Itz-Neurtuz
Xabierren jaiak Mendozan
Sabiaga
Ikusi gabe, iñolaz ere
Nik eziñ sartu gogoan
Alako jaia izango zanik
Andes mendien ondoan.
Egun ortatik Euskalerria
Zenbatek duten aotan!
Jai eder orren oroitz beroa
Gorde bear da golkoan.
Ikusi ditu, txalotu ere,
Pozez Mendoza uriak
Ikurriñaren ori-urdiña,
Gorria eta zuria
Bi gurutze ta ondo gorritan.
Adierazpen aundia
Gure abenda, gure mendiak,
Gure siniste guzia.
Xabierreko Pantzeska deunak,
Aurtengo bere jai ortan,
Arrotu ditu Cuyo aldeko
Euskotar oron biotzak.
Oro dantzari, oro kantari,
Ariñ zebiltzan gizonak.
Txistu-soñua entzunez gero,
Nork geldi euki zangoak?
«Denak bat!» otsa entzun dalarik
Mendoza uri aldean,
Euskotar onak bildu zaizkizu
Guziak talde batean.
Batasun ori bear genuke
Beti biotzen barnean,
Euskal-erriak iraun dezaigun
Beste errien artean.
Gure «bat» orrek urratzen ez du
Bestenganako zalea.
Eziñ ukatu bakarra dala
Gizon guzien astea.
Erri bakoitzak bidez maite du
Bidezko duen etxea.
Euskalerriak zergatik ez du
Maite izango berea?
San Juan'dikan etorri ziran
Ango euskotar zintzoak.
Txistulari ta dantzari gazte...
Guziak sortzez angoak
Oiu gozoka, besarkadaka
Elkarturikan biotzak,
Guziak ziran DENAK BAT'eko,
Emakume ta gizonak.
Zaar etxean asi zan jaia.
Aguretxoak lenengo!
Aientzat sari, txistu ta dantza...
Gazteagoak urrengo!
Argentinari zor diogu ta
Artu gaitula emengo,
Arentzat lore, txistu ta dantza...
Eskerrona ez etengo.
Santuen jaia eliza gabe
Nola liteke ospatu?
Jaungoikoari Meza eskeiñi,
Aren laguntza eskatu.
Izlari batek itz bero-beroz
Barrena zigun kezkatu
Euskaldun eta kristautasuna
Bear dirala elkartu.
Txistu-soñua, oiu ta zantzo,
Kalejiraka... berriro.
Guziak gazte, guziak alai,
Guziak jauzi pozkiro.
Ikuszaleak, arriturikan,
Galdezka dira biziro
Nungoak oek? Guk ez ikusi
Iñoiz olako jai-giro.
Bazkalordua, ordu aundia:
Bazkaltokia basoan.
Osiñ ederra, itxaso gisa,
Bertantxe gure alboan.
Bei zuri-beltzak, ikusgarritan,
Bagenituen ondoan...
An bildutako euskotaldeak
Euskalerria gogoan.
Bazkari gela aundia zala...
Bazkaldarrak, ots! geiago...
Irureun eta berrogeitamar...
Balitekela gorago.
Mai luze eta egokietan
Jaki-edaki oparo...
Euskal ozteak jan-edan baño
Kanta ta dantza naiago.
Antxe Azparne, Ernani, Bilbo,
Errezil, Busturi, Banka,
Azkoiti, Gazteiz, Gaztelu, Zarautz,
Oiartzun, Ataun, Mundaka,
Donostizarra, Unanu eta
Berastegikiñ Bergara.
An zan Iruña Oliterekiñ...
Baziran beste amaika.
Euskaldunkume, bertan sortuak
Pozaren pozez zebiltzen.
Aranbel, Zalba, Arzelus, Bidart,
Galarraga ta Erize.
Zapiain, Razkin, Salbarredi ta
Beste ainbeste abizen.
Nai izan arren, ez da aiñ errez
Guziak emen ipintzen.
Maira orduko, an genituen
Oiulari ta kantari...
Tartean berriz txistu-soñua...
Guziak, ara! dantzari.
Azken aldera, ala bear zan,
Maiburukoak izlari
«Eskerrik asko!», «Aurrera beti i»
Esan ziguten baikari
Prailleak ere bagenituen.
Ara!, bat bizarzuria.
Mezatakoan ez digu noski
Esan nai zuen guzia.
Barren berotik esan beroak,
Iduriz gezi goriak,
Aberriaren maitetasunaz
Sutu bearrik guziak.
«Euskaldunak, ots!, euskaldun beti!
Euskeraz egin dezagun!
Euskalerriko enda gerala
Ortantxe dugu ezagun!
Euskalerri bat besterik ez da
Indar aundiko batasun
Euskalerria galdu ez dedin
Gauden guziok euskaldun!»
«Eusko semeak eta alabak,
Zuen abizen ederra!
Agortuz gero iturbegia.
Urik ez dator etxera.
Euskalerria galzorian da.
Ai! aren etsai ankerrak!
Iturri ona legor ez dedin,
Guziok ari eustera!»
Biotzak larri, besarkada ta
Txalo beroak ugari.
Egi mardulen oroitzapenak
Eutsi bezaio suari.
Biotz beroak bat egiñikan,
Ekiñ ta ekiñ lanari,
Alik laixterren goratu dediñ
Oso-osorik Euskadi.
Txistularia deiezka dugu.
Zortzi dantzari lerroan...
Ikusle berrik jakin nai luke
Au ta bestea nola dan.
Azkenik, orra guzien dantza...
Asperraldia gau ontan...
Eta alaxe bukatu ziran
Xabierren jaiak Mendozan.
Argentinako Mendozan 1956/11/3. Euskeraren Eguna.
|