Itz-Neurtuz
Itziar'ko Amaren pozkarioak
E.'tar N.
Euskalerriko Erregin zeran,
Itziar'ko Ama maite!
gure erriaren zotiñak entzun,
ta gutzaz erruki zaite!
Itziarr'era bidean goaz
gure Amaren galdezka;
gure biotzak maitasun-garrez
ditugularik gañezka.
Bidean gora ikusi degu
eliz maitea saieska;
Ama gozoak an artu gaitu
guztiok irri-parrezka.
Egunik-egun, gizaldietan,
joan da urte-gurpilla;
Jaunak ala nai, ta or dijoa
Erreten'go neskatilla.
Ene! Zerk nastu dio biotza?
Zerk lotu pauso ixilla?...
ZERUKO AMA AGERTU ZAIO!
ta an geldi da erdi-illa.
Elorri-sasiz dagoen txarak
eman du LORE bikaiña;
ta ARI begira, antxe daukagu
zoratzen nexka liraiña.
«NI NAIZ diotsa Ama Birjiñak
AINGERUEN ERREGINA;
ETA EMENTXE IKUS NAI NUKE
NERE ELIZA EGINA».
Neskatxak ori entzun-ondoren,
eztu beretzat betarik;
berri ederra auzo guzian
zabaldu digu bertatik.
An dira pozik itziartarrak
MIRARIA ikusi nairik;
ZERUKO AMA AN DUTE,
JESUS MAGALEAN DUALARIK.
Zabaleta'ko gain politean
ez ote egoki eliza?...
Ala ustean, an asi dira
lanean erleen gisa;
baña Zeruko Amak berago
nai du aterpe-keriza;
ta Aingeruak, goian jasoa,
bera daramate aisa.
Iru alditan jasoa degu
gaur degun eliz ederra;
eta bi aldiz ezagutu du
oñeztarrien okerra;
baña berriro euskal-fedeak
zuzendu du ezbearra;
lur onetako gau illunean
izan dezagun IZARRA.
Oñak lurrean dituzu, Ama,
baña begiak uretan;
argatik gure mariñel onak
maite zaituzte benetan;
eta Itziar'ko eliz maitea
aurrez-aurre dutenetan,
txapela kendu ta asten zaizkizu
itxasotik otoitzetan.
Gure mariñel aipatuenak,
itxasora joan aurrez,
zure eliz ontan aitortu eta
jaunartzen zuten biotzez;
ortxe Meza bat entzunaz, zure
aldare-aurrean auzpez,
olatuekin burrukatzera
irten oi-ziran kemenez.
Elkano berak, mundu guzia
inguratu-ondorean,
eriotz-aurrez emanikako
azken-agiri itzalean,
berrogei dukat urretan utzi
zizkizun oroipenean.
Ainbesteraño sartua zeunden
mariñelen biotzean!
Itxaso eta legorrekoak,
zure Kopradi-barruan,
amaika eskeintz egin zizuten
urte askoren buruan.
Ta Zuk, ordañez, ainbat erruki
ixuri dezu inguruan
Argatik malko gozotan gaude
zure aldare-onduan.
Nola alargunak, ala umezurtzak,
naiz erromes nekatuak;
elbarri, gaxo, itxas-uretan
il-zorian arkituak;
kartzeletako errukarri ta
pekatari damutuak,
zeñen ederki sendatzen ditun
gure AMA ITZIAR'KUAK
Mendi-gañean agiri zauden
euskaldunon Ama xarra!
Itxasoari argi egiñaz
zaitugun ARGI goitarra!
Zaite lurrean gure biotzen
gordeleku ta indarra;
ta zeruetan, pakezko KAIAN,
gure ZORION BAKARRA!
|