Itz-Lauz
Jostuna
A. M. Labayen
Zipitria'tar Elbire andereñoari
Bi ekitaldilan Antzerkia neskatxa bakarrentzat
Komeri bat neskatxa bakarrentzat eskatu zidaten, eta ona emen atera zaidana: JOSTUNA. Ez dakit gaia ondo ikusi ta aukera dudan; are gutxiago aria erabilliaz zuta ta zearra zuzen neurtu, egoki josi ditudan ertz guziak tolesturik. Irakurle-ikusleak esan bearko dute.
Onoko egille au, gizonezkoen baldarrean noski, emakumezkoen jarduna alik eta ondoen burutzen alegindu da. Or konpon beraz. Berak, nere utsegite ta akatzak leundu ditzakete, nere asmamen motelari bizia emanez.
Neskatxa bakarrak ala mutil utsekin teatro-lan bat bilbatu ta tajutzea ez dala gauza erreza aitor bear dizuet.
Ori, pianoa eskubi ala esker esku bakarrekin jotzea bezela dezute. Eskuok orduan beren lekutik kanpo ibilli bear dute bakarrak bien lana egin dezan; nolabait ipuia osotu ta borobildu dedin.
Dana dala, antzerki auxe atsegin ba zaizue eta jendeen aurrean azaltzeko din dala ba-derizkiozute, nere lantxoarentzat ori izango zait saririk ordaingarriena.
Egillea'k
LUTXI. Jostuna 25 bat urtekoa.
FILO. Aixpa gazteagoa.
DOMINI Andrea. Ama 60 urte inguru.
ERROXALI. Neska zarra Markes baten etxean giltzazai dagona.
XATUR. Neskatx-pelotaria Lutxi ta Filo'ren laguna.
SOR PAULA. Monja Andre Domini'ren aizpa zarra.
Gertakizuna orain-oraintsu Gallarreta errian eta Madrid'en.
I. AGERRALDIA
(Jostundegia Lutxi'ren etxean. Barnean josteko makinaren otsa entzun bedi. Gelan bear diran mai, esertoki, arasa eta abar. Ate bi: bata kalera daramana eta bestea etxe barnera.)
ERROXALI eta LUTXI
Erroxali. Geiago ezin dedalako etorri naiz. Amabost egun barru nere etxekoandre markesak urteroko jaia ematen du Donostia'n, eta egun ortarako nai ta naiezkoa zait zuk soñeko ori gertutzea...
Lutxi. Orratx bada, ez dizut itzik ematen. Ez, ez!...
Erroxali. Ezetz? Auxen da lanbidea... Tira, tira!
Lutxi. Lanbidea jostun izatea da erri ontan, eta lanez leporaño josita urte sasoi ontan. Andramaritako bakarrik agindua dauzkatenaz ez dakit nola ibilliko naizen bukatzeko.
Erroxali. Ni ez al nazu utziko lotsagarri, markesaren giltza-zaia...
Lutxi. Guziok batera etortzen zerate eta iñork ez itxoin nai.
Erroxali. Ez da soñeko berria; baizik-eta markesak igaz eman zidana. Zerorrek ikusiko dezu. Oso seda onekoa, ori bai kanela-kolorekoa. Ementxe ekarri dizut. (Pakete batetik azkatuaz.)
Lutxi. Naigo det ez ikusi, erriko festak igaro arte...
Erroxali. (Zabaldu ta erakutsiaz) Ez du asko antola bearrik: gerria pixka bat igo, gona zerbait moztu, atzealdetik atera, aurretik berriz lasatu, kolkoa zabalxeago, beso-mangak laburtu japonesa eran. (Au guzia parregarri esan beza esaerai dagokien kiñu ta itxurak egiñez).
Lutxi. Ez dezu gutxi nai...
Erroxali.Ez da ezer zuk dituzun esku trebeentzat. Oso «xik» geldituko zait. Jende aundia biltzen da gure markesaren jai-egunean, eta guziok galdegingo didate: «Nork josi dizu soñeko «liluragarri» ori? Ta nik: «Lutxik»!
Lutxi. Orratx! Ezin esan ezetz... Auxe da lanbidea gurea!
Erroxali.Ez esan orratx eta ar zazu titare ta jostorratz... baiezkoa emango didazula ba-dakit.
Lutxi. Begira, Erroxali, etorri zaite datorren astelenean. Aste au oso txarra degu. Gauerdi arte ari gera lanean, eta eldu dan astean zer lan gelditzen zaizkigun ikusita...
Erroxali. Neri egiten didazuna ez da izango musutruk. Ain zuzen egun ortan beti izaten da gure etxean markesaren modista, Madrid'en, dan onentxoena, eta nai nuke berak lenago jositako soñekoa, nola eraberritu didazun ikusi dezan. Zuretzat maistra ona litzake andre ori. Eta bein baño geiagotan bururatu zait arengana joan bear zenukela ikastera. Azken azkeneko modak..
Lutxi. Ez dago gaizki esana. Zure asmo onak dirala-ta ezin utziko zaitut zure soiñeko kutun au gabe. (Soñekoa zabaldu ta aztertuaz) Gai onekoa da.
Erroxali. (pozik) Ederki, Lutxi! Guziz maitagarri ziñala ba nekin eta orain arego. Ez naiz aztuko zutzaz. Eta (gaiztakeriz belarrira)... beste senargai bat lengoa baño obea opa dizut...
Lutxi. Ez zaidazula aitatu. Aski izan det batekin.
Erroxali.Emengo mutillekin ezkondu baño... obeto dago bat dagon bezela.
Lutxi. Gaizkitxo bizi zera!
Erroxali.Erroxali «Errementariko» alabak, ez du iñon inbidirik.
Lutxi. Eta kanela-kolorezko soñeko apain orrekin ministruak ere begiekin jango zaitue.
Erroxali. (par eginez) Ezta arroza esneakin ba-nintz ere!
Lutxi. (Soñekoa aztertuaz) Pampoxa geldituko zaizu.
Erroxali.Beti amabost! Au poza nerea! Astelenean emen nazu probaketa egitera.
Lutxi. Ez ain aguro. Astelenean jostunak ere jai bear genuke, zapatariak bezela.
Erroxali.Ez, zuk txintxo lan egingo dezula ba-dakit. Zapatariok or kompon. Ez zait ajolik. Ba-ditut kokodreilo-larruzko oñetako batzuek bikañak! Nere etxekoandreak emanak, estuegiak bai-zitun! Ori larrua (Pozik)
Eta krixkitin kraxkitin arroxa krabelin.
Bañan noan! Etxean zai dauzkat-eta. Astelen arte! (abituaz)
Lutxi. Zoaz bada ondo. Etorri arte (atera lagunduaz).
Erroxali.Ortan gelditzen gera, beraz. Ariyo!
Lutxi. Agur t'erdi «poxpolin» (Erroxali bijoa)
II. AGERRALDI
LUTXI ETA ANDRE DOMINI bere Ama
A. Domini. Beñere ez zijoala uste nuen.
Lutxi. Ezin bidaliko nuen kalera.
A. Domini. Zer bear zuen orrenbeste algaraz?
Lutxi. Emen utzi didan soñeko au antolatzea.
A. Domini. Ez zenion artuko?
Lutxi. Erreza zegon ukatzea. Nori eta Erroxaliri! Erriko jaien ondoren zerbait egingo diot. Bestela ez bait-nau pakean utziko.
A. Domini. Bañan, Lutxi! Nundik atera bear dezu astia? Ea berriz ere gaixotzen zeran. Ez du balio lanean lertzeak.
Lutxi. Egia, ama; beti gauza batzuek josten aspertu naiz. Orrela ez degu irabazten, ez ikasten, ez. Zerbait geiago nai litzake. Erroxali'ren soñekoa bestelakoa da. (Amari erakutsiaz) Modista aundiak nola lan egiten duten ikasteko gogotan nago. Ez naiz beti emen sarturik egongo. Ikasi nai det, irabazi, aurrera atera...
A. Domini. Ez zaudete ni bezela oituta. Josten asi nintzanean, soñeko guziaren itxura ta jostea, botoi ta guzi, zortzi peseta ala amar geienaz kentzen genuen.
Lutxi. Orrek ez du ezer esan nai, amatxo. Amonaren demboran berriz errealka kontatzen omen-zuten. Zuenean pesetaka; gaur duroka eta laister millaka.
A. Domini. Gero ere jostunak ez dira aberastuko. Lan asko zorretan uzten bait-dute... Ez derizkiot gaizki, ikastea, kampora ateriaz. Nere ondoan nai ziñuzket beti; baiñan ez det alaben etorkizuna galerazi nai. Nork zaitue bada amak aiña maite?... (malkoa dariola).
Lutxi. Ama! (Musu ematera joanez) Ez gaitezen goibeldu. Onelako eguraldi alaia dago-ta.
A. Domini. (Alaituaz) Arrazoi dezu. Jainkoak lagunduko gaitu. Zoaz barnen orretera. Zenbait puska erdi-bukaturik utzi ditut. Joxepaneko gona beltza puntada batzuen paltan dago. Bluxa, berriz, albañan oraindik. Filotxo'k onuzkero itzuli bear zuen. Etorri-ala, jarrai dezala.
Lutxi. Bai ama. Banoa. Jai oietako ainbeste lan bildu baitzaigu (etxe barnean sarturik).
A. Domini. Lena aski ez dala. Erroxali'ren soñekoa. Noiz etorriko ote zaio zentzua neskazoro orri?
Lutxi. Ama! Gabe bizitzea onena.
A. Domini. Bai, al bada (ateruntz begiratuz)! Atean norbait dala dirudi Filotxo izango da.
III. AGERRALDIA
AMA eta FILOTXO
(Au kanpoko atetik sarturik)
Filo. Izebari itxoiten egon naiz eta berandutu egin zait. Oraindik an gelditu da Mari «Begiokerrenean»...
A. Domini. Esango zenion etortzeko?
Filo. Bai, ama! bañan alperrik... Aspaldi errian izan gabea dala-ta, ezagun guziekin gelditzen da. An utzi det; eta paketeak ekarri ditut. (Puska batzuek mai gaiñean jarririk). Etorriko al da nai ba'du. Bidea ba-daki...
A. Domini. Kampoan luzaro bizi diranai ez dakit zer gertatzen zaien! Erri ta erritarrok maitekirogo begiratzen dituztela guk baño. Zera... zeñekin geldituko-ta Begibakarreneko Mari'kin. Gure monjatxoari komentuan ainbeste urte eramanagatik ez zaizkio lagun zarrak aztu.
Filo. Ni ere pozik aterako nintzake erritik, zerbait ikusteagatik.
A. Domini. Eta etxeko lanak nork egin bear ditu? Amak? Ederki eman ere! Zoaz zoaz aizpa laguntzera, eskubete eginkizun ba-dezute-ta biontzako.
Filo. Ortara ninjoan bada (Abituaz).
A. Domini. Aizu, Filotxo?
Filo. Zer, amatxo?
A. Domini. (Beregana etorri-araziz) Zer gertatzen zaio Lutxi'ri?...
Filo. Gertatu? ezer ez! ez dakit beintzat.
A. Domini. Bai, zerbait ba-du, goibel arkitzen det; naigaberen bat ba-ote dun nago, esan nai ez didana. Zuk jakingo dezu.
Filo. Bai zera! uskeriren bat
A. Domini. Senargaiarekin asarretu al da edo?... Esaidazu egia
Filo. Ba, ama... senargaia aitatu dezun ezkero, Xabier'ekin oztu egin dala uste det.
A. Domini. Zerbait ba-zala esaten nuen. Ez da gure Lutxi'ren errua izango, ez. Ni ere gaztea izana naiz. Gizonezkoekin ez da gauza onik. Gure aizpak asmatu zuan monja joanakin. Obe dezu zuk ere gerora komentuan sartu. Jainko maitea!
Filo. Ez nago orretarako, ez enetxoa!
A. Domini. Orduan zoaz, barren ortara lana aurreratzera ta aizpatxoari poztasun zerbait ematera.
Filo. Bai, bai, amatxo; bañan etzaiozula Lutxi'ri aitatu nik ezer esan dizudanik; alegia... nobio kontu ori... (bijoa).
A. Domini. Ez, maite, ez! ba-det beste egitekorik. Orain zure izeba Sor Gibel-Aundi'ri itxoin. Noizbait etorriko al zait. Jainko maitea! (asperen egiñez eseri bedi).
IV. AGERRALDIA
DOMINI eta SOR PAULE
S. Paule. (Sarturik) Emen naiz, aizpa. Ez ziñan aspertuko neri itxoitez?...
A. Domini. Ortxe nunbait. Pazientzia galdu ba'det, zurea da errua... eta pekatua...
S. Paule. «Ni pekataria» esango dizut. Ez asarretu, beintzat.
A. Domini. Asarretu ez, bañan luze-iritzirik nengon zure gibela dala-ta. Komentuan patxarako emakumea egin zera.
S. Paule. Nerekin batera monja sartzea zenun zuk ere.
A. Domini. Oraintxe esan dezu egi aundia. Lasago bizi zera gu baño. Ordu erdi ontan zai naukazu.
S. Paule. Berandutu egin zaidan ezkero, gabiltzan astiro. Latiñez ala diote: Festina Lente «mugi zaite astiro». Pizka batean eseritzera noa.
A. Domini. Oraintxe jo didazu arpa!
S. Paule. Ba al dakizu zer gertatzen dan, aizpa biotzekoa. Bada, gu monja sartzekoan, guzia utzita joan bear izaten degu: etxe, guraso, senide, ezagun, lagun, abar eta abar. Komentuan, berriz, besteren esanera gaude: ez borondate ta ez diru.
A. Domini. Jaten ematen dizute, eta gutxi al da. Bego gañerakoa, or konpon!
S. Paule. Ortan munduan aiña estuasun komentuan nagusi diranak izan oi dute. Ez dakizu ondo. Guziok ere, ordea, txarrera oitzen gera, eta iñoiz gure bizimodu latza arintzen ba digute, jaitxo bat degula, Ama nagusiaren urtebetetzea edo antzekoa, zerua iruditzen zaigu.
A. Domini. Munduan, berriz, pozago gaudenean, orduan eta larritasun geiago datorkigu. Alabak azi ba'ditut, laister ezkon bear ditut...
S. Paule. Zergatik ori?
A. Domini. Ba-dakizu, gure Lutxi'k senargai on bat ba-duala... edo ba-zuala...
Sor Paule. Bai; eta zer?... Jainkoa'k beste bidera deitu al-du?
A. Domini. Debruak dala esango nuke. Asarretu egin bait-dira; eta, jakiña., naigabea etxe guzian sartu zaigu.
Sor Paule. Gazteen gora-berak...
A. Domini. Bai, oso bera... eroriak gaude.
Sor Paule. Altxako zerate.
A. Domini. Ez da errez. Gure Lutxi lanerako batere gogorik gabe nabaitzen det, etxetik alde egiteko gogoz.
Sor Paule. Ez naiz arritzen. Gañera etxetik ateratzeak ez lioke kalterik egingo. Tokiz aldatzea, gogoz aldatzea bait-da. Jainkoaren bideak dira guziak.
A. Domini. Ori esan bear diozu berari. Eta ama geldituko da emen alaba gaztearekin bakarrarekin... Ez, ez
Sor Paule. Ez dezu zerekoi izan bear. Lutxi'ren zoriona zurea izango da.
A. Domini. Monjak oso errez antolatzen dituzte gauzak. Alabak ez dira aingeru, Sor Paula.
Sor Paule. Ez gu ere, Domini, aingeru eroriak ez bada... bañan egoak ditugunak Jainkoagana igo gaitezen.
A. Domini. Sermoigille ona zaude zu; baiñan orain goazen gure ikustaldia egitera. Gero jarraituko degu itz-aspertua...
Sor Paule. Zure esanera nago aizpa; atseden pizka bat artu det. Joateko gertu naukazu (jeikiaz). Ez neri aitzekirik eman.
A. Domini. Goazen bada. (bijoaz)
V. AGERRALDIA
XATUR bakarra (sartuaz) (jostari)
Naiago det ez nauten bi aizpek ikusi. Batik-bat Sor Paule'k... Monja oiek guzia jakin nai izaten bait-dute... Pelotari naizela ba-daki ta Madrid'en bizi naizela bera bezela. Galdegin naiko lidake etxea nun dedan, elizara joaten ote-naizen, zer lagun ditudan. Ba, ba, «Libertadia zeñen eder den!» Pelotalekura ezin etorri da ikus-mirara, monja dalako. Bestela... (Txalo batzuek joaz eta otsegiñik)
Eh! eh! Lutxiii! Filooo! beti lanean aritu bear al-dezute?
VI. AGERRALDIA
XATUR eta FILO; gero LUTX1
Filotxo. (Jostundegi'ko atetik begiratuz) Xatur da-ta. I al intzanan, neska, orrenbeste istilluekin?
Xatur. Ni berbera. Xatur: ezur eta mami. Filo! (musu emanez elkarri).
Filo. Ezur geiago ekarri den mamia baño. Ez al diten Madril'en jaten ematen edo zer?
Xatur. Lirañago natxion pelotan jokatzeko. Ortarako gerria bear den estutu. Ez zuek bezela beti lanean eserita eta sakela gizentzen.
Filo. Lan asko bai, diru gutxi ordea... eta naigabeak ugari.
Xatur. Nun diñagu Lutxi?
Filo. Gona batzuek bukatzen, beti presaka...
Xatur. (Jostundegira joanez) Itxoingo diten, emakume! eta bestela or, konpon; short'en jantzita ibiltzea diten...
Lutxi. (Sartuaz) Au Xatur ajolagabea! (musu emanez) Zer modu? Guziak pelotari dirala uste al-den?
Xatur. Zuek ikustera etorria, eta erriko jaietan jolastera.
Lutxi. Guretzat ba-dakin, erriko jaiak izaten dirala okerrenak. Ezin, bada, bezero guziekin kumplitu. Dagonerako asper-asper egiña natxion...
Xatur. Nai dezutelako. Komeni zaizuen lana artu, ta gañerakoa utzi; «dejada» egin, pelotariak bezela.
Lutxi. Jostunak ez gaitun pelotari. Guk ezin tongo'rik egin.
Filo. (Aizpari) Onek ez zekin, itxoiten daudenak gañetik botatzea gaitza dala. Euli-mandoak ez diten itsasgorrago...
Xatur. Orduan aztu ditzagun estuasun oiek. Zer berri dabil errian?... Noiz eskontzen zaigu Argindegi'ko Mirentxu?
Filo. Laister, diotenez. Arropa guzia gerturik zeukan. Ta nolakoa, gañera!
Xatur. Eta noiz da irea Lutxirena? Ez didan ezer esaten, neska!
Lutxi. Ez esateko obea den.
Xatur. Ain epel al-zaudete?
Lutxi. Epel ezik, otz ere bai... Izotzetik bera...
Xatur. Asarretu egin al-aiz Xabier'ekin edo zer? Uskeriren bat...
Lutxi. Eorrek esan den.
Filo. Adiskide dira oraindik, bañan bakoitza bere aldetik.
Xatur. Oraingo moda berria den ori...
Lutxi. Ez, ez; benetan amaitu den elkarren arteko adiskidetasuna; eta ez diñagu ezkontza-kompromisorik. Urrengo batean esango diñat zeatzago.
Xatur. Oso gogoko ez ba'den, ederki egiña. Gazte aiz, eta ez zain paltako beste proporzioren bat.
Lutxi. Gabe ere etsiko diñat.
Filo. Mutillai ere ain arroak ez izaten erakutsi bear zaien. Munduan berak bakarrik al dituen nagusi, edo zer?...
Xatur. Ori! ori! Filo! gogor! Ik aterako ditun eltzetik babak.
Lutxi. Ik nereak atera dizkidan, beintzat... Eorrenak ondo isilik gorderik dauzkan. Zer bizimodu Madrid-aldean? Ez al-den adiskide miñik egin?
Xatur. Adiskide miñik ez; guziak motelak atera zaizkidan. Mutillak ezagutu bai, erruz! baiñan «kutunik» ez.
Filo. Zertan aritzen zerate, bada, an?
Xatur. Nere lan eta jokutik kampora, batek nai duan lekura: berbenak dirala, dantza dala, zinea dala, kaletan ibiltzea eta abar. Erretiro'ko egurastokira eguzkia artzera ere bai. Iñori baimenik eskatu gabe. Ura edertasuna! «Madrid'etik zerura» esan oi-diten.
Lutxi. Inbiria sartzen ari azait, Xatur. Emen erri txiki batetik atera gabe bizitzea, gauza motza bait-den.
Filo. Donosti'ra ez al-gaitun joaten, bada? Politagoa den Madrid baiño.
Xatur. Ez den gauza berdiña. Bestelakoxea den Madrid, bein ango bazterrak ezagutu ezkero. Guzirako: Ikasteko, irabazirako ta jolaserako.
Filo. Gastatzeko ta dirua xautzeko ere bai.
Xatur. Jakiña! baiñan Lutxik ditun buru argi ta esku trebeekin edozein moda-etxetan artuko liteken, eta ondotxo ordainduaz gañera...
Lutxi. Orrek losintxatzen natxionan. Orretzaz itzegin bear diñagu.
Xatur. Eta an ikasiko ukena?...
Lutxi. Emengo lanak amaitzean, ez diñat berririk artuko. Ez ta ez ta ez! Eta negu aldian Madrid'era Xatur'ekin.
Xatur. Nere poza! Ez gero atzera egin.
Lutxi. Gure ama konbentzitzea ain errez ba'litz...
Filo. Bai bai, Lutxi. Orrela aztuko ditun naigabeak.
Lutxi. Aizpa! utzi ditzagun ametsak. Ezin aztu diñaguna zera den... or barruan oraindik josi ta bukatzeko dauzkagun puskak. Emen berriketan ari gaitun, Xatur. Mingaiña arin, eta jostorratza geldi. Au ez den lan egitea, ler egitea baizik.
Xatur. Zuek dezute errua.
Lutxi. Goazeman, goazen barrura! Or ikusiko den gure «errua» eta lan pilla ederra. Guzia utzita joango niñuken, ez Madrid'era baita Pekiñ'era ere
Filo. Atean deika ari dirala zirudin (ateruntz).
Lutxi. Oa, bada, irikitzera. Beste bezeoren bat reklamatzera. Etxean ez nagola esan. Goazen, Xatur (barrura joanez).
Xatur. Bai; nik ere esan bear dizkiñat aizparen aurrean aitatu nai ez nizkiñanak (bijoaz).
VII. AGERRALDIA
FILO eta ERROXALI
Filo. Aurrera! Zu al-ziñan, Erroxali?
Erroxali. Neroni bai, gazte; zure aizpari ajola aundiko gauza bat esatea aztu egin bait-zait. Nun degu Lutxi?
Filo. Oial-muestra batzuek ikusten ari da. Lanpetua dago kampoko andre batekin.
Erroxali. Ba, nik ere nere «kanela»-kolorezko soñekoari apaingarria nun jarri, aztu egin zait esatea. Ondoena uste det paparran gaiñean eskubi aldean izango dala; karda-lorea modukoa.
Filo. Esango diot. Bañan aundiegia ez ote-da? Obe dezu lore zuri bat ipiñi. Ez al derizkiozu?
Erroxali. Ez dakit bada. Zuria ta kanela, arroz-esnearen itxura artuko det.
Filo. Erriko pestetako ezin eta jatorrago.
Erroxali. Zu txantxetan ari zera, bañan nik jantxi ori Markesaren etxerako det; eta edozein «tualetekin» ezin joango nazaizu.
Filo. Zure korputz lirañak edozein soñekori ematen dio grazia, azukre ta kanelak edozein janariri bezela.
Erroxali. Modistetako balio dezu, losintxatzen gogoz ari zera.
Filo. Gustorago ariko nintzake «arroz-esnea» jaten. Gozo-zale bait-nazu.
Erroxali. Gaztetxoa zera funtsez itzegiteko. Obe izango det neronek zure aizpari esatea. Ea lenbaitlen deitzen diozun.
Filo. Lanpetua dagola-ta, ezin atera ditekela esan dizut bada...
Erroxali. Zu oso gogaitkarri zaude lelo orrekin.
Filo. Zu, berriz, xarmangarri soñeko kanela-kolore orrekin. Ba-zaude pixka baterako. Ez, datorren aste guzian beinik bein.
Erroxali. Ez badakizu ere, zure aizpak itz eman dit.
Filo. Arek emango zizun «itz» bañan nik egin bearko det «pitz», puntadak eman eta eman... amaitu arte.
Erroxali.Nere soñekoak ez du orrenbeste lan. Gure markesaren jai egunerako nai ta nai ez bear det.
Filo. Beste soñekorik ez dezu izango jartzeko-ta.
Erroxali. Ori bai. Ez zait palta jantzirik, baiñan jai ori gauez da, ta seda orrek dirdai berezia dizu.
Filo. Nere aizparekin antolatuko zera. Edo bestela nere amarekin... (Ateruntz begiratuaz) Oraintxe dator bera kaletik izeba mojarekin. (Atean dira) Itzulia uste baño lenago egin dute
Erroxali. Aspaldiko ezagunak ditut biak! Ama, ezkondu aurretik; ta izeba moja, Madril'en maiz ikusten det. An duten kolejioa gure etxetik berta dago.
Filo. Ainbat obeto, Erroxali. Orduan emen uzten zaitut, zerori bakarrik. Naiago det emen arki ez nazaten. Lan asko degu or barruan. Gure amarekin antolatuko zera.
Erroxali. Igesi zoaz, e?
Filo. (Joanez) Ez, ez, lanera! Gero arte!
VIII. AGERRALDIA
ERROXALI, ANDRE DOMINI ta SOR PAULE (sarturik)
A. Domini. Arratsalde on, Erroxali!
S. Paule. Ave, Maria!
Erroxali. Baita zuei ere (elkar agurtuaz). Zer modu?
A. Domini. Kaletik itzulia egin degula. Bañan gure etxean ez al-dizu iñork jaramonik egin?
Erroxali. Oraintxe alde egin dit zure alaba gazteak. Lutxi'kin itzegin nai nukean, bañan ain lanpetua omen-dago; beste egunen batean etorriko natzaio.
S. Paule. Alaxen da, bai.
Erroxali. Ba'dakizu, trapu-kontua..
S. Paule. Amaika lan ematen du «trapu»-kontuak munduan.
Erroxali. Ez zuek bezin errez erabakiko ba'genu soñeko ta moda-«arazoa»...
A. Domini. «Moda»-arazoa ta gañerakoak... (jan-kiñua egiñaz). «Habitua» jantzi ta eskera!
S. Paule. Nere aizpak nola astintzen gaitun moja gaizoak.
Erroxali. Astindu, bai; bañan gero zuen sakela bete ere bai.
S. Paule. Egia da, eta eskerrak ematen dizkiot. Guk ere zerbait «pasa» bear degu munduan eta ez dakizute buruko au (toka ikutuaz) lotuta eramatea zer dan. Uda ta negu jantzi latz au ere soñean eraman-bearra gauzarik aspergarriena.
A. Domini. Zuek ere zerbait bear dezute.
Erroxali. Sor Paule'k arrazoi du. Ez nuke beti jantzi batekin ibilli nai. Soñekoz aldatzean ba'dirudi bat gaztetzen dala. Neretzako atsegiñena, goizean bat eta arratsaldean bestea jaztea. Kolorea ere egunari ta aroari dagokiona. Bein urdina, urrena zuria. Ain zuzen zure alabak «kanela»-kolorezko sedazkoa antola bear dit eta ea zuk ere, Andre Domini, zirikatzen dituzun len baitlen egin dezaidaten.
A. Domini. Alabek amari kaso egiten diotela uste al-dezu? Ez lan geiegi artzeko esan diet ezin amaiturik ibiltzeko.
Erroxali. Nerea beintzat antolatuko al-didate.
Sor Paule. Noiz itzultzen zera Madrid-aldera?
Erroxali. Nere etxekoandre Markesa'ren eguna igaro arte ez. Illaren azken-aldera edo. Eta zu?
Sor Paule. Ni ordurako an izango naiz Jainkoak lagun. Ikaskizunak asten bait-dira.
A. Domini. Ikaskizunak asiko dira, bañan zure «bixitak» emen ez dituzu amaituko. Ori, etorri ziñanetik etxez-etxe zabiltzala.
Sor Paule. Arritzekoa al-da? Kontu egizu amar urte dirala errira etorri ez naizela Toki ta lagun zarrak ikustea atsegin zait. Kampoan, erbestean bizi ez zeratenok ez dakizute zer dan?
Erroxali. Udarako ez da txoko txarra.
A. Domini. Emen gaude bada bizi guzian ea iñora atera gabe.
Sor Paule. Zoriontsua sorterrian jaio, bizi ta iltzen dana!
Erroxali. Txokotik ateratzea ere ez da txarra, zerbait ikasi ta irabazteko.
Sor Paule. Jainkoa'ren bideak ez ezagunak zaizkigu. Ni komentura deitu nindun. Zu, berriz, Erroxali, Markes baten etxera. Zerua nun-nai irabazi diteke.
A. Domini. Famili bat azi duna eta seme-alabai kristauki ta lanegiñez bizitzen erakusten ari dana ere, zuek aña izango al da!
S. Paule. Gu, agian, estuago neurtuko gaitu Jainkoa'k.
Erroxali. Josten ederki erakutsi diezu alabai ta saritua izango zera: billuzi dagona janztea errukizko egintza bait-da. (Parra dagite).
S. Paule. Bai, jantzi-ordez askotan bear ez dana agirian utziko ez ba'lukete. Au likiskeria ageri da itsas-bazter oietan! Ez da Aprika larru-gorrietan ain nabarmen.
A. Domini. Olakoetan begiak itxi! Komentuan bezela ibiltzea nai al-dezu ondartza ta olakoetan?
Sor Paule. Ori ez! baño txukun bai ordea. Kristauak al-gera, ala ez.
Erroxali. Bi aizpek ba-dezute beti eztabaida. Luzaroan egongo nintzake zuei entzuten, joan bear ez ba'nu. Domini, esan zaiozu alabari ez nere soñekoa aztutzeko. Lutxi'k dituan eskuekin Madrid'en modista jarriko ba'litz nai aña diru irabaziko luke.
A. Domini. Ori esan bear diozu! Oraintxe ez du asko palta erritik aldegiteko. Gañezka dago.
Erroxali.A zer nolako poza nerea! Madrid'era elkarrekin joango ba'giña. Gure etxekoandreak modisteri on batean sartuko luke. Izeba Sor Paule'k ere ezagutzen du ongi zer dan Madrid.
S. Paule. Bai, bai, geiegi ere. Ikasteko leku ederra da gazteentzako, nun dabiltzan zaindu ezkero. Gure kolejioan toki egingo genioke.
A. Domini. Ikusten ari naiz guzien artean burua berotuko diozutela, ta laister naizela alabarik gabe.
Sor Paule. Jainkoa'k alabak eman dizkitzu, Aren borondatea bete dezaten, eta etxetik joaten ba'zaizkitzu ere, ez dituzu jo bear galdutzat.
Erroxali. Moja ta praileak guzirako ba-dute arrazoi. Andre Domini, ez estutu. Urrengo batez itzegingo degu orretzaz. Soñekoa progatzera etorri nadinean. Ba-dakizu e? Laister arte.
A. Domini. Bai emakume bai! Zoaz ondotxo.
S. Paule. Zoaz Jainkoa'rekin.
Erroxali.Ariyo ba! (bijoa) Biar etorriko naiz. Ez dezala aztu nere jantzi dotorea.
IX. AGERRALDIA
A. DOMINI eta SOR PAULE
A. Domini. Alde egin digunean, ez naiz asarre. Kanela-kolorezko soñeko orrekin zoratu-araziko gaitu etxeko guziak.
Sor Paule. Orrelako bearrezko al-zaio?... Erroxali ere urtetan aurrera doa, eta onuzkero ez zaigu asiko senargai-billa.
A. Domini. Mutxurdin oiekin ez pio! Txoralda zamarra izan da beti.
Sor Paule. Ez zazula orrela itzegin lagun urkoarengatik. Erroxali, ona da; Guziok ditugu geren utsegiteak. Madrid'eko etxe aundiki batean dago ama de llaves. Eta etxekoandre Markesak ez daukala saltzeko ba-dakit.
A. Domini. Orretxek arrotu du, bada, pizka bat gure Erroxali. Aristokrazikoa dala iruditzen bait-zaio. Sedazko soñeko ori...
Sor Paule. Kanela-kolorea... guziok ba-dakizu.
A. Domini. Ori bera! markesa'k emana du eta guk Erroxali'ren neurrira jarri bear. Beste lanik ez ba'lego.
Sor Paule. Itxoin dezala. Eta bestela ez artu. Ori baño korapillo aundiagorik ez ba'dezute.
A. Domini. Egia diozu, aizpa! Ori baño korapillo gaitzagoa badegu. Lutxi ezertako gogo barik arkitzen dedala. Badakizu zergatik dan...
Sor Paule. Bai, antzematen diot... Maite-miña, nobio... keria.
A. Domini. Orrela jarraitzen ba'du, aldi baterako etxetik kanpora bidaltzera beartuko naiz. Giroz aldatzea!
Sor Paule. Ez zait gaizki iruditzen. Ezta Madrid'era bidaltzen ba'dezu ere. Erroxali'k dion bezela, moda-etxe on batean josten ederki ikasiko luke. Zer gerta ere, an nago ni gañetik begiratzeko. Gure komentuan ere leku izango luke.
A. Domini. Ori, berari galdegin bearko diozu. Biei deitzera noa. Ez bait-dakite emen geranik. (otsegiñaz) Lutxi!! Filo! Atozte! emen gera!
(Barrendik) Ba-goaz amatxo!
Sor Paule. Bururik altxa gabe lanean ari dira.
X. AGERRALDIA
Lengoak LUTXI eta FILO
Lutxi. (sarturik) Zer gertatzen da?
Filo. Aguro itzuli dira!
Sor Paule. Ez bait-degu etxean arkitu nai genduen «persona», eta urrengo batean ikustaldia egingo diot.
A. Domini. Bakarrik ioango zera. Beti kalean ibiltzeko prest. Ez dakit nola etsitzen dezun komentuan.
Sor Paule. Orregatik bada! Urte guzian komentuan nagolako, ateratzen naizenean oporraldietan kalea maite det. Geiago, gaur txokolate ona artzeko aitzekia bait-nuen. Zer dan ea aztu zaidana.
Lutxi. Txokolatea etxean ere emango diozu izeba. On-ona Bayonakoa gañera. Gu ere lana uzteko irrikitzen gaude, eta guziok artuko degu elkarrekin.
Sor Paule. Ederki! ederki! Lutxi! (bazter batera eramanez isil-kontuan diardutelarik).
A. Domini. Bueno, Filo. Zure aizpa lan egitez aspertu zaigu, ta gu biok gertu bearko degu txokolate ta gañerakoa.
Filo. Bai, ama, bai! (Izeba ta aizparengatik) utzi zaiezu pakean
A. Domini. Txokolate ona beeko apalean gorderik daukat.
Filo. Ba-dakit bai. Neronek iñoiz gordiñik ogiarekin iaten bait-det.
A. Domini. Orduan, ez dakit batere geldituko danik!
Filo. Bai andre, bai! Gaurko aña bai.
A. Domini. Au neska! Ar itzazu lau ontzako, ta bero zazu esnea, alcoholezko sutokia berotuaz.
Filo. Sua pizturik daukagu, plantxarentzako.
A. Domini. Zuretzat ez da eragozpenik. Zer ote-da maratz izatea. Egizu, egin, derizkiotzun eran.
Filo. Bai, amatxo. (Izeba ta aizparen-gatik). Oiei ezer esan gabe!
A. Domini. Obe dezu, bai. Isil-konturen batzuek bait dituzte.
Filo. Nik ere, ba, isil-konbidau bat ekarriko det. Xatur or barruan dagona!
A. Domini. Barruan dagona diozu, eta bakarrik utzi al dezute? Sartu dedilla
Filo. Bai, nik txokolatea egin bitartean emen egon dedilla. (Atetik) Xatur! Emen, nere amak eta, agurtu egin nai zaitue. Zatoz ona piska batean.
A. Domini. Jakirña! Or utziko zenuten, bada, neska gajoa? Ez det aspaldi ikusi.
Filo. (sarturik) Txokolate dotorea artu bear degu gaur. Baionakoa!
XI. AGERRALDIA
SOR PAULE, A. DOMINI, LUTXI ta XATUR (au sarturik).
Xatur. Arratsalde on! (Sor Paule eta A. Domini agurtuaz) Zer modu?
A. Domini. Ez gazteak bezin ongi, baiñan tira «ainbestean!».
Sor Paule. Oso ondo, Jainkoari eskerrak.
Xatur. A. Domini'k beintzat ez du urterik galtzen. (Sor Paule'ri) Beorri ez det ainbeste ezagutzen, naiz orain biok Madrid'en bizi geran.
Sor Paule. Nor zaitugun ba-dakit. Nork ez du aditu Xatur'etzaz mintzatzen?... Raketista...
Lutxi. Nere lagun on bat da, Sor Paule. Eta neskatxa zintzoa, naizta pilotaria izan.
Sor Paule. Nik ala uste. Ez det txarrez esan.
A. Domini. Au gazterik atera zan etxetik. Ez al-da ala, Xatur? Oraingo gazteen ezin-egona.
Xatur. Oraingoena eta antziñakoena. Ni izebak eraman nindun... zera... «Ostatu zaarrekoak»...
A. Domini. Ah! bai! Iñaxi! ezagutu nuen.
Sor Paule. Ikusten dezu, aizpa, ez gerala oraingoak bakarrik. Antziñakoak ere etxetik ateratzen ziran.
Lutxi. Gure amak nai luke, ez beñere bere ingurutik mugitzea.
Sor Paule. Ama on guzien leloa da ori, baiñan bizitza indartsuagoa da, ta guziok sakabanatzen gaitu. Ez dio ajolik;
Xatur. Asieran pelotari bezela ibilli nintzan, bañan bilduko gera berriz beste munduan.
A. Domini. Bai Josafat'eko zelaian. Ori ba-dakigu. Orain, ordea, oraingoa jakin nai genduke. Ea Xatur! esaiguzu zertan zauden Madrid'en...
Xatur. Asieran pelotari bezela ibili nintzan, bañan orain arropa-almazen aundi batean nago. Nere izeba neskame izan zan etxean. Oso estimatua naukate eta ederki ordaintzen didate.
A. Domini. Txanpon batzuek aurreratzen ariko zera orduan? ezkontzen zeraneko?
Xatur. Ez ba'nu gastatzen, bai. Erri aundietan, ordea, diru-txaubide aundiagoak daude oraindik.
Sor Paule. Obe dezu pelotaritza utzi dezuna. Jokalari izatea, ez da ondo neskatxa egoki batentzat.
Lutxi. Okerrago da «futbolista» izatea.
Xatur. Bai, bañan diru geiago irabazten da. Naiago nuke ala banintz.
A. Domini. Oraingo oitura ta libertadeak! Bestela ezi giñuzten gure gurasoak. Ezkondu arte ez nintzan ea etxetik atera.
Sor Paule. Oraingo gaztedia beste era batera bizi da, ta ezin zaizkio bideak itxi. (Xatur'i) Zer kaletan bizi zera Madrid'en.
Xatur. Nere izeba bizi izan zan etxean, Fuencarral-kalean; azken bizitzan bi gela aundi ditut zerura begira..
Sor Paule. Orduan lekua izango zenuke Lutxi'rentzat ere...
Xatur. Ez det izango bada? Pozik artuko nuke gañera nerekin! Gaur bertan jardun degu orretzaz. Ez al-da ala, Lutxi?
Lutxi. Bai, ala da. Ta Xatur ez ezik Erroxali ere beti ari zait Madrid'era joateko. Moda-etxe apain batean sartuko naula...
A. Domini. Guziok elkar artuta nere aurka ari zeratela dirudi. Zer da au? Monja ere bai, alajaña! Etxean bakar-bakarrik nai al-nazute?
Sor Paule. Ez da ori. Lutxi'ri, uste det, orain komeni zaiola etxetik ateratzea. Ama batek seme-alaben etorkizuna dalata ez du beldurrik izan bear etxetik kampora atera ditezen, kristau-ikasbidea ta errilijio katolikoaren egiak ondo erakutsi ba'dizkiete. Jainkoa'k ez ditu eskutik utziko.
A. Domini. Aski degu, aizpa. Gaur sermoi geitxo entzun dizkitzut.
Ea seme ondatzaillearen ordez, alaba ondatzaillearena gertatzen zaigun. Madrid'era joan nai ba'du ez diot galeraziko. Bere buruaren jabe da, ta dijoala! (malkoa dariola baztertzen da).
Sor Paule. Ez du orrelako presarik. Ez da laisterka ibilli bearrik. Emengo lanak bukatu ditzala, ta bitartean gauzak antolatuko dira. Guk Madrid'en jostun-etxe on bat billatuko diogu. Gure ikastetxean egon nai ez ba'du, Xatur'ek bere etxean artuko du...
Xatur. Aguro gañera. Ori egiña dago. Au poza nerea! (Lutxi besarkatuaz).
Lutxi. Ez ain aguro, Xatur!
Xatur. Isilik ago, neska!
Lutxi. Zer nai den? Ama itun ikusten diñat, eta ez niken geiago naigabetu nai. (Besarkatzera joanez).
Ama!
A. Domini. Xatur'ekin joateko baimena ematen dizut.
Xatur. Bai zera? Ez da egia izango.
Sor Paule. Ez dezute goibeltzeko ziorik. Alaitu zaitezte, alaitu.
XII. AGERRALDIA
Lengoak eta FILO
Filo. (Barrengo atean agertuaz) Txokolatea gertu daukazutela, andre eta andereñoak! Maia iarria dago. Aurrera beraz!
Xatur. Garaiz zatoz, Filo. Emen barrena tristetzen asia zuten batzuek... eta guziok ere «plakiarekin» gaude.
Lutxi. Ez da orrenbestean; bañan gogoz artuko degu. Ez al-da ala, ama?
A. Domini. Barruan geldituko zait arra.
Filo. Guzia gertu daukat. Bizkotxoak gañera... Atozte! Sar bedi izeba!
Sor Paule. Ezin barau egingo degu, orrelako borondate onez eskeñita. Goazen!
Filo. Esne-gaña ta dultze pizka bat ere atera dizuet. Atsegin zaizuela bai bait-dakit.
Xatur. Ura «eskonfarekin» ez unan aztuko, Filo. Egarririk natxionan pelota-partidu ondoren bezela.
Filo. Ezta! Ortatik beti zegon gure etxean.
Lutxi. Nik uste, Xatur'ek naiago diñala xerra bat urdaizpiko sagardoarekin.
Xatur. Zer uste den, ez naizena «señorita piña». Tea artzen ere bazekiñat.
Filo. Ortatik ere ba-zeukanagu...
A. Domini. Edozeñek esango luke, loteria erori ala ezteiak dituguna, onela parra-parra ibiitzeko.
Sor Paule. Jai egiteko noiz-nai da garaia.
Lutxi. Dagonean on, eta ez dagonean egon! Gaurkoa nere bizkar da. Lan egitez aspertu naiz, eta gere buruai opa bear diegu gozamen pizka bat. Izeba ere ez da egunero gurekin i zaten.
Sor Paule. Eskerrikasko!
Filo. Oztu bañan len sar zaitezte! (Lutxi eta Xatur besotik elduaz).
Xatur. «Helatu» batzuen billa joango naiz.
A. Domini. Ori geiegi izango da. Au neska oiek! Zer ote da gazte izatea?
Lutxi. Beste egunen batez konbidatuko gaitun.
Filo. Bai, gaur gure etxeko «atsolorreta» da. (joanez).
Sor Paule. Izena jakitea ere ez da gutxi. A zer nolako bi alaba dituzun! ta zer bi illoba nik!
A. Domini. Ez dira monja-gai, ez uste!
Oiala
iarraitzeko.
|