Itz Lauz
Aita Juan Antonio Ubillos, euskal idazlea
Iturria'tar Karmel
Ni artean mutil koxkorra nintzala, beñola bestetan bezela Gipuzkoako Diputazio osoa, bere tuntunero ta turutero ta guzti, Arantzazura joan zan. Ta jende aundikia Arantzazuko Elizan sartzen ari zala, turuteroak lengo Eliza zarraren koruan nere ondo-ondoan jarrita, ain gurea degun ta ain gogoko ta gozagarri zaigun euskal agur-kanta auxe, jo zuten soñu ozengarbiaz: «Agur Yaunak, Yaunak agur, agur t'erdi. Danak Yinkoak iñak gire, zuek eta bai gu ere. Agur Yaunak, agur; agur t'erdi, emen gire»... Nolako begi idikiez arriturik begiratu ote nien ordun nere ondoan turuta jotzen ari ziran koloredun jantzi arrigarriez jantzitako ta burua ille zuri-luzez beteriko gizon aiei! Euskal kanta eder ori nere izate osoaren barne-muiñetan sartu zutela esango nuke...
Ta gaur ere, Gipuzkoako Diputazio jauregi ederrean itzegin bear detaneko ontan, ni orduko mutil koxkorra praille ta apaiz eginda zuen aurrean azaldu bear naizeneko ontan, euskal kanta uraxe datorkit gogora. Ta zuei agur egitean, itz aietxek baño egokiagorik ez ditut arkitzen: «Agur Yaunak, Yaunak agur, agur t'erdi. Danak Yinkoak iñak gire, zuek eta bai gu ere. Agur Yaunak, agur; agur t'erdi, emen gire».
Egia esan, bildur pixka batekin natorkizue, espainaiz alako jendearen aurrean iñoiz aurkeztu. Baña nere lagun maite dedan ta Euskaltzain jator ta langile sutsu degun Aita Villasantek eraginda, ta nik merezi ez dedan zuen onginai utsari esker, emen naukazute zuekin itz-aspertu bat egiteko asmoz. Ezta nere itzaldia luze oietakoa izango. Astuna ta nekeza ez izaten ere saiatuko natzaizue. Dana dala, «ondo esanak artu ta gaizki esanak... barkatu». Ta besterik gabe, goazen mamira.
Aita Juan Antonio Ubillos, prantziskotarra, ta bere euskal liburutxoa artu det nere gaurko itzaldiaren gaitzat. Naiko ezaguna euskal idazleen artean, euskeraren klasikoetako bat degula esan genezake, naiz ta ain antzinakoa ez izanda ere. Baña aurrena bere bizitzaz zertxobait esan dezagun.
AITA UBILLOSEN BIZITZA
Tolosatik Donostirako bidean, Gipuzkoako alderdirik ederrenetako batean, agertzen zaigu Villabona erria. Ta erritik urre, muño txiki baten gañean euskal kabi polit antzo kokaturik, Amasa. Bertakoa degu Aita Ubillos.
Ez dugu erri onen sorburuaren zeaztasun aundirik. Oraindik asko eztala idatzi zigun Amasa erri ontaz «La Voz de España» egunerokoan erdal-idazle trebe degun Donostiar Joxe Marik. Antziña bi erri ziran Amasa ta Villabona, bata besteagandik bereziak, naiz ta Parroki bakarra izan aspalditik 1909' garren arteraño. 1.387'garren urtean Amasa Tolosarekin bat egin zan. Baita Villabona ere, ai danez. Noiztik ote du Villabonak izen ori? Eztakigu ziur. Gorosabel edestilariak dionez, amabosgarren mendearen azken-aldetik «villa» titulua omen zun. Baña besteen ustez Karlos bosgarrenak eman izan zion izen ori. Dana dala, ta len esan degunez, Tolosarekin bat eginda bizi izan ziran, Villabona 1536'garren urteraño; Amasa berriz 1615'eraño. Ta andik lau urtera. 1619'garren dagonillaren 18'an, biak bat egin zuten. Ta ordutik ona beti alkartuak eta erri bat egiñik bizi izan dira (1).
Erri ontan jaio zan. 1.707'garren urtean Ubillos aurtxoa. Ta bertako Parrokiko liburuetan irakurtzen danez, azaroaren 4'an bataiatua izan zan San Martiñen Eleizan (2). Euskaldunen antziñako oiturari jarraituaz, jaio bezin laister bataiatua izango zan noski, ta beraz azaroaren 2 edo 3'ean jaio zan. Bataiokoan Juan Antonio izenak jarri zizkioten ta oietxek izango dira beste bizitza guztian ibilliko ditun izen bakarrak, naiz ta praille sartzean askok izenak aldatu egiten bazituzten ere.
Bere gurasoak Ubillos'ko Migel ta Galatas'ko Maria Arano ziran; andoaindarra aita, Amasakoa ama. 1706'garren urteko agorraren 27'an alkartu ziran Ezkontzako Sakramentuaren bitartez (3). Etxe onekoak izaki, naiko jende baomen zuten ezkondu ziraneko artan bai Elizan, bai maian ere noski, euskaldun jatorrei dagokienez eliz-liburuak diotenez beintzat. Ubillosen osaba bat ere Amasan bertan ezkondu zan 1703'garren urtean.
Ikusten danez, gure Juan Antonio degu semeetan zarrena, gurasoak ezkondu ta amairu illabetera jaio bai-zan. Beste bi seme-alaba ere izan zituzten Ubillosen gurasoak: neska bata, Maria Magdalena, Juan Antonio baño iru urtez gazteagoa; mutilla txikiena. Juan Bautista, sei urtez geroago jaioa.
Sei urte t'erdi pasiak zituala artu zun Juan Antoniok Sendotzako Sakramentua bere anai-arrebakin batera, 1714'garreneko uztaren 9'an, Pedro de Aguado zeritzan Iruñako Obispo jaunaren eskutik. Iruñako Eliz-barrutikoa baizan ordun Amasa Gipuzkoa geiena bezela. Dakigunez, iru Eliz-barrutietan banatzen zan Gipuzkoa: Deba ibaiaren eskualdea Calahorra'koa zan, Oyarzun alderdia berriz Bayonakoa ta beste gañerakoa Oria ta Urola ibaien eskualdeak-eta Iruñakoa. Ta ordun orain bezela Obispo jaunak errietan zear ikustaldiak egiten zijoaztela ematen zuten erri bakoitzean Sendotzako Sakramentu santua (4).
Mutil koxkor egina degu gure Juan Antonio. Mutil pizkorra zetorren nolanai ere; argia ta bizia, geroagokoan agirian jarriko digunez. Euskal baserritar zintzoai dagokienez, etxean bertan ikasi zun Jainkoa ta Ama Birjiña maitatzen. Ordurako naiko zabaldua zegon Gipuzkoako errietan zear eta Euskelerri osoan eta Euskalerritik kanpo ere Arantzazuko Ama Birjiñarenganako maitasun eta jaiera. Bein baño geiagotan entzun izango zun, noski, bere baserrian Arantzazu izen goxoa. Bein baño geiagotan zuzenduko zizkion Arantzazuko Ama Birjiñari, bere guraso ta anai-arrebakin batera, bere ume-otoitz garbiak. Izan ere, orduntxe zegon gure Arantzazu bere edestiaren urrezko Aro ederrenean. Baserrian bertan ikasi zun, bere amaren magal goxoan, geroago itzez ta idatziz zabaltzen saiatuko zan kristau dotriña. Ta baserrian bertan ikasi zun, baita ere, txiki txikitatik, iya begiak eta aoa irikitzen ikasi zuneko bai, geroagokoan, Euskalerritik kanpora ibillita ere ain maite izango zun gure izkuntz paregabea: euskera! Ta euskeraz itzegin zun bere baserrian, euskeraz inguruko soro-zelaietan, euskeraz Villabonako kaleetan zear, euskeraz oraindik erdera sartu gabea bait-zegon bere erriko Eleizan ere. Ta euskeraz itzegin eta idatziko du geroagokoan ere.
Bestaldetik, mutil osasuntsua zetorren gure Juan Antonio. Baserrietan kaleetan baño areago azi oi diran sagar mardularen kolore gorrizko mutil sendo oietakoa. Amaika aldiz igo zitzun, trebe ta pizkor, Amasako aldapa-gaiñak. Amaika aldiz ibilli zan, korrika ta zilipurdika, bertako mendi-muñoetan zear. Naiz beiak zaintzen, naiz aitari lanean zertxobait laguntzen, bost eta areago pausu emanak ditu inguru aietan.
Zorionezko aurtaroa ura, benetan! Baña bat-batean jetxi da etxe artara aurreneko atsekabe samiña. 1716'garreneko mayatzaren 15'an, nekazarien Zaindari dan San Isidroren egunean izan ere, il zitzaion bere aita maitea. Bederatzi urte bete gabeak ditu Juan Antoniok.
Testamentua eginda il zan aita. Aldi artan asko omen ziran beren azken-naia notarioaren aurrean azaldu gabe beste mundura joaten ziranak, batez ere beartsu jende ta ez ain aberatsak baziran. Zazpitik batek-edo egiten omen zun testamentua. Ortik atera genezake etxe onekoa zala gure mutilla. Ta gañera, bereala egin zitzaizkion Ubillosen aitari Amasako Parrokian urtean egiten ziran «ondrak» zeritzaien iru elizkizunak. Ez omen zitzaien danai olakorik egiten. Nai ta naiez eroso ta ongi bizi zan euskal etxekoa izan bear, bada. Ama andik sei urte t'erdira il zitzaien. 1723'garreneko Abenduaren amalauan. Ordurako Juan Antonio Arantzazun zegon praille eginda. Gazterik gelditu zan, bada, umezurtz gure gaztea. Aita zortzi urte zituanean galdu zun; ama berriz amasei zitualarik, Arantzazun prantziskotar jantzia artu zun ezkeroztik urtebetera. Laister miazkatu zun, bada, munduan dan atsekaberik samiñenaren mingotsa.
Esan degunez, aitaren aldetik andoaindarra zan Ubillosen jatorria: ama berriz Amasa bertakoa Izan ere, bada Andoainen Ubillos izeneko baserria. Amasa-Villabonako Parrokiko eliz-liburuak irakurriaz Ubillos abizeneko gutxi arkitzen dira ta danak gure Juan Antonioren aideak ditugu. Andoainen berriz erruz arkitzen da aldi artan abizen ori. 1703'an ezkondu zan Amasen bertan Juan Antonioren osaba bat; bere aita baño iru urtez lenago beraz. 1740'garrenean ezkondu ziran, Amasan auek ere, Ubillos'ko Juan Antonio ta Galatas'ko Maria Joxepa, andoaindarra ura, Amasokoa berriz bestea. Auek ere, nai ta naiez, gure Juan Antonioren aideetakoak izan bear, lengusuak-edo, bata aitaren aldetik, bestea amarengandik bi osaben seme-alabak noski. Alkarren artean aideak zirala badakigu, beren ezkontzako agirian ezkontzeko eragozten zuan laugarren mallako aidetasuna kendu zitzaiela esaten bait-da (6).
1769'an ezkondu zan Ubillos'ko Migel Antonio Amasa'ko San Martiñen Elizan. Au gure Juan Antonioren illoba izan liteke, Juan Bautista bere anaiaren semea ziur. Baña ez gaitezen geiegi sartu aidetasunaren azkenik gabeko zulo sakon ortan. Auek dira Amasa'ko eliz-liburuetan arkitzen diran Ubillos bakarrak. Gerra'ko Juan Karlos jakintsuak «Ensayo de un Padrón Histórico de Guipúzcoa» bere liburuan 1749'garren urtean Villabonan bizi ziran iru Ubillosen izenak aipatzen ditu ta irurak anaiak omen ziran: Juan Antonio, Sebastian ta Frantzisko. Juan Antonio ori len esan degun Aita Ubillosen lengusua-edo baldin bada, irurak aren aideak izan bear noski (7). Garcia Carraffa anaiak diotenez (8), Ubillos izeneko iru etxe omen ziran antziña: Bizkaiko Muxikan Ugarte auzoan bat, Ordizian (Oraiko Villafranca'n), bestea ta Andoainen irugarrena. Dana dala, Andoainen abizen au naiko zabaldua zegoala badakigu. Ta Amasako Ubillos guzien sorlekua Andoainen zala ere bai (9).
Ta zer esan nai du Ubillos abizenak? Ze iturburu ote du? Ezta errex jakitea. Euskaldun danok gure abizenen sorkunak atera-zale porrokatuak omen gera ta ez naiz ni nerekaxa ortan sartuko, besteen esanak artuaz baizik. Ubillos izenaren aurreneko Ubi ori izen askotan arkitzen degu, Ubieche, Ubiria, Ubide, Ubieta, Ubidea, Ubilla, Ubillos, Ubineta, Ubitarte ta abar. Ta Mitxelena jaunak dionez, Ubi orrek Ibi'k bezela erderazko «vado» esan nai du. Ubilla, Ubillos ikertzean berriz ubil ikusten du ta ubil au ur-bil izan ezkero, erderazko «vórtice, torbellino, remolino» izango litzake, edo euskerazko zirimola, zurrunbilloa (10). Alako jakintsu ospetsuaren iritziari ezer gutxi dakigunok pozik gatxizkio. Zallago da azkenengo -os atzizkia zer dan adieraztea. Os ori oiz izan leikenik eztirudi, Mitxelenaren iritziz, naiz ta Garcia Carraffa anaiak bere liburuan Andoaingo etxeari Ubillotz deitzen badiote ere. «Patronímico» deritzaien oietakoa izan go ote? Ala izan leikela esan zidan filologi-gauzetan ain jakintsua degun gure Aita Omaetxebarriak. Izan ere, alako izen asko ditugu, berdiñak ezpadira ere, -os'en bearrean -oz bait-dute oiek. Adibidez. Mitxelenak dakarzkien artean, Bellacoz, Blascoz Lecenioz ta abar. Ezin bada gauza ziurrik esan.
Amaren aldetik Galatas abizena zuala esan degu. Oraindik ere antxe dago Amasako gañean zutik Galatas izeneko baserria. Ori izango da noski abizen onen sorlekua. Baña arrigarria! Bertakoek Galatas esan bearrean «Kalatras» omen diote. Nundik ote dator Galatas edo Kalatras ori? Emen ere kili-kolo ta oin-azpiak nun jarri ez jakiñik gabiltza. Eztakarte izen ori, ez Mitxelenak, ez Gerrak, ezta Garcia Carraffa anaiak ere. Aita Omaetxebarriak arabiar usaia susmatu dio Galatas orri. Ta antziña gaztelu-antzeko etxea zitekela dio. Baña nola deitzen diote Kalatras? Bestetan bestela, alderantziz, izan oi da: castellum-gaztelu, castania-gaztaiña ta abar. Emen berriz Galatas'tik Kalatras. Nola? Ez jakin ba.
UBILLOS PRANTZISKOTARRA
Orain dala gutxi «Euzko Gogoa» Guatemala'ko euskal aldizkari ederrean norbaitek zionez, apaiz ta prailleok Euskalerriko semerik onenak guretzako artzen omen ditugu. Ez nuke nik ori egi utsa danik esango, ez apaiz ta prailleei begira, ezta zuei begira ere. Ori esan zuna bera, naiko aundi ta jakintsu izan arren ere, eztegu elizgizon. Baña gure Aita Ubillosekin beintzat ori gertatu zala esan genezake, gero ikusiko degunez.
1722'garren urtean Arantzazun ikusten degu gure mutilla. Amabost urte ditu dagoneko. Ta sasoia iritxita, urte ortan artu zun Arantzazuko Amaren oñetan prantziskotarron jauntzi santua. Ta Nobiziadu urtea eginda, urrengo urtean, berak amasei zituala, eskeñi zitzaion Jainkoari iru erlijio-ziñitzak egiñaz, Arantzazuko liburu zarrok diotenez, zortzi gazteek artu zuten gure jantzia Ubillosekin batera ta aietako zazpi profesatu. Beraz aietako batek naiago izan zun mundura biurtzea. Zazpi oien artean Ubillos izendatzen dute Arantzazuko liburu zarrok, Amasa-Villabonakoa dala esanez (11).
Emendik aurrera ezer gutxi dakigu Ubillosen bizitzari buruz. Arantzazun bertan egingo zitun noski Apaiz izateko bear diran Latiña, Filosofia ta Teologi-ikaste-lanak. Len esan degunez, ordun zegon Arantzazu bere garairik ederrenean. Ta bertako edeslariak esaten digutenez, iya eun praille ba-omen ziran guzira ta oien artean irakasle jakintsurik ere bai.
Buru argikoa izaki noski ta, apaiz egin da gero, Alcala de Henares'ko Ikastetxe Nagusira bialdu zuten Aita Ubillos gaztea. Unibersidade ura naiko famatua zan aspalditxotik. Ta ordun ere, naiz ta Salamankakoak itzal aundia egin arren, etzan zearo itzal bere argia. Len eguzki dirdaitsua izan bazan, Salamankakoa etorri ezkeroztik, illargia edo beintzat eguzki txikiagoa izatera jetxi zan, orra. Zer ikasi ote zun bertan Aita Ubillosek? Bere geroko bizitzaldiari bagagozkio, Filosofia ta Teologia, bi biak ikasi zitzakean, Tolosan Teologi-Irakasle izan baitzan ta bestaldetik Filosofi-liburuak idatzi. Eztakigu, bada, ziur.
Dana dala, andik urte batzutara Tolosako prantziskotarren komentuan ikusten degu praille gazteai zientzi sakonak erakusten. Garai aietan, betik gora omen zijoazten gauzak erakuste orretan; esan nai det, Filosofi gaietatik asi ta urte batzuk igarota Teologia erakusten omen zuten. Aita Ubillosek ere alaxe egin zun, noski, gure liburu zarretan «Lector jubilado» deritzaion ohorezko tituluakin izendatua bait-dakusgu ta titulu ori irabazteko ala egin bear zuten. Bere Filosofi-liburuaren tituluan Tolosan Teologi-irakasle zala adierazten zaigu. Ta liburu ori, geroago esango degunez, 1755'garrenean argitara zan Donostian. Ordurako, bada, Filosofi-irakasle izana zan. Filosofi-liburu orren bigarren zatia 1758'garren urtean argitara zan Donostian bertan eta zati ortan ordurako «Lector jubilado» zala adierazten digu. Berrogei ta amar-edo urte zitula eman zioten, bada, ohorezko aipamen ori.
Orixek, «Euskal Esnalea» aldizkarian 1927'an argitara eman zun bere «Euskal Literaturaren atze edo edesti laburra»n Aita Ubillos Zarauzko Mixiolarien komentuan bizi zala edo dio. Oker dago ortan. Gure Aita Ubillos etzan Zarautzen bizi. Etzan euskeraren alde ainbeste ta ain ederki lan egin zuten Zarauzko gure prantziskotar Mixiolarien taldekoa izan. Tolosan eta Arantzazun bakarrik ikusten degu beti Ubillos. Beste iñun ez, ikusten ezpada.
Tolosako Aita Nagusia izan zala ere badakigu. Baita Kantauriko prantziskotar Probintzi guziko Aita Probintzialaren urrengo edo, guk diogunez, «Custodio» ere. Bestaldetik eta geroago noski, Arantzazun ikusten degu urte askotan zear, bertako Nagusiaren aolkulari edo, gure legeak diotenez, «Discreto» bezela. Beste aolkulari-en artean aurrena, gañera. Ala zanez, urtero-urtero jarri oi zun bere izena euskal gazteak Arantzazun praille egin, prantziskotar jantzia artu ta profesa egiten zuteneko agirietan (12). Letra argi ta ederra berea. Ala iraun zun Arantzazun emezortzi urte luzeetan. 1768'garrenetik 1786 urtera. Urte ontako Agorraren amalauan jarri zun azkeneko aldiz bere izena liburu ortan. Letra bera ere, argia izanik, xartu zitzaion ordurako. Irurogei ta emeretzi urte betetzear zitun orduntxe. Zartzaro bete-betean zegon. Naiko lan egin zun bere bizitzan zear eta atsedenean lasai egon zitekean. Orduntxe izan zuten, izan ere Gazteizko komentuan, Kantauri Probintziko Nagusiak iru urtetik iru urteaa izan oi degun Kapituloa edo Nagusi ta beste karguak izendatzea. Ta ezta iñolaz ere agiri gure Aita Ubillos izendatze orretan. Bear eta merezi zuan atseden-aldia eman zioten, noski.
Gizon jakintsuen jakituria adierazteko agerpiderik nabarmenenak aiek idatzitako liburuan omen dira. Oietan azaltzen omen dute argien beren adimenaren sakona. Aita Ubillosek beintzat bai. Gero aipatuko degun euskal liburua ez-ezik, beste iru liburu ere baditu idatzirik eta argitaraturik. Iru liburu esan, baño liburu bakarra obeto esana dago; liburu bakarra iru zatietan banatua. Ta Filosofigai sakonei buruzko liburua, gañera. Aurreneko zatia bere irakasle-lagun ta mondragoitar ospetsu zan Elejondo'tar Prantzisko Aitarekin batean idatzia. Beste biak bere-bereak. Donostian argitaratu ziran aurreneko bi zatiak Lorenzo José Riesgo y Montero deitzen zanaren moldiztegian. Gipuzkoa Probintziko ta Donosti uriko argitaldaria omen zan au. Aurreneko zatia 1755'an, bigarrena 1758'an. Irrugarrena berriz Gazteizen Tomás de Robles y Navarro'ren moldiztegian. Aurrenengo zatia «Philosophia rationalis» deritza ta bertan Logica ta «Summula»k zeritzaien gaiak azaltzen dira. Bigarrenean «Philosophia transnaturalis et naturalis» izenarekin Metafisicaz ta Fisicas diardu. Ta irugarrenak ere, oso-osorik, Fisika-gaia erabiltzen du (13). Badakigu aldi artako Fisikan oraingo zientzi asko sartzen zirala: Astronomia, Mecanica, Kimika, Mineralogia, Osakuntza, Geografia, Botanica, Zoologia ta Antropologia. Auek dituzu Aita Ubillosek bere Fisikan sartzen ditun gaiak. Arrigarria, noski! Ta guzi oietaz itzegin bear, ez ikasle ezjakiñari dagokion eran, Maixu jakintsu bati dagokionez baizik. Klase guzietako jakinduri sakona izan bear, bada, nai ta naiez, alako gauzak idatzi zitunak. Etzan gure Ubillos nolanaiko gizona, iakintsu aundi oietako baizik; gai sakonetan zearo murgildua, Filosofiari buruz iru liburu lodi idatzi zituna, Teologia urte asko tan erakutsi zuna ta beste zientzi guzietan, ikusi degunez, beste askok baño geitxo zekiana. Euskal jakintsuei buruz amaika aldiz itzegin eta idatzi da. Nik gogoan detanez, «Euskal Esnalela'k» eratutako aspaldiko euskal itzaldietan Donostian bertan izan oi ziran «Salón Novedades» deritzaionean, oker ezpanago bazan bat gai ontaz egiña. Aspaldi irakurri nun eta ez det ordutik ona berriz irakurtzerik izan. Itzaldi artan, bada, amaika euskal jakintsu azaltzen ziran: Azpilkueta dala, Carranza dala, Huarte dala ta abar. Ta oien artean etzan agiri gure Aita Ubillos. Ez al du, bada, merezi iru Filosofi liburu idatzi ditun gizonak jakintsuen artean sartua izatea? Aita Alzo kaputxinoak ere badu «Filosofia vasca» deritzaion liburu txiki bat, «Euskaltzalelak» argitara emana. Ez det liburu ori ikusi al izan eta eztakit bertan gure Aita Ubillos euskal filosofoen artean sartzen ote dun.
Eskotoren erakusaldien araura egiña dago Ubillosen Filosofi liburua; berak tituluan dionez: «ad mentem Venerabilis Subtilis et Mariani Doctoris Scoti». Izan ere, beti izan degu prantziskotarrok Eskoto gure ikasteen argi, izar ta gidari. Ta ez uste izan Ubillosen liburua gure komentuetako liburutegien zokondoetan eskutatua geratu zanik. Bai zera! Gure Probintziko ikasle gazteen liburua izan zan urte askotan eta beraz bere orrialdeen jakinduri-iturritik edan eta xurgatu zuten gure gazteek Filosofia.
Liburu ori ongi aztertu duan baten esanari bagagozkio, Aita Ubillosek, Eskotori jarraitzen badio ere, eztitu baztertu ta gutxiesten beste antziñako filosofuak, batez ere Aristoteles'en Filosofia errotik ezagutzen zuala eta askotan onartzen zuala ikusten da (14). Eta ortarako, ez gutxitan, Platon'en eta Bonabentura deunaren esanak alde batera uzten ditu.
Ona Ubillosen jakinduriari buruz orrek berak diona. Luzetxoa bada ere, erderaz, dagon bezela, jarriko dizuet: «Por lo demás, es asombrosa la erudición científica que despliega Ubillos. Diserta con la misma agilidad mental de la esencia de las estrellas y planetas y de su movimiento, influjo y eclipses, como de la esencia de la luz, de la generación de los vivientes y de su nutrición, del número, esencia y propiedades de los elementos, de los meteoros ígneos, aéreos y acuosos del origen y figura del mundo, de las fuentes y de los ríos, de la mar, de los terremotos, de las fuerzas magnética y eléctrica, de la división de los vegetales, de las propiedades de algunas plantas en particular, como del Ruibarbo y del Aloe, de efectos purgativos, de la Jalapa; útil contra la hidropesía, del Gujaco, sudorífero excelente, de los Clavillos y de la Canela, condimentos exquisitos, de la Quinquina, de propiedades antifébricas, del Bálsano, Terebintina, Banzuino, Cámfora, eficaces contra las heridas, los cálculos, el asma y la histeria femenina respectivamente, del Tabaco que libra del asma, de la tos, de los catarros y de otras peligrosas afecciones, alivia el dolor de muelas y la soledad, engaña la escasez del bolsillo y adormeciendo los nervios, silencia los ladridos estomacales y cicatriza, además, las úlceras y demás afecciones externas; del Chocolate... del Café... etc» (15) Badute erretzalle porrokatuak beren oituraren aldeko jakintsu bat, al danez. Biriketako «cáncer» dakarrela esaten duten aldi auetan, ez damakigu poz gutxi «asma», katarruak eta beste eritasun ez gutxi sendatzen ditula jakiteak. Badute tabakoaren aldekoak beren esanak nun errotu. Tabako-orriari buruz alako aipamenak jaulkitzen dituanean, ez al zan Ubillos bera ere erretzalle oietakoa, gero, izango?...
Aita Ubillos emezortzigarren mende-bete-betean bizi izan zan. Badegu aldi artako beste euskaldun jator-ospetsu bat ere Aita Manuel Larramendi, alegia. 1690'garren urtean jaio bazan ere, emezortzigarren mendeko gizona degu oso-osorik. Ubillos ta Larramendi alkar ezagutu ote zuen? Amazazpi urtez zarragoa zan Larramendi. Ta Ubillos baño amairu urte lenago il zan. Bata andoaindarra ta bestea Amasakoa izaki, bazuten noski alkar ezagutzeko eta alkarren artean artu-emanak izateko naiko erreztasun. Biak ziran gañera jakintsuak, biak Filosofi ta Teologi irakasle; bata Aita Larramendi Balladolid'en eta gero Salamankako Ikastetxe nagusian, bestea gure artean. Eta badakigu jakintsuak izanik, errezago alkartu zitezkela. Ubillos Alcala de Henare'en bere ikasteak egiten ari zan bitartean. Larramendi Balladolid'en edo bear bada Salamankan egongo zan erakusten, gazterik izendatu bai zuten Maixu. Ez al zuten alkar ezagutuko? Ez det ontaz ezertxo ere arkitu al izan. Bi milla esker eta bost emango nizkioke ortaz argitasun zerbaitxo emango litzaidakenari.
Noiz il zan Aita Ubillos? Estakigu ziur. Aita Maiz zarauztarrak, eskuz idatzitako bere edestian, 1789 garren urteko epaillaldean il zala dio, Prantziko Matxinada urtean, alegia. Ta gu ortan gaude. Badegu Arantzazun «Libro de Enterramientos» izeneko liburu zar bat, eskuz idatzia. Arantzazun ildako praille guzien izenak dakarzki, nun eortziak izan diran eta guzi. Ta ain zuzen ere, tamalez, 1787'tik 1791'ra bitarteko ta oietan Ubillos il zaneko urtea noski amar-edo praileen izenak utsik daude; liburu ori idatzi zunak ezin irakurri izan bait-zitun izen oiek. Oien artean izango zan ziur gure Aita Ubillosen izena. Larogei ta bat urte beteak izango zitun il zanean. Naiko urte noski bere bizitzaren azken arnasa Jainkoari eskeintzeko, ainbeste lan egin zun praille zarrak. Nun il zan? Arantxazun noski. Alaxe dio Aita Maiz orrek. Len esan degunez, 1786'garren urtean Gazteizen izan zan Kapituluan etzioten kargurik eman, atseden-aldia eskeñi zioten. Ta eztirudi bere bizitzako azken urte oietan, iya larogei urte zituanean, beste komentuen batera bialduko zutenik. Arantzazu izan zan bada ta bertako kanposantua Ubillosen gorputz-ezurrak artuko zitun lur bedeinkatua. Arantzazuko Ama Birjiña maite-maite degunok, esker berezi-berezi bat derizkiogu bertan il ta eortzia izateari. Alaxe izango zan noski Ubillosen aldi aietan ere.
UBILLOS, EUSKAL IDAZLEA
Baña guk Aita Ubillos askozaz maiteago degu, bere bizitzako beste gauza guztien gañetik, euskal liburu bat idatzi zualako. Onatx Lardizabal'ek bere «Testamentu zar eta berriko Condaira»n diona: «Eguia da, Aita Fray Juan Antonio Ubillos-ec Apaiz Fleuri-ren escu-liburucho bat, cembat guertacari dacarzquiena, eman cizuela, euscarara ederqui itzulia; baña nai litzaquean baño laburragoa da» (16).
Ubillosek, bada, Fleury'ren «Catéchisme Historique» deritzaion liburua eman zigun euskeraz. Ez osoa alare. Fleury Apaizak bi dotriña ditu: «Petit Catéchisme» eta «Grand Catéchisme» deritzaienak. Ura azkenengo onen laburpena besterik ezta. Ta ura, dotriña txikia, jarri zun Aita Ubillosek euskeraz.
Zer da Fleury'ren «Catéchisme Historique» au? Kristau dotriña bat, bi zatitan banatua. Aurrenengo zatian Edesti deuna ematen zaigu, munduaren asieratik asita Eliza Katolikoa zabaltzen asi zan arteraño, alegia. Erderaz «Historia Sagrada» esaten dioguna besterik ezta bada. Bigarrena da, batez ere, guk «Kristau dotriña» deritzaioguna, sinistu bear deguna, esan bear ditugun otoitzak, bete bear ditugun aginduak eta artu bear ditugun Sakramentuak azaltzen zaizkigularik. Itz gutxitan esan, kristau dotriña guk ezagutzen degun modura emana, lau zatitan banatua. Tituluan bertan ematen zaigu liburuaren muiña «Catéchisme Historique». Ezta, bada, guk ezagutzen ditugun oietako kristau dotriña utsa, Edesti deuna ere bada aldi berean. Orregatik deitzen zaio «historique», au da, Ubillosek euskeratzen duanez, «Kristau doktriñ berri-ekarlea». Ogei ta amar atalburu ditu aurrenengo zatiak, ogei ta bederatzi bigarrenak.
Fleury'ren liburu au naiko zabaldu ta edatua izan zan emezortzigarren mendean, ai danez. Arantzazun bertan baditugu liburu onen amarren bat argitaldi: euskeraz ta erderaz gazteleraz ta prantsesez, alegia. Ta iya danak mende ortakoak dituzute. Jendeak gogoz irakurtzen zun liburua, izan ere.
Aita Ubillosek noski, bere zeregin aundien artean, atalka ta pitinga, txollarteetan, gaur artu ta biar utzi, beste lanak ematen zizkioten utsuneetan, egingo zun Fleury-ren liburu onen euskeratzea. Ezta bestalde euskeratze utsa, ezta itzulpen zeatz oitakoa; etzun itzez-itz euskerara aldatu. «Tradutore traditore» esanaren arriskutik onelaxe iges egin zun; Fleury'ren eta gure Ubillosen liburuak bata bestearekin bekaldetuta, auxe ikusten da: Ubilosek batzutan laburtu bestetan geitu egiten du besteak dakarrena. Euskaldun irakurleentzat egin zun itzulpena ta aiei, berak ala uste-ta, zegokienean-edo au kendu ta beste ori sartu egiten zun. Ala, adibidez, aurrenengo zatiaren lenengo atalburuan edo irakurtzan: mundua Jainkoak ezerezetik sortu zuala esanda, munduko izaki bakoitza zein egunetan sortu zuan esaten du Fleury Apaizak Liburu Santuen araura; Ubillosek eztakar ori. Geroxeago berriz mundua Jainkoaren gloriarako sortua dala esaten duanean, gloria ori zertan datzan esaten du Ubillosek; Fleury'ren liburuan ezta olakorik ageri (17). Ta ala bestetan ere. Ezta, bada, itzulpen utsa, euskerara au ta ori gutxitu edo geituaz aldatzea baizik.
Iru argitaldi izan ditu Ubillosen kristau dotriñak. Aurrenengoa Tolosan 1785'garren urtean, Francisco de la Lama'ren etxean (18). Bigarrena Bilbon Azkue zanak egiña, 1897'garren urtean (19). Ta irugarrena Tolosan, 1909'garren urtean (20). Iru argitaldi mende terdi buruan. Ez gutxi euskal liburu batentzat. Amaikatxo euskaldun irakurleek irakurri izan dute ta bertan kristau dotriña ikasi.
Vinson euskalzale langilleak bere «Essay d'une Bibliographie de la langue basque» liburuan aipatzen du Ubillosen dotriñaren aurrenengo argitaldia (21). Besterik ez. Baña argitaldi orren zeaztasunak ematean, utsegite txiki bat jartzen du: ogei ta bederatzi atalburu dituala esaten digu. Ta len esan dedanez, ogei ta bederatzi ditu, baña bigarren zatian bakarrik, aurrenengoan beste ogei ta amar atalburu edo irakurtza bait-ditu. Etzun Vinson jaunak, ai danez, liburua azalez baizik aztertu; etzun zearo irakurri noski, ta arrigarriago dana: emen bertan Diputazioko liburutegian izan nauzute egun batzutan Ubillosen liburua aztertzen, ementxe baitdago Ubillos beraren eskuz liburua idatzita ta Urkixo Jaun argiak berak zekian ajola ta maitasun ederrez gordea. Ta Vinson'en liburua, Arozena jaunari esker, pixkat aztertzen nengola, auxe ikasi nun: liburua Urkixo jaunaren oargarriz betea arkitzen da. Ta Vinson'ek Ubillosi buruz itzegiten duanean, bertan ematen du Urkixo jaunak liburuak izan ditun beste argitaldien berri. Baña, liburuen zeaztasun txikienak ere oartzen mutilla zan Urkixo aundi ura, ezta oartzen len esan detan Vinson'en utsegite ortaz.
Ta nolako euskera du gure Ubillos Aitak? Asieran esan det euskeraren klasikoen artean sartu genezakela Ubillos Aita. Tamalez euskaldunok eztegu gure klasikoen billa, beste ikuntzetakoak bezela aspaldi-aspaldiko aldietara joaterik. Ubillos ezta idazle garai oietakoa. Ezta Axular baten edo Etcheberry baten diña. Baño alare idazle ona da, Gipuzkoako izkelgian ditugun aldi artako idazleen artean onenetakoa. Ubillosen euskera erri-izkeran sendo tinkatua dago. Erri-izkera du zimendu ta oiñarri antzo. Baña badaki emendik eta andik bear dana edo bear duna artzen ere. Eta alaxe, nola-alako Gipuzkera osotuan idatzi zula esan genezake. Bai bait-daki bizkaieratik, baita naparrena ta lapurdiera ta beste Bidasoaz arunzko euskalkietatik zerbait artzen ere. Ez noski Azkue zanak-eta, eta oraingo beste askok nai duten Gipuzkera osotuaren parekoa, baña bai olako zerbait. Jakitez ta zer zegikeana oartuz egin ote zun ori, ala oartzeke? Ordun etziran auzi auek orain bezela erabiltzen. Baño berak ala naita egingo zuala ziur nago. Dana dala, gipuzkeraz gañera beste euskalkiak ere ezagun zituala argi dager. Orduko euskal libururik geienak lapurtarrez idatziak zeudela-ta jo zun bear bada ara.
Ubillosen euskera zertxobait aztertuaz, goazen aurrena berak erabiltzen dun euskal aditzera. Ta leen-leen au esango dizuet: Ubillos Aitak ogei ta lau aditz erabiltzen ditu «sintetiko» deritzaiogun erara. Ona emen danak: jakin, erakutsi, erabilli, egoki, ikusi, irudi, iritzi, euki, jardun, jarraitu, etorri, ibilli, ion, eraman, esan, egon, joan, ekarri, egin, iraun, jardun, edan, etzan, egotzi. Eundaka onelako aditz-jokera zenbatuak eta aipatuak ditut nere paperetan. Ta ez danak errezak, batzuk oargarriak ere bai. Adibidez bizpairu emen jarriko ditut, guziak eziñean: «Becatuari darraizcan calte ta neque gucien azpian» (9 orrialdean), «Gizon santuai ere Patriarcac derizte» (guk «deritzaie» esaten deguna) (19 orr.), «Idoloai cerraiztela» (jarraitzen zietela) (37 orr.), «Itzari cerraicala» (itzari jarraitzen ziola, itza betetzen zula) (25 orr.). Ta abar.
Gañerako aditzari gagozkiola ere, berezitasun batzuk baditu. Nik eztet Amasako euskera errotik ezagun, baño Aita Ubillosek askotan ango izkera izango duala uste det. Gure «dizkien, zizkien» ordez «dizten, zizten» erabiltzen ditu. Azkoiti aldean ere ala esaten omen dute. «Zaigu, Zitzaigun» ordez oraindik ere erri askotan esaten diran «zacu, citzacun». Ta abar. Onelako asko ere aipatu ta gordeak ditut nere paperetan.
Azkue zanak ondo ezagutzen zun Ubillosen liburua. Ain zuzen ere, berak moldatu zun liburuaren bigarren argitaldia. Azkue aundiaren Iztegi ederra azterturik, Ubillosen liburu ontaz ondo baliatu zala ikusten da. Beste idazleen liburuetatik artutako itzak dakarzkianean, eztu Ubillosen esaerarik jartzen. Baña baditu, nik dakidanez, Ubillosen liburutik artutako amar itz. Auetxek dituzute: ones-damua, izu-damua (gure maite-damu ta bildur-damuak esateko), afari-usia (erderazko «colacion» adierazteko), narrio edo mantxa, aterontzean, utsiki, peco edo esklabo, cenzatu, ateleka ta umedi. Baña arrigarriena onoko auxe da: Azkueren Iztegian agertzen ez diran itz batzuk, ez gutxi, arkitu ditut Ubillosen liburuan. Ona emen danak: Jakiundea («Verboa edo Hitza ta Jaquiundia» dio Jainkoaren bigarren Persona adierazi bear duan batean), araututsa edo barbarismoa, itzuena edo solecismoa, lege ecarraizcoa («lege naturala» adierazteko), ce-aguiak eta ce-aguigurtea («idoloak» eta «idolo-gurtza» esateko), aintzura edo imagiña, idurintza, tallu, gizantz, zenbatezkoa, itzmena, afaltegi, obi-zaia, testiguanza, Ipiztiku, jarraio gaizto, larririki, buru-berak edo buru-beratzeak gaiztakia (gure «gaiztakeria»), maitanza edo karidadea, Irutasun (arrigarria Azkuek itz au ez ekartzea, euskal idazleak maiz erabiltzen dutelarik), atsedete, diñatasun, sinisle, escumicatuac, venzutu, venzulari, Garbitoki, Garbitegi, ikastegi, guziala, berjera, erregiñatu, tentaldi, tentamendu, agindeak, kutiziatu, atsegindu, aserretasuna, maiatu, prestanza, ganzuera, elizge edo legoak, ta makurrera. Azkueren Iztegian agiri eztiran itz auek danak Ubillos Aitak asmatuak ote dira? Ez noski. Adibidez, Ubillos Aitak Obispo jaunei batzutan Ipiztiku deitzen die. Nundik ote dator itz ori? Nik eztakit. Baño Ubillos Aita etzan itz ori asmatzen jarriko noski (22).
Esaera berezi asko ere baditu. Zazpi kuartilla bete ditut oiek aipatuaz. Ezin danak emen jarri, luze ta aspergarri egingo nintzake-ta. Ona emen bat edo beste: «Bai humeetara, humeen humeetara, oraindaño jaio diran ta munduaren azqueneraño jaio-quizun dauden hume gucietara» dio jatorrizko pekatuaz itzegitean 12 garren orrialdean. Zein poliki dagon jaiokizun ori! «Guziz urricalquizun eta on-behar guelditu zan guizona» pekatua egin ezkeroztik (11 orr.). Ta abar.
Erderaz «conjunción» deitzen diegun gramatikakietara etorriaz, bi arkitu ditut aipagarrien: Antonio Arrue jaun argiak Juan Bautista Agirreren liburuetan arkituta ainbat eta ain ederki aipatzen duan alabaña. Ubillos Aitak amabi bider erabiltzen du. Eta nere ustez Arrue jaunak esaten zun bi esanai berezietan: batzutan geienetan empero esan nai du, bestetan puesto que. Ta bigarrena aitzitik degu. Iru bider bakarrik erabiltzen du Ubillos Aitak aitzitik, baña bai ederki ta poliki.
Gizona bere aldikoa dala askotan entzun izan degu ta entzungo ere bai. Gu ogeigarren mendekoak eta Aita Ubillos emezortzigarren mendekoa. Ta ala izanik, mendetar jatorrak izanik, mendeko ondasunak eta gaitzak askotan gurekin izan bear. Ori gertatu zitzaion Aita Ubillosi erderakada batzuk bere liburuan sartzean. Aldi artako edozein euskal idazleengan arkituko ditugu olakoak. Aita Ubillosek geiena erabiltzen dun erderakada guretzat, ain itxusia dan ceren degu. Orrelako berrogei ta emeretzi arkitu dizkiot. Baita beste erderakada batzuk ere: ala nola, zenbat anbat zergatik erantzukizun danean eta abar.
Dana dala, «quoandoque bonus dormitat Homerus» esan bear emen ere ta itz gutxitan esanda, Aita Ubillosek euskera ederra duala esan bear. Ez da itzjario aundikoa. Baño ala ere oso atsegin zaio itz berdiñak edo sinonimoak bata bestearen atzetik jartzea. Adibidez: ecuscari, mirari edo milagro; testamentu, batze ta akar-artzearren siñu-señale ta adirazgarria. Ta abar. Alakorik eztigu uzten gaurko gure entzumenaren goxotasunak. Gaurko estiloak, beste gauza guztiak bezela, bizia izan bear du, «atomika» aro ontan bear dan bizitasunaz, azkortasunaz ornitua izan bear du. Ta sinonimo oiek bata bestearen atzetik jartzeak, ugaritasuna adierazten badu ere, astuna biurtzen du euskera. Ontan ere bere garaiaren semea gure Ubillos Aita.
Bere estiloaren agerbiderik izan dezazuten, bere liburuko zatitxo bat irakurriko dizuet ondoren. Oartu, teologu jakintsu bati dagokionez, nolako itz-zeaztasunez edo erderaz diogun «precisión de términos» adierazten duan Irutasun santuaren misterioa.
II. IRAKURTZA. TRINIDADEA, EDO IRUTASUN SANTUA.
«Credoa, edo Christau-siñalea da sinisten det Aita jainco... (lenago fol. 105. ezarria dagoan bezala). Sinisten degu ba-dala Jainco eguiazco bacar bat, gauza gucien iaun Soberano ecin gueiagoa, dan gucia eguin duana, gucia zaitzen duana, gucia gobernatzen duana, guciz ona, ta Sanctua, nai duan gucia daguiqueeana, beti zana, gaur dana, eta beti irauteco dagoana. Da bere Criatura gucien Aita, bada berac eguiñac dira guciac, ta irauten duen artean, diraue, ceren Aita onac bezala dauzcan bere escuz. Baña gauzari dagocan bezala hitz eguiten degula, da bacarric bere seme bacarraren Aita.
Seme hau da, Aitac bere barrumbean, Criatura guciac baño, lenago sortu zuan Verboa, edo Hitza, ta Jaquiundea; eta onen bitartez Aitac eguin zuan, eguin-dan, gucia. Berdin-berdiña da Aitarequin Semea. Aitac ezagutzendu bere burua, ezagutu ditequean adiña, ta duan ezagun-garri-tasunari dagocan bezala, onesten, ta amatzen du bere Semea, onec ere bai bere Aita: eta bien akarrequico amore onen bitartez dator Aitagandic, ta Semeagandic, batarequin, ta bestearequin berdin dan, Espiritu Santua. Onela Jaincoagan dira Aita bat, Seme bat, eta Espiritu Santu bat. Iru oetatic bata iñola ez da bestea; ta iru oetatic bacoitza, beste biac bezala, da Jaincoa; ceren Aita-tasuna, Semeta-suna (sic), ta Espiritu-Santu-tasuna gauza bana, edo berecia izanagatic; Jaincotasun bat baicic ez da Irutasun, edo Trinidade hau gucia. Eta ecin izanditeque Jainco bacar bat baicic; bada bi balira, ecin luque batac, besteac duana, ta ez lizaque Jaincoa, dan bezala, oso-bete Soberano ecin goragocoa, ecin gueiagoa, ecin ederragoa, ecin obeagoa, utsic ta gaberic ez duana.»
Ta bukatzera noa. Esan degunez, etzan nolanaiko gizona gure Ubillos Aita, jakintsua, ikaste sakonetan murgildua baizik. Baña guk maiteago degu euskeraz liburu txiki au eman zigulako.
Bere bizitzan nik ikusten detan ikasbiderik ederrena auxe degu: ain jakintsua ta gorengo gizona izanik, etzala lotsatu erri xearentzat kristau dotriña idazten. Filosofi ta Teologi gaietan zearo sartua egonik, erri arruntari gure Erlijioko gauzarik sakonenak izkera errikoian ematera makurtzea. Makurtu esan det eta gaizki esana da; ezpaida guretzat euskeraz erri xeari liburu bat eskeintzea goitik bera jeixtea, burutik oñetara makurtzea, gauzarik ederrena to gorengoena egitea baño. Ala egin zun Ubillos Aitak. Euskalerriak izan dituan jakintsu aundi guztiak beste orrenbeste egin balute, beste egoera gaur gure euskera maitearena. Ta au esatean, edozein gaietan jakintsu diran gizonetan pentsatzen det. Zuengan ere bai, naiz apaizak; naiz praille teologuak, legegizonak, osalariak, naiz beste edozein zientzi-gaietara emanak. Eskeñi dezaiogun zeozer gure euskera maiteari!
Irakurlerik eztala esango didazute. Alaxe zion orain dala gutxi Orixe aundi Maixuen Maixuak «Egan» aldizkarian agertutako «interviev»-ean. Eta egunotan irakurtzen ari izan naizan Zaitegi'ren «Bidalien Egiñak» liburuari egin dion itzaurre ederrean ere beste orrenbeste dio, bizpairu aldiz bere irureun da berrogei ta amartxo irakurleei zuzentzen zaienean. Irakurlerik eztala? Ezta egia. Nik auxe bakarrik esango dizuet: Badakizute orain lau urte euskal liburu berri bat argitara zala, Goretti'ren bizitza, alegia, gure Aita Sorarrain'ek idatzia. Jakin bada: liburu orren bi milla ta bosteun aleak urtebete ta bizpairu illabeteen buruan saldu ziran. Egia, orduntxe jasoa izan zala Goretti martiria aldereetara. Egia da orduntxe ikusi gendula gure errietan bere zinema ederra. Baña ezta naikoa ori liburu orrek gure errian izan zuan arrera ona adierazteko. Ordutik ona liburu orren eske ta eske ari zaigu jendea. Bost milla ale atera bagenitu, bost milla oiek onezkero salduak genituke. Erriak berari atsegin zaion zeozer ematen zaionean, irakurri egiten du. Aor koxka! Erriari atsegin zaiona eman. Baña e'noa ontaz itzegitera, geiegi luzatuko bait-nintzake. Besterik ez ta milla esker zuen nereganako arrera onari.
Oarra. Itzaldi au, argitara emateko ez baña, entzuleen aurrean irakurtzeko egiña da. Orain, aldizkari eder onen Zuzendariari esker, argitaratzeko nagoneko ontan, ezbai egon naiz alditxo batean, lana zearo edo zertxobait beintzat aldatzea egokiena ez ote danentz-edo. Ta askenez, dan bezela, lendik zegoanez ematea otu zait. Dijoala! Ta ez arritu entzuleen artean banengoke bezela itzegiten badet. Alaxe izan, ain zuzen ere. Itzaldi au Donostian eman zan, Diputazioko aretoan, 1955'garren urteko jorraillaren 27'an. Bertako illeroko itzaldietan emeretzigarrena nere au.
(1) Ikus «Geografía general del País Vasco-Navarro, Provincia de Guipúzcoa», por Serapio de Múgica, pp. 986-987. Bertatik artu ditut Amasa-Villabonari buruz emen ematen ditudan berri exkaxak.
(2) Libro de bautizados y confirmados de la Parroquial de San Martín de Amasa-Villabona, libro 2, folio 97. Liburu au 1654 urtean asten da ta 1723'garren urteraño dakarzki bertan bataiatu ta konfirmatu izandakoen agiria.
(3) Libro de casados, libra 2, folio 29. Parroquia de Amasa-Villabona.
(4) Libro de bautizados y confirmados, libro 2.
(5) Libro de Defunctiones, Parroquia de Amasa-Villabona, libro 2, folio 18.
(6) Libro de Casados, Parroquia de Amasa-Villabona, libro 3, folio 11,
(7) Juan Carlos de Guerra, Ensayo de un Padrón Histórico de Guipúzcoa, según el orden de sus familias pobladoras, San Sebastián 1929 561 orrialdean.
(8) A. y A. García Carraffa, El solar vasco-navarro, Madrid 1947, 2a ed., tomo VI, 139 orrialdean.
(9) Aita Ubillosen bizitzari buruz emen ematen ditudan zeaztasunik geienak, danak ezpadira, nere lagun eta praillekide maite dedan Aita Lasa'tar Jose Iñaziori zor dizkiot. Bijoakio nere eskerronik beroena eskeñi ta eman didan laguntza baliosuagatik.
(10) Luis Michelena, Apellidos vascos, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País, San Sebastián 1953, 96 ta 103 orr., 512 ta 571 zenbakietan.
(11) Libro Recepciones, Profesiones, Defunciones, años 1753-1833. Archivo de Aránzazu, sec. XXXV.
(12) Libro Recepciones, Profesiones, Defunciones, años 1753-1833; Archivo de Aránzazu, sec. XXXV. Oraintxe esango ditudan emezortzi urte oietan erruz ikusten da liburu orretan Aita Ubillosen firma.
(13) Philosophia rationalis alm. Provinciae Cantabriae, regularis observantiae Seraph. P. N. Francisci jussu edita et ad mentem Venerabilis Sublilis et Mariani Doctoris Scoti, pro studiosa juventute accomodata authoribus R. P. Fr. Francisco de Elejondo olim in Hispalensi Collegio Doct. Seraph. D. Bonaventurae alumno, Lect. jubilato, Ex-deffinitore Provinciae, et in Sacello Deiparae Dominae, et Inclitae Patronae nostrae de Aranzazu nunc secundo Guardiano, elP. Fr. Joanne Antonio de Ubillos, quondam in Majori SS. Apostolorum Petri el Pauli Complutensi Musaeo Collega, et in Couventu S. P. N. Francisci de Tolosa Sacrae Theologiae Lectore Primo. Tomus primus Summulas et Logicam exponens. Sancti Sebastiani: Ex Officina Laurentii Josephi Riesgo et Montero, Typographi Provinciae Guipuzcuae et ejusdem civitatis. Anno MDCCLV. 509 orrialde ditu.
Philosophia transnaturalis et naturalis alm. Provinciae Cantabriae... authore P. Fr. Joanne Antonio de Ubillos, quondam in Majori..., jam vero Lectore Jubilato Tomus secundus Metaphisicam et Generalem Physicam complectens Sancti Sebastiani: ... Anno MDCCLVIII. 718 orrialde ditu.
Philosophia naturalis, Pars secunda Phisicae seu Phisica particularis quae de corporibus inanimatis disserit el pars tertia physicae quae de corporibus animaiis agit alm... authore P. Fr. J. A. Ubillos... Tomus tertius secundam et tertiam physicae partem continens. Victoriae: Ex Officina Thomae de Robles et Navarro Typographi Prov. de Alava. 536 orr.
(14) Fr. Félix Alluntis, De la Filosofia del P. J. A. Ubillos, Ensayo, año VI, Sept. Die. 1935, 158-165 orr.
(15) Fr. Félix Alluntis, Ibid., 162 orrialdean.
(16) Lardizábal, D. Francisco Ignacio de, TESTAMENTU ZARRECO ETA BERRICO CONDAIRA. Tolosan-n 1835-garren urtean, Andrés Gorosabel Liburuguillearen echean . Itzaurrearen erdi-aldean. Liburu onen bigarren argitaraldian, Orkaiztegi'ko Patrizio Apaiz jaunak argitaldia eratu zunak, alegia onela aldatuxeak dakarzki itz oiek: «Eguia da, zenbait guertacai dacarzquien, apaiz Fleuriren escu-liburucho bat aita fray Juan Antonio Ubillos-ec eusquerara ederqui itzulia eman zizuela, baña nai litzaquean baño laburragoa da». Testamentu zar ta berrico Condaira. Tolosan : Eusebio Lopez, Liburuguillearen echean 1908garren urtean. Liburu onek bada, mende-erdiaren buruan bi argitaldi izan zitun. Ezagun da gure euskal-etxeetan asko irakurria izan dana. Badakigu «Garoa» irakurgarriak ere Lardizabal'en Liburu onen aipamena dakarrela.
(17) Ikus Catechisme Historique, contenant en abregé L'Histoire Sainte et La Doctrine Chrétienne, par Momsieur l'Abbé Fleury, Prêtre, Prieur d'Argenteuil et Confesseur du Roi. Nouvelle édition. A Lyon, chez Jean-Marie Bruyset, Imprimeur-Libraire, rue St-Dominique. MDCCLXVII. Auxe da Arantzazun degun prantsez-argitaldi bakarra.
(18) Christau doctriñ berriecarlea Christauari dagozcan Eguia sinis beharren berria dacarrena Jaun Claudio Fleuri Abadeac arguitara atera zuanetic Fray Juan Antonio Ubillos coac Eusquerara itzulia. Bi parte, edo zatitan bere cia, a erdiratua. Lendavicico zatiac da, car Jaincoaren legue zarrean, ta ber rian guertaturicaco gauzen berri laburra: Bigarrenac, Christavac jaquin, ta sinistu behardituan, eguien eracustea, ta icas-videa Behar bezela. Tolosan: Liburuguille Francisco de la Lama-ren Echean, 1785. Urtean. 230 orrialde ditu, arkitegia ta guzi.
(19) Kristau doktriñ berri-ekarlea Kristauari dagozkan...ta abar besteak bezela oraingo ortografiaz emana. Gero: Moldaldi barria. Bilbon, Euskalzalen moldagintzan, 1897.
(20) Kristabaren Ikasbidea. Tolosan. 1909. Argitaldi au ez det ikusi al izan. Urkixo zanaren paperetatik artu det zeaztasun au.
(21) Vinson, Jules, Essay d'une Bibliographie de la langue basque, Paris, 1891, p. 239, n. 126.
(22) Ni onako au irakurri ondoren, euskalzain prestu dan Mitxelena jaunak oar au egin zidan: Azkue jaunak, euskal-liburu zarrak ongi aztertu ondoren, itz batzuk bere iztegirako artu ta beste batzuk bertanbera uzten zitun. Ta ori egiteko sen berezi bat omen zun: aixa ezagutzen omen zitun zeintzuk ziran erriaren itzak, erriak erabillitako itzak, zein berriz idazleak berak asmatutakoak. Baditeke. Baña naiko ote da ori Ubillosen ainbeste itz Azkueren iztegian ez arkitzeko? Ez ba jakin.
|