L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Uztaila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

«Unamuno ta gu»

euskeraz liburu bat

 

Abendats'ek

 

(Orain bi urtetsu irakurri nizun Guatemala'n lenengoz, argitaratzekotan, gure euskal-sutean txinpartak atora zitzaken euskerazko liburu bat: «Unamuno ta gu» zun izenbura ta izen-azpi: «Bilbotar filosofoaren eta Euskal-anima'ren jokerei antzemate batzuk, Abendats'ek». Abendats au egilearen izenorde dugu nonbait. Ta ez da nolabaiteko euskal-idazlea, goren-gorenetakoa baizik. Pozarren eta zorionka idatz nion, gure aldizkarian argitarazteko baimena eskatuki. Liburuxka berezian argitaratzeko asmotan zan egilea. An eta emen eske ibili-arren ez omen diote onartu gure dirudunek. Betiko leloa. Arrezkero, askotxo, ornitu ta «bigundu» ere du bere liburua, urte ta erdi ontan. Unamuno'ren euskotasunari buruz ari da bera or. Bidenabar, gure euskaltzaletasunaren erroak ere aztertzen ditu. Liburu arrigarria ta ausarta, benetan. Orain, berriz, Abendats onek, Unamuno'ren nortasunak gure artean sortzen ditun eztabaidei bidera irtenki, itzaurre bat zuzentzen dio «Susmoz letozkenei». 1956'ean idatzia dago: beraz, Erroma'ko kondena edatu aurretxotik idatzia; baina, eztu batere galdu gaurkotasuna, irabazi baizik. Liburu osoaren aurrerapen eta erakuspegi antzo, onatx bada itzaurre ori, gure irakurleen atsegin eta iakingarrirako. EUZKO-GOGOA).

 

 

Susmoz letozkenei

 

Susmo txarrez letozkida bearbada zenbait irakurle. Ta ez da arritzeko; gutxiago, izutzeko. Ezpaidute uste Unamuno euskaltasun edo euskotasun aldetik ezertan onetsi daitekenik. Euskaldunon artean zearka, ayerrez, argaiztoz sogin izan diogu ia beti bilbotarrari, bai abertzaleek eta bai karlistek, erlijio aldetik naiz euskera-aldetik baditun akats galantengatik, naiko galantak izan ere baitira.

        Katolikotasunari buruzko urrun-urbillak ez noa emen arakatzera. Ez dut ori asmo. Asmo arazo ori zeazki ta boreziki burutua digute beste zenbaitzuk: nagusiki Aita Oromi'k, esate baterako, erderazkoetan (1). Akats oiek jakiñekotzat uzten dizkizut. Iñoiz edo beste bidenabar ukitzen ditudanean, gaitzesteko izango da ta irakurleari erne-oju bialtzeko: Kontu!

        Katolikuok ez gaitezke tinka Unamunoren siniste-motibu baezpakotan. Guk Kristori diogun fedea ez da, Unamuno'rena legez, gerebaitak eskatzen digulako bakarrik; ez, barne-muñak nai ta bear digulako bakarrik; baizik Jainko-Gizonak eta Eliza Amak erabakitzen eta agintzen digutelako sinisten dugu batezere; ta berez egia, Egi Aundia, oien esku ta' ao dagolako, norgere adimentxoak ulertu edo ez.

        Unamunoren sinismen-sustraia ordea erabat aitzitik da. Subjetibo utsa da; gogoak darraion aña ta damaion bezalakoxea; bere nortasunaren «barne-bizitzak» galdegiña; eragiña ta an emendiko ornitzez egosi-irakiña; ez, Jainkoaren gandik eta gatik arrerazten zaiona. Orratx berberak: «Itxaropena dugu fedearen ama; ta fedea, Jainkoarena». Agirian dago beraz zenbat eta nolako siñauste-aleak sor daitezken eta sortu ere bide-zaizkion bilbotarrari erro ortatik. Giño ortan San Manuel Bueno Martir laiko orrek ezin ba buruan leku eman Kristoren gorpuzki bataioz geranon «goi-bizi» jainkozkoa'ri ta abar.

        Jokeraz, jakitez naiz ekitez erlijio'-zale ta erlijio-lari purrukatua dala ezin uka. «Ez nolanaiko reformatzalle baizik sekula izan diran dozenerdi aundien'en arteko ta añako gallentzen zaigu Unamuno» — J.L.L. Aranguren'ek bere azken liburuan. 30 urte zituneko ari zan ziñematen: «Yadanik beste ezertxo e'tzait ajola: erlijio-problema ta neure etorkizuna'rena». Ateo-materialisten gandik katolikoena bezin urrun-aierti sentitzen da, sentitzen, eta idazten ere du noiznai; oek ezin deioteke irakur, zernaitan aurka egoteko edo beren siñisgabekeria'ri bizkar emateko baizik. Marañon'ek orainki (1954) idatzia, dagon-bezala euskeraldu gabe jasotzea merezi dun erderan: «yo no sé, porque no soy teólogo, si se ajustó siempre o no al rigor de la ortodoxia, pero si sé, y lo digo, que no he conocido a ningún otro hombre en el que esa presencia de Dios haya tenido tan permanente y terrible realidad».

        Kristo'zale ta kristau'lari are sukartuago dugu gañera. Unamunoren erlijioa, bere betiko Lutero'ren lengusu-eitez ezik, Kristoganakoa da denaden. Jesukristo du bere teolojiaren ardatz, jomuga, egi-iturri ta maita-elburu mami eragikor ezilkorgille. Oroi, besteren artean «El Cristo de Velázquez» liburu-poema. Erruz, zinki, muinki maite ditu Jesus eta Jesusen irakaskizunak. Paris'ko euskaldun ateo bati eskutitz bat eta bestean diñosa: «erriaurki oraingoentzat eztago salbatzerik, ez osabiderik, kristautasunez landara». Oeburuko irakurgai kutunenak ere: Biblia, Kenpis, Agustin-Teresa deunak. Gurutze'ko Yondone..., ta beste gutxi batzuk. Españi-Euskalerriak berak beren kristautasunaren idealismoagatik gorenesten ditu baitipat. Bañan kontu: guzi ori berbere betiko hereje-tajuz eta vitaliste-voluntariste-arioz.

        Aristotel'en naiz eskolastikoen ezagumena'ri «razón teórica» deitzen dio ta orrekin ez omen dago eltzerik geien-geienez Jainkoarekiko idea utsera baizik. Geien-geienez, alegia; ezpaitu uste adimena ortaraxe re el daitekenik, Jainko baieztera baño ukatzera geio baizik. Jainko berbera'ren izateratze edo muñ-muñeratze ori «razón practica» rekin lor emen daikegu bakarrik: ots, sentimenaren ezaguerarekin.

 

                Yo he de hacerte. Señor, cual tu me hiciste,

                y para darte el alma que me diste,

                en mí te he de crear.

 

        «Ez jakintsu ta ez pentsalari, ni sentilari bat naiz». Ta aitor bear: sentilari bezela ¡nolako bikaña!, ¡zeñen angusti'duna! Ortan bai, ortik bai, benetan erraldoi. Ara, giza-anima batek berez, jainko-grazi'rik gabe, zenbaterañoko Jainko-gosea daramaken proba nai litzakenean, nekez aukera daiteke gure odoleko auxe baño erakusburu jator tantai ederragorik aspaldiko pentsalarietan. Jainko-min ori larriren larri sentitze ortan eta sentitze ori gizatasunez eta nolanaiko jakitez jazte ortan arrigarri dugu, ala niñoke; irakurriago ta arrigarriago, liburuetan bañore bere eskutitz kontaeziñetan areago agertzen zaigunez (2).

        Bere teoloji ta mistika, gaztetzaroko erromar fedea erabat galdu zun gizaki uts agnostiko batenak izateko, zangar giartsu dira iñolaz; akatoliko batenak izateko, gure etika'ren urbillenetik dijoaz maizenik edo ia beti ta onen goitasunik pranko trebeki arrotzen ditu. A. Benítez-ta alegina saiatu dira gizaki urduri au katolikotzen ere, guretzakotzen ere. Asmoa aurreratxogi txirristatu zaiela nago, sinpatiz sogiten diegularik ere. Orregatik, jesulagun onen El drama religioso de Unamuno txasta dizut, aixtiko bibliografi'txoan, zearoko fiakizun eztiranen artean. Ezin gaitezke geiegi txunditu, ez itxutzeraño lilluratu. Galgarri bait'litzake. Agoni-gizon-a'ri noiznai nabari zaio sasi-jatorria edo len salaturiko susterrondo ustela; ta, baitare, azke-pentsalari'aren menpetasunik eza edo, berak lesakenez, «norberatasuna» (!).

        Orretxegatik egingo nuke dala bere teolojia gizaki aldetik jainkotiarrago ta ortodoxi aldetik bildurgarriago; siñisgabekoentzat, lozorroa astintzekoan, onuragarri ziurrenik; katoliko bero diranentzat ordea naspilkor geienik eta kaltegille.

        Pentsa daikegu debeku-kondenak ere orretxegatik ipiñi dizkiotela artan edo ortan Españiko zenbait gotzai azken-urteotakok: gure Antonio Pildain, Canarias'koak; Jesús Marida y Perez, Astorga'ko zanak; orainki León Villuendas, Teruel'ekoak; baita Pla y Daniel berak ere, Salamanca'ko zanean (1942)...

        Jainkotiarrago ta bildurgarriago, epaitu dizut ain zuzen. Orratx, bere biziko paradoja'lari izandakoaren il-ondorengo paradoja ikaragarriena, ta trajedi itzala. ¡Jainkoak bakarrik daki zeñen kalte bezin on edo on bezin kalte dagioken eta egingo ere dion Españi-Euskalerri'etako katolikotasun exkax zaildua'ri! batez ere gaztedi ikasleari!, baldin ezpadugu beintzat lenbailen irakurleen baitaratzen zer dun katolikoaren eta zer siñauslearen, bat eta bestearen mugak zindoki zedarrituz eta jakiñaziz.

        ¿Bere liburuak guziz debekatu? Alare irakurle anitz ukango lituzkela niñoke ta erakar-indar geiegi dukela Unamunok etsaien ikurrintzat uzteko, beren-beren'a bai'luten. ¿Bat edo beste liburu soilki debekatu, erlijioa geienik zauritzen duten aietxek? Itxurazkoenik onetxek dama; bañan edozein enseiu, drama, nobela, artikulu naiz poemetan agiri zaio edonoizko menderakaitza, edonongo «bera». Batasun geioko idazlerik nekez. ¿Erabat geuretzakotu? Ai al ba'litz! Eztago ordea zearo geuretzakotzerik ainbat siñauste dituna. ¿Erdipoerdiko zerbait beraz billa ta eragin?...

        Korapillo extutxoa dago galdera oietan, partikularki guretako iñork aisa ta gogara askatzeko. Orra beñipein esan nontsu datzan, dagokienentzat, auziaen txongoa; ta... «bakartia»ren iñorekin eza.

        Oiek ola, asieratik beinbetikoz oar bearra derizkiot nire onako azterketak eztirala iñolare Unamuno teologoarekin baizik soil-soilki filosofoarekin eta, oraindik zeatzago esateko, «gizaki-filosofo-olerkari» irukoitzaren euskaltasunarekin. Ots, Euskal-Anima'ren arnari diran aldetik ikustatu «berezko» gizandi orren iru saiets oiek eta aitzaki ortan, geure abenda-barruko kontakizunak ere konta. Orra nire arlo-barrutia.

        Euskaldun baten billa natorkizu beraz Unamuno'gana. Galdera onekintxe natorkio beste gabe: ea ba nondik eta nolako euskotarra zaitugun. «Filosofiak baño geio balio du filosofoak»-ziñon berak. Ta ni emen, bere euskotasun ondo ekurugaitz arren gorabera bapo ugariak billatzen, galbaitzen eta zuzen danean goresten ariko natzaizu, egiak aña odolak artaratu, gero besteren batek... mardulagoki goretsi ta oñarritu ditzakelakoan.

        Nik dakidala e'tzaio beste iñortxo urbildu xede ortan. Deitu bai «el gran vasco» ta olakoak, atzerrietan, erruz eta merke. Bañan bere euskaltasunaren barrunpe ernaragarri oiek azaltzera e'tzaio libururik oraindaño opaldu. Ontan lenbiziko izate onek puxkat alaitzen eta arrotzen ere nau. Asmoa beintzat zuzena baitut, naiztare aski berandua.

        Susmoz letorkidaken irakurleari eztiot esango xedea iritxi dudanik, pixbat baietz neurekaxa uste arren. Unamunok, kristautasunean bezela, euskaltasunean ere bere ajeak ditu, ta nork ez?. Kristautasunean erroa topa diogu koloka, topa nolabaiteko; euskaltasunean erroa du zindoen, jatorren, aberatsen. Kristautasunean adaburuak dama ikusgarri, agiz ikusgarriegi; euskaltasunean adaburuak ez ainbeste, agaki bat edo bik gutxiago...

        Orain, agaki bat edo bi oierixe soilki beiratuz zugaitz osoa usteltzat jotzen dunak ez du zuzen jokatzen, bidegabekeria dagi ta gañera kalte itzala dagioke jokera etsai askotara «gogape» bakarrak daragion Euskalerriaren batasunari. Ontan ere balio bear digu Kristo'ren aginduak: «E'tzazutela aloa (zizaña) ateratzean garia ere susterkatu».

        ¿Ea zergatik auta dudan Unamuno ta ez beste edozein?, galdetu dit a'ri bere euskera-gorrotoa (?) barka ezin dion «euzkel-euzkel'tzale» integriste uts oietako ioietako! batek; Unamuno gure etsai gogorrena omen dugula-ta.

        Ba, orretxegatik, gizona, orretxegatik ain zuzen. Unamuno, euskeraren etsai gogorrena dugularik ere, Euskal-Anima'ren abogadu gogor ere ba-dalako, zenbait «euzketzaleiri ori burutik ezin pasa arren; eta Euskal-Anima onen gaurko edo mendeterdi ontako ezin-egona kontentagaitza, etsipena ta etsi-eziña ta itxaropena, marmarra ta maxia, negarjotzea, asalda-aserrea, menderakaitza, bizi-naia agoni-burruka, askatu-leia, euskal-miña ta arrandia, «ni ta ni»a, bakartasuna, azibearra, jaundu-gogoa, ezilkor-gosea, norberatasuna, langilletasuna, laztasuna, zintzotasuna, erlijiotasuna... ta beste tasun ondo-ondoko kontaeziñalen ixpillu ta aintzindari berdiñik gabe eskubidez Unamuno dugulako, mundua beteko ospean eta dizdiran.

        Orretxegatik, gizona. Etsai gogorrenek ere, euskotar «borondate oneko», diranean, andik-emendik arrazoi damaigutela probatzeko. Ontan edo artan zurekintxe ez pentsatzeak barru barruko euskaltasuna ukatzen ez dula beingoz jakiñarazteko, jakiñarazi ta, bearrik, ondo gogoan josiarazi, bestela neu ere zurekin integrismo ortan bat ez natorren ezkero ezpainintzake billakatuko euskaldun. Euskaltasun Osoa, ez zuk eta ez nik, baizik guziok osatzen duguna dalako, guziok balinbait'e, norgere egi ta on apurñoz.

        Berebat Euskalerriagatik ere. Euskalerria abertzaleontxo ori bakarrik eztalako, gutxiago euskaltzale-ontxoa bakarrik eztare eliz-gizonen ori bakarrik. Gure Euskalerri Egiazko Bakarra guzion artean kopurutzen duguna dalako; abertzaleek eta karlistek, liberalek naiz komunistek, Españi-zale naiz Prantzi-zaleek, katolikoek naiz bestelakoek, ondrauek naiz lapur likitx eta gañerakoek, euskera-zaleek eta erderaz jarduleek, zuk bezala pentsatzen dutenek eta ez dutenek ta beraz oien artean baita Unamunok ere... kopurutzen eta ezur-mamitzen duguna dalako naitaez.

        Baita Euskera bera gatik ere, gizona, ta ez ankazgora erori. Unamunok «Euzkera»ri, gu ausartu ez bezalako aserrez eta egiz, salata zizkion aketzak eta bereinkeriak beingoz garaitu nai ditugulako. Sei dialekto ta ogeitik gora subdialekto ta «350'txo» irakurle-ikastun ba omen geran bakoitzotatik biar letozkigun beste ainbeste euskera-motatxo (¡gure aberastasuna!) guziak molderatuz, Euskera Bakarra nai ta bear dugulako. Ez noski bat (bat?) «350'txo»na; ta bestea, «egutegi» etako 25 edo 30.000 aiena ta bestea, gure ilzori gaixoa beti operazio-maiean nondik zer geiago kenduko daukaten arakin «garbiren garbi zale» oiena; ta bestea, zarkeri edo arkaismu billa buruz bera aguretu bear dutenena; ta bestea, esan-bearrak prastaprasta asma-bezala ematen diardugun «iende xume» edo «erri-erri» deituona... ¡Bakoitza sorgin-belar bana eskeinka ilzoria'ri, onek bear dun sendagaia emateko gauza ez geranean! Ur ta lur azpiko buzoketa-satorketa ok lasterren bukatuz, Euskera Bakar jator bizkor kate-gabe zabal zernaitarokoa lenballen ezpañetaratzea bear eta bear dugulako, baldin biziko ba'da, ots, baldin alegia Unamunok jo zion illeta'ri igesiko ba'dio.

        Guzi orretxegatik ain zuzen, gizona, ta beste zenbait ziogatik datorkit egokienik, naspilkeri oien nazkak eta ondorenak eta ondakiñak aurrez gaztigatu zizkigun igarle sakerra.

        Alajana, ¡Unamuno ez dala euskaldun, akatsik baditula-ta!, ala siñistarazi nai didazu beraz? Beira nire aldetik, arrazoi-analoji beraz, zer gomutarazi ta aitorrarazi bearko dizudan: ez ba ere gutxiago, arranea: ¡Euskalerria bera re eztala euskaldun!, Unamunori agiri zaizkion minbiziak eta bost are nabarmenago ta ugariago nabari baitzaizkie zazpi probintzietako biztanle agitz geienei (erderaz jardute, euskerari ajolarik eza, maketokeria...), ta beraz ¡Euskalerria ez duguna Euskalerri!, ta beraz gaurgeroz eztagola munduan Euskalerririk!, ¡ez Euskal-Anima'rik!, zure ta nire moduko ero batzuen kasko-tzarrean baizik!... (Zure integrismoa'ri darion sekuentzi derriorra duzu, gizona, ondorio bearra, nai ba'duzu; ez al da bitxi?).

        Ez. Ez naiz lotsa, Unamunok ditun bizpairu akats oien ezker-eskubiak auziratuz beste euskal saietsalde zindoak emen jasoaz edo jasotzen saiatuaz. Ba-da ordu munduak jakin dezan guretar ospatsuen au ez dugula gure kontrako baizik guretasunaren emaitz dugula ta gu gerez, integrismokeriak utziz. Bakoitzari dun ona ezagutuz, euskaltasun zabalenera abia gaitezen, ¡zabalenera!, guziok bat.

        Guziok bat!: orratx gaurko euskaldunon elburu ta bearkizun gorriena. Ala otsegiten zaigu aspaldion. Ortarako ordea anaiarteko tikimikiei amor eman bear lendanik eta tolerantzi, geiena ukan bear lagunurkoekiko: ontax, darantzut nik, lenbiz'ko urratsa. Lenbiziko urrats au gabe utopi uts duguke bearkizun ori. Ez dedillla beraz mintza gure baitan setakeria, ez ainbeste kalte dakigun politika sakabanatzallea. Mintza dedilla Abendats, euskotar guziok nolarebait barru-barruan daramagun eta bakoitza tauparazten gaitun Abendats. Orrela bai nik espero, joko dugula Unamuno euskal Bizi-Naia'ren zitu ta mandatari.

        Nik niketz ezin ixildu izan dut Abendats. Indartsuegi dut nire erraietan ixillarazteko, are indartsuago neure bakarrez kolko-guduon menderatzeko. Berak usnarazi zizkidan aspalditxo antzemateok eta agindu igaz goratzarre au. Argatik diñozut liburu onen atari-atari'tik:

 

                Ez naiz ni. Abendats'ek

                diardu nibaitan.

                Artxek jartzen dit

                Miña biotz-ezpañetan.

 

                Ezin il izan dana

                millaka urtetan

                ¿nola gaixo onek ito

                kolko-gudu ontan?

 

        Abendats'kiro, bada, au da, maitaro ta gartsuki ta ausartsuki idatzi dizkizut onako bururakizun, ikuspegi, biozkadak. Ez beti ordea gaiak eskatzen dun eragoz eta sailketaz (distribuzioz). Eztare iñoiz edo beste beintzat, bear litzaken benatasunez, seriotasunez. Tituluak berak, textoa errezkan etenik gabe idatzi ondoren, tarteka sartuak daude, ez beti beren koxkan, kapitulu jatorrik ia ez duten ezkero. Barkagarri bekida aitortzea, beste liburu («Aberriak min dit») aundiago baten itzaurre bezala ekin nula enseiu edo nik al dakit ze demontre daiteken zera au. Gero uste gabe luzatu zitzaidan aparteko tomoa osatzeraño. Argatik, esan bearko, utsegite oiek.

        Unamuno ta Euskal-Anima arteko kidetasun edo, obeki, ar-eman orrezaz ziurrago jabetu zaitezen, itzaldi bat erantsi dizut, liburu azkenera, epilogo antzo. Montevideo'ko euskaldunei, «Euskalerria»-klub'ean, erderaz oguzi nien itzaldi ori. Abendu onen 3'an oguzi. Eztiño gauza berririk, ezta enseiuon adirazi gabekorik. Bañan, bere murritzean, ba-diteke zu'ri poliki laguntzea onako nondik-nora jakingarrienen mugarri nagusiak zeatzago atematen.

        Epilogo ta guzi, aatik ere, ¿e'tzagozkidala siñistun Unamunoren euskaltasuna'ri buruz? Zer egingo zaio, ba. Ez gaitezela aserre gizona. Gizalegeak, alkarrekin anaiki eraman bearrak, oroitzen digu: zenbat buru ainbat aburu.

        Iñor guzien aburuak irabazi zai ba'gaude, jarrai zagun ezer idazteke, jarrai gure betidaniko gaitzean. J. M. Barandiaran'ek zorrotz salaturiko gaitz artan: euskaldunok, alegia, ez omen dugula argitara nai izaten idazlanik arik-eta au ajegabeko deritzaigun arte, ta orregatik gelditzen gerala gutxi edo batere idazteke, ta orregatik ostera ez diogula alkarri laguntzen jakingai bat danon artean auzolanez erdiesteko orduan.

        Bestalde, gañera: norgerez pentsatzen dugun pitintxoa ¿ez al dugu euskeraz ematen asi bear, ia beti kanpotarren oldozkunak itzultzen baizik ibilli gabe? Edota, pitintxo ori azaltzekotan, ¿zer dala-ta egin bear dugu erderaz, Orixe'k diñon «kaikukeriak» askatzeko bakarrik euskera autetsiz eta erabilliz. Dana dala, gutxinaz ere, len baño geixago ezagutuko duzu balinbaite «Del sentimiento trágico»ren egillea, ta baitare sentimendu ori egilleari bizi arazi zion Abendats. Ta ez da gutxi. Bi-biak baitditugu senitasun ortan, gutxi ta gaizki ezagunak.

 

Egillea'k, 1956.

 

OARRA:

        Itzaurre au idatzita bi illlabeteratsu. Erroma'n Sto. Ofizio'ko Kongragazioak «Index»ean ipiñi ditu Unamunoren liburu nagusienetako bi: «Del sentimiento trágico de la vida en los hombres y en los pueblos» eta «La agonía del cristianismo». Itzaurre ontantxe aurreratua dugunez, erabaki au ez da batere arritzeko ta bai beinberriz Eliza Ama'ri gure menpetasuna azaltzeko.

        Ni nirez etsi ere naiz, 1955'an idatziriko liburu au baezpadan ez azaltzera. Irakurri didaten apaizek ordea baietz eta baietz. Nolanai, azalduko ba'litz, ez da izango eliz-baimen gabe.

Egillea'k, 1957.

 

(1) Arlo ontan, ortodoxi osoko, bi ok beintzat: El pensamiento filosólico de Miguel de Unamuno, A. Miguel Oromi'k (Madrid 1943); Unamuno, trayectoria de su ideología, A. Nemesio Gonzalez Caminero'k (Comillas, 1948); nik ikustatu bestetxook eztira, bat edo bi beiñipein, aixtikoak bezin zearoko fiakizun, bañan bai ia danak eder eta irakurgarri: El drama religioso de Unamuno, Aita Hernan Benítez'ek (Buenos Aires, 1949); Miguel de Unamuno, Julian Marías'ek (Madrid, Espasa Calpe, 1943); Unamuno, bosquejo de uno filosofía, Jose Ferrater Mara'k (Buenos Aires, Edit. Losada, 1944; La memoria y la esperanza, Lain Entralgo'k (Madrid, 1954); El pensamiento de Unamuno, S. Serrano Poncela'k (Mexico 1953); Vida, pensamiento y aventura de Miguel de Unamuno, Cesar Gonzalez Ruano'k (Madrid, 1954), Miguel de Unamuno, Luis S. Granjel'ek (Madrid, 1954).

        Unamunozaz ain naro dugun bibliografia osorik nai lukenak, orra non daukan: azkena aipaturiko Granjel'en ortantxe.

(2) «Padezco de epistolomanía» aitortu zion Uruguay'ko idazle goraipatuentxo Jose Enrique Rodo'ri. Unamunoren eskutitzak ikaragarri erruz omen dira an-or. Bañan e'tzaizkigu oraindio danak pillo batean bildu. Onatx non nik dakizkitan zenbaitzu: Epistolario a Clarín, por Adolfo Alas (Madrid, 1941); Cartas de Miguel de Unamuno a Juan Arzadun (Rev. Sur, Buenos Aires, 1934); Cartas a Jose Enrique Rodo (Rev. Ensayos, Montevideo, 1936); Tres cartas inéditas del muy vascongado Don Miguel de Unamuno (Santa Fe, 1944); Boletín del Instituto americano de estudios vascos (Buenos Aires, 1944): ta, erruz'enik, len aipatu A. Benítez'enean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.