L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Platon eta sofistak

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin

 

Elade'ko arorik bikainenean ere, begiz baino areago belarriz ikasi zuten ango erritarrek. Garai ontaraino, antxinako poema ederrak buruz esaten zituzten bertsolariek izan ziran erriaren irakasle: purpur-soinekoz iantzita, erriz-erri, ara ta ona alderrai ibiliak ziran bertsolari ipurdantzariok. Oiek itzali-ala, Olimpi'ko batzarretan, erriko iaiburu nagusitan eta lagunarte ugariak ageri ziran edozein tokitan ari ziran iztun goratuak sofiste zeritzaten, eta lengo bertsolariek zerabilten iazkera berdinez, norberak ondutako itzaldi arro, anpatu ta labanak iaulkiten zituzten, entzuleen belarri-gozagarri. Ikasi ta irakatsi berrien isimasiak ugariagotuz, ederragotuz ta zabalagotuz ari ziran gizon bizkor aiek. Bein baino geiagotan gertatua: itzaldia bukatu-baikoz, gazteok goraka ta aldarrika beren lepotan eroaten zituzten ziralako sofistok. Ango txaloak! ango sugarra!

        Orrelako gizon bat Atenai'n agertzean, gazte-talde ugariak urduri, artega ta egon-ezinean lotzen ziran. Argi-begia zabaldu baino len, itsumustuan eta oldarka badoa Sokrate'renera gazte andiki bat, eta lotan zetzan irakaslea oiuz ta deadarrez iratzarten du:

        — «Egundainoko berria ba al dakizu?» Ark eta Sokrate izututa esnatu ta iaiki zan.

        — «Alaiainkoa! dakartzun berria ez al da txarra.»

        — «Bai zera! inongo ederrena: gizona etorria da.

        — «Nor?»

        — «Abdere'ko sofiste andia.»

        Gero, Protagora ospatsuarengana eroateko eskatzen dio gazteak Sokrate'ri, aren bitartez ikasle artean onartu zezan. Eguna argitu-ala, badoaz Sokrate ta biok Kalia aberatsaren etxera: arenean baitzegon arrotz Protagora. Ango gizakumezkoa! Etxe aldabeak zear, gora ta bera ibili dabil Protagora, albo bakoitzean iru adiskideek ao-zabalik entzuten dioten artean: an dira etxeko iauna, Perikel'en bi seme, ta beste asko ta asko. Etxe barneko egoitz berezietan, beste zenbait sofiste ari dira izketan, entzule-mordoa inguruan dutela, gure artean pelotariak, ostikolariak eta kinemako antzelariak inguraturik egoten diran antzera-edo.

        «Sofiste» itza adieraztea gaitza da guziz, eta nere argitasunak laburrak, orra arrokeririk gabe aitor egin: dana dala, eginalak egin ditzagun, nolarebait azaldu dezagun. Itza bera itz itsusi ta ezain gertarazi da edonongo izkeretan, Platon'en eragitez, baitik bat: Sokrate'ren etsai gorri baitziran, irakaslearen zaletasun eta ezin-ikusia ondarez ikasleak iaso ta bere-bere in zitun, arrezkero.

        Irutara adi diteke izen ori. Itz orrek asieran, «iakitun» besterik etzun esan nai, alegia: edozein iakintza-sailetan, eta batez ere, iakintza garaienean, bere burua iakitez iantzirik eta okiturik erakusten zun gizakumea.

        Gerora, ordea, gauzak berak zekarrena izaki, dirupean bere erakutsi ta irakatsiak saltzen, ereiten eta barreiatzen zitun irakaslea adierazi zizun. Orregatik ere, begiko zikina baino ezin-ikusiagoak ziran sofistok. Eladetarren artean andikiak izan zenitun agintari, iaun eta nagusi, geien bat: langile, nekazari, arotz, zurgin, itaurlari, itzain, baegile, egurgile, eltzegile, oialgile, garazlari, ta abar, ez-aintzakotzat zituzten. Zebe'n, adibidez, erriko agintari-edo izatekoak, amar urte aundi ezkero, gutxienik, azokako garatz ar-emanetan ez ibilia izan bear zun, izan ere. Platon eta Aristotel'en ustez, langile ta sal-erosleak etziran gai erri-eskubide osoen iaun et iabe izateko. Labur esateko: egunean eguneango irabazitik bizi zanak ango lagun-artean etzeukan gora aundirik. Inoren alderako egin buru-lanaren ordez, dirua eskuratzea ezaintzat zuten eladetarrek, ez aztu, gero; norberak bere burua ezer gutxian euki, edota, bere oldez inoren menpeko ta otsein iarritakotzat zeukaten orrelakoa. Isokrate'k, besterik ezinean, izlari-ikasgua iriki ta zegokion irabazi-saria lenengoz iaso zuneko, lotsarren negar-malko onik ixuri omen zun.

        Elade'ko gogo goiztar eta gaztea garerdiko ta garako bilakatuz ari zalarik, ango erritarrek inolako iakin-gosea somatu zuten beren baitan: antzez ta ederrez itz egiten eta idazten ikastea irrika opa zuten. Berez ta sortzez zituzten doai eder eta zoragarriak etziren aski orretarako, are ta areago landubearrak; uzten, eta orixe egiten zuten sofistok, txerpolarien antzera ari baitziran bide-dendari.

        Gizon utsen burutik irten dan iakintzarik garaiena bide duzu Sokrate'ren iakintza alabaina, beraren berebiziko iainkozaletasunak eraginda, bere burua iakitun baino ezagotzat zeukan, ezer gutxian zeukan, iakin-zale utsa baitzan. Bestelako iakintzarik andiena utsean zeukan, bere ainbeste eginkizunen kezken artean, bere burua ezagun nai zizun, eta ezaguera orren bidez garaiagoetara iritxi; betik gora ioten baitzan Sokrate'k.

        Besterik ziran diralako iakitunok. Bazterretan iakinkizun dan guzia bazekiten, eta aienganatzen ziranak oro berak bezain iakitun egiteko bidea bazezaguten. Ortarako ezarten zituten azterketa egokien bidez, zeatz ta meatz, doi-doi neurri zitzaketen ikasleen eguneroko aurrerakadak. Ikasbide bitxia, benetan!

        Ikasle gazteon gurasoek ere birloraturik bizi ziran, eta inolako luzapenik bage lurra-estali dirua ordaintzen zuten, beren semeen onerako ustez, esku-andiko gizon eginak onduko ziralakoaren ustean, alegia. Bestalde, gazteok berak ere, irakasle argi aiengana esker oneko ziran aundikien aurrean mintza-bidea erabilten, inoren esan gora ta ilunak ulertzen, norberaren esanaldiak ederragotzen, eta errialde aietako gorabera bizi bizien artean, burua zutik ioaten irakasten baitzieten.

        Etzazu maite mundua, esana zun Sokrate'k, edota, ori esan-iduri zun, beintzat. Alabaina, mundua eskuratzeko zearbidea erakutsi oi zun, eta berak irakatsia bere egiteaz on egin zun Sokrate'k. Eta gazteok, buru belarriak erne, entzuten zioten, non zer berri ari izaten baitira, ozta-ozta amestu dezaketen on-agindu soila berenganatzeko ixuriak diran biotz-andiko gazteok. Oietariko ainitz etxe aberatsenetako aitor-seme zenitun. Orrelakorik etzun gaitzirizten Sokrate'k naiz ta oien dirurik inoiz ere ez beretu. Ezerk galerazi bage, ta bizi-bear kezkaren apurrik bage, gogo-erara ta nai-erara bazuten eskuarterik aski, oso-osorik beren buruak ontzeko arloari ekiteko.

        Irakasle bikainaren auzitan argi ta garbi agertu zanez, erritar zarren ustez alde aundirik etzeukaten Sokrate'k eta beraren leikideak beren irakas-iardunetan. Iakitun zenun Sokrate, noski; iakitun baino areago ere, bai, ordea. Zalantzetan eta eztabaidetan iratio bearrik etzeukaten gaiak, aukeran zituzten iardun-leiaz gogoak batzuen edo besteen alde iarteko: gurasoen ustez egiok kili-kolo kordokatu-ezinak ziran; gazteok, ordea, oi ez bezalako galdekizun oien bidez gailendurik eta oilarturik gurasoen aurka asten ziran. Iakitunena baino galgarriagoa gerta zan Sokrate'ren irakaskizuna maiz. «Onoimena nola atzeman daiteken Atenai'tarrek galdetu ba'zenezate, zuen lepotik iseka egingo lizueteke, ta onoimena, zer dan ere eztakitela esango lizueteke», Sokrate'k baiesten digu «Menon» alkar-izketan. Ta nork zun orren erantzupidea? Alkar-izketak berak, nonbait, Onoimenaren muina idoro-nairik, Simonida, Pindar eta arbasoen burubideak zapuztu egiten baitzitun.

        Iakitunek eta iakintzaleek, ots, Protagora'k eta Sokrate'k gauza bera zekarten, ondorez, gurasoek izu-ikaraz lau-orritan ziran bitartean, bein betiko egitzat artu bear zituzten gaiak gazteek buruetan lraulten ezartea, alegia. Gauza askotan gogaide ziran Sokrate ta aren leikideak, ageri danez. Alabaina, bazuten alde ederrik, noski. Berez iakin-mina zun Sokrate'k, eta gainera, ezereztzat zeukan bere burua: alperrikako eztabaidak bazterreraziz, gizonaren eta gizonarekikoak egarri andiz iakin nai zitun eta egiak bere eskupean zeukan. Bestelako gizonei on zeritzaiena, Sokrate'ri gaitz zeritzaion maiz. Aren ustean, inork eztu utsik egiten bere oldez, «oúdeis ékón ámartánei». Beraz, ona ezagutuko balute, burutuko lukete; orregatik ari zan irakasten, norberak ezer onik beragan baldin bazun, bizkor eraziko zula, esan baitzun.

        Zer dala ta, beste iakitunok eladetarren gaizpide gerta al ziran Platon'en iritzian?

        Atenai'ko erritarrak beragan auxe zun alkarturik: aldez, buruz ta ekitez alik eta zernaitarakoena zenun, aldez, saiets guzietara makurtua zan erabat, eguzkia nora, zapia ara, alegia aien biotza nora grinatu, ala irizten zituzten gauzak. Gizadi osoari Elade'k ekarri dion aurrerapenik aundiena orri zor dio, irizle askoen ustez, bere burua alda-bear orri, alegia. Peleponeso'ko gudu-asieran Perikel'ek ori esan zunean, ordea, Elade osoari buruz etzun esan, Atenai'ri buruz baizik. Orixe baitzenun Atenai, ioni-gogoaren gara betea, alegia. Besterik zenun garai artako Esparte: doritar gogoaren gara betea, arean. Bi uriburuok aurkez aurke, buruz buru imakikan bizi ziran. Eta Elade osoaren iardunean, urteak ioan eta urteak etorri, aier bizi ziran bi ioerok ageri dira.

        Bata zokokari-ioera duzu, erditokitik alde barreiatzen dana, alegia: bulko edo iduribide bakoitzaren bilbean eta gertaketan, arreta gutxiz lan egiten duna. Idurimena iarei ta lokabe izanik, etenbageko txoripiloa buruan egan bailuken, edonon ageri diran gauza ederretan margoa ta dirdira laztan ditu ots, olerkietan, eresietan, giza-idurietan, etxeetan eta iakintzan bertan. Gizarte ta erri-goraberetan, nori bere gogora datozkion tokikako gauza guziak pozarren onartzen ditu ioera orrek. Ioan-etorriko biziera ori laztan zuten. Buruagoaren agindupean bizi izatea ta nork bere burua ukatzea ezinkizun zeritzaten: beren buruen era bilatzen zuten oiek, bakoitzari gogoak ziona egin, eta gogora zetozkien gauza gauzak onartu. Nork bere burua zun lenen.

        Onelako iardunean, buru ainbat aburu izan bear. Errialde ta eskualde txikiena bere buruaren iaun eta iabe izan bear zenun asmo oien arauz. Eskualde bakoitza bere nai-erara eraenduz, tokikako iaurespideak iraun-eraziz, norberaren buruari begira bear zion. Lurrez bestengandik bereizita, gainerontzeko erriengandik erabat bakanduta bizi ziran. Tenpeko arkaitz medarra zuten bidetxiorrik estuena beste errietara bidegiteko: ta antxinakoen iritzian, bide estu ortatik barrena zetorken gudari-talde ugarienaren aurka iarri ta beren erria onik zaitzeko aski zitezkean amabi bat gizon. Erri aldartetsu orren ioera, bildur izateko baino pozteko bide geiago izan zitekean, aldez: gaitz-egoki ugarien artean, bazun ezpala erri eder eta zoriontsu egokierazteko. Aren alderik okerrena, berriz agerian dago: Elade erri osoaren batasuna eragotzi zizun ioera orrek, ain zuzen, eta beren buruak erretzeko sukari geiago bilduaz ioan ziran. Eun beso ta eun burudun bidutzi izugarria bailitzan ageri zitzaion Platon'i Elade'ko gogoa.

        Ioera galgarri ori sendarazi nai zizun Platon'ek, doritarren ioera irauneraziz ta zabalduz. Bakarrean eta bestera bizi zan Lakedemoni'ko erria, erabat zorioneko, beren buruak eskura tuz ta beren buruentzat ilik. Bizi izateko bear zutena doi-doi artzen zuten. Gauza andia zeritzaten buruagoaren agindupean bizi izatea. Oiek gogo zutenera iarriaz bake ugari ta urre-gorrian bizi ziran. Edozertan zabaldu zuten biziera latz ori: idurietan, etxeetan, legeetan, alegia. Ona emen zertan bear lukean Elade osoaren beargairik andienak, Platon batasun-zalearen iritziz, ots, Lakedemoni erriaren antza artzen. Erri orixe zun Platon'ek bere argi ta bere osasun.

        Bestalde, garai artako lagunartea begiko zikina baino ezin ikusiago zun Platon'ek: agintari ta olerkariak ezer gutxian zeuzkan. Eten bage kezka onek bere menpeko zeukan: berak irakatsia eta besteek irakatsia, alegia, nahasi bage, bereizian, iraunerazi. Etorkizuneko zorion-iturri bakarra bere irakatsietan soilik arki zitekean ezkero, arresiz ta luebakiz babesten zun bere esana. Alabaina, guzien begietan ikusgarri ta zoragarri egin zezakeanaren ordez, akademi itzalaren babesean txutxumutxuka ari omen zan zenbait gazteekin, Atenai'ko mingain-luzeek ziotenez.

        Ori dala-ta, beraren ekinik bizkorrenaz sofisten aurrez-aurre ari zan. Orretarako, eskuartean zeuzkan bide guziak ontzat zitun, batetan ziri, bestetan irri. Amaikatxo idatzi zitun sofisten aurka! Aipatzen ditun bitan ez, beste aldi guzietan, inon diranak idazten ditu: lanaren lanez abailduta dauntzala-ta, arpegiandi dirala-ta, ezer eztakitela-ta, aien izkera dala-ta, bekosko ilun edo ortzargi dirala-ta, diru-gose dirala-ta, arira datorrela-ta eztatorrela, aldarte onez aien lepotik alamenka parre egiten daki. Sofistok Sokrate'kin norgeiagoka iarten ditunean, Sokrate'k txil eragiten die ezin bestez ta bearrik. Platon'en ustez, Elade'k bere burua erreteko egur-bila ari ziran Prodiko, Ipia, Protagora, Gorgia-ta.

        Ona emen, labur bederik, sofista bakoitzaren berri, banan-banan, zarrenetik zarrenera.

        Keoko Prodiko, bere erritarren ordezkari bezala, Atenai'ratu zan, eta gezu batean ukalondo aundiko gizon gerta zan Sokrate'ren aurretiko omen zan, eta Prodiko ta biok adiskide min omen zenitun. Alare, iseka ta ista onik egiten du Platon'ek aren lepotik. Aristofan'ek ondutako «Burduntziak» deritzan irrri-antzerkian auxe irakurten dugu: «Au idaztiren batek ezpadu alperrik galdu Prodiko bezalako itzontziren batek alperrik galdu du». Ezbaizko itz zimardiken esan-naia mugatzea atsegin zitzaion. Iakitun bezala, gizon iluna omen zan, eta ezkorra erabat: berak zionez, bizitza arteko gaitzak areago omen dira, onak baino, Euridipe'k dakarrenez. Soinez xingil eta sendixun izaki, bizi-aro bakoitzeko ezbearrak iaulkitzea gogoko omen zitzaion: iaioberriak minduriz iragarten omen du bere biziaren berri, ta zartzaroan areagotu egiten omen ditu xingulinok. Epikur'i aurrea arturik, erioari buruz oi zuten izu-ikara lau-orria ezertarako etzala adierazten zien bere ikasleei, bizi geraino, eriorik ezpaita, izan, eta eriok garaitzen gaituneko, gu gerau ezpaikera, izan.

        Ipia'k alor zabalagoak urratu zitun baldinbait ere: iakintzale, izarlari, izkeralari, antzerlari, elezarlari, olerkari ta dana izan baitzan. Bein Olimpi'ko batzarrera agertu zanean, bere eskuz eundutako ta iositako soinekoz iantzita; bere eskuz egindako oskiak oinetan, berak bilbatutako gerriko ximena gerrian eta berak landutako erestunak beatzetan izaki, andi-andirik agertu omen zan. Agure buru-zuri zanean ere, berrogei ta amar izen lenengoz entzun-ala, banan banan, lerroz-lerro, utsik egiteke, tapa-tapa berriz esateko mutila omen zan. Platon'ek, ordea, arroputz bezala azaltzen digu ta astinduka darabil eskuarki.

        Are ospatsuagoa izan zenun, Abdere'ko Protagora: umetandik, nerabezutu-ezkero ta gaztezaroan iakintza lurrinetan blei-blei eginda azi zan. Leukipu iakintzale bere erritar zarragoa ezagutu ta Demokritu gazteagoakin ar-emanak izan zitulakoa ezin diteke ukatu, inola ere. Ogei ta amar urteko zalarik, ortxe-antxe, bide-irakasgoari lotu zitzaion. Bein baino geiagotan Atenai'ratu zan eta Perikel agintariaren eta Euripide antzezkigilearen adiskide min bilakatu zan. Lagunarterako antolaketa zun bere irakas-gairik beinena ta giartsuena. Esku-arte aundiko gizona izanik, inolako itzaldi ederra bezain errez asmatzen zizun soinkarien alderako tramankulu bat. Sibari zarraren ondoantsu zabaltzen zan ordoki gizen batean, Turi erri berria eladetarrek sorterazi zuteneko, uri aren oin-legeak ezartea bere gain izan zun Protagora'k.

        Bertan arkitu bide zitun Erodoto ta Enpedokel ospatsuak, aurrena erri-ekanduetaz iakitun, eta, bigarrena izadi-iakintzetan ikasia. Erri berri artan non-naiko eladetarren batasuna opa zu ten idazle, olerkari ta iakintzaleek. Ametsez burua gainezka, ta pozarren ozta biotza birloraturik zituztenean, aien usteak ustel biturtu ziran, ots, Esparte ta Atenai arteko gudu gorria sortu zan damurik, eta Elade osoa erdibiturik ageri zan.

        Gudu ikaragarriaren ondoren, izurrite lazgarria zabaldu zan Atenai uriburuan. Perikel'en semeak ere, gazterik eta ederrik, zortzi egunen epe laburrean il ziran izurrite artan. Protagora'ren bizitzaldi iluna kozkortuz ari zalarik, Elade ta Atenai'ren zoritxarrak ilunagotu egin zuten. Irurogei ta amar urtetsu zitularik, bizitza arteko guzian iran zun iardun aipugarriaren ustean eta abespeluan tinkaturik, bere asmorik gorrienak azaltzeko bekokia izan zun. Euripide'renean irakurri omen zun lenengoz «Iaungoikoek dirala-ta» bere idaztia, ta bide ontara argitara eman, oi zanez. Pitodor aberats ipurterreak, bere erriaren alde buru-egin nairik, salatu egin zun: idaztia gaiztetsia izan zan, zabaldutako aleak indarrean bilduta surtan erre zituzten. Bitartean, Protagora'k Atenai'tik iges egin eta Sikili'rako asmotan itsasontziratu zan: biderakoan, itsasontziak ondar-io zun eta iisasuan barna murgildu ta ito egin omen zan Protagora.

        Irakasle zan ezkero, buru ta biotz irakasteari ekia zion aurrenik: aren esanetara, ikasteko bearrenik ditugu berezko antzea ta ekina, ta gaztezaroan asita, lotu bear diogu ikasteari. Buruz ikastea eztugu aski, dalako ori iardunean atinez egiztarazi bear dugu, ezertarako ez da, alderantziz. Gogo-barnetik ez da sortzen iakiterik, barne-barneko osinean murgildu ezik. Zeruetako iauregi gauzetan iakintsu danak bere urretegitik edergailu zahar eta berri ateratzen dun etxeko-iauna iduri du, Berri Onetako esan sakon batek dioskunez, Protagora'ren antzeratsu. Izkeraren atalak eta erak askatu ta lakaintzen Protagora asi zan lenengoz. Pindar eta Eskil'ek, adibidez izenondo edo, adiztondo, edo adizkien erabilkeran bear zituzten arauak ez-ezagun zituzten. Alare, beren izkera erabilten buruen buruko gerta ziran. Auxe aipatu nai nizuke, bidenabar eta iraizean bada ere: euskera iatorrena derabiltenek gauza aundirik iakin eztakite iakinaren gainean, beintzat, gure izkeraren bide ta erak dirala-ta. Bazterretan ugari ditugu ainitz ta agitz euskeraz dakitenek: euskeraz, ordea, urri itz egin eta idatzi oi dute-ta, iakintzaren sail geintsuenetan euskera larru gorritan ageri zaigu. Areago euskeraz mintzatzeko ta idazteko garaian bizi gera, euskera dala-ta erderaz baino. Euskalariak baino areago euskaldun eta euskaltzaleak bear ditugu, noski baino noskiago. Gatozen arira. Aldi artan, ordea, iakinbide ta iakinkizun guziak araupean iarri nai zituzten, eta bururakizunen noraezeko bidea dan izkera ere argitan iarri naia, egoki ta adinon zeritzaten.

        Beste korapilo au askatu nairik ere burmuinak biurritu bear izan zitun Protagora'k, ots, oker bakoitzaren errudun nor ote diteke zuzen ta bidez? Atenai'ko mingain luze gaiztoak atseginarren txutxumutxuka iaulkiten zutenez, egun beteko iardukizunean Perikel'ek eta Protagora'k ontan iraun omen zuten: ots, norgeiagoka batean, ustekabez, bere laguna kirolari batek bere aiztamakilez il zun: nor ote zan oker orren errudun? beraz, nori edo zeri ezarri zigorra? norgeiagoka-antolatzaileari, aizta-makila

iaurti zunari, ala aiztamakilari berari? Protagora'ren ustean, gaizkin bateri asperkunderik etzaio zor, galena baizik, Platon'ek dakarrenez.

        Garai artako iainko ugariei buruz zer uste ote zun Protagora begi-zoliak? Auxe izan zan aren erantzuna: «iainkoei buruz, badiranik ala eztiranik ezin dezaket iakin, beaztopo asko bai tira iakiteko; baitik bat, arloaren iluntasuna ta giza-bizitzaldiaren laburregia, gero». Aurrenik auxe gogoan artu: iakitea ta sinestea besterik dira, Elade'ko iakitun zarren asmoetara; Parmenide'ren iritzian ere, ustea ez da iakitea. Dirudinez, beraz, iainkoekiko sineskizunari buruz eztiardu Protagora'k, iakiteari buruz baizik. Dana dala, okerrean zegon ontan Protagora, badala ta badagola Iaungoikoa gure adimenak bere argibide utsez iakin dezake baldinbait ere. Bestalde, Protagora etzala Iainko-ukatzaile badakigu.

        Darda gainean erabili ditu edonongo ta edonoizko gizon ikasiak Protagora'ren beste esakuntzaxo batek; ona emen bera: «Zer guzien neurri da gizona: diranena, badiranez gero, ta eztiranena, eztiranez gero». Ori esatekoan, ekandu on edo gaiztoei buruz eztitu bere begiak zorrozten Protagora'k, naiz ta zenbait sasi-iakitunek ori uste izan. Ori baiesterakoan, ezaguerari buruz ari da, noski baino noskiago. Aipatzen dun «gizona» ez da urlia, sandia edo berendia, gizon dan gizona baizik. Argiago ta zeatzago esateko: gizona erabat artuta, baina, bakarrean, banan-banan ez. Gainera, zer guzien neurri gizona dala esatekoan, eztio gauzen tasunei buruz, gauzak izan badiranari buruz baizik. Porpiri'ren aitorrez, Elea'ko iakintzaleen aurka ari zan Protagora ortan: Melisa'ren aurka, ain zuzen. Onek auxe esana zeukan: «badiranak, arrezkero, eztitugu ikusten, ezta ezagutzen ere»: ots, gure irguruan zabaltzen diran bazter ederren berri gure begiz, gure sentzunez besterik eztugu, ta itzal uts ta lilura uts gertatzen dira: iduritu uts orren ostean dago zer dana; ibilian ibili dabilena, utsa da, ordea. Gure sentzunez somatzen duguna, labur baina gogor ukatu ta ezeztatzen zun Melisa'k: aren aurrez aurre ta ark bezain labur eta gogor baiezko biribilez esaten du Protagorak: zerak, gauzak izan badiranaren neurria gizona da ots, gizadia edo gizatasuna. Bestetara esateko: izan ere, zer dana sumatu dezakegu guk; izan ere eztana, ezin dezakegu sumatu. Ortik ondorioka, noraezean, auxe atera dezakegu: guk gizonok, gure gizatasunaren esiak eta mugak ezin ditzakegu irauli, nolarebait atzeman dezakegun egia esi oien barnean aurkitu ta idorobear dugu. Gure almenen aitorra ta lekukotasuna ezetsi ezkero, non dukegu gure ezagueraren kizuna? Areago dana: egiaren agiria non idoro bear dugu? Giza-egia, gure erabateko egia ezetsi ezkero, zer lirake egia ta gezurra? Platon'ek, ordea, bestetara adierazi zun: aren iritzian, adorez somatzen dana da ezaguera, Protagora'ren esanetara. Arrezkero, Platon'ek guxi gora bera dakarrenez, adorez dugunean soillik egia idoro dezakegun ezkero, ta batak bere adoremenez somatzen duna askotan besteak somatzen dunaz bat eztatorren ezkero, egia bera bitara aditu dezakegu ta norberak egitzat duna, edo egitzat iduri duna da egia. Orixe egozten dio Platon'ek Protagora'ri: makurragorik ezin asmatu.

        Beste batean auxe dio Protagora'k: «Gauza bati berari buruz bi iritzi izan oi dira» ez, ordea, neurri berean: edozertaz baiezkoa ta ezezkoa esan dezakegu, ez, ordea, indar berdinez, ezta arau batera ere. Egiagorik ezin esan.

        Kristo iaio aurreko 427' garren urtearen uda ondarrean, goiz batez, oi ez bezalako giza-multzoaren dardara ta irabio eragina zan Atenai'ko Pnyx armailetan, ergoienaren sartzaldera. Etorri-berri zenitun Sikili'ko errien ordezkariok. Sirakusa'ko eskainien aurkako babes-eske. Beren egingoa Bosteun'en Batzordean azaldu ondoren, ordezkariok erriko Batzarreari aurkeztuak izan ziran, beren eskearen alde itz egin zezaten. An agertu zan Gorgia, izlari nagusi bezala, gaingora zioan Leontini aren iaioterriak igorria. Onezkero, izlari ederrak entzunak zituzten Atenai'tarrek. Bi urte doi-doi ziran, Perikel izlari zangarra il zana. Inorena baino-gogozago ta zoratuago aditu zuten, ordea, Gorgia ao-ederraren itzaldi zoli burutsu ta aukerakoa. Beste bein, beintzat, berriz Atenai'ratu zan. Uriburu ontan, Elade'ko beste eskualdetan eta baitik bat Delfo'ko ta Olimpi'ko iaiburuetan, garailarien goratzarrez ta elesariz mintzatu oi zan; erri xeak eta andiki urenek, eskar onez, gorarik ospatu zuten, eta eun eta bederatzi urte zitularik, burua adoretsu bere senean zularik, bukatu zun bere bizitzaldia: azkenik loak artzeko zanean, irriparrez auxe esan omen zun: «Bekaineko asia dut bere anaiarengana nerau eroaten». Delfo'ko iainkoari berak eskeini zion urrezko irudiak eta beraren ilobak irakaskizunen alderako eskar onez ta zaletasunez eraiki zion aren gizantzak, andizuren eta ospe ekarri diote geroko geroan. «Gizakume artean inork etzun asmatu artze ederragorik, giza-adoreari dagozkion ekin gogorretarako gogoa galtzairutzeko», irakurri diteke aren opariz Olimpi'n eregitako irudiaren artitzean.

        Ongi bear daneko itz-lau ederra asmatu zutenetarikoa zan Gorgia. Itzaldiak oro bitara sailkatu zituzten antxinako idazleek, eta aien albotiko irugarrena, bien tartekoa. Aurrenekoa, dirdaitsu ta geldia, igikeran neurtua, liliz ta margoz betea, batzuetan ots loisingarriz gogoaren beteko ta liluragarri, bestetan, idurien anditasunez ta oldarkoitasun bipilez gogoa dardarizatuz, biotzondoa inarrostekoa. Bigarrena, motz ta zorrotz, bizi ta zaloi, iduriz baino areago argibidez ari izanik, idurimenera baino geiago adimenera ioaz, arloaren egibideak ezarten dituna. Azken tankera au Protagora'k landu zun baitik bat, eta aurrenari ertzak atera Gorgia'k egin zizkion. Gogoz asmakari dirdaitsua zan, eta idurimenez aberats okitua: etorri andiko gizona ta itz arro, zoragarri ta lausogarrien ereilea.

        Ona emen, labur bederik, iakintzale bezala, Gorgia'k irakatsien muina: «Ezer ez da, izan ere. Ezer izatekotan, inork ezin iakingo luke, ta iakitekotan, inori inork ezin adierazi lioke». Aburuok gezurbide zuriz ta kako-mako ugariz agertzen aleginak egiten zitun Gorgia'k.

        Oiloa ta barea ez dira toki batetan egotekoak, ezta iakitunok ere, ta onela ari ziran erriz erri irakatsi galgarriok irradan ereiten, eta baitik bat, Atenai ederrean: ikasgu zabal, apain eta garestietan, gurendarik dirdaitsuenaz, bizitzarako beargairik beinenak irakastean, eladetarren, eta batez ere, atenaitarren aldakeri galgarria areagotu besterik etzuten egiten, iakinaren gainean, beren bizibide biurturik. Sasi-iakitunon antzea, ordea, maltzurkeri utsa zan. Atenai'ko erria bera zenun sasi-iakitun, izan ere. Etenbageko alderdikeri-burruka ta istiluetan akituta, berebiziko ederrean galduta, erantzupiderik bage bizi ziran Atenai'tarrak, edonora ioteko beti gertu, bere antzinatea gaitzesteko edo gutxiesteko ernai ta tinel.

        Gazterik gaiztotu al dute sasi-iakitunok? Erri xumeak baietz uste zun, axaletik gauzak ebatzi oi baititu. Gauzak sakonago ta giarrago aztertu ezkero, ordea, besterik uste zun Sokrate'k, erria bera baitzan oker orren errudun. Makur-bideok erakutsi bage ere ikasten dira-ta, erakutsita bi aldiz, ori bai. Orratx, txanponean bost orratz! eskerrak eskainia berekin du-ta. Ikasle-irakasle oeik? ikutu bateko txalak, orra bateko opilak! Batzarre ta auzitegietan, zelaietan eta antzokietan edotariko gizatalde ugari ta bertzinak alkarturik, ots aundiz zerbait gaitzezten naiz onesten ari diranean, ta geiegizko oiu ta txalo izugarriz, goratzarrearen naiz akarraren deadar latza biziagotuz arkaitz biziek erakarten dutelarik, zer dagike gaztearen biotzak? Elesari ta irainen uberan nork iraun lezake sendo ta zindo? Erri osoak on deritzana ez al deritzakete on erritarrek? Eder-ezaina ta on-gaizkia begi batetik ez al dute ikusiko?

        Garai artako Atenai sasi-iakitun utsa zenun, arrezkero; zabal-zabal agertzen ziran sasi-iakitun arroak, berriz, etziran irakasle, erriaren ikasle baizik. Erriak berak ekin zion bideari orpoz orpo zerraikioten sasi-iakitunok. Angoak an ta emengoak emen, berearekin ateratzeagatik eder eztana ere egingo lukete orrelakoek. Iakinaren gainean aren aldarte aldagarriei alki eginik, basa-iizia aukeren darabilen zaiak bere esanetara dakarrenez, Atenai'ko erria orrelaxe zerabilten sasi-iakitun aiek. Platon'ena duzu iduribide ori. Ioera ori sasi-iakitunok asmatu zuten nolarebait; areago, ordea, bestetara: erri osoak asmatuaren noraezeko ondore zenun sasi-iakitun sail ori. Erria neurri, ibili ari ziran sasi-iakitunok, iardunago ta indarrago. Aren lepotik bizi ziran erriaren muina ta indarra zorrotz ezagun zuten, eta indar ori iraunerazi, edertu ta zabaldu egin zuten sasi-iakitunok, gero. Alkekizunean iarteko bidea onarturik, Erakleito'ren metapisia zilegigoari egokierazi zion Protagora'k. Leen ezinean zegoena, gero batetan Erakleito'ren suak artu zun bizitza arteko guzia; ots, gizakumeen bulko, biotzondo ta naimena kixkali egin zitun, eta gezu batean, inoren eta ezeren lotsarik etzuten.

        Besarkatzen, eskutantzen eta begiztatzen dituzten bazterrak barrenduz, suma-ala sumatuz, berezko ioera ori zeatz ta meatz azaldu zuten sasi-iakintsuek, gauzak nola izan bear duten, izan ere. Erriaren aldakeri ori ezaguerak berak ekarri ta sorteraziko du, bere semetzakoa bailitzan, ta arreta aundiz azi ta ezi ondoren, io-muga bikainenera eroango dute. Gauzak berak bezain aldakor, eskurakoi ta ixuriak egin nai zituzten orduko gizasemeak, eta gizaseme oien oldozpen, asmo ta biotzondoak. Zarren zarrez usteldutako goganbear eta asmakizunek bidean tril eginik etorri ba'dazkiete, nor sasi-iakitunok baino egokiagorik, erabat kendu, zapaldu ta adimenez urtzeko? Barrunbean datzan berezko aginduren bat erakusbide makur orren ekinetara etorri ba'ledi, bat-batetan urtu ta aienatuko lukete erabat. Erri-xumeak aintzat ditun goganbear ta asmabideok, andikien gogo-barruetan eztute aginduko aurrerantzean, eta zilegi ziran eta etziran bidez, atzemango dituzte beren io-muga ta elburuak. Nork bere barruan bar-bar irakiten dauzkan ioera xume ta biurrienak aintzat arturik, sasi-iakitun oiek asten dira erakusten: aien esanetara iarriaz, eraentzen diardute, alegia. Sofista itz orren irugarren esan-naia auxe duzu, arrezkero: inolako kako mako biurriz, gezur zuriz ta egibide makurrez zerbait erakutsi nai luken gizakumea, ain zuzen.

        Benetako iakintza ikasteari soin eta gogo lotzeko gutxi zenitun bazterretan, Platon'ek dakarren Sokrate'k dionez: erbesteak bere altzoan azi ta ezi dun gizon zindo bakanen bat-edo, bere aberritik bereiz izaki, aren gogoa lorrindu bege iraunerazi dunen bat auzaz, edota, erri txikiren batean iaio ta aren ereantzea ta iaurpidea ez-aintzat izanik, erriaren azi-orrazi ta goraberak bertan bera uzten ditunen bat ote da orrelakoa. An zenun Teagene urlia, osasun urriz zalako nonbait, beraren buruari begiratuz ta alderdikeri-liskarretatik urrunduz, zain eta muin iakintza-ikasteari zeragoiona. Edo Sokrate bera, ortarako barruak agintzen baitzion, len, orain eta gero ikusi oi ez dan bidez ta eragitez (Politeia, 496).

        Garai artako erritar iritzien aurka ta iakitun eta sasi-iakitun aien aurkez aurke ageri zan Platon egizale ta ederbera: erritarren iritziak okertuago ta makurrago egiten baitzituzten iakitunok.

 

(iarraitzeko)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.