L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. iraila-urrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Kepa Deunaren ollaskoa

 

euskaratzailea:

Zinkunegi'tar Joseba

 

Prantzi'ko erri-ipuia. Henri Pourrat'ek bildutakotik euskeratua

 

Bein batean ba-zan gizon bat Simon zeritzana. Orain Kepa deuna deitzen dioten uraxe bera.

        Artean lurgañean bizi zan aldi artan, egun batez, bere Irakasle zuen Jainko maiteari deitu zion bere etxera berakin bazkaltzera etorri zedin. Irakasleari andizuren egiteko ollaixko erre bat ere izango zuten jateko. Jainkoak itz eman zion, etorriko zala.

        Apaltzera etorriko zala ordea; illundutakoan. Egunez ez baitzun betarik. Egitekoa ugari, bai; ozteari aldarrikatzen, jendea bide onera ekartzen; baña ez ori bakarrik; oneratzen saiatzen zan bezelaxe saiatzen zan beragana zetozkion gaxoak sendatzen ere. Bazter guzietatik eramaten zizkioten itxuak, gor-mutuak eta errenak. Giza-pilla izugarriak inguratzen zuten; ura arkitzen zan etxeko ateak ixteraño.

        — Jakiña, danak sendatu nai zuten eta iñork etzion uzten besteri tokirik! — Alaxe gertatu zitzaion egun batez, sendatu nai zuan elbarri bati; angarilla batzuetan zeramaten, baña an zegoan jendeagatik atetik sartzerik ez, ta tellatuko tellak jaso, andik sartu ta Jainkoa zegoen tokiraño eratxi zuten.

        Ori Kepa deunaren etxean gertatu baldin ba'zan —nik ez dakit— Kepa deunak berak ipiñi bearko zitun bere tellak... Eta asarretuko zan, odol bizikoa zan-ta, baña igaro ere laster igaroko zitzaion, on ona baitzan gizarajoa, ogi bigun puska bezelakoa.

        Arrats artan, bere Irakaslea apaltzera etortzekoa zuen arrats artan, bere bizarrak igurtziaz, asarre samar zebillen maikidea ageri etzalako.

        — Izan ere zoritxarreko ta beartsu talde guziak nun nai geldi arazten ditek, eta ark ori ere ontzat artzen dik! Danerako zegok bada beta, eta gauean apaltzea ere egin bear dana dek. Gizonak ba-dik urdalla ere. Nik beñepein geiegi nabaitzen diat ba-detala ta... utsik dagoela.

        Egia zan.. Egun guzian bere Irakaslearekin ibilli zan, sakeletik ateratako ogi koskor bat besterik jan gabe. Eiztari bat bezin gose zan arrantzale ura, ordu artan. Eta errearen usaiak ere geiegi zirikatzen zion sudurra. Erretzen ari zan egaztia ikusten zuen gorritzen, koipea zeriola... Ollaixkoa legortu egingo zan, kaskartu; ori kaltea! Oillaxkoa ez da gero eltzekaria ta arraia bezela. Beste gauzarik da auen ondoan. Arraia, bearbada etzitzaion oso atsegin izango Kepa deunari; ainbeste arrapatzen baitzun egunero. Oillaskoakiko jatordua ez da gero nola naiko jatordua. Jatordu jaun bat deritzaiokena da.

        Eta Jainko ona etzetorren. Eta oillaskoa burruntzitik atera egin bear, bestela kiskaldu egingo baitzan.

        Kepa deunak burruntzitik atera ta azpil batean ipiñi zuen. Eta, oartzeke beatzak miaztu egin zitun. Miaztu ba'zitun miaztu zituen. Bere gose-belarra esnatu zitzaion.

        Iztar bat biurritu ta kendu egin zion, eta bere ortz ederrez zatitu eta iru pusketan irentsi zuen.

        Ondoren, masaillak pittin bat gorrituta, iztar ezurra maipera yaurti zuen. Gero oillaskoa al zuen ondoena ipiñi zuen; iztargabeko alboa azpil aldera zuela.

        — Olaxe, ia ikusi ere ez da egingo: ez, ez da ikusten.

        Ta guzia eran ipiñi zuanekoxe eldu zan Irakaslea. Benedicite esan eta maian eseri dira; zukua ta eltzekaria jandakoan etorri da ollaixkoaren aldia.

        — Ekatzak aiztoa, Kepa!; nik ebakiko diat —esan zion Jainkoak.

        — Jauna —esan zion Kepa deunak, agian zerbait gorrituxeago— zuk ez dezu orrelako lanik bear. Nik ederki ebakiko det.

        — Ekaizkidak aiztoa ta sardea! Eta Kepa deunak eman egin bear.

        Jainko onak ollaiskoari lauortzeko sartu, gora jaso, ta begiratzen dio.

        — Ikusten Kepa? anka bat besterik etzeukak onek!

        — Ikusten det Jauna, baña etzaite arritu orrengatik; emengo ollaiskoan kasta orrelakoxea da. Apalondoan joango gera ollotegira ta an ikusiko dezu.

        — Anka bateko ollaiskoak? Ez... ez nauk oroitzen orrelakorik egin nuenik... Baña apalondoan ikusiko diagu.

        Udare ta gazta jan ondoren, zer egiten zuen ba-zekian-ta, Kepa deunak, oillategira eraman zuen bere Irakasle ona. Oilloak beren makilletan lo zeuden, anka baten gañean eta burua egopean zutela.

        — Ikusten, jauna?, ez dute anka bat besterik...

        Jainkoak bere arridura ta txundioa erakusteko bezela besoak zabaldu ta txalo jo zuen.

        Bapatean oilloak esnatu ta kakarazten egatu egin ziran. Orra danak bi ankakoak.

        Eta Jainko ona, Kepa deunagana biurtu zan. Eta Aren begiratuak itz egin zuen:

        — Ez al dizkitek ba bi anka?

        Baña begiratu ark parre ere egiten zuen, eta Kepa deunak antz eman zion barkatu ere egiten ziola.

        Gorrituta, oillarraren gandorra baño gorriago eginda, ausartu zan oraindik parrez auxe esaten

        — A!, Jauna ¿nor jardun zurekin eztabaidaka? Zure eskuegian dauzkazu mirariak. Zuk nai izan dezunean oillo auek bi ankako izan dira. Aparitako errearen aurrean txalo jo ba'zenduan, ura ere bi ankakin egatuko zan!

                        Ontan oillarrak abestu,

                        ta ipuia emen amaitu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.