Itz Lauz
Ore-kanpaia
(Soraluze'ko oitura zar bat)
San Martin'dar Yon
Badakigu kristautasuna zabaldu dan erri guzietan direla kanpaiak, baita ere doñu bereziz bazterrak ornitzen dituztela; gurean, ordea, euskal-gogo nortasun baten jabe direla iñok ezin uka. Gure eleizetako kanpai otsak Euskalerriaren biotz taupadak dirala esan genezake, bere arnasa otsa. Erriaren miñak, pozak eta negarrak daramazkite gure errietako kanpaiak: Egun-sentian, eguerdian, illuntzean, jai besperetan, iltzeko orduan... Denak bakoitzak bere aukerako doñu berezi batekin adierazten dizkigutela Ez dakigu beren asmatzalle musikagillea nor zan, bañan denok ulertzen dugu beren doñuak esan nai diguna. Nola nai ere, musika barru-barrutik sentitzen zuenak asmatu zituan: Gure erriak noski.
Nornaik, lenengo aldiz entzun orduko igarriko lieke, beren konpasetatik, noiz dan jaia, noiz otoietara deitzen dioten edo beren ots kadenetatik errez igarriko dio norbaiten illetak direla, naiz aurra edo naiz nagusia, beren doñu artuak ba-dituzte.
Edertzale asko izan dira kanpai otsetatik beren eresgintzarako gaiak artu dituztenak, Wagner'ek Parsifal'en lenengo ta irugarrengo ataletan; Romantizismokoak «Aremaritxakua»kin amaika olerki daramazkien eresi eraingarri sortu zuen, eta batez ere Mussorgski, Rimski-Korsakov eta Jaroff musikagille klasiko rusoak. Euskaldunon artean, oien mallara eltzen ez-badira ere, izan ditugu oien antzera kanpaiak iragarritzat izan dituztenak, bañan guzietatik aundiena Escudero izan dugu bere Illeta'n. Oteiza Orio'ko irudigille ospetsuak lenengoz entzun zuanean biotz-ikaraz jun omen zitzaion, Artetxe idazleari, esanaz: «Gure erriaren illeta da, Euskalerriaren bizi-eresia; bai Joxe, sinistu zazu. Mundu guzian zabaldu bear litzake gure erriaren ezaungarri». Izan ere, ori da Escudero'ren Illeta, Euskalerria'ren muñetatik sortutako ereserkia, bere kanpai ta guzi. Nik ere, lenengo aldiz entzun nuanean orrelakoxe biotz-ikara eraman nun; Bilbo'n zan, Azkue'ren omenez egindako jaian. Patxi Escudero'ren musikak biotzeraño sakondu zidan Lizardi'ren poema, neri ere barruak kementsu esaten zidan: «Biotzean min dut, min etsia, negar ixilla darion miña».
Bañan, neure gaitik atera gabe noan Soraluze'ko «Ore-kanpaia»ren berri ematera. Soraluzen ere bada Escudero'ren doñuan bezelako illeta-kanpai samingarria. Bañan gaur emen dakarten au ezda orrelakoa, ezda ain mingarria. Euskalerria'ren kondaira zarretan lañoz estalirik dauden izaera oroigarrien zera dakarkigu burura. Ekaitz-kanpaia dugu berau, orain toki gutxitan egiten bada ere, lenago asko zabaldua zan, eta gure Soraluze'n urtietan zear jatorki gordetzen jakin dute.
Orrileko Santa Kurutz egunetik Irailleko Santa Kurutz'-era, gure auzoko Soraluze edo Plazentzian, oitura zar goragarri au, ekaitza datorrenean aitzen emateko dute; «Ore-kanpaia» deitzen diote. Eta gañera oitura orri eusteko, inguruetako baserriak urteko onenbesteko bat izendatua dute gauzaz ordaintzeko.
Orrilaren asieran eta Iraillaren bukaeran, Santa Kurutz egun bietan, eguerdiko amabi-amabietan, eleiz-nagusiko kanpaiak jota-ke jardutzen dira lau aize-aldietara beren durunda otsak za balduaz. Aintzina-aintzinatik, oitura dan bezela, Arteta baserriko nagusia da San Andres baselizaren zaintzalle eta bere gain dago ekaitza urreratzen Soraluze'ko erriari aitzen ematea.
San Andres baselizatxo ori, muño baten gañean dago erri langillea mendez-mende duelarik. Odei beltzen batzuek erriruntz datozenean, euritza gogor edo txingorrak dakarzken iduriz, Arteta'koak bere buruz egualdiaren iritzi bat egiten du, ekaitzak soroetan egin litezken kalteak neurtu ere bai, gutxi gora-bera ziur erabagitzeko aitzen eman ala ez. Baiezkoa bada, kanpaiak jotzen azaltzen du doñu bizkor batekin, eta soraluzear selebriak onela bataiatu dute: An, an, an.... Eta orduan parrokiako kanpai aundia asten da, bikoitza egiñaz, doñu poliki baña draungada sakonakin, galdezka: Nun-da, nun-da? nun-da?... Esaten dutenez, orain urte batzuek, berengana alkartzen omen zan mojen komentokoa, jotze azkarrago batekin erantzunaz: Tella-tuan, tella-tuan, tella-tuan,... Aintzinago baten, bañan berakin ez dira oroitzen gaur bizi diranetatik zarrenak ere; irugarrenaren ondoren San Marzial'goak ekitzen omen zion. Gure egun auetan San Andres baselizakoak eta erriko eleiz-nagusikoak bakarrik jarraitzen diote odei-kanpa jotzeko oitura zar orri.
Beren deira, baserritarrak gorde bearrez etxeratzen dira, abereak ukulloratuaz; aurrak ere jolasak utzita etxeko txokoan gordeko dira. Ta gero, ekaitza txarreruntz ba-dijoa, tximiniatik zintzilik dagoan kurutze zarraren ondoan laster ixotuko dute kandela bat, soroak eta baratzak gordetzeko Jauna'ri otoitz egiñaz. Etxealdetik erren xamar dabiltzen ikazgin ta baserritar gizon mardulak, kanpai otsa entzun orduko, begiak zeruruntz jasoko dituzte odei beltzeri begira, zer dakarzkiten igarri naian, txarrerakoa irizten ba-zaizkie, beren tresnak artuta erren dagoan txabolaruntz juango dira. Beste orrenbeste egingo du mendian dabillen artzaiak, bere artaldea eramanaz, Eta, berriz, auz-apaizak eliz-liburua eskuetan duelarik, leio inguruan Jaunari otoizka asiko dira. Une artan, baizter guziak ixiltzen duelarik trumoi otsak asten dira zarataka, egualdia geroago ta illunago jartzeko, eguna iya gau biurtzeraño, eta oñaztarriak beren suzko-printzekin ukulloko abereak bildurtuta marruzka batean ipintzeraño. Gero odei kanpaiak ixiltzen dira eta ekaitza ere juango da poliki-poliki urrunduaz, zaparrada atertu, nekazariak beren laneri jarraitzeko.
Ori da ba, Soraluze'ko, «Ore-kanpaia» deitzen dioten oitura goragarria. Ikusten dan lez, udaran bakarrik egiten dute; beraz, neguan ez baita izaten ekaitzaren bildurrik soroetan zer galdurik ez-dagoelako. Eta, gaur Plazentzia, batez ere, ola-gizonen erri bat bada ere, oraindik gordetzen de aintzinako oitura au, bere nekazari jatorria agiri-agirian jartzen duena.
Izan ere, iñoiz munduan izan badira oitura askodun erriak, gure Euskalerri au dugu, zalantza bage, oitureri lotuta bizi izan dan bat. Gure egun auetan modernismo egarritsu onek zurrut egin bear ditu geienok, apurka-apurka baztertuaz, lazgarria bada ere bizi legeak ezkatzen du, ukatu ezin genezaken aurrerapenak, eta ongi ere ongi izango litzake oitura guziok zeatz jasotzea, oraindik bizi direnak beintzat. Orrela, aintzinako Grezia'k bezela, gure kultura lorratza lagako genuke geroagoko munduarentzat, «edo-ta ats emaiogun, ontan iraun dezan», etsipenik artu gabe.
Onetzaz, Barandiaran jauna dugu geien arduratu dana eta bere «Eusko-Folklore»ko argitalpenetan ari zaigu azaltzen.
...Irakurle: iñoiz ere ez-bazera oartu gure errietako kanpai-musika ederrekin, entzun zazu arren, ala ere musika-zale bazera; ziur nago atsegingarri izango zaizuna. Gure erriaren biotz taupadak dira, bere arnasa otsa... Ze izkuntza maitekor duen kanpaiak, pozgarri edo itun, nausiki edo jolaskor... Bai, Gure Euskalerri'ko kanpaiak.
|