Elerti
Zotaletxe'ko artzaia
Upui berri
Urruzola tar Estanisla
Tilin, tilin, tilin...
«Zotaletxe»ko jabea altxa da.
Txintxarri otsa entzun detala egingo nikek dio.
Bai, gure ardien txintxarri otsa uan. Auxe gauzaren arrigarria! Bildu dizkiat bada larretik eta barrutira sartu! Dan-danak noski, dan-danak, batere utzi gaberik. Itxoin dezadan...
Tilin, tilin, tilin....
Oraingoan, «Zotaletxe»ko artzaia altxa da. Gazta ta ke usai darion txabola illun dago. Ao-zapaia legorra dauka, tortika egiñik. Xabu-xabuka arkitu du bazter batean dagoan konketa ta gazuratik zurrut luze bat egin du. Irten zaigu.
Ortzkarbi da. Izarrak bertan, ñir-ñir. Ortzearen argitara etxarurreko lizardiak erraldoi antzeko onto beltz izugarriak dirudite. Aketegi'ko aitza amaigabeko mando baten bizkar beltza, berriz. Aize izpirik ez dago ta arkumak ere zokoetan lo daude. aidanean. Izarrak ludi batetik bestera begiratzeko leioak irudi. Emendik aruntz begiratzean beti-egun dan bizilekua ikusteko leiok; onuntzakoan, emengo beti-gau oni argi pixka bat erakartzeko. Ta gogoei bai lurrari ere argi txirripa bat ba-damaie. Gau izanik, Aitzkirri leitzuloan baño argiago da beintzat. Emen zintzilikatzen diran lur burruntziak argi gabeko kandela ba-dira, ikusten ez diran aingeruak piztutako suziak, berriz, goiko izarrak...
Berriro otsa, tilin-tilinka...
Ots arrigarria! Urbi aldera artzaiak zuzendu ditu begiak gau urratu naiean. Zer argi dira, ordea, bere aurrean igitzen diradenak? Olako itxurako argirik ez du iñoiz ikusi. Orixe margoaren arrigarria! Ta, beraren dirdaia? Zerutik jetxitako argiak ote?
Berriro ere tilin otsa. Argialdetik dator, ta garbigo, ozenago entzuten du. Arriturik dago.
Zein dabil or? galdetzen du.
Tiliñak erantzuten dio...
Arripean gorde du txabolako giltza, ta ba-dijoa zer ikusi, zer jakin, zer gerta. Urreratu danean argiak alde diz-diz, eta txintxarriak tilin-tilin...
Zalantzaldi. Geldituko ote? Zer indar dute ordea argiok? Sugeak txoriarentzat, olioak ontzarentzat duan ekarmen, argiok Zotaletxe,ko artzaiarentzat.
Ba-dijoa bidetxiurretatik barna argien mende, bere atzetik... Urbi,ko zelaidi biguña igaro du. Aldapatxo bat. Gero pagaditik barna gainbera. Karakate'ko tartetik, aitzetenetik bestalde, Aloña beste mando beltz luze bat Aketegi,ko adizkide... Izarrak, leio; illargi, ate (Gose begiaz talo).
Artzaia korri ta korri; argiak aurre ta aurre; txintxarriak jo ta jo...Pagoek lurrera bide, errañu; ortzera bide alako ate ta leioen ataka...
Ara orain gelditu argi ta txintxarri. Amildegi illuna oñetan. Amildegi erdian argiak geldian. Ta, bertan, artz antzeko moltzo beltz bat zintzilik elorri baten adarrian.
Oraintxe, aixtian argi ziranak, abere begi; tiliña zana, zakurraren zaunka. Zein zakur baña? Etxeko zakur, jaiotetxekoa...Ezagutu du artzaiak, bai!
Xarpa!» «Xarpa!»
Txakur urduri da, larri, eziñegonez. Zer ote du? Bere begiak argi alaien ixpillu. Bere zaunkak eriotzetik bizitzara datoztenen ots. Ta nungo oiu, nungo ludiko ots, nungo deadarra aitarena?
Iñaki!
Zu emen, aita? Zu, zu...
Kendu dio elorriari zintzilikaio izandu zaion gorputz. Aul, exex, indargabe. Korderik gabe datza, zerraldo orain semearen beso indartsuetan. Bat, bi, iru, lau, bost, zenbat ordu Eriotzarekin burrukan? Une batzuk geroxeago azkatuko zituan besoak, eta amillaitzean bera birrinduko ziran bere zatiak. Ai, Eriotza'ren makurra!
Ez ez, aitaren bizitza gaizkatu nai du!
Atera du bide garbira korderik gabeko gorputza.
Urruti gabe jeixten da aitzetik bera ur-uxola bat salta-saltari, mur-murka...Bere ur gardenetan prexkatu dio bekokia; berotu dio igurtziaz bularra; kemen eman dio eragiñaz soin-atal nagiei. Ta, burua, berera etorri danean...
Seme! Ene seme!
Aita!
«Xarpa»k, jaiotetxeko txakurrak, kabriolak dagizki pozaren-poz errekondoan.
Semeak galdetuko dio oraindik ats-estuka dagon zarrari:
Zer zenbiltzan, baña, aita?
Utsa! Ire ondotik nai nikan izan. Ire ondotik, larre ondotik, aitza ta artalde ondotik... Ire ondoan igande eguna igaro. Gaztealdi paketsua oroi ta agurtu, agurtu betiko neretzat urruti gelditzen ari diraden aitzok. Euzkal Erri'ko mendi zoragarriok! Zoragarriak, bai... Illunberri uan abitzerakoan. Abere gañean nentorrean onek ankak utzean jarri dituanean ta zilipurdika erori... Amildegian zorioneko elorri! Ezkerrak ari! Miraririk ba-dek, auxe mirari! Bañan, nolaz etorri aiz onaño? Nork ekarri au?
Argi bi ta txintxarri batek. Bañan nolako argia, aita? Zerukoak ziruditen, izar dirdaitsuak! Al dakit txakurraren begiak izar oietaz jantzi ote diran? Txintxarri otsa ere ¡ura lakoa! Zuk diozuna, aita: auxe mirari! ...Ator «Xarpa» txakurrari ez duk orain txintxarririk...-orain aitari-: Utzi dezadan gerorako onetzaz mintzatzea. Bizirik zaude beñepein ta! Ubeldu batuzk piririka erortzean. Utsa!
Beraxeago, argi eder, lilluragarri, izugarria guztiz, ikusi dute Arantzazazu,ko Ama,ren irudi ikuskarri bat inguratuaz. Eskuetan argitxo bi dauzka. Inguruan dan argiaren ondoan ipurtargi bi dira. Azkatu ditu ta goruntz abitu dira ibil-ibilka izarko ibilkari biak, lurrean Ama,ren aginduz bere eginbearra egin ta esan ondoren, ostera goien zeruko leio izatera...
Amaren irudia ere ixkutatu da. Bera zegoan tokian, aita-semeak Arantzazu,ko Eleiz Torrea ikusi dute, kanpai otsak lenen mezetara deika...
Artzai biak, onuntz datozte, bere urratsak lur jotzean tapa-tapa egiten dutela, ezker-emalle, otoilari...
|