L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Uztaila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

Lili zuria

 

Ameslari

 

I

 

Negu gogorra eldu da Bizkai'ko lurraldera ta Gorbea'ko tontorra elurrez estalirik agertzen da. Ez dira entzuten orain artzaiñen txistu ta oiu alaiak artaldeen artetik, ezta ere txalen orruak beren amak jarraiki. Txoriak ez dute abesten eta lore zuri, urdiñ eta urrezkoak, belar artetik eguzkiaren txerak billatu oi dituztenak, ez dira agertzen. Zugaitzak billutsik ostoak gabe, iratxo itzaltsuak naigabez beterik dirudite. Neguko lenengo aizeak, suzko ta urrezko zurrunbillo artetik kendu zizkien aien ostoak, udazkeneko eresia abestuaz, eta orain ez dute besterik enbor eta adarrak baiño, miñez biurturik, ortzeruntz jasorik, eguzkiaren izpiak, itxas-aizearen musuak eta txorien abestiak aurkitu naiean.

        Otz aundia da. Basetxe guztietatik ke-lorratz urdin bat dario une batez aizean gelditzeko, ta gero, ainbeste goibeltasun ikustean, ikaratuta bai'litzan aztarnarik utzi gabe aienatzen da. Basetxe guztietatik ederrena da Loreder, bere tellatu gorri ta orma zuriekin. Bere inguruan, zelai bat beti orlegi zabaltzen da; aizean, lats alai batek bere betiko eresia ertzeko arriei abesten die ta bere apar zuriaz bein eta berriz estaltzen ditu, ta ertzeko arriak abesti eder ori entzutean eta bere txera maitagarriak oartzean, lilluraturik ametsetan bezela daude.

        Basetxe-aurrean, jeikitzen da gaztañondo tantai ta mardul bat txit urtetsua. Txori buru-ariñak, bere adiñatzaz galdetzen diotenean, irripar egiten du ixilik bere kukula joria aztinduaz, aguretxuak egiten duten antzera umeen ateraldiak entzutean. Loreder'ko gaztañondo zaarrak ez du beste yoranik basetxe maitearentzat bizi baiño, eta iraungo du Loreder azkeneraiño. Zugaitz ederra ta sendoa da; udan itzalgune gozoa eskeintzen dio, ta neguan, babesa damaio aize otzak eta ekaitzen aurka.

        Otz aundia da, baiñan otzagoa du Txorrotxio urretxindorrak, bere biotz-barrenean. Gaztañondoko adar batean kokatua dago, Loreder'ko leio batetik zear joranez begira, bere sointxua maitasun eta zoriona abesteko egiña, gaur otz-ikaraz menderatu-maitasun eta zoriona abesteko egiña, gaur otz-ikaraz menderaturik. Mirentxu da beretzat begi-niniak bezela, eguzkiaren izpi bat antzo, maitasun-amets baizen zoragarria. Goizalde orotan Mirentxu'k leioa idekitzen duenean, Txorrotxio'k bere poza ezin iabeturik neskatx liraiña ikustean, eresirik ederrenak abesten ditu etengabe, sointxua biotzkadaz beterik. Eguzkiaren argia abesten du, ortze urdiña, aizearen murmurrots zugaitzen artetik dioanean, artzaiñen abestiak, zilarrezko errekatxuen eresiak oroldioz estalitako arkaitzen artean jauzika, loreen dantza ta usaiña, bere poza zoroa goruntz egaz egiten duenean gero azkon baizen ariñ jeixteko loreak eta zugaitz-kukulak poliki ikutzeraiño, berriz ere goruntz igotzeko. Baiñan bere abotsa oraindik ederragoa da Mirentxu'ri esaten dizkionean, ez dagola ezer berarekin berdindu dakionik, bere adatsa eguzkiaren izpiak pagoen osto orlegi ta urrezkoen artetik euntzen dutenean baiño leunagoa dala, bere begiak errekatxuen umeldi orlegi-urdiñak baiño ederragoak eta dizdiratsuagoak dirala, loreak bekaitz diotela bere aurpegia zitoriak baiño zuriagoa, masaillak baso-lorak baiño margodunagoak, bere ezpaiñak larrosak baiño gorriagoak, irria artzaiñen eresiak baiño alaitsua, ta soiñua txoriena baño jostaria dalako.

        Txoriaren abestia entzuten duen bitartean, Mirentxu'k irripar gozo bat ezpain gorrietan duelarik, urrutira, ikusmen mugaraiño edatzen diran mendi urdiñetaruntz begira dago. Urretxindorraren maitasun-txintak amaitutakoan, Mirentxu'k beatzen erpiñez musu samur bat jaurtitzen dio, ta orduantxe zoraturik bezela, egan dioa zeruari bere zoriona adiarazteko.

        Baiñan gaur urretxindorrak naigabez il nai luke ta otzez nausiturik abestu eziñik, gaztañondoko adar batean kikilduta dago leio-zear irrikitzen begira. Ba-dira egun batzuk, Mirentxu ez dala agertzen leioan, neskatxa iltzeko zorian dagolako... Oe-gaiñean datza; bere adats ederrak ez du leengo argi biguiñik; bere begi ederrak ez dute orain dizdiratzen aspaldiko ñir-ñir zoragarri arekin; masail zuri-zuriak berdintzen dira izaren musu zurailekin; aboa par egiteko eratua ta ibar-zelaiaren loreak baiño gorriagoa zana, estutua dago miñezko kiñu batez; bere soiñ liraiña txorien bekaitza zana, unaturik dago, beroga urren, eta esku aiek lore-atalak bezela ez dezakete bialdu maitasun-gezna urretxindor gaixoari.

        Orregaitik, abots zoragarrizko urretxindorrak otz aundia du, bere biotza geldi arazteraiñoko otza. Gaur ere abestu nai luke, baiñan negar-zotiñak eztutzen dute bere eztarria ta Mirentxu Gorbea'ko lore maitagarriarekin batera il nai luke.

 

 

II

 

Kuku, oianako biztanle zarrarentzat ludi ontako nai-gabe ta atsekabeak ez dira egiñak. Basoko izaki guztietarik jakintsuena da: ez dago iñor berarekin kidetu ditekenik, ezta zozoa ere, txit maltxur izan arren. Urte askoren jakintza-jabea dalako, toki guztietatik datorzkiote txoriak, batez ere Bizkai'ko bazterretatik aolku edo beren biotzen oiñazeak osabide baten billa. Baiñan Kuku'k ez diote doañik bere aolkuak ematen, eta ori ikerleek ongi dakite, beti bait-daramazkiote zerbait ordaiñez, batzutan eltxo, bestetan elbiren bat, baita gari-edo arto-aleak; noizean bein txori aundiak arrak dakarzkiote, Kuku oentzat oso zaletua dalako. Onela poz-pozik bizi da txori azkar au, bizitzako lorrak eta naigabeak ezagutu gabe.

        Oianako aritz baten uskunean, bizitoki txukun eta egoki bat egin du. Gaur, giro otza danez, bere etxetxuko atea itxirik dago. Noizean bein burua ateratzen du begiraldi bat egiteko, baiñan neguko otza oartzean, atea ideki baizen laister, ixten du. Bitartean, Ollagorra'k bere umeen osabidearen ordaiñez ekarritako ar mardul bat jaten ari da. Onela baiña, atean kox-kox izukor bat entzuten du. Kuku olde txarrekoa da batez ere bere janaldian eten egiten diotenenean, orregaitik atea suminki zabalduaz oiu egiten du

        — Zoaz ortikan nekagarri ori, ez dut oraintxe ikustaldirik izan nai.

        Baiñan atean nor dagon ikustean, elurra eguzkiaren izpipean urtzen dan bezelaxe, bere aserre pozean biurtzen da. Bai, bene-benetan maite du Kuku'k urretxindorra, leengo udaberrian zangoa ausirik zuela egunero zetorkion urretxindorra janariaz eta bidenabar bere asper-aldiak aienatu zizkion bere eresi maitagarriaz. Bai, aunitz maite du, bere anaitxu kutuna bai'litzan.

        — Sar zaitez, ene lagun on —zion Kuku'k atea ixten zuen bitartean— zerk etorri arazten zaitu neregana?

        — Aolku baten billa natorkizu, adiskide maitea.

        — Ederki. Bai al dakarkidazu zerbait neretzat?. Bizitza zailla da ta jakintsuak ere bizi bear dugu.

        — Azketsi zaidazu kuku —jardetsi zion Txorrotxio'k abotsa dardarrez—, naigabe aundi baten pean aurkitzen naiz, eta zuretzat zerbait eiztatzea aztu zait. Nai al duzu orren ordez eresi polit bat abestu dezakizuedan?

        — Ez Txorrotxio, ba-dakizu ez dutela biozpera jarri nai. Urtean bein udaberria irixten danean nere barruan zerbait biotzmiña antzera nabaitzen dut, eta illunabarrean abestu oi dut, baiñan ori ez da ergelkeri baizik, eta laist-er lotsatzen naizenez, ez dut urte osoan berriz ere apesten. Eresirik ederrenak janari ta ugaritasuna dira. Ludi ontan ernai izan bear da, samurtasuna alde batean utzink. Txori guztiek ni bestalde, beren arraultzak gaintzen dituzte, ta onela egunak joan, egunak etorri, irauntzen dute ergelak bezela ez janaririk ez edaririk artzen, baiñan ni zuurragoa izaten naiz; aiek kabia utsik uzten dutenean, orduan nere arraultzak aien ondoan jartzen ditut, gero alde eginda, beurek gaintzen dituzte. Bitartean beta ugari izaten dut, nere aolkuak edatzeko —zion Kuku'k irripar maltzur bat aurpegi-zear dizdiratzen zitzaiola.

        Onela itz egiten ari zala, Txorrotxio'k ez zion axolarik egiten, bere oldozkunak Mirentxu'gana bait-zijoazkion.

        — Esaidazu Txorrotxio, zerk ekartzen zaitu nere baitara?. Bukatu zazu arin, Ollagorrak ekarritako ar lodi au, aurki jan egin bear dutelako.

        — Adi zazu Kuku. Mirentxu iltzeko zorian dago, ta ni ere berarekin batera naigabez ilgo naiz. Nola gaizkatu diteke lore eder ori? — zion urretxindorrak malkoak zerizkiola.

        — Loreder'ko Mirentxu aipatzen duzu?. Benetan gaizki dano neskatx gaixoa, ta gaurdanik iru egunen buruan ilgo zaigu, epe ori igaro baiño leenago aurkitzen ez ba'da Elurrezko Lili Zuria —jardetsi zion Kuku'k burua alde batetik bestera astin duaz.

        — Eta nun sortzen da Lili eder ori? —zesaion Txorrotxio'k biotza dardarrez.

        — Txit urrun aurkitzen da. Gure aberriaren sortaldeko mugan, Auñamendi'ko elurrez beteriko tontorran loretzen da lili zuri au negu-aroan. Baiñan ez dago biotzik araiño ausartu dediñik, eta ba'lego ere, ez lezake iru egunen barruan joan-etorria egin. Orregaitik Mirentxu ederra nai ta ez ilgo da —asperenka amaitu zituen itz auek Kuku'k, aztu zitzaizkiola unetxu batez, biozpera ez dala izan bear.

        — Esaidazu Kuku, zein da Auñamendi'ko bidea?

        — Eguzkia udaberrian sortzen dan mendi aunditik —jardetsi zion Kuku'k bere jakintasunaz txit arro— Auñamendi da. Ara eltzeko Anboto aldetik igaro bear da, gero Aitzkorri'runtz bideratu, emendik bide-erdian dagon Aralar mendia atzean utzi ezkero, Irati oianeko zuzenbidea arturik, Erronkari arana zearkatzen da ta Belagoa deritzan zelai aundi eder baten azkenean, jeikitzen da gure Auñamenri ederra, zerurantz jasota bere gaillur goitsua.

        — Eskerrik asko, Kuku. Orain zabaldu zaidazu atea, astirik galdu gabe abiatu bear dut aruntz. Elurrezko Lili Zuriaren, billa joango naiz Mirentxu gaizkatu izan ditekean. Jaungoikoak ordaindu bekizu esan didazunagaitik.

        Txorrotxio urretxindorra, pozez eta itxaropenez zuzperturik, ez du orain otzik nabaitzen, erraldoi baten indarra dauka, ez da ezerk geldiarazten dakion eta biotza taupadaka dabilkio bular-barnean.

        — Nora zoaz burugabe on?. Ez al dakizu ezin zaitezkela bakarrik Auñamendiraiño eldu?. Ez al zaizu bururatzen aurrean dagon bide luzean indargabeturik eroriko eta gaua orduko baso amaigabean galduko zeranik, eta an ez dala iñor egongo zuri laguntza emateko? Ez al dakizu zure oiuak galduko diranik ur-tantotxu bat itxasoan aienatzen dan bezela? Ez al duzu oartzen aizeak an-emenka eramango zaitunik elur maluta baten antzera, ta biraka asiko zeranik bidea aurkitu eziñik? Zure sointxu aulari otzak sastakai bezela sartuko zaio anker, biotza zulatu naiean. Gosea, bideko egarria ta nekea ez dezakezu iraungo, ta azkenean iñoren oroipenik gabe amilduko zera.

        Bidea luzea da ta oiana atzipetsua ene Txorrotxio maitea... Zure gogoa Lekanda'ko arkaitza baiño sendoagoa izan arren, ez zera iñoiz Auñamendi'tik itzuliko. Geldi zaitez nerekin urretxindorra... kabi ontan ez zera ezeren urritasunik izango, ugaritasuna baizik. Gaiñera ni zaar samar aurkitzen naiz eta zu izango zera nere jakintasunaren jabea. Bero aldietan itzalgune gozoa ta elurteetan bero samur izango dituzu. Ez zaitez joan urretxindorra...

        Baiñan Txorrotxio abeslari zoragarriak ez dio aditzen. Basoko zugaitzen baiño aruntzago egan dioa, ortzean itxaropenezko eresi eder bat edatzen.

        Bere oianeko egoitzan bakar-bakarrik gelditu da Kuku, malkoak aurpegitik beera darizkiola, beti izan bait-du berekoitasun baiño indartsuago, tokitxu eskutatu ta laztan bat bere biotz-barnean urretxindorrarentzat, leengo udaberritik zangoa ausi zitzaionetik, eta denak utzita Txorrotxio laket, aurkitu zanean.

 

 

III

 

Goi-goian egan dioa Txorrotxio. Loreder'ko basetxea txit atzean gelditu da ta orain odei-adats batek estalitako Anboto'ko erpin zorrotzeruntz abiatzen da. Aruntzago, arru sakonez ebakitako Gipuzkoa'ko lurraldea agertzen da; or-emen dizdiraka ta jauzika bere errekatxuen ur gardenak zilarrezko izpiak antzo ikusten dira, itxasoaren laztanak artzeko. Anboto ta Gantzagaitz artean, Zabalandi'ko mendi-atea zearkatu ezkero, Gipuzko gaiñean aurkitzen da. Atzean Bizkai'ko lurraldea datza ta aurrean ezaugea aurkesten zaio; agian norbaitek erakutsiko dio zein dan Auñamendi'ko bidea, bestela jetxi egin bearko du, Txiruliñ, bere giputz anaiari galdetzeko nondik joaten dan Aralar mendira.

        Bere ezkerrean, atzeruntz, Udalaitz dago. Urrutitsu aurrean Aitzkorri'ko arkaitza, Gipuzkoa'ko mendi goiena dagerkio. Txorrotxio ariñ dioa, aldiaren aurka ekiñalean; iru egun baiño ez bait-ditu ta jadanik lenengoaren eguberdia da. Ariñ joan bearko du urretxindorrak, eta orregaitik jauzika egaz egin ordez, Bizkaian oi zuen bezela, bizitza zoragarrizko ametsa zirudienean, orain azkon zuzen bideari ekiten dio, arranoa bai'litzan.

        Noizbait Aitzkorri'ra eldu da, baiñan larritasun aundi batek jabetzen du bere biotza, ez bait-daki noruntz jo. Nai ta ez, beta luzea galdu arren, jetxi bearko du bean nabaitzen dan baso aundi batera, Txiruliñ bere anaiari, Aralar'ko bidetzaz galdetzeko. Baiñan... zer diran aurrean begiztatzen dituen orbantxu aiek? Ustekabez, bere begien aurretik lauso bat kendu bai'litzakion, sei larratxori aize-zear urbiltzen zaizkio. Ederki benetan abesten dute larratxoriak zeruko edertasuna erakutsi naiean, baiñan are ederkiago abesten du Txorrotxio urretxindorrak. Iru larratxori eskubian, beste irurak ezkerrean jartzen zaizkio ta alaitsuak itauntzen diote:

        — Esaiguzu txori eder ori, nor zera ta nora zioaz?

        — Ni Txorrotxio, Bizkai'ko urretxindorra naiz. Auñamendi'an loretzen dan Elurrezko Lili Zuriaren billa nioa.

        — Eta zertarako nai duzu lili ori urretxindorra?

        — Mirentxu, Gorbea'ko lore ederra sendatu dedin.

        — Ainbesteko ederra ote da Mirentxu?

        — Maitasun-amets baizen zoragarria da.

        — Ez zaitez araiño joan Txorrotxio, iñoiz ere itzuliko ez zeralako —diote larratxoriak—. Geldi zaitez gurekin, bizitza ederra izango zaizu guztitarikoa izango duzu, ta batez ere ez goserik, ez otzik. Aitzkorri'ko bazter zoragarriak erakutsiko dizkizugu, ta zuk udaberriko goizalde ederretan abesten irakatsiko diguzu. Geldi zaitez gurekin, urretxindorra...

        Baiñan Txorrotxio'k burua astinduaz esaten die

        — Joan egin bear dut. Mirentxu gabe ez naiteke bizi izango. Txorrotxio'k, larratxorieri galdetzen die non dagoen Aralar mendia, baiñan oek ez diote ezer erantzuten, joan dakienik nai ez dutelako. Erantzupen izan ezik, bere begiak malkoz estaltzen dira ta onela ikustean. Iruli, larratxoririk gazteena, txoriaren naigabetzaz errukiturik, esaten dio

        — Ikusten al dituzu an aurrean laiñoz estalitako mendi aundi aiek? aietxek dira Aralar'ko mendiak. Ezkerreko arkaitza aizta baizen zorrotza Txindoki da eskubikoa, Putxerri duzu. Onetan arkaitzen dan leize batera omen dijoa Anboto'ko Dama, Bizkai'ko aldean giro txarra danean. Egan egin zazu mendi oien bitartean, gaua igaro zaitezken baso aundi batera eldu arteraiño.

        — Esker aunitz Iruli —biotzez darantzuio Txorrotxio'k—. Itzulitakoan, zuretzat izango da nere eresirik ederrena.

        Berriz ere bere bideari egiten dio urretxindorrak. Atzean gelditu diran larratxoriak, laister aienatzen dira.

        Aralar mendiruntz zuzen egan egiten du, ta illunpean Naparra'ko mendi aundi onen gaiñean dago, baiñan gosez eta otzez zearo auldua. An bean, arkaitzek inguratutako zelai zabal eta eder bat agertzen da. Andik laister, urtzulo antzera zerbait begiztatzen du. Una'ko Putzua, Aralar'ko artaldeen edaska da, ta egarri danez ara jetxi ta ertzean jartzen da edateko asmoz, baiñan gaiñaldea izotzez estalirik dagonez ezin du. Ostera bideari darraikio zuzen bidea jakin eziñik, odeiak arkaitzen tontorrak estaltzen dituztelako ta bean ez du besterik ikusten oian ilun bat baizik. Elur-malutak inguratzen zaizkio aize-uluen artean. Txorrotxio oso unaturik, indarge urren, aizearen besoetan noragabe dijoa elur-maluta baten antzera. Onela diolarik, bururatzen zaizkio Kuku'ren azken itzok, otzak sastakai baten antzera bere sointxua aldez alde zearkatzen diolako. Bisutsak lausotutako begiak ixten ditu, ta kemena galdurik, aizeak beruntz darama.

        Ez dezake jadanik eraman Elurrezko Lili Zuria Mirentxu' rentzat, ezta ere Gorbea'ko bazter maitagarriak berriz ikusiko... eta orregaitik bere biotzak negar egiten du.

 

 

IV

 

Naitsua pago-usoa, txit indartsua ta ariña da; egun osoak etengabe egan egin dezake. Uso ederra da benetan, baiñan beregan ederrena, bere biotz ona da. Beti ernai besteren zorigaitzak arintzeko, bere egazkideentzat illunpean agertzen dan argi dizdiratsu bat antzekoa da.

        Azkenengo udan, ikusmen baiño urrutiago edatzen diran Noruai'ko oian ederretan egon da. Benetan zoriontsua izan dala lurralde artan — Zugaitz mardulak, tantaiak, ortzeruntz urdiñaren mosu epelaren billa jeikitzen dira. Oetariko batean Naitsua'k kabi txukun bat zeukan ete inguru aietan janari naroa izaten zuenez, txolarteetan jostatzen ari zan. Batzutan eguzkiaren artetik zebillen bere izpiak edan nai bai'zituen. Bestetan arkaitzen artetik erortzen diran ur-jauzi gardenetara zioan eta ariñ aparra ta intz-tantotxuen artean egaz egiten, bere egalaz laztandu oi zituen. Bero zanean, errekatxuen leiarrezko ur otzak edaten zituen beren suzmurrak lilluraturik bezela aditzen ari zala. Baita fijorden ondora joaten zan beren gaiñaldean zeru ta mendien irudia ikusteko, gero goruntz egaz egiñaz, azkon baizen ariñ beruntz jeixteko ta urak irixtekoan, egapena jasorik zangoz ikutu zituen, berriz ere parrez igotzeko.

        Onela oarkabez egunak igaro ziran baiñan argia laburtzen eta gauak luzatzen asi ziran garaian, Naitsua'gan, leengo udaberria etorri zanetik lurraldeganako leia sortu zan. Egunak geroago ta otzagoak ziran. Gauak itunagoak, eta mendi-tontorrak elurraren zuritasuni erakutsi zuten. Aunditzen zioan usoaren ego-lurraldeganako jorana, ta Naitsuak andik zetorkion aize gozoa somatu zuen, urrezko lurralde epel aien erakarpena nausitu eziñik.

        Egun batean, Usozarra, usorik jakintsuenak, oianeko bazter guztietara geznariak bialdu zituen adiarazten urrengo goizerako uso guztiak gertu zitezen ego-alderuntz abiatzeko. Gau oso artan usoen urruma samurrak etengabe otsendu ziran oianan, eta argi-urratzean laiñoa itzuri baiño leenago pozez beterik Auñamendi'runtz abiatu ziran.

        Usozarra bere talde-aurrean jartzen da. Asko dira, eguzkiaren argia itzalduraiño. Nekatzen danean, beste batek artzen du aurrea, ta gero beste batek eta abar. Illunabarretan, bean dagerzkien basoetan kokatzen dira ta ezkurrez beren indarrak berriztu ta gaueko atsedenaldia izan ezkero, biaramunean argia asten danean, berriz ere bideari ekiten diote.

        Bein batean, begiztatu zituzten urrundik mendi urdin batzuk eta auek ikusitakoan uso guztiak pozaren pozez egakatu zuten, beren soin nekatuentzat atsedenaldi luzetsu bat egongo zalakoan. Aurretik zetorkien aizea txit indartsu zanez, Usozarra bere usoen buruan zioala, beerago egan egin zezaten agindu zien, zugaitz-kukulen gaiñetik aizearen indarra txikiagoa zalako, ta onela lasaiago egan egin lezakete. Urbiltzen zaizkien mendi urdiñetaruntz itsuak bezela dioazte usoak. Orain aien gaiñean daude ta laisten esi aundi antzo ontan aterabide bat arkitu bear da, gaillurren aldetik aizea indartsuegia dalako ta ez diteke jarraitu.

        Laister aurkiten dira arkaitz eta zugaitzez inguraturiko arru estu baten gaiñean. Bean, ia orbelez estalitako, suzmurka ta yauzika, errekatxu baten ur apartsuak mendi-bera oldartzen dira. Ustekabez, arru-muturreau mendarte sakon bat agertzen zaie.

        Itsumustuko bildurra oartzen du Naitsua'k; zerbaitek iragartzen dio toki ortan galtzori ixiltsua, saldukeria, eriotza, bere zai daudela. Orregaitik, iparraldeko intziretan oi zuen antzera, bere zangoz ur gardenak ikutu ezkero, azkon baizen laister ortze urdiñetaruntz egan egitea, orain ere goruntz, arrua inguratzen duten arkaitzetara igotzen da, mendante sakonean arnastu ez bai'litzakean.

        Eta orduan gertatzen da uso-taldearen ondapena, Etxalar'ko mendartean. Bat-batean, jaikitzen zaie aurrean sare anker bat. Usoak ustegabeko erotasunaz menderaturik, goruntz egan egin nai dute, baiñan askorentzat jadanik beranduegia da, ta indargeturik, sugearen ibilkera bezelakoa dan sare dollor aren aurka ekiten dute, iges egin eziñik. Bai, aunitz sartu dira ere sarean, bere gaiñetik jaurtitako egan egiten ikusi duten makillen bildurrez, eta orain itsuturik, sukar ero baten mendean, alperrik egakatzen dute laister unaturik amiltzeko.

        Gaixoak!... Ez dute berriz ere ikusiko iparraldeko bazter zoragarriak, ez uartzeraiño edatzen diran oian joriak, ez ur-jauzi apartsuak beren zilarrezko amorrai jostariekin, ez antzikur be zelako intziren ur garden eta otzak, ezta ene egoaldeko eguzki epel eta dizdiratsua...

        Naitsuak ta darraikioten beste uso batzuk, ozta-ozta iges egin dezakete sare zitalaren besarkadagandik, eta arru gaiñetik alik aniñen. Naparra'runtz dioazte segadatik aldendu naiean, baiñan ezker-eskubi aldetik zizparen otzak entzuten dira etengabe ta ustekabez Naitsua'k erremin izugarri bat oartzen du ego batean. Zauriturik, egoa zintzilika daramala, mako aundi bat aidean egiñik, pagadi baten orbel-gaiñean indar gabe erortzen da. Soiña odoldurik dauka; otz-ikaraz dardarka ta guztiz auldua, aizeak erauzitako orbel biguiñaren pean ezkutatzen da. Aterpe gozoa benetan orbelaren txerak eta bero epela, gau-otza laister bait-dator ea aurki berarekin lantzurda ezoa lur-gaiñean zabalduko da.

        Naitsua bere ezkutunetik irten baiño lenago gau ta egun asko igaroko dira. Noizbait pakea berritzen da; ez dira entzuten zizpen dunbotsak, sare zitalak ostendu dira, eiza-zakurren zaunkak aienatu ere. Naitsua gose aundia danez, orbel-artean egin zuen kabitik ateratzen da, baiñan aul eta egotzi dago, ia ibilli eziñik. Ibilli baiño, narrazka dabil, egoa zintzillika, soiña dardarrez eta argaldua. Errekatxu baten ondora urbiltzen da egarri kiskaltsua ur garbietan itzaltzeko ta gero zerbaitxu zuzpertuta, orbel-artean ezkutaturiko ezkurren billa dabil. Egun aunitzez irauntzen du Naitsua'k bere nekaldia, baiñan azkenez apur bat indarturik, egan egin ez arren, oiñez ego-alderuntz abiatzen da. Bere usokideekin alkartu naiean, arin, ixiltsu dabil, an-emen atsedenaldi labur baiño artu ezik. Onela, erreka zelai ta baso-zear, illunabar batean mendi aundi baten egalera eldu zan. Aralar mendian aurkitzen zan baiñan beranduegi... negua eldu bait-da ta mendi-gaillurrak elurrez estalirik agertzen zaizkio. Ongi oartzen du gaixoak, bere lagunekin ez ditekela alkartu, ta ori gogoratzean, neguko aize otza biotz-barruraiño sartzen zaio.

        Naitsua'k ba-daki ordea, negua amaitutakoan bere lagunak ostera etorriko dirala, ta orduan aiekin bildurik, iparraldeko lurraldetara bideratuko da. Bitartean erabakitzen du mendi aundi artara igon, ango begiratoki ederretik bere usokideak igarotzean ikusiko bait-ditu, ta orduan Noruai'ko lurralde zoragarrietara abiatuko dira.

        Onela Naitsua'k, Aralar mendian negutea igaroten du. Pago zaar eta biur batean kabi bero bat antolatu du, ta an guztiok aztuta, ametsetan dago udaberria eldu arteraiño.

 

 

V

 

Illuntzen ari da. Aize izoztu batek neguaren eresi ituna abesten duten zugaitzen adarrak, astintzen ditu. Oianean illuntasuna ia osoa da, elurrak bakarrik argi pixka bat edatzen du. Txori guztiak lumak bildurik, beren kabien babesean daude gauaren besarkada minkorra aldentzeko.

        Arratsalde guztietan oi bezela, Naitsua lats baten ertzean dago bere janaria artzeko asmoz, ezkurrak aspalditik ostendu bait-dira, ta ez dago besterik elikatzeko ar bat edo beste baiño. Aizeak geroago ta gogorrago putz dagi. Elur zurrunbilloak orbelgaiñetik narrazka dabiltza, otza geiagoratzen dioa ta Naitsua betarik galdu gabe oian-barrenera sartzen da batzutan jauzika, bestetan egazka inguratzen zaion illunpetik iges egin naiean. Ain ankerki ez zigortzeko, beren betiko bakartasunean iasai utzi dakien asperen eta zotinka aizeari eskatzen dioten zugaitzer; ekaitzak erotasun baten mendean bezela, uluka beren adarrak gogorki iñarrosten die enborrak lurraraiño latzki makurraraziaz.

        Bere kabi-ondoaa urbiltzean eta pagoaren lenengo adarretara jauzteko zorian dagolarik, Naitsua'k zerbait ikusten du alboka egan dioana, noizbait elur-gaiñean igige erortzeko. Elur maluta bat izango al da? Ez... erori dan zerbait ori ez da zuria. Zugaitz baten ostoa agian? Ezta ere, ipar-aizeak aspaldi erauzi dute oro. Enbor baten azal-puxka ote? Ez, oroldioz estalirik izan ordez, lumatxu biguiñez inguraturik agertzen zaio. Urbiltzean, Naitsua'k ikusten du urretxindor gaixo bat begiak oñazez itxirik, eta sointxua geldi-geldi il-otzik ba-lego bezela. Biziro maite ditu Naitsua'k basoko txori guztiak baiñan danen artean maiteena zoragarriena, urretxindorra da. Askotan bere txinta ederrak entzuten ari zala, zorionezko ametsetan murgilduta bezela aurkitu zan. Samurki, miñ egiteko bildurrez, bere mokoaz artzen du, kabira darama ta an ega-pean bular-ondoraiño estutzen du bere soiñaren berotasuna gaixoari eman naiean. Poliki poliki txoria zuzpertzen da, biotzaren taupadak geroago ta sendoagoak egiten dira, ta Naitsua'k urretxindorra oraindik bizirik dagola oartzean, estuago ere biotzaren ondoan eusten du. Lo samur batek jabetzen du urretxindorra eta bere burua usoaren bular-gaiñean jarririk, gau osoan esnatu barik lo egiten du.

        Aizea suminki oiuka dabil gaua dirauen artean, zugaitzak iñarrosiaz ausi nai bai'lituan. Arginabar asi baiño lenago oianaren eresia baretzen da. Urretxindorra bere loaldi indarkortik esnatzen da ta bere ondoan usoa ikusten duenean, arriturik berekiko galdetzen du nola egon diteken kabi bero artan, leengo arratsean txit unaturik, otzez dardar iltzeko zorian aurkitu bait-zan. Naitsua'k txoriari maitekor begiratu ezkero itauntzen dio:

        — Zertan zenbiltzen noragabe elur-ekaitzaren artean eta nora zinoazen aizearen besoetan? Nor zera, nondik zatoz?

        — Ni naiz Txorrotxio, Bizkai'ko urretxindorra. Urrun-urrundik nator: larratxori batek esan zidan, baso ontan gaueko atsedenaldia izan nezakela, baiñan aizea gogor-gogorra ta laiñoa lodia zanez atzendu nintzan eta bideari alik indartsuen ekin arren, azkenean guztiz indargeturik kordegabe erori nintzan.

        — Bai, erori ziñanean nik artu zinduztan eta gau osoan berotu zaitut. Ni naiz Naitsua pago-usoa. Mendi urdin batzutan, emendik urrun sainar zauritu ninduten ezkero, aterpe billa oian ontara etorri nintzan.

        — Esaidazu Naitsua, esagutzen al duzu nondik yoaten dan Auñamendira? Yoan egin bear dut bere gaillurran sortzen dan lili baten billa, onen bidez Mirentxu Gorbea'ko lore maitagarria il ez dedin.

        — Ez zaitez joan ara Txorrotxio, araiño ez bait-zera elduko, ta iritxi ba'zera ere, ez zaitezke itzuliko. Geldi zaitez nerekin oian ontan. Nere kabian leku naikoa dugu biontzat. Gero udaberria datorrenean nere egazkideekin ipar-bazter urrutietaruntz abiatuko gera benetako lurralde zoragarrietara, ta zure eresi politak entzutean, zugaitzak kulunkatuko dira zorionez dardar egiten.

        — Eskerrik asko Naitsua, baiñan ezin dut. Miren'en bizitza ederrena da neretzat, ta iltzen ba'naiz ere, lore eder ura gaizkatzen ba'diteke, poz-pozik ilgo nintzake.

        Naitsua'ren eskari biotzduneri ez du aditzen urretxindorrak, lenbaitlen bideari jarraitu nai diolako. Bideratu baiño lenago, usoa'k laguntzen dio latsaren ertzetara zerbait yan dezan, baiñan Txorrotxio'k iraduz menderaturik, yanari apur batzuk artu baizen laister, joan nai du. Naitsua laguntzaile duelarik, Aralar mugaraiño dioa. Irten baño leenago Naitsua'k bidea erakusten dio, ordurako egun-sentia bait-da. Txorrotxiok esker-ezaupidetzat bere luma dizdikorrez txera bat egiten dio, ta tximista bezela egada jasotzen du. Itun eta biozkaturik gelditzen da uso bakartia ta bi malko ederrak ixuritzen ditu.

        Goiza argitsua da. Eguzkia ortze urdin gaiñean lenengo printzak bialtzen ditu, ta Txorrotxio goizabarreko ozkirrian murgildurik pozik dioa. Mendiak geroago ta txikiagoak ikusten dira ta eguzki-argiaz laztandurik, bideari kementsu ekiten dio illunabar iritxi arteraiño. Urruntxu, mendi goren lerro bat agertzen zaio. Mendiak ikustean, Txorrotxio'k egada arintzen du. Gautu baño lenago Irati'ko oianera eldu nai duelako. Mendiak urbildu dira, baiñan eguzkiaren azken izpia itzaldu da ta laister gau otza baso-gaiñean zabalduko da. Ordurako urretxindorra otz eta nekatua dago. Illuntasun artean noragabe egan egiten du bere abiada zuzendu eziñik. Larri, begiaz gauaren belztasun zulatzen du oiana aurkitu naiean, baiñan alperrik eta illunpetan galdurik aurrera dioa, aizeak udazkeneko ostoa narrasten duen antzera. Noizbait, unatzeko zorian dagola, elurrez estalitako mendi aundi baten atzean, illargia agertzen zaio ta beruntz begiratzean, gaiñaldean illargiaren izpi zuriak antzikurtzen dituen zillar antzo aintzira ikusgarri bat begiztatzen du. Bere ondoan uartzeraiño edatzen dan baztergabe, oian bat argi-itzalez apaindurik ametsezko lurralde bai'litzan agertzen da. Biziro lilluraturik beeko edertasuna ikustean, urretxindorrak unetxu batez aidean gelditu nai izango luke zoragarrizko ikuskizuna bere begietan betiko gordetzearren, baiñan otz aundia danez, arin jeixten da oianera ta zugaitzen goiko adarrak urbil dituelarik, basosoil batean argitxu bat ñir-ñirka dagerkio. Biotza pozez gaiñezka, argigana dioa Txorrotxio gau-intzak orzkatutako sointxuarentzat bero gozoa idoro duelakoan.

 

 

VI

 

Lorea, oianeko etxekoandrea pago-enborrez egindako etxol polit batean bizi da. Etxolak latazko tellatu zorrotza du elurraren aztak ondatu ez dezakioken, baita zuriz margoztutako leiotillak, tellaturaiño edatzen dan eta ormak besarkatzen dituen arkakarats narraztari batek erdiz estalitakoak. Maitekiro itsasten dira arkakaratsaren adarrak pago-enbor zarretan ekaitzen ekiñaldi suminkorrak erauzi ez ditzan. Etxola-inguruan eta leunki errekaren ertzetaraiño jeixten, belardi eze-orlegi bat zabaltzen da, ta an belar izukorra errekako ur gardenaren bitsezko musu oldarkorrak gozoki artzen ditu. Musukatu ondoren, errekaren ur-bitxi dizdiratsuak aldentzen dira aintziraruntz eta bere tantaiek inguraturiko ur argi-urdiñen besarkadak artutakoan, itzarrik ez duen lo samur batean murgiltzen dira.

        Benetan atsegin zaiola Lorea'ri oianeko edertasuna aspergabe ikusi ta errekaren mur-mur eresintsua aditzen! Udara ta udaberrian, osto orlegizko itxaso amaigabe bat ikusmen baiño urrunago edatzen da laiño urdiñean biurtzeraiño ta illunabarrean eguzkiaren azken musuek amusko zoragarrian besteratzen ditu. Aize samurrek ostoak mugitzen dituenean, pozaren-pozez dantzatzen ari dira ta dardarrez kulunkatu ere aren aboz Aztobizkar'ko edesti zarrak entzutean eta txoriek pago-tantaien adar goienetatik, aizeari laguntzen diote beren txiorik ederrenak abestuaz, baita erreka ere ertzetako arriei berresaten dizkie aize ibiltariaren edesti zaarrak, iraduz bait-dabil oian-bazter guztietara irixteko.

        Udazkenean ere ederra da oiana, osto orlegizko itxasoa, litsa askoren urrezko amaigabe batean biurturik. Orduan aizeak indartsuago ere putz dagi, bere ondorean negu ituna datorkiolako, ta atzeman izatea nai ez duenez, arin iges egiten du bere negar-zotiñak edonun zabaltzen, malkoz lagundutako antziñako ipuiñak abesten dituen bitartean. Ostoak, aizearen edeski zoragarriak entzutean, joranez biozturik, pozez dardarrez, osto-kiderrak urratzen dituzte aizearen besoetan iges egiten duelarik, mur-murka edesten dieten ametsezko ipuiñak ez galtzeko, su ta urrezko zurrunbilloen artean. Gero... batzuek urruntasunean galtzen dira, besteak berriz aintzirari oparitzat ariñ daramazkien erreka-gaiñean biguinki erortzen dira.

        Atzean, soiñeko zuri batekin negua etorri da. Oiana eder-ederra agertzen zaio lo-guraren mende ta bere edertasuna ikustean, neguak elur eta izotzezko jantzi eder bat ematen dio. Gero oiana iratzarri nai du, zein ederra dan eta zenbat maite duen aditu dezakion, baiñan oiana ez da esnatzen. Suminduta, neguak aren adar logaleak astintzen ditu, eroritako ostoak ankerki sakabanatzen ditu, uluka erasoaldi zoroan zugaitzen aurka oldartzen da beren enborrak biurtuaz, miñez itzartu ditezen... baiñan oianak lotan dirau. Orduan gogaiturik, aintziragana dioa esanaz oiana baiño ederragoa dala, bere aintziñako eresia aditu dezakion, baiñan aintzira ere lotan ari da ta negua aserre biziz zoraturik, bere gaiñean yaurtitzen zaio ur urdin gardenak astinduaz, baiñan onela ere iratzarri ez dezakenez aserre izugarrian izotzezko estalki batez yanzten du, alabaiñan aintzira lotan dago ta onela iraungo du udaberria eldu arteraiño.

        Illuntzen asi da. Oiana bare ta ixiltsua dago, aizeak bere aunditasuna ikustean, lilluraturik bezela gelditu dalako. Oianeko etxolan su biurri ta yostari batek aritz-tresna ta ormetan argi aldakorrak eratzen ditu. Batzutan ba-dirudi etxola illunpetan yarriko duela, baiñan bereala berriz ere algara dizdiratsuaz irritxinpartak darizkiola, sukaldea berbizten da.

        Lorea su-ondoan eserita dago; baiñan aren parrei ez dio axolik ematen, bere biotzean min aundia bait-du. An dago igige, bere aurpegi ederra esku zurien artean ezkuturik duela, bere urrezko adatsan sorbaldatik beera dioakiola su jostariak urregorrizko ñir-ñir biguiña ipintzen dio, illunabarreko eguzkiaren musua antzo. Lorea'k naigabez negar egin nai izango luke, baiñan bere oñazea aundiegia da ta onela ixilpean, igitu gabe, larritasuna berekiko irentsiten du. Bere alboan gorua dago, ondoan seaskatxu baten dagon Yontxu bere semearentzat, liñu zuriz izarak lore-atalak baizen samurrak iruntzeko. Baiñan Lorea'ri ez zaio bururatzen iruntzea... ez bait-du iñoiz ere orren bearrik izango. Yontxu bere seme laztana iltzeko zorian dago. Egun batzuk ba-dira gaixotu dala... bere bizitza ariñ dioakio, ta berak ezin du bizitzara eraman. Asieran leiaz alegindu zan eritasuna baztertzeko. Beren beatz liraiñez semetxuaren bekoki samurra laztandu zuen. Ezpain biguiñez, Yontxu'ren masail gorriak suzko larrosak baizen kiskaltsuak musukatzen zituen, baita begi dizdiratsuak, otz itzultzen ari ziran eskutxu guriak ere, baiñan dana alperrik. Gaueko bakartasunean aizearen uluak aditu dituenean, bere beso-artean autsirik, estu-estu magalean besarkatu du eriotzak erarnan ez dezakion eta dlruz ezin litezken erosi maitasun-malkoz semetxuaren aurpegiñoa busti du, baiñan Yontxu gaixoa eriotzara dioa... ez du yan nai, begiok sukarraz jabeturik itxita ditu. Noizean bein amatxurengana, bere aurpegi maltea ikusteko, begiok zuzentzen ditu ta ixillik, otoi urratuaz eskatzen dio bere min izugarria kentzeko, aize garbia ta atsedenaldi gozoa eman dezakion. Lorea'k ba-daki, Yontxu gau batez bederik lasai lo egingo ba'lu sendatu litekela ta orregaitik abots samurraz abesten dizkio Larraun eta Otxagabi'ko eresi politak, biotzatik irtetzekoan estarria erretzen badiote ere. Baiñan aurtxuak ez du pakerik aurkitzen eta bere begien so eskaritsuak berriz ere oartzean, Lorea'k ezin du geiagorik eraman; alboka egiten, su-ondoan eseritzen da aurpegi esku-artean ezkutatuaz. Yosu Maiteari otoitz egiten dio, lenbaitlen Yontxu billa etorri dedin, ainbeste oñazeturik ikusi ez dezakelako, ta eskatzen dio donokira eraman dezan aingeru bezela yantzita.

        Lorea'k oldozten du gero, non obiratuko duen bere semetxua. Etxola-ondoan dagon arkakarats narraztari-pean yarriko al du, illobia bere malkoz urtatu dezan?. Edo agian ipiñiko ote duen erreka-ondoan bere mur-mur gozoa gau ta egun etengabe lagun dezakion?... edo nunbait pago tantaiaren pean txorien abestiak eta aizearen suzmurrak abaro-artean betiko berarekin izan ditezen?...

        Aurpegia esku-artean duela. Lorea'k su-ondoan darrai. Ez du aditzen Abodi mendian noragabe dabillen otso bakartiaren aiuria, ezta ere izukor eta leun leioan egindako dei bat. Igige dirau, baiñan bigarrenez eta ozenago entzuten dan deiari axola emanaz, leiogana urbiltzen da ta idekitzean urretxindor dardarti bat izoztu-urren, ikusten du.

        — Etxekoandre —dio txoriak otzez dar-dar—, utziko al didazu zure etxolan gaua igarotzen?. Txit urrundik nator eta unaturik nago. Biar goizabarrean yoango natzaizu. Unetxu batez egon al naiteke su-ondoan?

        — Zatoz barrura ene urretxindor polita ta esker aunitz zure etortzeagaitik, onela gaua ez bait-zait ain ituna izango —yardesten dio Lorea'k leioa ixten duela, ta berriz ere su-ondoan eseriaz.

        Txorrotxio'k su-garraz zuzperturik, Lorea'ri edesten dio bere etortzearen zergaitia; amaitutakoan eta Lorea'ren miñez betetako begikadak seaskatxura begiratzen duen bakoitzean ikusirik, galde egiten dio zer dala-ta ainbeste naigabeturik egoteko. Lorea'k, bere semearen eriotz-alditzaz mintzatzen zaio ta adiarazten dio bere oñazea betiko galduko duela oldoztuaz.

        Orduan urretxindorrak seaskaraiño egan egiten du; Yontxuren oe-buruan kokatzen da ta bere aurpegiñoa sukarrez kiskalduta, bere begiak miñezko kiñu batez itxita ikustean, gozoki, samurki, eresi eder bat abesten asten da.

        — Yontxu ene laztan ori —esaten dio abots zoragarriaz— zergaitik ez duzu lorik egiten? Kanpoan gaua ederra da, izarrak aneika ñir-ñir, illargiari izpiak darizkiola aintzira izoztua gaiñean eta oiana... ikusi al diteke gauza ederragorik?... adarrak zeru urdin-illunean islaturik ortzeko izarrak zenbatu nai ba'litu bezela... eta zugaitz-itzalen edertasuna elur gaiñean erortzean...? Urrun ikusten dira mendiak oian-gaiñean, Irati'ko tantaieri beren neguko loaldian babes samurra eman naiean bezela. Zeruatzaz amets egiteko gau maitagarria... ta zuk Yontxu ez al duzu pixkan bat donokiko aingerutxuekin amets egin nai? Zer... miñ izugarria erraietan duzula gaixoa? Sukarrak zure biotz xaloa ondatu nai dizula? Egarri jasangaitz baten mendean zaudela? Amatxu bai dala zure egarria... or duzu gaixoa naigabez beterik, eta zu yoaten baldin ba-zera betiko egarria izango da. Gaua ederra da benetan... baiñan areagoa da amatxuk duen zuganako maitasuna, maitagarriagoak dira alegia bere laztanak, begien samurtasuna zu begiratzen zaituenean, bere biotza garbi-garbia, bere malkoak bitxiak antxo... Or duzu amatxu su-ondoan etsia... baiñan, zer dan gertatzen dan gauza zoragarri ori? Otoitz bat sortu da bere biotzean eta ezpaiñetara eldu baiño leenago zeruan dago... Begira Yontxu... aingeru eder bat onuntz dator... izarrez izar yeixten da... gero zaldiz illargiaren izpi baten gaiñean urbiltzen zaizu... emen duzu orain Yontxu.. au argi biguiña, gozoa, zugana ondoratzen danean...! bere elurrezko egoak zabaltzen ditu ta poliki-poliki zure begiok igortzen dizkizu, ta gero bekokian musu maitekor bat emanik donokira itzultzen da... Yontxu ene laztan ori, lo egin zazu orain, zure biotzean zerua bait-duzu...

        Eta gozoki, samurki, Yontxu lotan asten da. Irripar bat bere ezpaiñetan loretzen da ta zuzen dioa amatxuren biotzaraiño, bere gogoa argiz betetzen dan bitartean.

        Txorrotxio, Yontxu'ren burura urbiltzen zaio, ta umearen urrezko billoen txerak inguraturik, lo gozo batek artzen du. Urretxindorra, lotan dago goizalderaiño. Lenengo argiak esnarazten dute, ta iraduz yabeturik bidean abiatu nai du.

        — Gure urretxindor maitea —Lorea'k esaten dio— geldi zaitez gurekin, emen izango duzu zoriona. Nere semetxu lagunduko zatzazkio bere ibillaldietan oian-zear; abesten eta gauza ederrak maitatzen erakutsiko dizkiozu. Ez zaitez yoan...

        Baiñan Txorrotxio'k ezin duela dasaio ta eskatzen dio Auñamendi'ko zuzenbidea, erakutsi dezakion.

        Lorea leiora diyoa ta andik adiarazten dio nondik yoan bearko dun.

        — Auñamendi'ko tontorrean —gaztigatzen dio Lorea'k— aize izugarri bat txistuka dabil elurrezko zurrunbilloen artzen. Oraindaiño ez da iñor izan Elurrezko Lili Zuria atzeman lezakenik, aren billa yoanak diran guztiok aizearen aurka saiatu dira, azkenean gainduta iñoiz ere ez itzultzeko. Auñamendi'ko gaillurrera eldutakoan, zure burua eraman utzi zazu, ez leiatu aizearen aurka burrukatzen, geiago sumindu ez dedin; aizalpea billa zazu ta astiro elur-gaiñean narrazka, Lili Zuri'raiño eldu zaitezke.

        — Esaidazu Lorea, zergatik sortu da an Lili Zuria?

        — Beiñola, Maitagarria yoan zan ara negar egitera, ta malko bat elur-gaiñean eroritakoan, edertasun berdingabeko Lili Zuri bat sortu zan. Ordudanik, negu orotan toki artantxe sortzen da Lili eder ori.

        — Eta zergaitik negar egin zuen Maitagarria'k?

        — Gure aberriaren zorigaitzak ikustean —zion Lorea'k asperenka— baiñan malko ori yario zitzaionetik, euskera gure izkuntz ederrak beti-betiko iraungo omen du.

        Yoan baiño lenago, lo egiten ari dan Yontxu'ri aurpegiñoan txera bat eta Loreari agur esanaz, egada jasotzen du oian-zear, azkenengo bidaldia betetzeko.

        Eguzkiaren izpiak argitutako tantai-erpiñen gaiñean, arin diyoa urretxindorra. Eskubian Abodi'ko mendi-lerroa ta ezkerrean Ori arkaitza dituela, mendate bat zearkatzen du ta oiana amaitzean Erronkari'ko arana begiztatzen du. Laister aienatzen dira aranako elurrez estalitako etxeak eta azkon baizen ariñ Belagoa'ko zelaia atzean utzirik, aurrean dagerkio Auñamendia, erraldoi neurge baten antzera.

        Goruntz egan egiten du, baiñan geroago ta zaillago zaio arnastzea; bularra estutzen zaio ta burua zorabioka dabilkio. Otzak aginkatzen dio bere sointxua, baiñan tontorretik urbil dago; elurrezko zurrunbilloak garbiro ikusten dira. Onela, aize-putz batek artzen du ta an-emenka darama lumatxu bat bai'litzan. Txorrotxio guztiz auldua aurkitzen da, baiñan Lorea'ren aolkutzaz gogoraturik, aizearen indarrari ez dio bururik ematen eta andik laister aizearen orruak bareturik, elurgaiñean erortzen da. Aurki indarrak berartzen ditu; makurtuta, atzaparrak elurrean tinko egiñik, poliki-poliki tontorrera urbiltzen da, ta orduan... gauza gelgarria benetan... illargiaren izpiz eta aingeruen egalez eunduta bai'litzan, lilli zuri eder, dizdiratsu bat agertzen zaio. Aizeak astindutako Lili Zuria leiarrezko derizkion azubil baten gaiñean kulunkatzen ari da.

        Txorrotxio'k, Lili Zuria mokoan artuaz, aldi batez elur-artetik ateratzen du, ta berealaxe gaillurretik aldentzen da. Lilia mokoan daramalarik, beruntz amiltzen da itzulpena alik laisterren egiteko.

        Ariñ egan egin bearko du urretxindorrak, garaiz eltzeko, biaramunean goizaldean bukatuko bait-da iru egunen epea. Orregaitik, Txorrotxio'k alegiñez bideari ekiten dio, oldozkun bakarra darabilkiola: lenbaitlen Gorbea'ra eldu.

        Atzean gelditu da Irati'ko oiana bere aintzirarekin, baita Lorea Yontxurekin zoriontsu bizi diran pago-enborrez egindako etxola ere. Txorrotxio'k, atseden artu barik begiak aurrera zorrozten ditu, onela bitartea laburtuko ba'litzaio bezela. Illuntzean, Aralar mendi-gaiñean unatu-urren aurkitzen da. Ona izango litzakioke Naitsua'ren kabi beroan atseden-aldi indarkor bat egitea, baiñan ezin du. Andik laister gau utsa da ta urretxindorrak bideari nekez darraikio, baiñan ala ta guztiz ere aurrera diyoa illunpetan zuzenbidea idoro naiean. Aralar mendia illuntasun-pean galdu da; aurrean ozta-ozta Aitzkorri arkaitza marraztatzen da, illargiren izpiak estaltzen dituen odeiitxaso batek inguratuta. Txorrotxio ez diteke aurrerago yoan; egoak berunezkoak bai'liran aztun zaizkio, lo-gura jasangaitz batek zirikatzen du, otzak barneraiño anker sartzen zaio. Urretxindorra beeko illunpetara erortzen asten da, baiñan leenago, etsia, alik indartsuen txio larri bat yaulkitzen du laguntza eske. Ustekabez, illuntasun-artetik agertzen zaio larratxori-talde bat. Bere yoanaldian, Gipuzkoa'ko mugan aurkitu zituen larratxori ber-berak dira. Txioka, azkon bezela datorz Txorrotxio'ri adiarazi naiean pixkan bat luzatsuago eusteko, urbil bait-daude, lagun izango zaizkiola amildu ez dedin bean datzan illuntasunara. Unetsu bat lenago, Lili Zuria'ren lorratz argitsua ikusi dute, baita bere oiu etsia entzun, eta Bizkai'ko urretxindorrari laguntza emateko bideratu dira.

        Iru larratxori bere eskubian, beste irurak bere ezkerrean yartzen zaizko, mokoaz ego indargetuak eusten dizkiotelarik. Onela, ariñ diyoazte gau otza ta ixiltsua zearkatzen. Txorrotxio'k begiak itxita dituela, ameskariz beterik loaldi batean sartzen da, erdizka bizkortzen dan bitartean. Andik laister Aitzkorri agertzen zaie, bere isla aundia gauean elurrezko iratxo baten antzera. Aurki elduko dira Bizkai'ra ta urruti samar agertzen dan Anboto'ko arkaitzaruntz abiatzen dira.

        Bizkai'ko mugara eldutakoan, larratxoriak ez dira arago ausartzen, beren aurrean edatzen dan bidea ez bait-dazaute. Poliki Txorrotxio'ren belarri-ondoan abestuaz iratzartzen dute ta biotzez agur bat egiñaz, illunpean ostentzen dira.

        Txorrotxio, atsedenaldiaz zerbait indarturik, Gorbea'ko bideari darraikio, ametsetan bezela Mirentxu'ren aurpegi maitagarriari esan bai'lion:

        — Arindu zaitez nere urretxindorra, bizitza itzala bezela baitdiyoakit. Erdu ariñ nigana, nere ondoan eriotzaren arnar, izoztua nabaitzen dudalako.

        Ariñago ere, egan egiten du urretxindorrak. Egalak artean, txistuka igarotzen zaio aizea, azkon bat dirudi gaua ebakitzen ari dala, baiñan bere egaldi zoroak ez dezake luzaro iraun. Bularra estutzen zaio ta indarrak amaitzen dioazkiote; ez daki yadanik nun dagoen ezta nora dioan ere, baiñan une artantxen, illargia laiño-itxaso baten artetik ateratzen da. Bere etsipena ikustean, samurturik argi-izpi bat bialtzen dio ta oni autsiaz, aizea ildakatzen du len baiño ariñago ere.

        Atzean gelditu diran mendi-artetik, goize-urratze iragartzen duen dizdir gorrail bat agertzen zaio ta ua ikusirik, argi-izpia aienatzen da. Ez da bide luzea Loreder'aiño irixteko, baiñan Txorrotxio'k ez du arrano bezela egan egiten; jauzika, mozkor antzo baizik. Bere biotz emankorra ler egiteko zorian iruditzen zaio. Zaiñak erretzen zaizkio suzkoak bai'liran, baiñan apurtuta, ondatuta, Elurrezko Lili Zuria mokoan daramala bideari darraikio.

 

 

VII

 

Mirentxu'k ongi daki, bizitza yoran esigaitzez zerura yoan nai zaiola. Otz da, arnasa albetan egiten zaio ta biotza taupadaka dabilkio zerbait barnen ausi egitera bai'litzakion. Dana ixil-ixil dago; ba-dirudi aldia gelditu dala azkenengoz Gorbea'ko oorea betiko joan baiño lenago, naigabeturik ikustatzeko. Goizaldea asten da. Bere dizdir zurbilla nabaitzean, Mirentxu'k begiak idekitzen ditu. Erdiz zabaldutako leio-zear urrutiraiño barreiatzen diran mendi urdiñak, azken aldiz ikusi nai ditu. Bere baso eder, zelai orlegi, errekatxu abeslari ta oñazez beterik dirudien gaztañondo zaarrari agur egin nai die. Baiñan... nun egongo ote dan Txorrotxio urretxindor maitea? Baztertxu batera yoango al zan bakar-bakarrik bere tamal mingotza negar egiteko? Egun batzuk bai dira bere eresi zoragarriak entzuten ez dirala: orain ordea, bere abots maitagarria azkenengoz entzun nai izango luke txioka ta txintaka, batzutan leun eta samur, bestetan zorrotz eta sarkor. Gauza ederrak benetan esan oi zizkion eta berak, bai ederki ulertu zitzaizkiola! Onetzaz oroitzean, irriño bat Mirentxu'ren ezpaiñetatik edatzen da. Bai zoragarria izango zala urretxindorraren azken abestiak lagunduta, zeruratzea...

        Irrikitzen, leio-zear begira dago, baiñan gaztaiñondoa bakar agertzen zaio, ez da beren adar artetik besterik ikusten, geroago eta argiago egiten dan goizaldeko argia baizik. Baiñan... zer ote dan aize-zear egazka datorren orbantxu ua? Azken ekiñaldiz gaztaiñondora urbiltzen dan txori eritu bat bide, itxaropenezko txio batez bazter guztiak astintzen dituelarik. Mokoan eutsirik, Mirentxu'k beiñere amets egin ez zezaken lorerik ederrena darama. Txorrotxio urretxindorra da, ta sartzekoan, ba-dirudi eguzkiaren izpi batek Loreder'ko orma zaarrak laztantzen dituela, neguko otza aienatzen duen argi gozo bat edatzen.

        Mirentxu'k artzen du Lili Zuria eskuen artean; bere berdingabeko lurriña pozkiro arnasten du; lore-atalak goiznabar-argi añako biguiñak, illargiaren izpiak baizen argitsuak, eguzkiaren leengo printzak alako epelak, lilluraturik musukatzen ditu. Elurrez eta leiarrezko egiña dirudien azubilla, laztantzen du. Bere begiak berriz ere argitsuak dira, ezpaiñak gorriak, adatsa dizdiratsua, masaillak gorri-zuriak. Bere zaiñetatik odol epela ta berria dabilkio. Zein ederra dan ats egitea Elurrezko Lili Zuria'ren ondoan...!

        Mirentxu'k mendi urdiñetaruntz begiratzen ari dan bitartean, gozoki irripar egiten du, ta onela ikustean, Txorrotxio'k bere azken abestia edatzen dio. Beiñere ez zuen orain baizen ederki egin. Beren txioek basetxe zaarra zorionez astintzen bide dute; ugolde eresintsu bat etxetik-at zabaltzen dala, gaztaiñondo urtetsua laztantzen du, zerurantz igotzen da, oianeko adarrak iñarrosten ditu, gero beruntz edatzen dira azkenengo aldiz apar zuriaz estalitako errekatxuak besarkatzeko. Udaberria baitzen du. Urretxindorraren bularra maitasunez gaiñezka da.

        Txorrotxio'k eriotzaren ibillera ixiltsua bere ondoan nabaitzen du. Urretxindorraren bularra maitasunez gaiñezka dabilkio; azkenengo indarraldi ta zorionak ausitako biotza, gelditzen dioakio. Azkenean, bere abotsa mur-mur gozo-gozo samur batean biurtzen zaio ta begiak itxirik, ixiltzen da. Onela ikustean, Mirentxu'k maitasunez zotinka, eskuen artean artean du, biotz-ondoan eusten du, maitekiro musukatzen du... baiñan Txorrotxio iltzen ari da... Bitxiak baizen malko bi ederrak darizkio Gorbea'ko lore ederraren begietatik, eta malkoen txerak oartzean, urretxindorra itzarrik ez duen lo gozo batean murgiltzen da...

 

AMAIA

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.