L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. Epaila-Iorraila —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Kozko-muñoa

(Jean Manduit'ek pantzeraz idatzitako ipuia.)

 

Jean Manduit

 

euskaratzailea:

Zinkunegi'tar Joseba

 

Kasius'en aurretiko taldea osotzen zuten ogeitamar zaldunek lerroka, zurrun ta goibel, joaten ikusita, bestegabe, igartzen zan ozte ura etzana jaietara zijoan oztea. Eta, aztamakillak besoan zituztela, bronzezko kaskoak jantzita zijoazten gudari aien aurrean errikoak bidea utsik uzten zuten.

        Kasius'en litera aundia zan, gorriz jantzia. Amar nubitarrek zeramaten, eta uztarpeko auen ibilliaren arabera gurdia astunki zabukatzen zan; atzerago beste amar uztarpeko zijoazen beren lagunekin aldizkatzeko. Aren zaindari-sail geientsua eun bat gizonek osotzen zuten; altzairu-ezkatazko korazak soñean, mototsakiko kasko borobillak buruan, makobil luzatuaren tankerako babeskia eskuan eta ezpata motza, zituzten jantzi ta izkillu. Oraindik atzerago, beste ogeita amar zaldunek astintzen zituzten bideko autsak. Eta ibillian zebillen metal pilla orri distira gogorrak ateratzen zizkioten eguzki izpiek.

        Jesukristo baño 47 lenagogarren urteko epaillaren aurren aldean irten ziran Saleuzi'tik; Zesar'ek ejitoar gudarozteak garaitu zituen berri jakin zuten bezin laster. Kasius'en osasunak uzten zien lastertasunez zijoazen itxasbazterraldea jarraituaz, Zilizi zakar, eguzkiak kiskalitako Siri ta Fenizi'ko ordeka gizenak zear. Gero Galilea igaro zuten, Samari'ra eldu, ta ezetasun pitin bat arkitzearren, Jordan'go ibarretan barrena jarraitu, an goiz-aldetik arratsera laño gorriztak lerratzen baitziran. Itsasoz askozaz bide lasterrago izango zuten, baña Kasius'ek, —ainbesteraño auldua baitzegoan— ezin yasan al izango zuen artatik etorriko zitzaion nekerik.

        Astebete artan etzuen gauzen ezagutzarik eta ameskaitzez betetako lozorroan bizi zan. Illazki pilla batean etzana, burua balantzaka, burutik nastuta, oiuka zinkurinatzen zan, mingain latza sukarrak pitzatutako bere ezpañetan erabilliaz. Noizik beinka, bere sendagille Asklepios'ek, tximu batek baño arpegi zimurtsuago zuen grekarrak, sendakai nabarmenen bat arrazten zion: musker-errautsa, ardotan egositako basauntz-adar txetua, edo illargi gabeko gauetan illerri atean biltzen diran belar gaiztoen ura. Ark ixillik irentsitzen zituen eta gero, begiak itxita, bere gogoan zerabilzkian ametsetara biltzen zan. Naspilla oren guziaren artean gogo bat zuen nagusi; munduari lotuta eusten zion azken-lokarri bakarra uraxe zan: Ejito'ko Alesandri'ra eldu ta an Zesar'i bere mendekotasuna erakutsi baño len ez iltzea.

        Eta orra, Jordan'go ibarra utzi ta berrogei ta zortzi ordu geroago, talde itzaltsu ura, egunaren amai aldera, iri batera urreratu zalarik, Kasius ezaguerara etorri zan, eta arin-aldia nabaitu zuen. Antxe gelditu ta estalpea jasotzeko agindu zuen. Bera igarotzen zijoan errialde aietako erromar lanariak etzizkioten gogoz zabaldu izango beren etxeetako ateak; gutxiago berriz, Aristibulo errikatu ezkero Yudea yaurlari zan Hirkan II, apaiz buruak; beren nagusi Zesar'en etsai aunditzat ezagutzen baitzuten Kasius au. Bestetik Asklepios'ek, aize zabaletan lo egitea aolkatzen zion; gauetako aizea egokia baitzan, zion, ari sukarra zekarkioten ezabiziak botaarazteko.

        Estalpea antolatu zuten. Borobilla zan, bere erdian zuntoi batek eusten zion, eta lurreko ezkotasunetik gordetzeko, lurra leoi-larruz estali zuten. Kasius bere literatik eratxita, larruzko oe batean ipiñi zuten. Uztarpeko batek eskalaproi tankerako oliozko argi-ontzia piztu zuen, eta baita intzentsu, zinamona ta mjrrakin lurrean ipiñitako kaxpel bat ere; ingurubilka igo ziran usainki lodiak. Gaua erortzen zan. Oial zirrituetatik aize ozkirria sartzen zan, eta kobre margozko garra zalantzan erabiltzen. Bakarrik utzi zezatela agindu zien Kasius'ek. Gaitzak uzten zion ariñaldia atsartu egin nai zuen.

        Laster ezagutu zuen ariñaldia etzala luzea izango. Sukarra igotzen zijoakion berriro, bere odola lasterrago ibiltzen. Bere ezurretako muñak erre egiten zuten, eta intzirika biurtzen zan

        —Nere oñazearen gorria!

        Lenago, jolasean bezela, txekor bati adarrez lurra jo-arazten zion bizkar zabaleko gizon au gaitzak marraskatua zeukan, eta bere ezurrek larrua zulatu egin bear ziotela zirudien. Aragi illak zeuzkan zintzilika bere okozpean. Berun-antzez ta gorriantzez lardatutako aren arpegia, yainkoizun zar baten arpegiantza zan.

        Kasius'ek sukarraren ats minduari utzi zion bere burua. Betiko ametskaitzen zamorroak, ordurako, inguruan estutzen zitzaizkion, eta aien abots ugariek belarrietan zarata ateratzen zioten. Artean ametsetan ari zala uste izan zuen, susmo baten bultzadak eraginda, begiak zabaldu zitunean bere oe aurrean zutik gizon bat puñal batekin zemaitzen ikusi zuelarik.

Eta ezezagun ark auxe esan zion

        —Iltzera oa, Kasius.

        Gizon gogorra zan Kasius. Erromar majistradu, Asia probintziko gobernadore zala, edozelako gaiztakeri ta gogorkeritan jarduna zan. Bera zan Epeso'n, sakrilejio iguingarriz, Diana'ren yauretxeko altxorra eraman zuena; bera zan marmol, nakar ta kristalez zorututako bere yauregian yatekeri nabarmenak antolatzen zituena; bera yatez asebetetako bere maikideak lilluratzeko uztarpekoak basapiztiekin borroka-arazten zituena; artz, otso, Mesopotami'ko leoi, hirkaniar katamotzekin, eta baita Nubi'ko hipopotanoekin ere. Sortaldeko oituren gurikeri ta gogorkeriak poliki-poliki irotu zutelarik, emagaldu eder pitxitu bat bezela eresi, lurrinkai ta malko tartean bizi zan.

        Erri berekoen arteko gudak Errepublikaren oiñarriak iñarrosi zitunean Ponpeio'ren alderdia artu zuan ausarki: Zesar beti gorrotagarri izan zitzaion. Parsale'ko zoritxarrak, eta Ejito'ko Tolomeo'ren errizaiak Ponpeio azpikeriz il zuten berriak sorkatu zuten. Aldi batean euki zuen ejitoarren zartatekoak 'Zesar menderatuko zuten azkenengo itxaropena. Baña azkenean egia ikusi egin bear. Zesar garaile irten zan, Alexandri'ko zaramalka odoletan ito zuen, eta Itali'n sartzera zijoan, agintari bakar. Eta bere asarrea izugarria izango zan aurka ibilli zitzaizkionentzat. Errikatze eta iltzera zigortze ugari izango zan: Erroma ta erromarretako erdientzat burnizko aroa irikiko zan.

        Kasius'ek seme bat ba-zuen bada, beranduxe jaioa: gizon zarraren naikeri eta ametsezko maitasunez maite zuen ura. Erroma'n bere ikasketak amaitzen baitzeukan, beldur zan garailea arengan bengatuko ote zitzaion. Zesar'ekin pakeak egin bearra zegoan beraz, ordain bearrari begiratu gabe. Ta laster ibilli bear; erretzen zuen sukarrak aste gutxitako bizia uzten zion. Ain txuxen, garaileari eman zezaiokean Kasius'ek balio aundiko berri bat, eta onen ordain eska zezaiokean bere ta beretarren azkespena:, zelatarietatik jakin baitzuen Bosforo zimeriarreko errege Parnaze, Zesar'ek Asia'n bere ordezkari Kalbinus'en ardurapean ipiñi zituen gudari taldeeri uste gabean erasotzeko gertutzen ari zala. Orduan Kasius'ek Alexandri'rako bidea artu zuen, antxe baitzegoen Zesar Kleopatra erregiñaren besoetan, maitasunaren goxotasunak atsartzen gelditurik.

 

* * *

 

        Au etzan amets bat. Gizona egizkoa baño areago zan, Egizkoak aren soñeko gorritsua, aren beso billuz sendoak, ark begien aurrera beldurgarriki luzatzen zion iru ertzeko puñala.

Izuturik, ezagutu zuen Kasius'ek Glaukus; aren zaindarietako gudaririk gazteenetako bat zan, eta itz motelez esan zion

        — Zer da ordea...

        — Ixo, ezta itzik ere,! —esan zion besteak abots apalez eta sutsuki—. Ik jre gizonei deitu ezaieken baño ere lenago odolustuko aut

        Kasius'ek eskua bekokira eraman ta bere lañoartetik irteteko alegiñik aundienak egin zituen. Aren begi aurrean margo askotako oboak, lasterka bizian, birakatzen zitzaizkion eta lur runkaien erre-ontzitik irteten ziran lurrun astunak suge antzo biribilkatzen, itzalean. Aren Earnean irakiten zuen ekaitza noizbait baretu zan. Baña bai aul nabaitzen bere burua

        — Zergatik... ez nauk garbitzen berealaxe? —esan zion Glaukus'ek bere kiñua geldi-arazo zuela ikusita.

        — Zerbaitzuk esan bearra dizkiatelako.

        Gaztea, alkia artu ta Kasius'en oe buruan eseri zan.

        — Pozik natxiok! Bai pozik nauk azkenean, ortz guziak ateratako txakur bat bezin izkillu gabe nere eskuetan aukadalako. Sukarrak ireak egingo zituen arte itxaron nezakekan; baña egundaño ez dek jakiten i bezelako zantzaillak zeñen larru gogorra duten. Ta gañera, neronek zigortu nai indudan.

        Kasius itzik gabe, begira begira zegokion. Eta bere masalletan bera, diztira zabalduaz, negar-malko lodiak jeisten zitzaizkion.

        —Ik, amorrai zar orrek, ez dakik ni zein naizen, e? Glaukus izenaz ezagutzen nauk ik, mundu guziak bezela, baña ik ez dakik ni zein naizen. Kintus, ire intendente izanaren semea nauk. Ik aztua dek noski, baña nik oroiaraziko diat. Egun batez, utsegite tipi batengatik zigorkatu arazi egin uan nere aita, esklabo bat bailitzan, larru gorri, i bezin orditurik zeuden ire maikideen aurrean. Il ukan. Adiñera eldu nintzanean, ire zaindarietan sartu niñuan eta une egokiaren zai egon nauk. Eta ona etorri.

        Puñala jaso ta Kasius'en zintzurrean ezarri zuen. Kasius intzirika asi zan, abots apalez.

        —Ez nazak il, arren. Ez nazak il ta dirua ugari emango diat. Nere kutxaetan ba-dizkiat arri-bikain pillatxoak; diamante, beril, rubi ta opalo, kaltzedoni ta beste asko. Guziak iretzat bizirik kentzen ez ba'didak.

        Glaukus'ek zalantzan zirudien. Kasius jeiki zan ukalondo gañern eta bere esku igartuaz, aidean, maiteki laztantzen zituan bere mingañak gogoratzen zituan altxorrak.

        —Zarra nauk, eta gaxo: laster ilko nauk. Edozeñetara ere ire bengantza burutua geldituko dek.

        Une artantxe maltzurkerizko argitasun bat piztu zan aren begietan: estalpeko atea ixten zuten oial erdi irikian Asklepios'en tximu arpegia ikusi baitzuen. Glaukus'ek atzeman zuen bapateko argitasun ura, eta gibel-beldur, biurtu zan. Ordurako ordea Asklepios ezkutatu zan, basoko erbiñudea baño ariñago, eta Glaukus'ek atzipetu egin zala uste izan zuen.

        — Iltzera noala esaten diat. Itxoin zak pittin bat. Glaukus'ek sorbaldak jaso zituan.

        — Ondo dek, nik ez diat ezer egingo. Gañera, etzekiat nik zergatik, nere puñala ire sabel-zorroan sartzeko oldozpenak etziak atsegiñik ematen. Ba-litxeikek zerbait urdekeri irtengo dan beldurra izatea. Agindu didakanaren laurdena emaidak eta alde egingo diat. Muturrekoa ipintzea besterik ez diat egingo, berealaxe laguntza eskatu ez dezakan. Errialdea ezagutzen diat eta gau illuna dek. Ba-zekiak ez nautela aurkituko.

        — Ederki esan zuen Kasius'ek. —Zorroratu ezak ordea ire puñala. Etzaidak atsegin orrelako gauzak ikustea.

        Erdeñu imintzioa egiñaz, gazteak egin zuen ark eskatzen ziona. Une bat geroago soka batek txistu egin zuen eta Glaukus'en sorbalda inguruan bildu zan. Iru gudari izkilludun etorri zitzaizkion gañera eta lotu zuten. Gogorrik egiterik etzuen oldoztu ere. Ain ustekabean arrapatu baitzuten.

        —Erantzi ezazute ergel ori —agindu zuen Kasius'ek— eta zigorkatu il arte. Bere aita bezela iltzeko poza izango dik orrela.

 

* * *

 

        Galtzoriak atera zuen Kasius bere sorralditik; zigorketa ikusiko zuelakoak burutu zuen aren alaitzea. Asteak ziran ain ongi egon etzala. Eskerrak eman zizkion Asklepios'i bere bitarteko tasunagatik, eta eskubete urreautsez saritu zuen, eta ikuskizuna patxaragoan gozartzearren bere burua illazki pilla baten gañern jarri-arrazi zien.

        Estalpeko gauza guziak kendu zituzten, lurreko larruak jaso, bestela Glaukus'en odolaz orbanduko baitziran. Sudur motz, lodi, zapal eta burni goriz kiskurtutako illeak ziruditenakin uzukara zuten iru nubitar uztarpeko txiki, gerriraño larru gorri, agertu ziran atean eta Kasius'en aurrean auspeztu ziran. Bakoitzak bere zartallua eskuan zekarren; iltzairuzko iru estuntza muturrean metal berezko bolatxoekin.

        Glaukus, aurrera eskuak lotuta, erdiko zuntoiari lotu zioten. Zurbil zegoen, baña lasai, eta etzuen itzik atera barkapena eskatzeko. Kasius'ek, bere gaizkideen izenak aitorrerazteko alegiñak egiten zituelarik —zaitua egonarren ala Kasjus'en estalpean sartzeko laguntzalleak izan bear baitzitun— lasaiki lurrera txistua bota besterik etzuen egin.

        — Ajola gutxi —esan zuen Kasius'ek—. Laster ikusiko diagu.

        Eta uztarpekoei agindu zien

        — Tira, asi! Baña ez gogorregi: iltzera dijoala somatzeko beta izan dezala.

        Lenengo uztarpekoak zartallua jaso zuen. Estuntza irukoitzak ots motel bat atera zuen erortzean. Glaukus'en aragian erreten irukoitz gorria agertu zan.

        Orduan zerbait arrigari gertatu zan. Mirari bat; ¿zer izen eman bestela? Bere bizi guzian errukia zer zan jakin izan etzuen Kasius ura, odola ikusteak maitasun-edariak baño alaitzenago zuen ura, besteren oñazea basa-eztia baño gozoago zitzaion Kasius ura, larritasun arrigarriak artu zuen. Glaukus, aren semearen kaizutsukoa (tallatsukoa) zan, aren antzeko ille orailla zuen, ark baño urte geiago doi-doi. Kasius'ek irudimenez bere semea ikusi zuen alakoxe nekeak artzen. Su bolada batek jo zuen.

        — Geldi! —oiu egin zuen.

        Ordurako burnizko suge irukoitza txistuka zeukan bigarren uztarpekoak bere besoari erortzen utzi zion.

        — Tira —marmar egin zuen Kasius'ek—. Orronka nabil, urteek eta sukarrak narabilte.

        Ukabilla estutu zuen.

        — Jarrai!

        Bigarren zartatekoa jausi zan. Iru estuntzak Glaukus'en bizkarrean beren erretena egin zuten.

        Eta berriro, Kasius'ek bere burua aunatua nabaitu zuen. Gaztea begiratu zuen, ortzak estutu eta oiurik ez egiteko arduraz sendo zegoen bere odola okotzeraño zijoakion arren. Begiratu zuen, eta une berean, bere burua zar ta gaixo, usteldutako aragi pilla bat ikusi zuen, gorputz gazte ura nola suntzitzen zuten begira. Naigabe aundi batek eta aldi berean arridura batek artu zuen: «Zer gertatzen zait?» —zezeldu zuen. «Zer da gertatzen zaidana». Baña naigabea ta nazka txundioa baño zorrotzagoak ziran. Irugarren uztarpekoaren besoa jaso zan bezin laster, bere indar guziaz oiu egin zuen

        — Naikoa da

        Iru uztarpekoak etzutela ulertzen zirudian. Berriz esan zuen:

        — Naikoa da! Askatu ta bere zauriak sendatu. Barkatzen diot.

 

* * *

 

        Oldozti egon zan luzaro. Aren oe ondoan zutik Asklepios, adi-adi begira zegokion. Etzuen ematen ark ikusten zuenik. Alako batean bere sortasunetik irten zan eta galdetu zion:

        — Asklepios, ¿ze egunetan gaude?

        — Jorraillaren 7'an. Ostiralean.

        — Gauza arrigarria gertatu zait oraintxe. Sendatu naiz, Asklepios.

        Arrokerizko parriri bat zimurtu zan sendagillearen arpegian. Kasius oartu zan eta esan zion

        — O!, au ez dek ik uste dekana... Galdetu zion ere:

        — Esaidak orain gauden toki onen izena nere oroimenean ezarri ta iñoiz ere aztu ez dezadan.

        — Jerusalen, Judea'ko uri buruko ondoan egin degu gure geldi-aldia. Gure landa au, Kozko-muñoa deritzan mendixkaren ondoan dago.

        Kasius'ek begiak itxi zituen. Gozotasun aundi batek artu zuen, bere masalletan bera negar malkoak irristatu ziran. Paketsu il zan, ta ainbesteraño, berealakoan Asklepios etzan oartu ere ta itz egiten jarraitu zuen.

        — Judarrak —zion— beste izen bat dute toki au izendatzeko... Gauaren barnean zuzmur bat entzuteko bezela belarria luzatu zuen.

        — Golgota deritzaiote.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.