenak berriztea bada amarkoia izatea, ezpairik bage esan dezakegu gurea areago dala; egokiago yarria beintzat. Izan ere, izterburuko lokezurrak belaunekoa galerazten ez dun bezela, ogeiñakako arauak ere amarnakoa ez du galerazten; au ikusteko, izendegi orri begiratzea aski dugu.
Beraz, prantzetarrak beren zenbaketa biurri ori aldatu ta zuzentzea bearrezko ezpadute ta gaztelarrak amar dik ogei raño duten naazte orretzaz larritzen ezpadira, guk ere utzi ditzagun lengoetan gure au, iñork uste baño zentzuzkoago dugun zenbaketa au. Auxe da egin bear duguna: zenbakatz bakoitza bere izenakin eskondu gure buruan; gero, eztugu batere erakaiztasunik idoroko.
Euskera ikasten ari direnak ez dute iñondik ere olako gaitz ikusten gure zenbaketa ta ez dute ostoporik aurkitzen, amaika'n ta emeretzian izan ezik; atzen au, eraztasunak eraginda zerbait aldatua dalako (amabederatzi izan bear litzake arau onez) eta bestea, bat ordez ika itzez antolatua dalako; akatsak badira ere, txikiagoak ezin izan, gure auzotarrenekin erkatu ezkero beintzat. Eta iñola ere ez bidebageak, zeren amabederatzi gogorregitxo egiten zaigu ta beste ika orrek badu bere ezkutapen sakona.
Ezkutapen orri itsatsirik abiatzen ba-gera, norbaitzuri laket etzaien itxorkun arloetan samaraño sartuko gera; baña, ainbeste aburu, bidezko edo bidebageko agertu diran gaictan zerbait geiago esateak ez du iñor ikaratuko. Beraz, «toki» oietatik ibillalditxo bat egin dezagun.
Amaika itzak (zenbaketatik landa nolabait) adierazten digun ustea, oso yakingarria dugu: neurribagetasuna, amaibagetasuna, zenbateziña. Esanai onen adierazpena, amai itzean jdoro dezakegu: amai «fin», «finalizar», eta ortik amai-ge (amaika) «sin fin». Adirazpen au, oso bidezkoa da, baña amaika'k amar'ekin zer-ikusi daukana ere ukateziña da; itz onen bi adierazkizunak itxorkun bereizietatik yatorriak ba-lira bezela agertu nai izatea ere, alperreko alegiñak egitea dala uste dut. Naiz ameka edo amaka dala, naiz amaika dala, amar'en alaba ta amabi ta besteen aizpa dala ontzat eman dezakegu; ta gauzak ortara yarririk, amar izenak bere muiñean du ezkutapen onen izatea; au azaltzeko giltza berriz, gure eskuetan dago ene gardiz: baña benetan geure eskuetan, eskuetako atzetan (beatzak, oiñetakoak dira Bizkai'an); zenbaketako neurria eskuetako atzen izariz ain antxiñatik artua izana, ez dut uste oarbageko egitez egiñ izango danik. Ontaz zalantza ba-duzu irakurle, begira nola gaur ere amaikak beren eskuetako atzen bidez egiten dituzten kontaketak, eta ez eskoletako umeak bakarrik. Beraz, atz auen eragiñez sortua izan zala lenengo zenbaketa, bidezko ustekizuna dugu. Ontan, euskal izen auen garrantzi arrigarria: ikusten dugun arauz, amar izan zan lenengo zenbaketaren muga edo amaia; eta amar onek, ama itxura artzen du bere ondotikoak sorrerazteko; ta zer dakur ama itz orrek euskeraren muiñean? Gure gizagillearen izena alde batera utzi bear dugu; bearbada, izen au beste antzeko baten aldakizun bat besterik ez da izango, baña beronen aztertzeak lan au luzeegi egingo liguke; baita aspergarri ere. Beraz, goazen arira ta ikus dezagun; ama itza, aditz bitan aurkitzen dugu: amatu (apagar el fuego o la luz) eta amai edo amaitu (terminar, fin, finalizar, caducar). Aditz auen erroa ama da, zeren i ta tu (atzenean biak) ez dira adizgilleak besterik. Emen dugu korapillo guztien muiña: eskuetako atzak duten neurri-muga, ama-r izendun zenbakiz izendatzen dugu; zenbaketaren lenengo malla ere, izari ontan bukatzen da, gero ama'ren bidez berrizteko ta areago, ama itz orrek, bukaera adierazkizuna du gure izkeraren muiñetan. Aditalpen auek adierazten digutena auxe da: asieran, gizonen adimenak amar baño besterik etzitula zenbatzen eta andik gorakoa amaika zala, neurribagea noski; ta geroago, adimena ta oroimena zendotzean edo, zenbatzea ere luzetu aal-izan zutela. Arrigarria ez ote?
Baña amaika izena aztertzen asi gera ta oraiño eztugu amaitu Azaldun dugun guztia yakiñik ere, ezta errez itz orren argitzea; ten esan dugunez amaige izan liteke, au da, ama (edo amar) amaia ba-zan, andik landa gelditzen zana, zenbatu eziñekoa. Baña badu beste litekean bat ere, naiz ta berdin xamarra izan: ama-ik (dik, tik: desde). Onek ere, era berdiñez izan ez arren, ustekizun berdiña adierazten digu: neurri-mugatik aurrera doana, zenbatu eziñekoa; izan ere, orixe da itz orrek euskal-gogoan daukan esanaia. Ik atzizki ori gaurko tik dala edo esatea, ez dut uste alako aokada aundia yaurtzea danik, zeren t izkia euskeran. aizea etxezarretan bezelakoa da: edonun sartzen dana.
Bearrezko dugunez, naasi ditugun arloak ere argitu ditzagun: amar itzean ageri zaigun r orretzaz ari naiz; sorkuneko erroan ama itza bidezko itxuraz agertzeak ez du esan nai r ori oraintsu erantzitakoa danik. Alderantziz, ontan ere «etimolojia» gaitxo bat daukagu: ar edo gar itza zenbaketa usteari oso itsatsia aurkitzen dugu, euskeraren erroan; orain garren (gar-en: len-en, bi-gar-en, iru-gar-en, atze-en) atzizkian argiaski darabilgu; gaur, azken itza soilki erabiltzen dute euskal-idazle geienak; baña, erriak, Bizkai'an beintzat, atzen darabil geienez; itz onek bidezkoago dirudi zeren, usteonen inguru, atze, atzetik, atzeko, et. a., atze'tik sortutako itzak erabiltzen ditugu ta beñerez azke ta bere ondorengorik. Eta ez da ori bakarrik; bat-garren ez dugu erabiltzen, lenen'ek tokia artu diolako edo, baña bai bakar, soiltasuna adierazteko ta itz onen sorkuna bat-gar dala dirudi; bi ordez, biga ere erabiltzen dugu; biar (bigar) itza bera ere, aditaltzeko diña da; irur eta laur ere bai; r ori, ar edo gar'en lorratza izan liteke. Beraz, amar, ama-ar edo amagar izan zitekean asieran. Aldi artan, zenbat-izen bakoitza bi zatiz antolatua izan zitekean: zati bat, alkarrengandik bereizten zituana ta bestea, zenbaki ustekizuna ematen ziona; adibidez ama, amaia, bukaera esanaiduna ta gar (edo ar) bestea. Gero, banakoak eta garrengoak bereiztean, auentzat bakarrik utzia izango zan itz ori.
Oso antxiñako asterrenak izan bide ditugu auek. Norbaitsuen aburuz, aitz zatia duten itzak dira euskeran diranik zaarrenak, baña ez naiz oien ustekide. Badago gure izkeran barneragoko lorratzik, izkeren sortaroraño garoezkin itzaleko biderik.
Bide auetan asko aztertu dezakegu, baña orain eztugu astirik. Zenbaketako gai ontan ere bada ezer geiago: bost (bortz: esku bateko atzak) bere esanai bereiziakin, alde batera utzi dugu. Ortarako gogo ta astirik izaten ba-du norbaitek, aztertu ditzake bazter auek; baña burua berotu bage, itsutu bage. Ta euskeraz gañera; len esan dugun bezela, kaikukeriak erderaz erabiltzeak (Amerika amets-erri-ka dala et. a.) eztigu ezer onik ekartzen. Ene ustez.
|