L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Euskeraren kinka gaiztoa

 

Ibalan

 

 

GAITZA EZAGUTU BEARRA

 

Euskeraren egoera —egunero mintzatzen ala itzegiten dugun euskera esan nai dut, alegia, ta ez paper eta liburuetako euskera—, oso da larria. Ezin uka gutxitzen eta atzera ez doanik. Euskera bizia urritzen ari zaigu. Ori da beintzat oarlari guzien iritzia.

        Egi au bertatik bertara begiratzea naiz mingarri izan, osasungarri diteke. Gaitza zer dan eta non dagon bearrezko bait dugu sendabiderik arkitu nai ba diogu.

        Gure euskera bizia argal dago. Beti ordea aitzekia politikari eman oi diogu. Azkatasun ezak, agintarien galerazpenak, auzoak eta arrotzak omen ditugu errudun gure euskera gal-zorian, ilurren edo egon dedin. Orrela gure burua zuritu nai dugu erdizka bederen.

        Eta euskeraren etsai aundienak geronek gerala estaltzen; ta gure zabarkeriak egiten dion kaltea gutxiesten. Ezin isildu diteke ordea euskeraren bazterrak estutu ta txikitzen dutenak euskaldunak berak gaituzuna.

 

 

TOYNBEE'REN IRITZIA

 

        Sakon eta errotik Toynbee edeslari jakintsuak aztertzen ditu errialde, ta zibilizazioen gora-berak, bere idazlan luze ta oparoan (1).

        Liburu ortan ikusi diteke zergatik antziñako errialde, gizabide ta zibilizazio asko erori ta suntsitu ziran; ta zergatik beste batzuek berriz garaille irten ta iraun zuten. «Volkswanderung» edo errien zabalkunde ta edadura azaltzen dizkigu. Zibilizazio ta gizabide berriek nola sortu ta gogortzen diran eragozpen latz eta estualdi larrien artean. Zenbat eta estuasun aundiagoa ordun eta barrengo bultzakera ta euskarria sendoago. Eragozpen bageko erriek errezkerira jo oi dute, ta aul eta ezerezak biurtzen dira. Geienetan kampotik datorren eraso ta jazarra zirika ta kilikagarri zaie, geiegizkoa, au da, erabat zapalgarria ez ba da. Beraz «adversitas», arerio aurkalari zerbait bearrezko da. Gure asabek erasoaldi gogorrak izan zituzten, erromatar, godo... ta beste etsaiengandik. Eta azkenean garaille irten ziran. Gaurko euskaldunok desapio, eupada gogorra betea daukagu buru gañera. Ta ez ba dugu jasotzen ta burruka egiten, gureak egin du! Lan gaitza gurea bai, baiñan lan gaitza bakarrik omen lan eder! Nun eta nola joka ba dugu. Alegiñak egin ditzagun ta gañerakoa berez etorriko da. Kampoko gaitza baño barrengoa txarragoa.

 

 

KOLDARKERI, ADUR TXAR... EDO FATALIDADEA

 

        Aitor bear da, baiki, euskera utzi ta bazter arazten dizkiguten arrazoi ta zergati asko dirala. Bearrak, noski, ezin besteak, interesak, erdal-giro ta inguruko indarrak... orretara bultzatzen gaitu. Baiñan, arrazoiak ez ezen aitzeki-maitzeki ugariak ernetzen zaizkigu gure barnean. Arrazoiak beti dira arrazoi, baiñan aitzekiak beinik bein gure tartetik atera itzagun. Arrazoizko argiz eta biotzeko maitasunez so egin zagun eta ikusi gure jatorriko mintzaira errekera botatzea, (zakurraren ip.) lotsagarri litzakela, gure gurasoen izkera galtzea laidogarri. Euskal-Erriarentzako ez litzake barkakizun.

        Geroak, etorkizunak, gogor iritziko luke koldarkeri ori, ta motz geldituko giñake, aul eta ezerez iñoren aurrean agertzeko. Nun gure gizontasuna? nun gure izen ona? Leku onera eroriko giñake!

        Historiaren eta aurrerapenareren aurka burruka egiterik ez dagola uste dutenak ala diote: Adur txarra, Fatalidadea edo Nemesis dalakoak agintzen omen. Nai ta naiezkoa zaigula euskera utzi ta erderak ikastea, ta batik bat Estadoa'ren izkera ofiziala.

        Komenenzia gure Nagusi. Alperrik gabiltzala errekaz gora igeri egin naiez.

 

 

COEXISTENCIA - ELEBITZA

 

        Lehen aipa dugu egiai, garratzak izan arren, aurrez-aurre begira bear zaiela. Begiak itxiaz ez dugu ezer irabazten. Obeto esan: irabazi bai, kaskarrekoren bat edo ta ankaz gora erortzea. Beraz, aztertu dezagun esames orietan zer dan egia ta zer gezur. Ez dugu ukatuko, txorakeri litzake, erderak ta Estaduaren izkera opiziala ikasi ta alik eta ondoen jakitea bearrezko ez zaigunik. Ikasi zagun bai español eta prantzesa, legez ta erri-agintez español ala prantzitar geran ezkero. Onek ez du esan nai, ordea, euskera erabat txokoratu ta erail bear dugunik. Zergatik gurea zapaldu ta lurperatu? Norberaren erailketa gauza itsusia da ta lege guziak galerazten bait dute; batez ere Jainkoarenak. Arek egiñak bait gaituzu.

        Euskera ta erdera elkarrekin bizi ditezke pakean. Kalterik gabe. Elkarrekin bizitze ori «Coexistencia» orain modan dagon itza aspaldiko izatea da gure artean. Bi izkera mintzatze ori «bilinguismoa» aintziñako jarduna da Euskal-Errian. Aspaldidanik gure gurasoek euskaldun uts izanagatik orduan, erderaz idazten zituzten beren lege, agiri ta paper geienak, baiñan orregatik galdu ta utzi gabe euskera. Ta onekin gorde zuten bere nortasuna. Gure mintzaira galtzen utziko ba'genu, dugun altxor, pitxi, aberastasunik bikañena txautuko genuke. Ori bait dugu gure gogo ta animaren arnasa, ta goiko ats ori galduaz txiro ta sasikume geldituko giñake, ordez ondasunik irabazteke.

 

 

GUTXI ETSITZE

 

        Beraz, ez proetxu ez komenenzi ez «Nemesis»ek — izenaren itsusiak! ez gaituzte euskera ezetsi ta erailtzera bultza bear.

        Berriz ere lengora noa: ene ustez euskerak duan etsairik aundiena, beldurgarriena gure baitan dagola, gure barnean daukagula.

        Barne-ar edo pipi orrek erderaz «complejo de inferioridad» deritza. Euskeraz esan genezake «besteak aiña ez izatea» edo.

        Barne-ar orrek beste zer bat ernetzen du: aundinaikeria. Psikoloji aundirik jakin gabe izaera batek bestera nola garamazkin oartzen da. Ta giza-biotza aizekeriz errez betetzen dala edozeñek suma dezake.

        Gure aberats eta jende aundi-mandiak ez dute beren etxeetan euskerarik erakutsi nai gauza arront, zarpailla deritzailako. Ta jende zeak aundi-maundien atzetik doazela zeñek ez daki?

        Ona gure gaitza! Ta ez da bakarra. Gaitz orrek beste asko ernetzen ditu ta bat euskerarenganako gorrotoa. Ta au emakumezkoetan sortzen da geien.

        Andre ta andereñoak, neskatxak, berezkoa dute eder agertu nai ori; gizasemeak baiño areago.

 

 

EMAKUMEZKOEN ERDALKERIA

 

        Ta emakumezkoak zoritxarrez, geienetan euskera gauza arronta dala ta uste ta prejuizio au arras barnean sartua daukate. Ta uste txar ortatik gorrotora urrats txikia dago. Ta bide orrek daramaie bear bada aita-ama ta jatorri guzia ukatzera. Ta zenbaitek zelemon ere egingo luteke ez ditzaten naasi jende arunta ta xeakin, naiz berak aienartekoak izaki.

        Uste txar, prejuizio ori duten neskatxa ta andreak ama familikoak izatera irixten ditezenean, euskerari kalterik aundiena sortzen zaio. Aurtxoak amek azi ta ezitzen bai dituzte. Bularrekin batera euskera edoski bear die. Gurasoen ondoan, etxean ikasi bear dute lenengo euskeraz, aurrek. Aita-amen gandik ez bada aitona-amonen ezpañetatik entzun zatela; orain iñude ta aur-zai euskaldunik arkitzea gaitza dan ezkero.

        Seme-alabai etxean ez ba zaie euskeraz erakutsi ta itzegiten, gureak egin du! Gure asabai, antziñakoai lotzen gaitun katea, urrezko katea, lokarri gurena puskatzen bait da ta sarritan betiko etentzen... Eriotz beltza auxe! Sorterriarenganako eriotza! Damurik etxe askotan gertatzen ari zaiguna. Ez al ditugu egunero gure inguruan ikusten ea euskeraz besterik ez dakiten gurasoak.., ta erdaldun uts dituzten seme-alabak... Benetan negargarri

        Eta geienetan guraso oiek, ezjakiñez, itsumenez edo aizekeriz —gutxitan eziñean— ez die seme-alabai euskeraz erakusten.

 

 

GURASOEN USTE OKERRAK

 

        Ta emen datoz betiko uste txarrak... Guraso oiek beren seme-alabai euskeraz ez erakutsiaz argiagoak, bizkorrakoak aterako dirala uste bait dute. Euskera eragozpen, atzerapen bidea dutela ustean daude. Uste txarra, uste... ustela noski. Euskeraz besterik ez dakin aurrak erdel-eskolan sartzerakoan eragozpen zerbait izan dezake. Ez dugu ezetzik esan nai... Baiñan eragozpen ori laister garaitzen da, ea beti. Eta gerora bi izkuntzak jakitea laguntza emango dio aurrari gorengo ikaskizunak burutzeko. Zenbat eta geiago ikasi ordun, eta geiago ta garbiago ikusten da euskeraren balioa. Nork ez du entzun esaten: «euskerak ez dik ezertarako balio»... Norberaren izkera oial bat bezela luze-laburrean neurtuko ba'litz bezela. Gure izkuntzak ez du saneurririk; begi-ninia, biritako-atsa ta biotza darabillen odola bezin maitagarri bear zaigu izan. Itz batez gure bizitz osoa.

        Jende goitar dirala uste dutenok, aundi-maundiak, alegia, nola itzegingo dute bada euskeraz, eta zertarako erakutsi bear die seme-alabai?... Obe dute prantzez, inglez edo alemanez ikasi. Au ondo legoke, baiñan geienetan olakoak ez dute ez euskera ez gañerako izkuntzak ikasten, español, ala prantzezaz kampo.

        Gurasoak, gure seme-alabak goi-maillan ipiñi nai ditugu.

        Alik eta eskola ta estudio onenak egin araztea bidezko deritzaigu. Mutillai lantegi edo ogibidetzat karrera ematea ta alabak ondoen ezkon araztea, orretarako deia baldin ba dute —ea beti gerta oi danez—, guraso zintzoen egitekoa da.

        Baiñan, begira: semeak adimen gutxikoak, buruz ez oso argiak, ots; alper-nagiak ateratzen ba zaizkitzute. Ta alabek, berriz, orretzaz gaiñera itsusi zamar, grazi gabekoak ba dituzute, ez uste euskerarik ez jakin arren, bere lantegi ta karreretan ta ikaskizunetan errestasun geiago izango dutenik; ta ez ta ere senargaia agurogo arkituko ta obeto ezkonduko diranik. Ori Goitik jetxi oi da. Jainkoak BERE doaiak, derizkion eran, zabaltzen ditu sorkari edo ume dituen guzien artean. Ez die doairik ematen goian dauden edo aberatsai bakarrik. Ez! Askotan, usu bekoak, txiro ta apalak adimen eta edertasunez ondoen jantzitzen ditu, onela gora igo ditezen. Era ortan berdintzen baititu goiko ta beko. Emakumezkoak, batik bat sena berezia dute urte gutxi barru aundi maundi biurtzeko. Ezkontza dotore bat egin ondoren, nork ezagutu etxekoandrea lenago neskame ala etxe apaleko alaba izan zanik?... ala baserrikoa?... Egunero ikusten dan jazokuna da ori. Euskerak ez die galerazpenik egin.

 

 

MAITASUN ITSUMENA TA AUNDIMAUNDIKERIA

 

        Beste batzuetan berriz, aurtzaro ta gaztetan oparo azi ta ezitako etxe aundiko seme-alabak or geldituko dira poto eginda gurasoek utzitakoa txautzen... ta bear bada euskeraz ez jakiña, damuturik.

        Eskontza ta eriotza zerutik jetxi dirala, esan oi da ta ez da gezurra.

        Beraz, gurasoak gaizki jardun dira, euskeraz etxean ez erakutsiaz seme-alabak bizi mañan motz geldiko zaien beldurragatik. Beldurra ta lotsa ez erakusteko bear lukete! Maitasun itsu batek, besteak baño geiago igo nai orrek, oker asko egin arazten dizkie, seme-alabai buruz... Erriko eskolara bidali nai ez dituenak ezagutzen ditut, an beren umetxoak neska-mutil arrunt ta zarpailuekin nastu ez ditezen; eta oitura, izketa ta era txarrak ikasi ez ditzaten aitzeki-maitzekiz...

        Andre aundi-nai ta ama-baba-lore askoren amets urdiña, alabak Madrid, Paris edo Londres'era kolejio ta ikastetxetara bidaltzean dago. Orretarako dituenak eta ez dituenak errekara bota ta zorrez beteko ba'dira ere. Ez die ajolarik! Kolejio dotore ta ikastetxe apain batean igaro arazi bait diote arro geldituko dira. Gero gerokoak.

        Eta geienetan erbesteko toki apain oietan dirua jan eta astia alperrik galdu besterik ez dute egin. Neskatx oiek asmoz eta jakitez ondo ornituak etorri bearrean, arrokeriz buru-biotza beterik ekartzen dute. Eta jaioterrira itzultzeko gogorik gabe hetiko zoritxarraren arrak joak gelditzen dira.

Ama txoralda oriek obe izan zutekean beren alabak bere ondoan etxeko birtutean ezi, subazterreko giro epelean lan egin arazi neskatx maratz biurtu zitezen. Gero urteen buruan zer nai gertatzen ba'zaie, ori dute geien balio duan eskola: etxekoa.

        Orrek ez du esan nai kampokoa on ez zaienik. Aurrerapen berriak ikasi bear ez dituenak. Ez da gutxiago ere! Aldian aldikoak artu bear dira. Azken azkengoak! Baita neurriz berrikeria ta modernismoak ere

        Erbestera joatea ere on zaie gurasoak bidali al ba'dituzte.

        Bainan orretarako adiña bear, urte-sasoia. Zentzua ta umotuak daudenean eta ez goizegi... amabost urtetan... ta are guxiago etxekoak jakin aurretik.

 

 

EREDU BAT

 

        Gogora datorkit nere gaztezaroan ezagutu nuen neskatxo bat: apala bezin pertxenta zenuten. Famili oso onekoa, baiñan aundikeririk gabe oitua. Gurasoak kristauki, sano ta xalo ezi zuten alabatxi ori beste senideekin batera. Euskel-izenez deitzen zuten, etxean euskeraz ari bait ziran beren artean. Ez dugu beiñere aztu bear lenengo euskal-eskola etxekoa duguna; ta etxea dala euskerak duan babes ta gorde-lekurik ziurrena. Beraz ederki ikasi zuen gure neskatx maratzak. Euskera ordea ez zuen batere eragozpen izan gero, eskola ta kolejiora joan zalarik, erdera ikasi ta beste ikaskizun guziak errez eta aisa egiteko. Buruz argia ez ezen langille ta gogotsua bait zan. Or dago koxka!

        Batxiler agiria atera zuen eta baita ere maestra edo irakasle tituloa. Elizakoi ta jainkozale sutsua izanik, txikitandik zintzo ta monja-artean zebillelarik, ez zan iñor arritu etxean esan zuanean errilijiosa, konbentura joan nai zuala. Konbentuan ere laister burutsu ta aurreratunetakoa agertu zan. Bereala agintaritakoa aukera zuten.

        Eta ez agintari soilla bakarrik. Urte gutxi barru monja-batasunaren buruzagi, ama-nagusia izatea iritxi zan. Mundu guzian zituzten ikastetxe eta komentu guzien nagusi. Ona emen ikasbide ederra! Neskatxa apal, umil, isil bat, ea erritik ta amaren gonapetik atera ez zana nagusi, titulo, monja erdeldun ikasien agintari ta buruzagi. «Berez bear bilaunatarra...» Edo ta klasikoek ziotena: «Quod natura non dat Salmantica non prestat.» Ain zuzen anartean Salamanca'n bizi oi ziran Kongregazio-ko azterkariak. Gaur «Kuria» osoa Erroma'n jarri da bizitzen.

        Gure arira itzuliaz, ez diegu ordea monjai eman bear erru euskera baztertzen dutela-ta. Lenengo errudunak gurasoak gaituzu. Pamili asko, geiegi ezagutzen ditugu seme-alabai euskeraz erakutsi nai ez dienak. Batzuek gerora ikaskizun ta karrerak egitea eragotziko dien beldurrez... Besteak berriz auzokoak, alakok edo olakok zer esango duanaren beldurrez... Au lotsagarri da benetan! Gizontasun eza! Eta ez da ori makurrena! Famili aberats bat ezagutu dugu, aundi-maundietakoa, erri-txiki euskaldun batera udaldia igarotzera joatez atzeratu zana, beren seme-alabai —euskeraz ez zekitenai— batere euskal-oguzkera edo «azento»rik itsasi ez zekien. Euskeraz ez jakiñez, gañera, ez zuten nai iñundik erderaz ari zirala ere euskel tankerik txikiena izan zezaten. Au da norberaren jatorria ukatu, ezeztu ta oinperatu nai izatea! Mokote alenak ez bestenak izatea! Orrek gure artean gaitza zenbateraño sartua dagon adierazten digu. Barne-barneko eritasuna. Ez eman praile ta monja ta erdaldunai errurik eman, ez!

 

 

ISRAEL-EN JOKABIDEA

 

        Israel'en gertatzen ari dana guretzat erakusgarri ditekela-ta, ango xehetasun batzuek agertu nai dizkitzuet. Irakurri ditudan berrien artean Arthur Koestler otsaundiko idazlearen liburutik (2) artuak jakingarrienak dituzute, labur eta zeatz esanak bait daude. Arrigarrizko gertakizuna, mirari bat benetan Israel'en izkerari buruz eta beste arazoetan gertatzen ari dana. Izkerari dagokiona ikertu dezagun.

        Theodor Herzl zeritzana izan zan joan dan gizaldian «Sionismoa» sortu zunetako bat. Beinola, galdegin ziotelarik ea mundu guziko juduek naiz Alemani, Poloni, Errusi, Aprika abar eta abar etorritakoek Palestina'n bildu ezkero, zer nolako izkuntza mintzatu bear zuten ber artean, Herzl dalakoak erantzun omen zuen: «Bakoitzak berea itzegin dezala, eta nola edo ala adituko dute. Bada iñork ez dakigu hebreo edo eberkerarik, ezta burnibideko txartel bat eskatzeko lain ere.» Aterakaia noski! Gauza jakiña bait da errialde, nazio edo Estadu batek bere izkuntza bear duala.

        Izkuntz ori ezin zitekean «Yiddish» deritzana izan, izkera mordollo, basati naste-borraste bat besterik ez bait duzute, judu zarpail eta azpiratutakoen ijito arrunten elea, ta mintzaira.

        Israel'go errialde zear-berrituak mintzaira goitarragoa bear zuan eta antziñako hebreo
—eberkera— aukeratu du. Liburu santuen izkera. Ta au mistika kariaz eta bizi bearrez. Joera ori Palestina'n 1880 garren urte inguruan asi zan, eta igarle ta eragille eskola-maisu apal ta sutsu bat izan zuan, ELIEZER BEN YEHUDA deitua.

        Orrela hebreoa, arabe ta inglesa izan ziran iru izkera ofizialak, Inglaterra'ren nagusitza pean Palestina zegon bitartean.

        Eta 1948 ezkerotik, eberkera, Biblia'ko hebreo mintzaira gelditu da nagusi bakarra Gobierno, Batzar, eskola, Auzitegi, Radio, Egunkari ta jakintza gai guzietan.

        Onek bere oztopo ta eragozpenak ba ditu. Nola ez! Bi milla urtetik gora ea illik; zerraldo egon dan izkera bat berritu ta egokitzea lan gaitza zan... Arazo ortaz YAKIN Aranzazu'n orden guzietako apaiz ta praile-gai adoretsuak argitaratzen duten aldizkari mamitsuan, Baztarrika'tar Iñaki prantziskotarrak idaz-lan tajuzkoa ondu digu (3).

        «Onurakor ba-derizkio ebertarrak izkuntz zaarraren lantzeari nola ekin dioten jakin araztea.» Aldizkari begiko ortan gure teolojilari gazteak oso gaia sakon ta garrantzidunak erabiltzen ari zaizkigu. Ta txairo ta zentzuz erabilli ere. Elizak aspaldidanik euskaldungoari egindako kalte ta okerrak zuzendu nairik. Teolojia jakituri guzien ama omen ta teolojilari euskaldunen jardunak itxaropen aundia ematen digu.

        Baztarrika'k dio, ta iritzia arrazoiz ongi jantziz, Juduek buruz jokatu dutela aberri altxatze ortan. Zer nolako bideak aukeratu dituen iztegi, idaztankera, teknika eta abar ederki azaltzen dizkigu ta guziok irakurri bear zenuteke.

        Antziñako eberkera edo hebreo izkuntzak bi lerroko alfabeto edo agaka dizu bata bestearen gañean jartzen dana. Gaur idazle batzuek nai luteke latiñezko alfabeto artzea, askozaz errezagoa bait da. Jabonski iritzi ortakoa da ta baita ere Ben Yehuda zanaren semea. Au egunkari bat latindar izkiz argitaratzen asia da, baiñan garbizaleak aurka gogor egiten diote. Arthur Kostler'en esanez hebreo izkuntzak zar kutsu ta gertasun aundiegia du, batere oraingotasunik gabea. Orrela Teatro ta Novela eleberriak aurrerapen gutxi.

        «Hatima» antzezlari taldea ta «Ohel» langille teatrozaleak beti gai zaar ta berdiñak burutzen omen dituzte. Kostler ori judua duzute jatorriz, naiz Hungaria'n sortua. Palestina'n 4 urtean bizitua da ta hebreoz poliki egiten duala dio. Baiñan alaz guztiaz ez omen da egunkari bat irakurtzeko gauza; ta are gutxiago liburu bat. Eberkera ori izkera antzu bat biurtuko dan bildurra agertzen digu; estu, ertsiegia, itxiegia, Getho berrian itoko dana... etorkizunarako indar eza.

        Ez dute ala uste beste irizle askok. Baikorrago dituzute Israel'en etorkizunari buruz (4).

        Gure Bastarrika'k berriz auekin amaitzen du aipaturiko bere lana: «Gaindu dituzte geienik oztopo denak. Iraupen eta kemen arrigarrienez, ordea. Bi milla urte ez lur ta ez aldekorik egon diralarik, beira zertara iritxi diran».

        Jainkoa'ren ikutu berezi bat berekin ba dutela esan diteke.

        Orain norbaitek galdegingo digu agian: Euskaldunok juduen bidetik erasotzeko koskorik ba al dugu?... Ezezko erantzuna emango nuke. Gure artean iende bulartsu ta ausarta ba-duguna ezin ukatu, bear izan danean bizia ematen jakin duana; burruka gogorrean il arte jardun diranak. Baiñan gure errialdea erabat artuta, aitortu bearra dago zabarrak, biguñak gerala eguneroko burruka isilean gure erriaren alde jokatzeko. Kemena bai, baiñan ez euskera zaintzeko, etxean seme-alabai erakusteko... (5)

 

 

ORDAGO

 

        Nik baño obeto idazle gazte batek argi ta garbi agiri zorrotz bat zuzendu zigun igaz Euskaltzaindia'k Aranzazu'n egindako batzarrean. «Karta idigia deritza Luis Alvarez Txilardegi bizkorrak. Karta bat ezik, karta guziak bota zituen mai gañera.

        Txillardegi gazte sutsuak egin digu ederra! Gure argalean «enbidoa» ere aski genuen-eta ez digu bota bada ordagoa! Ordago txikira, txarrera! lau batekoak mai gañean erakutsiaz! Txauta, txunditurik gelditzeko aña da. Aipaturiko «Karta idigi» ortan irakurgarri dituzute nik emen soil-soilik aldatzera noakizuten atalburuen izenak

        «Euskeraren beraka gorria»; «Euskerak eskatzen duen joera ta gurea»; «Eragozpenak»; «Solas-billa»; «Euskeltzaleen gutxietsi miña»; «Asmo geiegi ta egite gutxi»; «Euskeltzaleen izakera»; «Baliz'ko olak burnirik ez!» eta «Euskeltzaindia'ren betekizunak».

        Atalburu zein baño zein garratz, egikor ere bai ordea.

        Txilardegi'k onu ta aolku bidezkoak ematen dizkigu; «Gogor lan egiteko agindu irmoa. Norberekeriak eta jokerak errezak utzi bear ditugula azkarki eta bein ta betiko. Biguñak gerala oso... Amateurismoa da gure jokaera biguñaren erroa. Euskeraren alde lanegiten degunok solas-billa bide gabiltz. Oso gutxi dira euskerarenari lan gogorra deritzatenak... Abar eta abar... Itz batean «Asmo geiegi ta egite gutxi». Itzegiten ari zaizuen onoko onek ere «Ni pekataria» esan bearrean arkitzen dala aitortu nai dizuet. Berrogei urte auetan euskaltzale-dantza guzietan sartu izan naiz, «Euskal-Esnalea» «Eusko-gaztedi-batza», «Euskeltzaleak» nik al dakit zenbait geiagotan.

 

        Soldado baten gogoetak

 

«Eman ta zabal zazu munduan frutua»

(«Herria» - Mayatzaren - 30 - 1957)

 

        «Jaun buruzagia, eskualdunak oro zentzu eta adimentu garela diote bazterretan. Baiñan ikusiz nola bizi garen, nago ez dugun fama hori ebatsi.

        Alabaiñan, sail guzietan ez dugu politika bat baizik; eta hura Iparraguirre ergel horrek emana dauku. Gernika'ko Arbolari erraiten ziolarik; «Eman ta Zabal zazu munduan fruitua». Ez dut erran nahi ez dugula eskualdunek ere, gogoa ideki behar gure mugez haratago. On dugu ikustea zer pasatzen den bertzetan. Ez dut gaizki kausitzen ere bertzeen laguntzea.

        Baiñan Jainkoa'k ez ote dauku erran protsimo laguna behar dugula maitatu guhauren burua bezala... Beraz guhauren buruaz behar dugu lehen-lehenik artha artu eta urrungoen ongia ez dugu zeren billa urbilekoena segurtatu ez duguno. Eskual-Herrian ez dugu Eskual-Herria maite. Aipatzen dugu, laudatzen, kantatzen: espantua bai, merke dugu, baiñan aspaldiko loria eta handitasunak goretsi ondoan iduri zaiku ba dugula aski eginik harendako. Eta uzten dugu ustutzen, eritzerat, paganotzerat, kaiskontzerat, hots, mundu huntarik emeki-emeki suntzitzerat.

        Ba-dakit hitz dorpeak emaiten ditudala. Zorigaitzez ez zaizkit uste gabetarik eskapatu. Ongi pisatu ditut eta plazer nuke ez balire egiak. Baiña egia «beritable (Berdaderoa)» dela aise frogatzen ditakena da... Mintzaire-solas gure idazlariek gogotik erabiltzen dute erdara ekhai handi zerbait sortzen delarik. Uste gabetarik horrela emaiten daukute erakusterat eskuarak ez duala indarrik aski edozein irakaspenez elhestatzeko eta hori kalte aundi bat da euskerarentzat...

        (Jarraitzen du erranez errez saltzen dugula euskara naiz paper, aldizkari liburu abar eta abar (euskerazko libururik ez erosiaz); saltzen dugula elizan, (kristau-ibasbideak euskeraz ez erakutsiaz) etxean (euskeraz ez mintzatuaz). Horra zertan ari giran denak beti erderaren alde, «tira ala tira»: Eman ta zabal zazu munduan frutua. Hainbat gaizto mundua aberastuz Eskual-Herria tturrintzen ba duzute!...

        Eta zer erran eskualdea ezin moldatuz Eurafrika muntatu nahi daukutenaz?... Beti bertsu bera: «Eman ta Zabal zazu munduan frutua», sorlekuak leher egin behar badu ere.

        Horra hemen Afrikan gogoratu zaizkitan zonbait pentsu. Kapable izan ba'nintz emanen nituen bertsutan. Ager arazkizu. Menturaz norbait iratzariko dute. Ez Adiorik.

Jacques Uronjo

 

        «Gernika'ko arbolaren zale — «emanda zabalzazu»ren aldekoa izatea, «universalista» ondo derizkiot. Ez ordea «etxekalte» izatea. Artu-emanak mundu guziarekin, bai, gurea, utzi gabe. «Bedaio'ko «lokalismoa» utzi bear ba dugu, ez dedilla izan Urdes'etakoa artzeko... goi mallakoa baizik... Pan-Europa, edo Mundu-guziarena...

 

 

IZKIRIMIRI

 

        Triste ta ilunegi jarri ez gaitezen —itunak ez bai dakar gauza onik—, ipui ta izkirimiri batzuek jalgiko dizkitzuet. Bat il berri dugun Etxegarai Bonifazio poz jarioari entzun niona. Sevilla'n jaiak igarotzen ari zala, denda batean zegolarik bi neskatx dotore sartu omen ziran. Mantilla zuriz, orrazi aundi, illean arrosa-krabelin gorriz apain-apain egiñik. Gizonezkoak ederzale izaki ta berekin zegon lagun euskaldunak neskatxai atsegiñez begiratuaz D. Bonifazio'ri erdi-isilik esan omen zion: «Oriek ez dira amezketarrak». Etxegarai'k ezer esan aurretik neskatxa aietako batek ez dizu ba burua itzuli esanez: Ez, jauna, ez, abalzizketarra: Gure gizonak pozik eta arrituta an joan omen ziran bi neskatxekin kaletik zear.

        Aiek Sevilla'ko jantzi ta apainketa artu zituzten baiñan bederen ez zuten utzi euskera. Ez zuten ukatu jatorria.

        Beiñola, azken urte-auetan otsaundiko D. Pio Baroja Donosti'ko «Botika» batean nagusiarekin jardunean barne-aldean omen zegon.

        Ontan neskatxa bat sartzen da zerbait erostera. Botika'ko mutillari galdegiten dio, erderaz noski, eta ez nolanaiko erderaz baizik alako mintzaira legun, madritar izketaren antza eman naiez edo, finoli utsa... Baroja'k belarria erne, erdera mota tira entzunez bere lagun botika-nagusiari onela omen zion: «Neskatxa ori ez da beintzat emengoa.» Bada ez badakizu donostiarra da bai —gure botikarioak— ta alako ta alako familitakoa. Aspaldiko bezeroak ditut. Baroja arriturik asarre-kiñua egiñez au erantzun zuen: «Vamos a perder hasta el acento.» Oguzkera ere galduko dugu.

        Berriz ere Baroja donostiarrak, «Juventud y Egolatria» liburuaren egilleak zer esana izango zukean bere jaioterriarengatik... zakurrarenak, jakiña, baiñan zoritxarrez egi garratzak.

        Errege-inguruko losintxakeriak, aundi-maundikien oitura txar, udaldiko lasaikeri, beti jaizur kutsu gaizto asko utzi dituzte gure izaeran. Donosti Madrid txiki ta bigarren errege-leku biurturik euskal itxura galtzen du udaran. Ez da Donosti San Sebastian baizik...

 

                San Sebastian Tarran parra tan

                Mucho ruido y poco pan...

 

ixekaz erantzi zioten bezela.

 

        Zoritxarrez ez da Donosti bakarrik. Itsas-egi guzian, kostaldean Biarritz'tik Getxora'ño berdin gertatzen da. Gure ondartza bikañak, cóte d'argent edo «urre-ondartzak» nai ba duzute, diru asko ekartzen digute bai, iende askorentzat ogibidea, baiñan bai zikinkeri ta satsa ere; au da galbidea gure gogo-atsarentzat, euskaldungoaren izpirituarentzat.

        Biotz-miñez eresi unkigarri ta itun ura abestu genezake

        Itsasoa laño dago Bayona'ko barraraiño...

        Bai laño beltzez betea, zeruan beste izar argi bat agertu ez dediño.

        Ez dezaigula kanpoko iñork entzun, baiñan gure artean isilik bederen esango dizuet; beti «poto» egin izan dugula gure asmo ta auretsetan. «Txillardegi»ren onuak bete al izan ezkero euskerak zitu oberik bildu lezake baiki! Txillar lorea txiki ta garratza izan arren, erle lanen bidez ezti sendo ta gozoa egiten da.

        Lenago, mendi bazterrean bizi izatea aski zan euskeraren iraupenerako. Gaur leia, ekin ta burrukatu bear dugu. Desapioa jaso bearra dago! Errezkeria ta koldarkeriz errekara goaz. Arrotzez inguraturik gaude. Geiago oraindik; barru barruraño sartu zaizkigu. Emen, aldizkari onen banako batean (Ilbeltza-Otsailla 1957) argitaraturiko idazlana aipatu nai dizuet: «Badajoz'tarrak Euskaldun»?...

        Gure lotserako, A. J. Gipuzkoa'ko erri txiki batean gertaturikoa adierazten digu. Alegia, Badajoz'tik etorritako pamiliak beren aurrai euskeraz erakusten arreta geiago dutela bertako pamili euskotar jator askok baño... Negargarria benetan! Ondo eman ere!

        Beste zerbait antzekoa Antzuola'n igaz jazotakoa; erriko mutil gazteak gogo jardunak euskeraz egin ondoren, bertako apaizak, obe bearrez edo... neskatxai galdegin zien ea gogo jardunak nola nai zituzten euskeraz ala erderaz. Guziok erderaz naigo zutela izan omen erantzuna.

 

 

AZKEN ITZA

 

        Ezin ukatu bada euskeraren egoera txarra ez danik. Ez nuke nai ordea egin dugun azterpena ezari emanda ta biotza-galdurik amaitu. Egoera illun ta goibela izanagatik argi izpi batez alaitu bear dugu. ltxaropena omen da azker galtzen dana. Bizi geran bitartean gauden argalean sendo. Iraun zagun noizbait aldi obeak etorriko diran ustez.

        Munduak, erri ta jendeek itzul inguru askotxo egiten dituzte; jira-bira aundiak ikusteko jaioak gaituzu. Eta alako batean gure egoera obetu ta gal-zoritik atera diteke. Ez dut geiegi sinis ten politika gora-beretan, orregatik alde batera utzi ditut, baiñan nork daki gerora aize osasungarri batek ez ote gaitun sendabidean jarriko.

        Bitartean itxoin al dantxoa egiñez. Euskalzaindia'ren itzez esanda: «EKIN eta JARRAI». Gure etxe, famili barrunbean, senide, seme-alaba euskeldun ezi itzagun. Gure esku daude. Esatea egitea baño errezago dala badakit; etsai asko ditugu bai: eskola, lagun-arteak, lana, kampotarrak... abar eta abar. Ez dago nai dana egiterik. Egin zagun beintzat al dugun guzia, borondate osoz. Leia gaitezen egunero. Saia gabe ez dago ezer. Errezkeria, bigunkerira emanak gaude. Gogortu ta giartu bear dugu. Ortan Israel'go erria eredutzat artu bear genuke gauza askotan. Mundu ontan burrukari gabe iñork ez dirau. Burruka ordea gure zabarkeria, au bait dugu etsai nagusia. Baiñan aitzitik anaitasun ta elkar maitetze sutsu bat gure artean lengo gorroto ta errak azturik. Gure gaztediari asmo oiek txerta ta itsasten ba zaie Euskal-Erriak luzaroan iraun lezake.

 

(1) «A Study of History».

(2) «Analyse d'un Miracle». Paris - 1949.

(3) «Eberkera eredu». Yakin - 1957.

(4) Chicuri: L'Etat d'Israél.

(5) Au idatzita gero gai ontaz Irun'go «El Bidasoa» astekarian lan jakingarri bat irakurri dugu: «El Euskera y el Hebreo» deritzana ta «Un veraneante»k izenpetua. Agosto 1957 n° 627.

        Bertan egilleak, Paris'en Israel'go ordezkaritzan aolkari dagon Dr. S. Lewin'ekin izandako izketaldi mamitsu ta giarra oso egoki azaltzen digu.

        Jardun ortan Israel'en hebreo izkuntzak darabilzkin bide ta urratsak... eta noski eragozpenak agertzen dira; ta ori dala-ta euskerari dagozkionak ere erabiltzen dituztelarik.

        Aintzakotzat artzekoak eta gogoan izan bear ditugunak dirala uste dut euskeraren etorkizunari buruz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.