L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. Uztaila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

1957'gko idazkuntza'ren norgeyagoketa

 

Tauer'tar Norberta

 

EUZKO GOGOA'ren aurreko zenbaki batean nik idatzitako «Euskerazko idazkiak bertsoetan» izeneko irakurgaia arkitzen da.

        1956'garren urtearen Idazkuntza'ren norgeyagoketan, 1955' garren bezela, txapelduna izan naiz nere 190 euskerazko idazkiekin. Poztutzen naiz nere ereduz euskaldunan artean euskerazko idazkiak idazteko gogoa piztutzen dela. Ikusten dut —eta egia esateko au txit pozgarria da neretzat— euskaldunak asperturik daudela atzerritar batek txapelketa irabazi zuela. Orregatik asmoa artu dute urrengo urtean niri txapelketa kentzeko. Buenos Aires en agertzen den «EUZKO-DEYA»'n auxe irakurri dut: «Ludi guztian asi dira euskaltzaleak gartsu idazten ta Gazteiz tik dinoskue, datorren urtean Tauer eri Txapelketa kenduko diotela». Gazteiz ko biztanle geienak erdeldunak izan arren, orain urteartan 5.000 euskaldun inguru lan-egiten dute, eta ayen artean euskaltzale zintzo asko arkitzen dira.

        Igaro den denboran euskaldun askorekin elkar-idaztean sartu naiz. Goiko Naparroa'n Espainia ta Prantzia'ren artean dagoen mugaren ondoan, erri euskaldun eder bat datza, Luzaide izenekoa. Luzaide'ko parroki-erria bi zatitan erdiratzen du aitatutako mugak, Luzaide'ko erria —eliza, apez-etxe ta iltegiarekin— Espainia'n dago eta Ondarrola'ko errixka Prantzia'n, baiñan biak Euskalerrian eta ayen biztanleak euskaldun onak dira. Ango bikario jauna euskaltzale sutsu bat da, parroki-dei berezi bat, osoa euskeraz egiña, ateratzen du eta kanpoan erritik at lan-egiten duten gazteei bialtzen die. Euskera da ango biztanle guzien izkuntza bakarra eta Espainia'ko probintzietatik ara etorri zirenen aurrak denbora laburraren bidean euskeraz itzegiten ikasten dute,

        Poz aundia izan da neretzat «Muxika'ko Urretxindorra»-ren semearen euskerazko idazki bat eukitzea. Amaitzeko bertsoetan anai-agurra bialdu dit:

 

                Anai-agurra idazten noia

                biotz-idazkur beroaz,

                eta agur au betiko antz-ikur

                geratuko dan asmoaz.

                Nere biotzan maite-min danak

                tanta berotan or doaz,

                Tauer'tar gure Norberta jauna

                besarkatzeko gogoaz,

                Zure ta gure Aberri bien

                pozezko azkatasunaz,

                euren oitura ta izkuntzaz

                alkar maitasun sendoaz

                goi-beietako zorion danak

                biotzez opa dautzudaz.

 

        Beste euskal-olerkari askorekin elkar-idaztean nago, adibidez Mutriko'n bizi den Andonegi'ar Xiriako'rekin. Iruna'n agertzen den ZERUKO ARGIA irakurtzen dutenak ongi ezagutzen dute euskal-idazle ta olerkari onen lana, Aitatutako illerokoaren Gabon-zenbakiak bere «Belen'go Bidean» izena duen Gabon-antzerkitxo zoragarria dakar. Jaun onek «Euskera Maita» izeneko olerki samurra eskeini dit. Olerki au illeroko onen «Olerkien saillean» arkitzen da.

        Atzerrietan ere euskerarenganako maitetasuna aunditzen ari da. Alemania'n euskaldunen adiskide berri bat sortu da, Munich'ko Ikastetxe-Nagusiaren irakaslea den Berger Hermann izeneko jakintsua. Errenterria'n Mitxelena'tar Koldobika jaunarekin euskera ikasi zuen eta, bere azkeneko idazkian idatzi zidanez, udazkenean euskal-ikastaroa asi nai du.

        Erbestean bizi diren euskaltzaleen biotzak alaitzen ditu euskeraren gora onek. Amaitzeko ona emen zer idazten didan adiskide batek: «Orain ipintzen dizkiguten eragozpenak bein edo bein ere bukatuko dira eta orduan gure izkuntza eguzkia bezela dizdiratsu agertuko da».

 

Praga'tik 1957'gko Jorraillaren 7'ean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.