Olerti
Ama, zer zeran
Astigarragatar Joxe Andoni Ank.
Ama, zu zer zeran, nai al dezu jakin?
Egin dezagun bat gure biotzakin.
Urreratu zaite ta egon gaitezen
Maitasun-jario alkar besarkatzen.
Irripar ixillak itz egin bezate;
Gauden alkarturik itzik esan gabe
Zure begik nigan ta nereak zugan
T'esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
Biur nazazu aur lepoan artuaz
Ta masail gurian biguin estutuaz.
Abestu zaidazu maiteki seaskan
T'esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
Magalera jasoz gozara nazazu,
Nere negar malkok txukatu itzatzu,
Emaidazu babes zure besoetan
T'esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
Narabilzu leiez itxasaiz'artuaz
T'erreka txikien poll-pollak entzunaz
Mendi gallurreko eguzki erteran
T'esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
Karnaba xoxoen kantua entzunda
Nere begitxorik argitutzen bada,
Begiratu maitez emaidazu laztan
T'esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
Zelai-loreakin sorta bat egiñik
Zuganatutzean, leiatsu ta pozik,
Babestu nazazu esku biguñetan
T'esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
Uzkur, goibel eta itun banakuszu,
Kupida ta arduraz begira nazazu:
Begoz negar-malkok zure begietan
T'esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
Zoriontasun da adur onez banaiz,
Zarraizkit gozaro, oartasun lasaiz:
Bego par-irria ezpain goxo orietan
T'esango dizut nik, ama zu zer zeran.
Biotzen estutuz musuz jan nazazu...
Zoratzen bazera et' ezpadakizu
Nerea zu ala zurea ni naizan
Esango dizut nik ama, zu zer zeran:
Arpegi kezkatiz... Ezpañak dardarka...
Ñir-ñiraz begiak... Biotza taupaka...
Itzez ezin eta maite mintzo oretan
Esango dizut nik, ama, zu zer zeran.
ama, zu zer zeran!
Donostian, 1951 garrengo Abenduaren 21'an,
bigarren saria irabazitako olerkia.
|