L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Soinez eder, gogoz areago

Judit, biblitar «pampiresa»

 

Iradi'tar Adaro

 

Erreforma erresominduak idazti sagaratu metatik baztargarri etsi zituenetako bi liburu, orainberri arnas batean irakurri ditut. «Tobias'en liburua» bat, eta «Judit'en liburua» bestea. Bi-biak eder, mamitsu eta aterakizun aundikoak. Alaz ere, irizkide ez ditugunak ugari dira; ta auen artean, gure katoliku-iritzia zapuztutzen dutenetakoak alegia, erreformatzalleak ditugu.

        Garai batean batez ere, liburu auek dirala-ta, kritikulari eta edestilariak jakite-atxurra erabiltzeko azter-zelairik izan ez dutenik ezin esan. Nik ordea, jakitun-abururik ezin eman dezaket. Eta kritika eta edesti-arloan utsa naizenez, azterketan maixu diranen irradan sartuko ote naiz ba? Ez, noski; elertilariai gai etzaizkigun alorretan sartzea ez bait-dagokigu.

        Luzaro, Tobias'en liburua edesti ala eleberri ikasbidetsua ote dan, jakin-miñez ikasten eta gogartzen ibilliak ba'dira. Zenbaitek, eleberri edestitsua besterik ez dala diote. Antxiñatarrak, Edestia'k esaten digunez, liburuaren edestitasunaz zalantza-izpirik etzeukaten; oraindarrak, berriz, zenbait katoliku beintzat, idurikizun elertitsua dala diote, gai edestitsuz urri.

        Bañan, esan dutanaz, ez da neri garbitzea dagokidan auzia. Nere burua oso bibli-zale, besterik ez; eta euskal-bibli ezean, erderazkoari noizpeinka gain-begiratu bat eman oi diot, bibli-lerro olerkitsuak daramaten goxoa atsegiñez xurgatu nairik; eta gaingiroko azken irakurraldiak idaz-gaia emanik nere luma trakets oni ekitera jarri nau.

        Ene gardiz, Tobias'en liburua oso egokia da, aolkuz aberatsa, ikasbidez ornitua, jarraibidez blai; agian, liburuaren erdelitzulariak esaten duan bezela, ola-alako ixuritasun geiegikoa, itzez oparotsuegia; nolana bañan, ederra, irakurgarria.

        Eta Judit'en liburuaz zer, idaztera onek jarri bait-nau? Liburu onek, ustekizun eta eztabaidak erruz sortuak ditu. XVI' garren gizamendean, Lutero'k bere edestitasuna ukatu zigun ezkero, aldeko eta aurkako etiketak ez dira palta izan.

        Liburuaren edertasuna bañan ukatu dezaigukenik ez da. Judit onek, ba'du ganora, ba'du odola, ba'du emetasun lilluragarria. Judit'en biotza garretan agertzen zaigu, erlijiotasunez gañezka, abertzaletasunez ixurika, aratza, sendoa, erabakitzallea.

        Soiñez bikaiña dugu Judit, begi-betegarri, zorakor, yaukala. Jantzi zirikalariegiak eta gezurrak guda-izkillutzat erabilli zitula? Bearbada bai; alaz ere nere iritzirik ezin emago dut, auzi-gai au ez bait-zait egokia. Bañan edeskuna atsegiña izan zaidala esatea bekit bidezko.

        Judit, dakigunez, Itun Zarreko zeru izartuan izarrik diztikorrenetakoa dugu. Dalila ta Jezabel emakume gaizkilleen aldean, Judit irudi ongillea da. Asuero errege aurrean bitartekari izan zitzaigun Ester'en aldamenean jargarria dugu. Baita Ruth'en aldamenean ere, ain xamur da-ta galburu guzien gogoratzale au... Eta Errebeka? Au ere aipatu bear, Kondaira zarrean emakume onen eragipena aundia da-ta, ta gañera Madrid'eko Prado-Museua'n margo-eun zoragarri batean Errebeka orren irudi lerdena ikusi dutan ezkero, bere aipamena egiteko aurrera egitea elitzaidake jator-eta. Prado'ko margoki ortan eder agertzen zaigu Errebeka, koralezko besagailluz apaindua, Jakob en mezulari zan Eliezer'ekin oxiñaren ondoan solasean.

        «Banpiresa» erdel-itz asmatu-berri au, edo beintzat gure zinema aroideak barreiatua, eta ganorazko emakumea adierazteko zabaldua, egoki datorkio nere ustez, bere eraz noski, betuliar eder eta kementsuari.

        Judit, umanteme biblitarrak, naiz-ta bere eginkizuna burutzeko erabilli zituan bideak gogor eta iruxurtiak ba'ziran ere, elburu on baten alde jarri zuan bere edertasuna ta arridurizko gizakera taxa ta eredugarria; eriotzez epaitua ta ondaketaz zemaitua zetzan bere aberria salbatzeko elburu bakarraz egin baitzuan bere lan guzia.

        Etsaiak erria ondatzera zetozkiola entzun zuanean, etzuan Judit'ek bere burua kikildu Jainkoa'ren naia etsaipean galtzea izango zala-ta. Bere burua abertzalekiro, arrokiro iaso zuan; eta soiñean zeramazkian alarguntzaren illeta-jantziak kendurik, jai nagusietako soiñeko ta txirikon argitsuenak jantzi zituan, eta Jainkoa'ri argia ta laguntza eskaturik, gogora etorri zitzaion bulkoa egin-bidean jartzeko asmoz etsaien kanpamenturuntz abiatu zan, mirabea berekin eramanik.

        Holofernes'en gudarozte etsaiak maltzurki jokatzen asiak ziran. Betulia erria erasoketaz baño, ur-ezaz eta egarriaz lenago eskuratuko zutelakoan zeuden. Ta gauzak lasaiki arturik, Betulia-erria esitzearekin naikotzen ziran. Orrexengatik, Judit ere jokabidean induria aundiz ibilli zan. Eta iruxurraz eta gezurraz bidetu zan.

        Etsai gogor eta erri-ondatzalleari gezurraz iruxurtzea jator zeritzaion Judit'i. Bere erlijiotasuna etzan txepela noski, ez makur-errexa. Koldarkeriari eta erlijiotasun azalutsari bere biotz ean lekurik egin etzielako, bere erriak garaitzarik jasoena ezagntu zuan.

        Nik ez dakit zein edertasun-maillekoa izango genduan Judit ederra. Bere edertasuna txantxetakoa etzala ba'dakigu. Bere edertasunari nik nolabait antz ematen diot. Izan ere, gaur gure kaletan barrena dabiltzan zenbait emakume bikain ikusi ezkero, Judit txairoari antz ematea ez da zailla-ta.

        Judit, apain eta urrin-jario, Holofernes'en zelai-dendara sartu bezain laister, buruzagiaren soin-gogoa edertasunak txautua gertatu omen zan. Maitasun azkonkada (mintza gaitezen oraingo izketaz) ziztagarri izan zitzaion, bat-batekoa. Ziztakadak ordea, etzion onik ekarriko, irrits-maitakeriak buru argienak lañutu egiten bait-ditu. Eta Holofernes'ek, bere etzategi bikaiñean zetzala, errezel me eta itzalkarien eun astunak inguru, urrin-zillarrontziak jarioka, emakume bulartsuaren eskuetan bere buru lepo-egiña utzi zuan.

        Betulia'ko alargun zuzentarraren «banpirestasun» au goimail garaienera jasotzen da. Buruzagi garaitzallearen gudari saillak artesitua zeukaten bere jaioterria, goiargiak aizemana salbatu zualako, egoki zaio «jaregille» izengoitia.

        Ez dakit Calderon ala Lope dan (Lope nere ustez), bere antzerti loretsu ta bikaiñean Judit'en egitsari gogoangarria idazgai arturik edesti-zati kementsu au jalkitzen diguna. Antzerkigilleak bikainkiro agertzen digu Holofernes'en zorakortasuna edo lilluraren ekitaldia.

        An, antzerkian alegia, ageri zaigu Holofornes urredun sandaliaz jantzitako betuliar ederraren oin betegiñetatik begiak nekez jasotzen soin-zear, emakumearen gerriraño, bular eta begi etaraño, zoramenak artua, begi likitsak gorputz ederrari josiak eta bere beroa irrika.

        Banpirestasun-egite ospegarriaren aldi ezberdiñetan, ertiak sarri aurkeztu oi digu Judit jaukala. Adibidez, gerka-erromar galatz edo erliebe bikain batetik aterea dirudin Florenzia'ko Museu'ren areto batean ikusi diteken Montegna'ren grisalla bikaiña.

        Naiz-ta dramatismuz eta margoz egite plastikuena Jacobe Robuste'rena izan «Tintorettoa» deritzana, emakume jaregillearen gertaketa odoltsu onen azken ekitaldia bizienik erakusten digularik, benetan aipagarria.

        Itzalean odolustutzen mesopotamiar-buruzagiaren soin lepoegiñak eta besoz luzatuta agiri dan Judit'en irudiak, betetasun guztiz ederreko margokia eratzen digute; besoari nagokiola, margo-eunetan ikusi ez dutan bezelakoa; besoaren ederra, Velazquez'en kuadru ospatsuaren aurreneko Irulea'renekin berdindu ditekena da, soilki; beso beltxerena, berdetsua, ninibetar izkillu-gizonaren buru moztua ille kizkurretik eutsirik dakarren beso ederra.

        Maiz nere buruari esan oi diot: «Rembrandet'ek bere Betsabe margoki kidegabea egin zigun bezela, zergatik ez ote zigun Judit'ena margoztua eman?»

        Margotasun aldetik eskeñi izango zigun agian, «Bei larrutua» (Louvre-Museu'ko pitxia) eta bere «Ester» kuadru diztizariaren bat-egite-edo.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.