L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. Uztaila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Don Tiburtzio

 

Uzturre

 

Amaika axeri badago munduan. Bai, amaika ezezik amabi axeri ere badago mundu likitz ontan. Eta ez uste izan axeri oiek auntzaren gaberdiko eztula izaten diranik. Ez dira izaten, ez, atariko aizea.

        Azkar porrokatu izaten gizon oiek. Etorkizunari buruz sena berezia izan oi dizute: Usai egin eta datozen gertakizunei buruz izaten dizute susmu nundik edo andik. Eta berealako batean tajutzen dizute beren burua datozen gertakizun oieri begira: arpegi itxurak eta gañerontzeko guziak momentuan bertan prestatzen dituzte.

        Jokabideok ordea ez dira erres izaten. Besterik uste izatea oker da. Nornaik ez du balio lanbide oietako: batzuek fiñegiak diralako eta beste batzuek naiko axeri ez diralako.

        Dana dala, eginkizun oietan maixutzara irixteko aparta bear da izan, edo aparta samarra beñepein. Kaikutzarako jaiotako gizarajoak ez dute balio. Azken oiek, naiz ta nai izan, porrot eginda gelditzen dira bide erdian goian zerua ta belan lurra.

        Eta alare axeriok ez dira falta gure mundu ontan. Zuri noski ezagun zaizkitzu amaikatxo. Neri ere bai. Eta nori ez?

        Baño bazterrak aztertu eta axeri aundienetako bat Don Tiburtzio dezute. Don Tiburtzio? Bai, Lotsabako'tarretako Don Tiburtzio berbera. Esan leike alde batetik begiratuta beñepein Don Tiburtzio au beste Don Terentzio aren anai bixkia dala. Eta anaia ez bada ixtar-lengusua. Don Tiburtzio eta Don Terentzio guziak kidetsu baitira.

        Au dala ta ura dala oi dira sari bereziak. Burua nork aundiago edo sudurra nork zorrotzago. Axeri arteko norgeiagokorik iñoiz izango balitz orraatik ez lioke iñork kenduko lenengo saria Don Tiburtzio gureari. Eta sariaz gañera ere, zerbait berezi emango lioteke.

        Pepe Artola'ren «Praxku-Beneno» aretzaz oroitzen? Don Tiburtzio'ren ondoan arlote aundi bat izan zan. Gure onen jakintza eta axerikeria «Praxku-Beneno»'renak bajo mardulagoak dira.

        Zer ba? Azkenik zer izan Pepe Artola'ren «Praxku-Beneno»: Kirten bat eta erdalduna gañera. Don Tiburtzio ordea euzkotarra da; euskotarra eta euskaldun jatorra. Euskera ederra egiten du benetan eta euskeraz asten danean bere españetatik idukitzen ditu jendeak.

        «Praxku-Beneno»'ren bizkar esan zituen Artola'k esatekoak. Eta azkenik zer esan zun? Aldi berean erregezale eta liberal zala; erregezale eta liberal zalarik sozialista eta errepublikano zala; «mano-negra» zeritzan elkartekoa ere baomen zan. Eta au dan au zer? Utsa edo utsaren urrengoa. Geienez jota ere, «Praxku-Beneno» arroputz aundi bat izan zan. Kaiku edo jaio zan Malaga aldean eta kaiku ill zan Tolosa'ko bazterrean.

        Besterik da ordea Don Tiburtzio. Au ez da errukarri ez arlote. Axeri galanta bai eta guzia esanda dago.

        Urteak dira Don Tiburtzio ezagutu nizula. Mukitsu zikin bat nintzan garai artan. Ordun errepublikano zan. Nolakoa ordea? Izan diran errepublikano guziak batean artuta baño errepublikano aundiagoa zan. Garai bakoitzak bere zioa izan oi dizu, eta garai artan, ain zuzen ere, errepublikano on izateko, ezkertar porrokatu izan bear zan. Errepublikano eta elizkoi ziranak etziran mundu ontakoak. Eta Don Tiburtzio ere ezkertar ikaragarria zan. Sekulakoak irtetzen ziran bere aotik Aita Santuarengandik asi eta andik bera.

        Etzan giro izaten gure gizonaren ondoan. Apaiz bat edo begiz jotzen zizunean bere onetatik kanpora jartzen zan. Erre bear izaten zitun bazter guziak. Ez apaizak bakarrik; baita mojak ere. Apaizak, prailleak, mojak, obispo eta kanonigoak. Don Tiburtzio oneri entzun nion lenengo aako kanta zar ura:

 

                «Apaiz eta kanonigo

                Obispo eta praille:

                deadar eizute

                nekin batera

                lepa zintzurra

                eten arte

                Vive, vive la liberté!»

 

        Berak esan oi zunez, gizartea, goitik asi eta beraño konpondu bearrean zan. Errepublika berezi bat nai zizun. Gauza guziak ankaz gora botatzen ez bazitun errepublikak etzizun ezer onik egingo. Zuzentza eta gizonari zor zaizkion eskubideak eta mundu guziko gizon-emakumeen arteko maitasunaz izaten zizkitzun gai kutunenak. Eta panpoxo ikaragarri jarrita onelatsu mintzatu oi zan:

        — «Errepublika ekarri diagu, bai, baño len ziran gauza guziak zakurraren ipurdira botatzen ez dizkiagun bitartean ez diagu porruazi onik aterako. Zer? Par egiten al dezute? Gai oiek ez dituk txantxetarako ba. Eliza esate baterako, eliza, apaizak, praille ta mojak. Len, errepublikarik ez genialarik, apaizak eta prailleak eta mojak ateratzen zizkiaten eltzetik babak. Eta zer gertatzen dek gaur berean? Erregea bota genian, errepublika jarri genian, baño len bezelaxe, apaiz, praile ta mojak ateratzen dizkitek eltzetik babak, eta gu... ametsetan gu beti. Elizarenak egiten ez dizkiagun bitartean lur jota egongo gaituk, eta eliza tarteko dala zuzentza nai badiagu bagatxiokek exerita... Bide ontatik ez giak iñora.

        Sutan jartzen zan Don Tiburtzio gai oiek ezpañetan zitularik. Baño ez uste izan: Don Tiburtzio etzan beti izan olakoa. Errepublikano baño len monarkiko izan eta erriko kopradi guzik zizuten bere izena. Errepublika etorri etzan bitartean etzan errepublikano. Gero berriz, esaten zitun gauza guziak etziran ontzat artu bear. «Errepublika ekarri diagunok» esan oi zizun itzetik ortzera. Benetako errepublikanoak bere kutun alde buru belarri ari ziranean eta muturrak austeko zorin zebiltzanean, Don Tiburtzio lasai asko zegon. Bost ajola zitzaion areri errepublika. Lo egin eta aztu egin zitzaizkon pasa ziran gertakizunak.

        Mukitsu bat nintzan arren ondo gogoratzen naiz. Nerean izaten zan maiz Don Tiburtzio eta entzuten nizkion bereak eta bost orduko errepublikanoak zirala-ta. Bere iritziz txiki-txiki egin bear ziran. Erregea bota nai alajaña: Eriotza baño gauza gogorragoren bat arkitu bear zan bere iritziz erreboluzio alde zebiltzenak ezerezteko... Lo egin da aztu egin zitzaizkion gauzok Don Tiburtzio'ri.

        Begien bixtan zegon gauza zan, bai: D. Tiburtzio errepublikano zan eta bazitun bere gogai berezi-bereziak.

        Nornaik usteko luke oiek danak esanda, D. Tiburtzio poltika goraberetan leporaño sarturik zegola. Eta ez. Bere gogai berezi-bereziok etzuten zer ikusirik bere diruarekin izan ezik, eta elburu bakarra auxe zizuten: dirua egin alik eta laxterren. Elburu saindu onek zerabilkin buru belarri

        Aldun izateak, esate baterako, edo alkate izateak, edo ministro izateak etzion ezer esaten axeri aundi oneri. Aldun, alkate ta ministroak nai zitun ordea lagun diru-egitearen bideak errezago urratzeko.

        D. Tiburtzio etxegintzan aritzen zan. Eta politika gauzetan leporaño sarturik zeuden lagunak esku emanda etzitzaizkion dirutze bideak falta.

        Dirutzen ere asia zan. Altxor polita egin omen zizun. Zuzentza ta langilleari zor zaizkionak erabiltzen zitun ezpañetan eta aldi berean oin-azpian zerabilzkin zuzentza bai langilleari zor zaizkion oiek. Baño etzerabilzkin oin-azpian nolanai, zintzo-zintzo baizik, errepublika alde jardunaz, errepublikaren zernolak aizetuaz, eta bide ontan zernola guziak diru-egiteko tramankulu biurtuaz.

        Etorkizunari begira jartzen zanean sen berezia zizun D. Tiburtzio'k eta zerbaitek adierazi zion egun berriak eta gorriak zetozelakoa. Bestalde, igarketa au etzan zalla. Sumatzen baiziran an da emen pranko aztarren. Nundik nora joko zun ordea aizeak? «Ortxe ziok benetako katramilla», zion berekiko gure gizonak. Gauza bat ikusten zizun nolanai argi eta garbi: errepublika kolokan zegon, errepublikari buruz egun badaezpadakoak zetozen. Bai bai zan bazterretan pranko soñu.

        Don Tiburtzio atzerrira joan zan panpoxo-panpoxo. Eta alako batean, joan da laster xamar, sekulako zalapartak sortu ziran bazterretan. Anai arteko burruka piztu zan eta bazirudin munduaren azkena zala.

        Lasai-lasai pasa zitun Don Tiburtzio'k atzerrian zalapartaren lenengo egunak eta asteak. Berari bakarrik zegokion etorkizuna naiko garbi ikusi zularik etxera bidea artu zun.

        ¡Ura izan zan ikustekoa! ¡Aiek izan ziran ikustekoak eta entzutekoak! Errepublikanokeri guziak atzerrian utzita etxeratu zan Don Tiburtzio. Lenen-lenengo agintari berrien aurrean jarri zan eta «ni pekataria» esan zun, eta bere oker guziak aizatu zitun, oker eta erruak al zun neurrian besteren bizkarreko egiten zitularik. «Ez natxotek ezkertar madarikatu oiek gaizki atzipetu.»

        Txanpon ederrak kendu zizkioten, bai, Don Tiburtzio'ri. Banatu bearrak izan zitun, baño bere etxean lo egin al izan zun gauero, eta au etzan gutxi egun ikaragarri aietan. Beste asko pikotara joan ziran...

        Elizkoi jator biurtu zan D. Tiburtzio goizetik gabera. Etzan elizatik ateratzen. Bazirudin lengo utsuneak bete nai zitula. Bere burua erakutsi nai zizun nolanai on bidean, edo joan ziran urtetako okerrak ezereztu nai zitun laxterka gorrian.

        Baño ez izan au naiko agintari berrien abegi ona irabazteko. Beste zerbait bear zan. Nola erakutsi jende areri bere bide-oneratzera etzala jolas-gauza? Zerbait ikusgarri eta entzungarri egin bear zualakoa esaten zion bere buruak. Baño aldi berean bere zentzu onak auxe esaten zion: «ezaikela txoroa izan, etzak beñepein ire burua arriskuan jarri. Abil zentzuz eta ire onari begira bakarrik». Zer egin eta nola jokatu?

        Zelataritza iruditu zitzaion Don Tiburtzio biderik onena agintari berrien abegi-ona irabazteko Kalteak eta ezbearrak zekarzkila lagunurkoarentzat? Egia zan baño bere buruari etzion kalte aundirik egingo. Eta zelataritzari ekin zion buru-belarri.

        Egun aiek egun zikiñak izan ziran. Don Tiburtzio'ren egunak lokatzez eta gezurrez eta nazkagarrikeriz beteriko egunak izan ziran. Zelatari primerakoa atera zan gizona eta bere jardun illunak eraman zitun amaika errukarri itzalpera. Itzalpera bakarrik izan bazan gaitz-erdi. Baño jardun zikoitz aren ondorenak igarri eziñekoak ziralarik, ezin ba igarri zeatz eta garbi ondorenak noraño iritxiko ziran. Batek baño geiagok galdu zun larrua jardun ziztriñaren sare artan. Baño zer nai dezute? Don Tiburtzio aurrera atera zan eta agintari berriak beren babes gozoa eman zioten.

        Don Tiburtzio etzan orraatik lan artan bakarra. Garai artan bazan bazterretan amaika Don Tiburtzio. Asko ziran. Batzuk besteak baño axeriago. Baño danak kideko.

        Gure Don Tibrutzio'k beñepein zuritu zun ederki asko bere burua. Ez al zun irabazi nai agintari berrien abegi-ona? Abegion au eta beren babesa irabazi zitun aldi berean.

        Eta agintari berriak lagun zitzaizkiolarik Don Tiburtzio sartu etzan bazterrik etzegon. Betik gora eta goitik bera danak miatu zitun. Andik asi eta dirua arrapazkaka sartu zan berean.

        Milloiak egin zitun berealako batean. Jakin ere etzekin dirua nola zetorkion. Diru biurtzen zitzaion guzia. Barrengo ziriñak ere urre egin zitzaizkion. Etxegintzan eta beste gauza askotan lenen go zan. Diruak dirua omen dakar eta ondor-en omen ditu baitare izen-ona eta onoreak. Dirua eta onoreak sartu ziran arrapaztaka Don Tiburtzio'renean...

        Urteak pasa dira eta panpoxo bizi da Don Tiburtzio. Bere elburua iritxia dizu eta ez da asarre. Alare, bolara ontan urduritsu dago gizona. Ez daki zer dan, oraindik ez daki ziur, baño bere sen onak zenbait adierazi nai dio: egun berriak datozelakoa edo agian. Eta berak diona: «Gazteago niñualarik banian zer galdu eta gaur areago; ekaitzik edo baldin bazetorrek neurriak artu bearrean nauk arraiok etxera».

        Eta ontan dabil gaur Don Tiburtzio ixil-ixillik, biarko agunari begira. Bada ezpada komunixtak egin ditu lagun. Don Tiburtzio'k eta komunixtak badituzte gaur egunean zenbait artueman. Gure gizonak, artueman oiei azpi-on egiteko, bere lagun berriei bosteun milla lauerleko belarrondokoa eman die. Komunixtak ere diru-zale baitira gizarajoak...

        Ez jakin zer gertatuko dan. Etorkizuna ikusteko dago. Etorkizunaren izkutukoak Jaungoikoak bakarrik dakizki.

        Baño dana dala, lengo batez, itz da pitz somatu zizuten Don Tiburtzio gizarajoa. Lerdea omen zerion Errusi'ko komunixtak «spoutnik» bat jaurti zutela-ta... eta Errusi'ko komunixtak bere errikoen kideak izaki.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.