L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<eugo2900>— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Atarikoa

 

Erbesteko euskaldun eta euskaldun motzak geroago ta kartsuago ari zazkigu euskeraren alde: alderdi guzietariko euskaldunak, ain zuzen ere. Aldizkari ontan, esate baterako, ioera guzietariko idazleak arki ditzakezu, gure izkera geroago ta landuago, geroago ta irakurgarriago adierazteko eginalak egiten. Era berean, inongo ta inolako alderdietan sartuta ez gaudenok ere. Euskera dugula guzion elkarbiderik errezena ta bearrena, argi ta garbi ikusi baitute. Orixe agertu zan Paris'ko Euskal-Batzarre Orokorrean. Euskera, gure erriaren izkeratzat dugunok pozarren ikusi genun gure euskeraren gorabidea. Gure ao-ezpainetan garatuz doan euskera aintzat artu zuten erbestean bizi diran euskaldunok. Ageri danez, ogei urteotan euskerak egin du bide euskaldunon gogoetan. Norbaitek ederki zionez, euskaltzale porrokatua izateko biderik errezena auxe duzu, nonbait, Euskalerritik amar mila kilometrura bizi izatea, alegia. Onela bizi zeranean, euskerarenganako grina ta zaletasun berezia somatzen dituzu zure barnean.

        Euskalerrian bertan poliki doaz emengo euskal-idazleak: badute nun idatzi orain. Oraindik, ordea, idazti geiago bear ditugu. Aipagarri ditugu sortu diran euskal-idazle berriak, besteak beste. Gaztedi ederra ta argia dator gure atzetik bultzaka, ala bearrik. Eguzkia sortzen ikusten duzuen gazte alai ta erneok iaso ezazue, eguzkia sartzen so egiten dugunon euskal-agurrik kartsuena ta eupadarik ioliena. Sakonago ta giartsuago barnera zaitezte euskal-gogoan, eta andik atera itzazue indar eta kemen, gure erritarren oraingoa ta etorkizuna argitan blei-blei ezarteko, zuengan baitago gure erriaren izangoa. Gazte geientsuenek irizpide ederra erakusten dute, erdiko bidetik doaz, alegia. Auxe eskatuko nieke gazteoi, ordea: bide ortatik barrena itxu-itxuan io dezatela, euzkera edozertarako egoki-eraziz.

        Izkera baten gora zenbait idazleen eskuetan oi da, ta erria orobat aien atzetik ioan oi da. Bestalde, egia esateko, erriaren aotan bizi bear du izkerak. Auxe dugu bearrezkoenik, ori ezin ukatu. Alare, gaztedi buru-iantziak ainitz ta agitz dezake, oiek izango baitira gure erriaren bide-aurreko ta aintzindari, gezu batean. Norbaitek oker uste lezakenez, gai zail, sakonak eta gorengoak soilik maite izango nituke: okerrean legoke ori uste lezakena. Izkera baten bizi bearrerako gai guziak bear ditugu, erri xumearenak eta ikasiarenak, alegia. Eztitut zapuzten aurrenak, ez orixe. Alare, gai zailenetarako ere egokierazi bear dugu gure euskera, nik uste. Gaztedi buru-iantzi ori bere gaiak, bere kezkak eta irrikak oro euskeraz adierazten asi ta euskerazko ikastetxe nagusia dukegunean, euskera biziko da zoli ta ozen, sendo ta gordin, gozo ta zoragarri. Ori ezean, euskera beti izango dugu il-zorian.

        Euskeraren alde ari geran euskaldunok euskera gai guzietan erabili nai genuke: aur-ikastoletan, bigarren mailako ikastoletan, ikastetxe-nagusian, egunerokoetan, irratietan eta aldizkarietan, etxe zuloetan, elizetan eta kaleetan; ume artean, gizonezkoen artean; ez-ikasien artean eta ikasien artean, baserritarren artean eta erritarren artean, auzoetan eta Bilbo'n eta Donosti'n eta Gazteiz'en eta Iruña'n, edonon eta edonoiz. Gure io-muga ori lortzeko laguntzailerik ederrenak ditugu oraingo gure gazteok: beren lepo gainean artu bear dute egingo eder au, bulartsu ta baikor, egonarritsu ta oldarkoi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.