Olerti / Etxaniz'tar Nemesi'ren olerkiak
Biotz-erdiketa
Nemesio Etxaniz
Gau-ama, lore-egoak
batzen ari da.
Bidean zear maite bi,
besoak korapilloan,
astiro doaz pausoan.
Oñatzak, bide ixilla
esnatzen dute otsera.
Tra!... tra!...tra!... Illuna,
deika biotzera.
Maite bi doaz bidean,
oñak alkarren parean,
izketa ixil, begiak gandu,
odola irakiñean.
Odei-mulloak gañetik sapai:
izarrik ez du Illargiak zai.
Lau oin, bi ta bi,
nexka-mutillen
arraun, lur-joaz,
geldi-geldiro dijoaz.
Amesik ez da bidean...
Urruti baten mojen kanpaia,
asperenka da illunpean.
Orduak orraztuaz,
aurrera dijoa gaba:
bide-alboak sasitzen.
Maite biak, asmotan bat,
tanto bi dira urrutira:
ipurtargiak bide-ertzetik
ikutu die begira.
Besorik-beso, eskurik-esku,
maite biak geldi dira.
Bustiñez labain dago
alboko zingira:
labañago da mutilla,
neskatxaren belarrira.
Goraxeago, aldapan geldi,
ostropea illunago...
Arnas estu bi aidean!
Ingurua miñez dago.
Biotz biren erditzeak,
zotin da urruma dario:
griña itxua etxeko dabil;
adimena, andik auzo.
Gero... Aldapan bera kezkati,
maite biak mutu datoz.
Neskatxa, txima-luze, soñeko-
zimur, itxu dator malkoz.
|