Itz-Lauz
Enea'rena
(Bergili'rena)
Virgilio
euskaratzailea:
Otarri
II KANTUA
Kanta-gaia. Enea'k Troia'ko itzulipurdi edo erorikoa edesten du. Gerkarrak, uria amar urtez alperrik esiturik, itzalpekari, Tenedo ugartean ezkutatzen dira, Minerba'ri eskeiñitako zurezko zaldi aundia uri-ate aurrean utzirik. Iritzi ez-berdiñak. Sinon maltzurrak urian sartu bear dutela die. Laokonta'k Neptun'i zezena eskeiñi; ontan zebillela, itxasotik irtendako bi suge aundik oratzen diote. Zaldia urian sartzen dute dantza ta kantuz. Sinon'ek, len-gauean, aren saietsak idikitzen ditu, ta andik irtetzen dira gerkar gudaririk azkarrenak. Ektor, ametsetan, Enea'ri agertzen zaio, ta uria utzirik, etxe-jainkoak gordetzeko agintzen dio. Su-garaitza. Panto, Apoyen apaiza, ta beraren aztikeri galgarriah. Enea ta troiatar banakak. Korebo'ren jo-bide alperrikoa. Piriamo'ren jauregiratu ta au Pirro'k iltzen du, erruki gabe. Elena. Venu dirdaitsuaren agerpena jainko gaiztoak. Ankise zarraren mukertasuna. Zorionezko iragarriak. Enea'k Ankise, emaztea, sernea ta troiatar etxe-jainkoak gaizkatzeu ditu; Kerausa'ren eriotza ta agerpena; Esperi izendatzen du etorkizuneko aginterri. Enea Ida mendi babesera doa, onez atera diran troiar guztiakin.
Ingurukoak oro mintzul, begi zoli ta adi zirala, Enea aita bere jarleku jasotik onela mintza zan: «Itzik ez dun oiñazea berritzeko diostazu, ene erregina; au da, nola danaotarrak eratsi zituzten troiarren aunditasuna ta aginte errukarria; geiago, neronek ikusi nun zoritxar guztia, ortan luzez ibillia nauzu-ta.
Nork, izan ere, malkoari eutsi Mirmidon, Dolope edo Ulise gogorraren gudariai jazoa entzunik? Gaiñera, gau ezkotua zerutik dator eratzia, ta izar erorkoiak loa aolkatuz daude. Baiña, onen gartsu gure ez-bearrak jakin rai ba'dituzu, ta Troia'ko lor itzala laburki entzun, naiz-ta oroipenez soilki barnea laztu ta min-alak itza eten, orrela dezaket. Gerkar buruzagiak, guda gordiñez auldurik eta zoriak ezetsirik, ainbat urte igaro ondoren, Palas jainko-emearen antzez, mendi gisako zaldi bat eraikitzen dute, izai-zurez saietsak egokiturik; itzuli-eskeintza dute, itxuraz, ta orren ospea zabal dabil arat-onat. Bitartean, ixil-mixilka, zotzean irtendako gudariak sartzen dituzte saiets itsuetan, zaldiaren sabel-zokoak oro ainbat eta ainbat guda-gizon izkillodunez beterik.
«Andik ikus-menean dago Tenedo, aomen aundiko ugartea, oso joria batez ere Piriamo'ren agindupean; gaur, ordea, izpazter soil ta ontzientzat ere babespe ala-olakoa. Araiño eldurik, itxas-ertz bakarrean gordetzen dira. Joan zirala, guk uste genduan; aize mea lagun, Mikena'ra arraun egin zutela. Ortakoz, Teukri osoa gogo mingorra astindu ta poz-alaitzen asi da. Ateak zabaltzen dira. Ta atsegin zaigu uritik irten, doritarren guda-etzauntzak egon ziran tokiak ezer gabe ikusi, ta itxas-egia, azkenik, bertan bera utzita begiztatzea. Ementxe zelaitu zan Dolope'ren gudaroztea; ementxe izan zun Akile ankerrak bere etzaleku; emen zaldizkoen tokia; emen burrukatu oi zuten guda-saillak gordinki. Minerba ezkongearen doai ilkorrez zurtzen dira batzuk, zaldiaren mukulua goratzen dute beste batzuk. Eta Timete'k, aurreneko, edo maltzurkeriz, edo Troia'ko aduak yadanik orla erabaki zutelako, muru burruan sartzeko dio ta uri erdian egokitu. Baiña Kapi'k, eta beste iritzi obekoak, itxasora botatzeko diote gerkarren iruzur ta ala-olako emaitzak: azpitik su eman ta erre: edo sabel-sakonak laztabindu ta barne-zokoak azterkatu. Erria, ezpaian, etzan iritzi berdiñeko. Ontan, Laokoonte sutsua dator, talde aundia lagun, arin be arin, uri goialdetik beera, ta urrunetik oiu dagi: «Zer zorakeri duzute au, erritar mukulak? Etsaiak joanak, uste? Ala, ez ote dute gero danaotarren emaitzak iruzurrik? Orrela ezagutzen duzute Ulise? Entzun: edo zur onen barnean sartuta gorderik daude gerkarrak, edo gure arresien kontra jasoa dugu tramankulu au, etxeak begiztatu ta uri gain amiltzeko; edo beste era ortako biurrikeriren bat du barrenean. Kontuz, troiatarrak, zaldi orrekin. Dana dala, ez dut usterik danaotarretan, ta are gutxiago, emaitzak eskeintzen dituztenean.»
Au esanik, igun zorrotza jaurti zun indartsuki: au piztitzarraren sabel makur zabalean, alderdi batetik sartu zitzaion. An gelditu zan tinko ta dardarti, ta erraia latz-arazirik, barneko zurkulu-murkuluak ots egin zuten, intziri bizitan. Eta jainkoaduak trebe ta gure iritzia egoki izan ba'lira, gerkarrak burniz erasoko genituan, itzalpe itsuetan eriotza emanik; ta orain, Troia, zutik zengokez, ta zu ere, Piriamo'ren jauregi erpiña, buru-zut eta dirdaitsu.
Ontan, zaratoska ta iskanbil uts, troiar artzain batzuk gazte bat zeramaten erregegana, beso-itzuli ta esku-lotu; au, ez-ezagun bere oldez, aiek urbiltzean, menpeko eman zitzaien, mal tzurkerian antetsu jarraituz, Troia gerkarren eskuetan jartzeko, edozetarako ere beti gertu; naiz belzkeria aurrera eraman, naiz noraezeko eriotzari lepoa makurtu. Ikus-zimikoz, ara doa astrapaladan troiar gaztedi guztia, ta biran jarririk, leia biziz isekatzen dute atxilotua. Entzun, orain, ene erregiña, danaotarren iruzurrak, eta gaiztakeri batetik jakingo dituzu beste guztiak.
Jende-talde izutu ta izkillu gabe erdian bere burua ikusi zunean, frigitar gudari-saillera begiak zorroztu, ta: «Ai diño, zer lur edo itxasok artuko nau orain? Edo zer itxaron nezake errukarri onek, danaotarren artean tokirik ez ba'dut gaurgero, ta onezaz gaiñera, troiarrak eurak, txit sumin, zigorra ta odola eskatzen ba'dituzte enetzat?». Intzira onekin samurtu ziran gogoak, ta sumiñean neurriratu. Arren, azaltzeko diotsagu, zein odolekoa dan, zertara etorri dan, ta atxilotua dagon ezkero, zer asmok azkortzen dun. Ta hura, azkenez, bat ere bildur gabe, onela mintzatzen zaigu:
«Nik ziurki, ene Errege, egi guztia, dan bezela, aitor bear dizut. Au lenengo: ez dizut ukatuko gerkar gudaroztekoa naizenik; ez, zori gaiztoak Sinon kupigarri egin ba'du, utsal ta gezurti ere aterako du. Bear bada iritzia da iñoiz zure belarrietarra Palamede, Bel'en semearen izena: aintzak urreztu zun bere ospea. Gezurrezko saldukeri bitartez, pelasgotarrak, edonolako gudaren aurkakoa ura baitzan, bidegabeko epaian, erru gabe, erriotz-zigorra ezar zioten; ta orain negar dagite goibeltsu, zentzungabekeri ori dala-ta. Aide nulako, uraren laguntasunean gudara bialdu nindun aitak, gaztetxo nintzala. Erreinuak jaurlaritza onez sendo zirauan bitartean, egintza eder omengarri batzuk izan genitun. Eta gero, Ulise maltzurraren iñartxiz (gauza jakiñakin ari naiz) beste bizira aldatu zanean, illun ta malkotsu bizi nintzan, adiskide errugabearen zori-txarra ene barnebarnean eiagoraturik. Eta zoraturikan ez nintzan ixildu, ta zoria nere alde ba'nun, ta iñoiz asaben Argos'era itzultzen ba'nintzan, aierkor nintzakiola zin-egin nun; itz auekin, baiñan, gibelmin gordiñak sortu nitun. Auxe noski nire zorigaiztoaren lenengo laban-arria; ordutik asi zan Ulise b-elzkeri berriz ni izutzen, gizartean gezur-esamesak edatu ta, jakitun, ni galtzeko bide ta izkilluak aukeratuz; ta etzun atsedenik artu, Kalka lagun... Baiña, zertako lardaskatu alperrik gauza gogaikarri auek? Zer dala-ta luzatzen naiz onela? Gerkar guztiak zarta berdiñez neurtzen ba'dituzue, ta au aditzea naikoa baldin ba'da, zigortu nazazute bereala. Itaka'koak ori naiko luke, ta Ateu'ren semeak esku-zabalki sariztu.»
Orduan guk, jakin-nai bizi, ainbat okerkeriz ta gerkarren zitalkeriz konturatu gabe, jarraitzeko diotsagu asitako azalkizunean. Orrela dagi bildur samar ta sabel-zuri, esanaz.
«Sarri nai izan zuten danaotarrak Troia utzi ta alde egin, ain burruka luzez mutildurik baitzeuden. Ai, onela egin ba'lute! Baiña beste ainbestetan neguko ekaitz zabarrak bidea ertsi zioten ta aizeak izu ta lor igesa ebaki. Ta, bereziki, astigar-abez eiotako zaldi au lerden jaiki zanetik emen, goi guztiak ots egin zun, zurrumilloz izor. Laborri-kezkatan, Pebo'ren aztietara bialdu gendun Euripil, galdezka noski; ta onek, erantzun goibel au dakarzkigu jauretxetik: «Gerkarrak, odolez ta neskatx-eskaiñez baretu zenituzten Troia'ko lurraldeetara lenbizikoz jo zenutenean; egin odolez itzulia ere, ta eskaiñi gerkar baten bizia.» Erantzun onen berri jakin zanekoxe zur ta uzkur biurtu giñean; dardar otzak igaro zizkigun ezur-muiñak; ez genekian, ba, nor eskatuko zuten aduak, nor aukeratuko zun Apol'ek. Ontan geundela, Itakarrak (Ulise'k) iskanbil eta zarraparra aundiz Kalka aztia dakar guztion erdira, jainkoen erabakiak zeintzuk ziran esatera bearturik; ta iragarri zidaten gaizkiñaren okerkeri ta biotz beltza, ta ixil zeudenak ere alde-aurrez ikusten zituzten etortekoak oro.
Amar egun luzetan etzun ezer esan aztiak; bakarrean muker, eztio iñon azaldu nai nor dan eriotzari opaldua. Azkenik ere, nekez, Itakarraren deadar oiuak eraginda, mintzoa neurriz etenik, opamairako autatzen nau. Danak, buru-makur, onetsi zuten; ta bakoitzak beretzat nai etzuna, ni gaixo onentzat etzuten gaizki ikusi.
«Iritxi zan, beraz, egun gordiña; ta dana zegoan gertu, ni opariz eskeintzeko: iriña, gatza, ta lokarriak ene bekoki biran. Egiz diot, igesi egin nion eriotzari; lokarriak autsi nitun ta, gau ez, aintzira loi baten sabelean ibilli nintzan ixil-mixilka, ontzi-oialak aizetara eman arte, ematen baldin ba'zituzten beintzat. Ez dut geiago ez aberria, ez seme laztanak, ez aita nai biziz opatua, iñundikan ikusi al izateko usterik: nire igestea, bear bada, aiek zigortuaz zurituko dute, ene errua gaixo aien eriotzaz txautu. Augatik, ortzeko jainko egi-ezauleen izenean, siñiste kutsugeagatik, gizaseme ilkorrontzat oraindik iñun ba'da beintzat, erruki zaitez, otoi, nire atsekabe auetaz; erruki nitaz, daramazkidan zoritxar auen duin ez nauzu-ta.»
Malko-intziri auek bide, biotz-ikututa, bizia eman genion urrikariz. Ta Piriamo bera da aurrena, esku-esteka ta lotura korapillotuak gizonari nasaitu zezazkiotela agintzen duna; bai ta adiskide-itzez onela mintzatu ere.
«Zerana zerala, onezkero aiztu itzazu galdu dituzun gerkarrak; geurea zera, aurrerantzean. Eder bekizu, arren, galdeera onei erantzutea: zaldi-mukulu eskerga au, zer dala-ta egin dute? Nork eratu zun, ta zer asmoz? Opagai dugu ala gudurako tresna?» Au esan zion. Ta berak, gerkarren antze ta iruzurretan maixu, azke baizen zabal jaso zitun bi eskuak zerura, ta:
«Zuok, su betikoak dio, ta zuen goi-indar kutsugea, jartzen zaituet lekuko; bai ta zuek, opamai ta aizto makur nik iruzurtuak eta opari-zurrian eraman nitun lokarri doneak ere: zillegi bekit gerkarren ixil-ziñitzak azaltzea, zillegi bekit gizon oiek gorrotatzea, barnean dituzten asmoak oro argitara ekarriz: orain ez dut aberri-legeak gorde bearrik. Zuk gero, Troia, eutsi zeure aginduari, ta gaizkatua zeran ezkero, zaindu zuk ere zeure itza, diotena egia baita, ta aundia ziñez dagitzudan ona.» Danaotarrak beti itxaron zuten errotsu asitako guduak azken ona izango zula, batez ere Palas jainkosak lagunduta. Baiña Tideu'ren seme dongeak eta galtzen asmatzaille Ulise'k Palas'en irudia jauretxe sagaratutik ausardiz erauzi ta ango zaitzaillai eriotza eman zienetik, irudi donea indarrez eraman ta esku odolduz jainkosaren garezur ikugeak orbandu zituztenetik, orduntxe asi zan gutxitzen ta galtzen danaotarren itxarokizuna: kemenean narriatu ziran, ta urtziemeak arrezkero etzitun begiko. Ta zalantza gabeko ezaugarri ta izukariz, jainkosak maiz adierazi zun ori. Guda-zelaian irudia jarri zutenekoxe, aren begi izugarriki zabalduak sua zerien zemaika, gatz-izerdia zebilkiola soin-ataletan barruna; ta bera ere, o mirari esan-gaitza!, iru aldiz jaiki zan beetik, bere babeski latz ta igun dardarti ta guzti. Orduan, Kalka aztiak itxasoz iges egiten saia bear gerala dio, Pergamo etzuten ba gerkar geziak suntsituko, beniro Argos'era iragarkizun billa jo ta ontzi makurretan, ebatsia, itxasoz ekarri zuten jainkosa lengo lekura itzuli arte. Ta orain, aize meez Mikena, beuren sorterrira biurtuak diran ezkero, guda-tresnak gertatzen dabiltza, ta Jainko lagunak eta, berrien berriz kresala igarorik, uste-ustebagean aurkeztuko zaizkigu. Onela azkatzen du Kalka'k igarkizunen aria. Goitiko aolkuz, jainkosa irainduaren irudi ordez, ta gaiztakeri ordaintzat, zaldi au iaso dute. Dana dala, Kalka'k nai izan zun mukulu au oso aundia egitea, enbor alkar eunduekin, aidean lerden jaikitzen zalarik: ateetan zear igaro ezin zitekeana, ezta arresi barruan sartu ere: geiago, ezta erria gorde ere aintziñako magalpe gozoan. Zuen eskuak aurki Minerba'ren emaitzak loitu ba'litu, orduan, esan zun, ausiabar ikaragarria gertatuko zala (goikoak itzuli bezate aztiaren lepo gain) Piriamo'ren aginterri ta prigitarren kalterako. Ostera, zuen eskuz zuen urira jasoa ba'da, Asi osoa nunbait, guda-za]aparta gogorrean, iritxiko zala Pelope'ko atalondoetaraino ura omen zan gure billobaen zoria.»
Onelako zitalkeri ta Sinun gezur utsaren arteziz atzipetuta, siñetsi genion; bai, iruzurra goi eman zan, ta or negar-malkoz mendeko egiñik, ez Tideu'ren semeak, ez Akile Laristarrak, ez amar urteko gudak, ez milla ontzik ezi etzituztenak.
(iarraitzeko).
|