Itz Neurtuz
Larrazken gau batez
(edo «the mad pride of intellectuality»)
J.M.
Magadalenae dilectissimae meae
Larrazken-gau bat zen izar gabea,
Jarria nintzan sutondoan, hotz,
Arrotz bat antzo jendartean motz
Ezin garhaituz gogo-herabea;
Ez alegera eta goibel ez,
Goganbeharrez, egin zirelako
Geiak, gizonak, hil-iruditako
Joiterik landa Gauak hegalez.
Ez zen izarrik, bainan begi zohar
Lehen haur zena zegokidan so;
Goganbeharrak egon ziran lo
Emazte zela nendinean ohar,
Hil zen phindarra zezanean phitz
Ene sutoian haren soin zintzoak
Haren mihiaz (ustez) sormintzoak,
Arimarenak, zegidala hitz.
Odolak berhez gaduzka hargati
Nahiz odolez biok garen bat,
Emazte-haurra ez da niretzat
Nahiz den nire izanaren zathi.
Ene jorana zilhegi ez zait,
Amets alpherra ezin aipha dirot,
Bizi-nahian ez dakidan hirot
Naski ahanzten dakiket noizbait?
Arima-gauan argi zen ezkoa
Hil du jelosez ene jakintzak,
Dakialarik ene arimak
Ez dugula alde othezko Jainkoa.
Bainan aho ezti zuen, doi
Zen haren soina goi-ametsotara...
Zer naska dudan ariz jakin-ara!
Zer hotza dudan, ba naiz bihoztoi!
56.10.15
OHAR:
Neurria den aldetik, poema egin dut Zuberoako euskalkiaren indar-akzenta khonduan harturik. (Mintzai-jakitun zenbaiten araura, euskara kommunak ere delako akzent hori ezagutu omen du, lehenago). Hitz hizki-askodunetan, gehienean, azken-aitzineko hizkiak dakhar akzenta; sail hortako hitz zenbaitek, hargatik, akzenta azken hizkian dakharte, hala nola poeman: hegalez, hitz mugatua delakotz: Gauak (bere) hegalez niretzát, noizbáit, jakintzák, armák eta bihoztói.
Poemaren neurthitzak hamar edo hameka hoindunak dira, aldizka. Geldiune bat dago borzgarren hoinaren ondotik, eta hoin hori akzentik gabe duzue bethi. Hamar-hoindun neurthitzetan azken hoinak akzent bat dakhar; hameka-hoindunetan, aldiz, ez.
|