Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Gaizkile baten azken orduak

 

Mirande'tar Jon

 

So egiozue gizon bizardun horri: euskal-makhila bat laguntzaile, ba doa urhats geldian; begiak pherde zituen eta bizi lehenago, muthil zintzo bat zelarik; hits eta hilak ditu orain. So egiozue agure horri: gogetaturik dabila; gogoetaturik jarten da, esku-makhila bi belhaun-buruen artean tinkaturik, belarra makhila-buruari kontra finkaturik, oinbide-bazterrean. Haren ganik ihes egizue, jende behar-bezalakoak eta batez ere haur jolaskinak, neska pollitak, zakhur-gathu etxekoiak! Ihes egin eta ez ingura azken so baten emaitekotz hari, ezen gaizkin bat da gizon-antzean. Huna iaiki dela eta ba doa, mizpiratzezko makhila urgaizle duela, nork daki zein jomugari buruz... Zeruko txoriak mintzul egoiten dira haren iragaitearen ondotik, eta euliak eta eltxoak hilik erorten dira haren hats zithalaren pean.

        Orenak eguerdi seinalatzen du. Jatetxe batean sartzen da: bertze gizonen antzora, esku-zapia belhaun-gainean an hedatzen du: sudur-zapia sakolatik atheratzen du berin-bakharraren txukatzekotz, janhari-zerrenda hobeki irakur dezan. Bainan, ezer agindu baino lehen, huna neskatoak ekharten deraukola irkaitz maltzur batekin eta burdin-eltze batean, khea dariola, apho-ar bat egosirik. Jan gaberik joaiten da gizona, ezin-erranezko bihotz-minez bethe behako bat emanaz neskatoari. Gaizkin bat da gizon-antzean, ordea, eta guztiek ba dakite... Harzara lotzen da bideari, itxaropenik eta uste onik ezean. Ba doa taka-taka. Minbizi anker batek oinhazeztatzen du aspaldian eta betheriak lausotzen derauko ikhusmena. So egiozue gizagaizo horri!...

        Bere gaztaroaz orhoit da. Gazte-lagunak ikhusten ditu berriz, bihotzaren begiak berphizturik. Muthil sinhesle, aho garbi, belhaun azkarra zan orduan, eta bizarrik ez zekharren bidar-pean. Kristal-nigar-malkoak dathozkio begira orduko zorion aratza gogoratzean. Ondikotz! neska xarmant bat maiteegi ukhan zuen...Xarmanta zelakotz emaitzaz estali zuen: urhe-petentak egin zerauzkion haren laztanen ordain-saritzat; zaiak egin zerauzkion, zethazkoak eta satinezkoak, bai eta bertze gauza anhitz ere, heurgi maite zuelakotz; eta azkenekotz —in cauda uenenum!— haur bat egin zeraukon hoik guztietaz gainera.

        Udazkeneko hamabiko egunetan jaio zan haurra, eta ekhaitz-egun bat izan zan haren sortheguna. Bainan aita-ama dohakabeen bihotza are khexuago zegoen element khexatuak baino, sorgin gaizto, ikhus-ezinak bildu baitziran erditu-beharraren ohe-inguruan; heien sorgintzak hala eraginik, apho-burudun sein bat sorthu zuen neska xarmant zorigaiztokoak. Bihotz-erdiragarri zan, benetan, burhaso heien saminaren ikhustea! Ama baiesle izaiki, aitak, sukhaldehaizto batekin haurra sarraskiturik, igandeetako eltzean egosarazi zuen; eta egosten ari zelarik, haurrak nigar-kantu egiten zuen, aintzira-bazterretan aphoek egiten duten bezala! Burhaso biok egoskina jan zuten apho-burua moztu eta khendu ondoren, jangarri ez zatekeelakoan. Hori eginaz, ordea, Eliza-Amaren eta halaber Estatu aita-ordekoaren lege eta manamenduak hautsi, erhautsi, oinpetu zituzten burhaso heiek! Heien gaizki-eginak Goitar Ahalmen zuzenen mendekioa heitatzen zuen!! Joko ez ahal zituen Jaunaren ezpatak???

        Jo zituen. behar ere. Zorigaitzerako izan ziran hartarik landa bethi. Zorigaitzak eta helgaitzak herbaildu zainhildu zituzten biok, bethierekotz. Behin batean, bere hoben handi-handia ezaguturik, serora sarthu zan neska xarmanta, bere azken egunen nigarretan eta hilduretan iragaiteko xede sendo batekin. Bainan muthila, ai! nehoiz ez zan onbideratu...

        Hala bizi izan da eta zahartu, onbideratu gabean. Urtheak jin, urtheak joan, bizar aztun bat jaio zaio bidar-pean; betheriak lausotu derauko ikhusmena eta minbizi gorde batek jan du, pixkaka-pixkaka. Bainan nehoiz ere ez da damuzko elbe bat haren ezpainetarik athera eta nehoiz ere ez da damuzko gogapen bat haren gogoan kokatu. Horrengatikan utzi dute gizon eta emakumezintzoek; utzi aingeru eta arkhangelu guztiek: utzi du haren aingeru zaindari bereziak; gehiago dena, Jainko Onak ere utzi azkenaz bertze. Eta gaizkinek, lur, ur, su eta haizeetako daimon gaiztoek batzarri egin deraukote. So egiozue: bera ez dea gaizkin bat gizon-antzean? Bizar zorrotz, zorritsua euskal-makhila-buruaren gainean ezarririk, begi hitsak erdi hetsirik, jarria dago Jentilen templu baten hondakinen erdian... Barneko etsipenari emana da osoro. Zeruko txoriek ihes egin dute ingurune hartarik han denoko; euliak eta eltxoak hilik erorten dira haren hats zithalaren pean eta gizon-itzalik ez da han agertuko joaiten ez den artean.

        Egunkari bat jalgiten du sakolatik eta irakurten hasten da, susmo txarrez betherik. Beraren heriotzaren berria irakurten du egunkariaren hirugarren horri-aldean. Batetik bildur-ikhara damako berri ez-iguriki horrek; bertzetik, haatik, haren-bihozkada khiretsak eta izpiritu-minak lasaitzen ditu, baitaki orain zer egin. Su berritu batez diztiratzen du haren soak. Belhaunikatzen da lur soilaren gainean, Jainko Onari buruz, othoitz ahantz-ezin bat murmurikatzen dutelarik haren ezpain moldegaitzek. Ondikotz! Satan'i zaizkio lehenik othoitz-elheak beharriratzen: ifernu-zolatik lehiatzen da, sulphur-lanhoz inguraturik, zeruetako atheradino; bilhur bat egozten derauko zeruetako athetikan lur-gainean belhaunikatu den bekhatoreari... Eta huna lizar bat eraikiten dela, bat-batean, Jentilen templu haren hondakinetarik, gizonaren atzekaldean. Hala beharrez, abar gorenari lotzen derauko gizonak bilhurra: zalhuki jauzi egiten du, burua soka-lasterraren erdian iragaiten, zeinhatzeko dembora ba du doi doi, eta hor egoiten da, zeru-lurren artean dilindan, bethierekotz.

        Orduan zeruko txoriak oro hegal-indarka itzultzen dira urkhabe bakhan horren alderat; bele bilhakatzen dira eta urkhatuaren eginen goraiphatzen hasten dira, ozenki Kua-kua-kua.

        So egiozue, arren, gaizkin izandako gizon horri; zeru-Iurren artean dilindan, hegoi-haizearen erphuru eztiak perekatzen duela, zeruari lauzpabortz mailez lehen baino hurbilago da orain. Goian bego.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.