Idazti Berriak
Platero ta biok
Andima
Platero ta biok. J.R. Jimenez - Ametzaga'tar Bingen'ek itzulia Montevideo 1953.
Gure izkuntza oraindik ezpaita gertatu Euskadi'ko izkera bakar, alegiñak egiten ari dira euskal idazleak aberri-izkera gaitu ta asmo garaienetarako ere egokitzen. Ezbairik gabe, xede ori iristeko biderik egokiena, itzulpena da, ots, gure artean ezagun ez diran arrotz-idazleen bulko ta gogoetak, sakonenak ere, euskeraz, zintzoki taiutzea. Ortara oldartu ziran, aurrenekoz, ainbat erri izkera zokoratu, egun elerti gaindegiak iritxi dituten ainbat izkuntza. Ez daukagu zertan iardun aipaketa luzeegian, aspergarria litzate bada.
Orra, aspalditik Ametzaga'tar Bingen'ek gure artean lantzen dun arloa; itzul-lana. Ederki erakutsi dizkigu euskeraren gaitasunak gaurdaño argitara ditun itzulpen ederretan: «Hamlet», «Adiskidetasuna» eta berrien berri, «Platero ta biok», Juan Ramón Jiménez olerkari ospetsuarena.
Ez dira olerkiak itzul errexenak, aipatu olerkariarenak batik bat. Poesiak beti ditu izkutune berezi ta zirkun-zarkun itzuli-gaitzak. J.R. Jiménez'ek liburutxo ortan, Platero mandakoa laguntzat artuz, lirika goitarrenez bere lana oretu du. Dizdiratsu, margo-ñabarrez izadi betearen oiartzuna, itz zotil eta gogamen sakoentan gatzatua damakigu.
Alare ez du Ametzaga'k olerkariaren gogaiok saldu bearrik ukan euskeraz iazteko. Ortan datza aren meriturik nabariena. Aren lirika gure izkeraren txanbilletan iixurtzeko itz eta esakera egokienak arkitu ditu Ametzaga'k. Ez dio euskerak ukorik egin itzulari azkarrari.
Engoitik, «Platero ta biok», Ametzaga'ri zor, euskal elertiaren pitxi ederrenatarik izango da. Beste arrotz errietako ondasunik asko ere guretuta dauzka idazle azkar porrokatuak. Laister argitaratuko al ditu; gu beintzat erpai gaude aien eztia lenbilen dastatzeko. Zorionak adiskide.
|