L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Epaila-Yorraila. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Adiskidetasuna

 

M.T. Kikero

 

euskaratzailea:

Ametzaga Aresti'tar Bingen

 

EUSKERATZAILLEAREN ITZAURREA

        Liburu asko idatzi dira adiskidetasunari buruz. Guzien artean, ordea, bat ere ez, au bezain irakurria ta ospetsua. Egillea baita bere adiskide mamiñenari (Atik'i) adiskidetasunaz idazten dion adiskide bat. Eta adiskide au, berriz, Erroma'ko izlauzko idazle aundiena bakarrik ez, «el primer prosista de la tierra» [Menendez y Pelayo] ere dugulako.

        Leli'ren aoz mintzo da idaztiño ontan Kikero, egizko adiskidetasunaren izakera atzalduz. Atzalpen ortan, oartze-egi aundiak agiri dira, idazkera ederrez yantziak; guzian, barrukotasun goxoa nagusi dugularik.

        Lateratik artu ta euskerara ekarri dizut, arteka-marteka, maitasun aundienaz ta euskeraren alde zerbait egiteko asmo zintzoaz. «Itsasoan dugu igeri egin bearra», gure Orixe'k esan dunez, ta bakoitzhk al duna.

        Biotzez eskeintzen dizut nire lantxo au, irakurrle adiskidea.

Montevideo'n, 1952, Orrilla.

 

 

 

Mark Tuli Kikero

 

Leli

(Adiskidetasunaz)

 

1.— Kintu Muki Eskebola aztiak bere aitagiñarreba Kai Leli'ren gauza asko yaulki oi zun, zeatz eta itz-gozoz. Ezmezean ibilli gabe, yakintsu zeritzon bere izketa guzietan. Ni, berriz, Mizon-toga artu orduko, aitak Eskebola' gana niñun eta, al nun eta aizu nintzan neurriz, ez nun moiz agureagandik alde egiten. Orrela, ba, ark gurbilki yardun eta labur ta egoki esandakorik asko gogoan gorde ta aren yakintzaz nire burua ikastunago egiten ari nintzan. Ura il zanean, Eskebola apaizburuarenera nintzan. Adimenez ta zuzentasunez, gure iriko gizon garaiena genun au, nik uste. Baiñan, beste bein onekikoa; oraingoan, aztiagana naiz berriz.

        2.— Asko zerausan; egun batez, oroitzen naiz, bere etxean zegon emizikloan (1) eserita, oi bezela, nik eta bere etxekoenetako batzuk laguntzen genula. Izketa, ordun edozeiñek zerabillan arira etorri zan. Zuk, Atik, Puibli Sulpikirekin ain artua ziñan orrek, gogoan duzu, noski, erri-tribunu zalarik, aren aspaldiko adiskide miña Kintu Ponpei ordun kontsul zanagandik gorroto gorriz astandu zanean, nolako arrimena ta atsekabea sortu ziran lagun artean.

        3.— Eskebola'k, ba, gertari ori aipatuz, Leli'k berekin eta Kai Fani Mark'ena bere beste suiarekin, Eskipi Apirkarra'ren eriotzaren zen bait egunen ondoan, adiskidetasunari buruz egin zun izketa azaldu zigun. Yarduki artako esanak gogoan wtu ta liburu ontan azaltzen ditut, nire eraz. Lagunak berak yarri ditut mintzaide «ba-diot» eta «ba-dio» maizegi ez artetzeko ta yardunaldian gaudelako irudia emateko.

        4.— Sarri eskatu didazu adiskidetasunaz zerbait idazteko. Gaia, bai guzien ezagutzaren, bai ta gure kutuntasunaren aintzako ere irudi tu zait. Gogo onez, ba, zure eskabidez, anitzi onuragarri izateko ari izan naiz. -Ezkeñi dizudan eta zarrtzaroaz diardun «Kato Zarra» idaztian agure bati, Kato'ri, itz eragin diot, aro orretzaz mintzatzeko, ez bainun arkitzen lagun oberik aren zartzaroa guziz luzea ta artan lenbizietakoa izan dalako, orrelaxe, Kai Leliren eta Pubili Eskipi'ren arteko adiskidetasuna, guzietan aipatuena zala gure gurasoengandik ikasi dugun ezkero, egokia iruditu zait Leli adiskidetasunaz ari izateko, aren yardukia Eskebola'k gogoratu ta. Izketa auek, antziñako gizonen izenpean yarririk, nagusitasun geiago artzen bide dute ez dakit zergatik. Onela, neronek nire idatzia irakurrita, Kato dala itzegillea dut uste batzutan eta ez ni.

        5.— Ordun, nik agure onek, aguretasunazko liburua idatzi nion; orrelaxe ere, oraingoan adiskidetasunazko au zuzen diot. Kato genun mintzaille ordun, aldi aietako bat eta guzietan zurrena; orain Leli yakintsua (orrelakotzat artua da) bere adiskidetasunagatik ospatsua, adiskidetasunaz ari da. Aldi laburrez, alde egizu gogoa nigandik eta Leli bera dantzuzula uste ezazu, arren. Kai Fani ta Kintu Muki ba-datoz beren aitagiñarreba ikustera Apirkarra'ren eriotz ondoan eta eleztaldia asten dute; Leli'k ba-darantzuie ta bere yardun osoa adiskidetasunari buruzkoa da; ura irakuriz, zure burua dazagukezu.

        6.— FANI. Bai, Leli, Apirkarra baiño gizon oberik ez ta argiagorik ez da iñoiz izan. Gogoratu bear duzu, ordea, orain begi guziak zuri daudela; zu bakarrik deritzate yakitun ta aintzat artzen zaitute. Kato'ri zemaien izen ori orain arte; ba-dakigu Luki Akili'ri ere yakitun esan ziotela gure gurasoen aldian, baiña biak beste era batez: Akili, lege-yakintzan trebea zalako; Kato, gauza askotan oitua zalako; bai batzarrean, bai auzitegian, aren asmo zur, edo ekintza kementsu, edota yardespen zorrotz yalkitzen ziran; orregatik, ba-zun yakitun izena, zartzarora, orduko.

        7.— Zu, berriz, beste era batez zauzkate yakituntzat; yitez ta azturaz ez ezen, ikastez ta yakintsuz ere: ez lagunabarraren arauz, ikastumen irizpidez baizik. Elade'n ez zan egizko yakitunik izan (arlo auek zorrozki aztertzen ditutenek ez baititute alakotzat artzen «zazpi yakitunak» deitutakoak), Atenai'n bat bakarrik izan zan, irakatsi digutenez; ta ura, (2) guziz yakituntzat artu zun Apol en goi-erantzunak. Uste danez, zureak oro zugan dituzula deritzazu ta giza-gorabera guziak onbidearen azpikoak dirala uste duzu; alakoxe yakintza omeñ duzu. Orrexegatik, galde egiten didate, bai ta Eskebola'ri ere, nik uste, nola daramazun Apirkarra'ren eriotza, ta au ainbat geiago, azkeneko nonaetan (3) Dekima Brut aztiaren baratzetara gu yoanik, oi bezela, yarduteko, etorri ez zeranezkero, batzar egunetara zu orren zeatza beti izan zaitugularik.

        8.— ESKEBOLA. Izan ere, ainitzek galdetzen dute ori, Leli, Fani'k esan dunez; nik, ordea, oartu dudan au darantzuiet: adiskide mami zenun gizon aundi orren, eriotzean artutako miña neurriz daramazula; biotz ukitua izan ziñala gizon-zurrian; Nona auetan gure batzarretara ez etortzea, ordea, ez zala izan atsegabearren, osasun gabez baizik.

        LELI. Zuzen zaude, Eskebola; egia da ori. Beti bete dut eginbear ori osasunez nintzala ta ez nun artatik alde egingo naigabea gorabera; ez baitago, nire ustez, gizon sendo bateri bere eginbearra betetzea eten-arazi dezaioken gertaririk.

        9.— Zu, Fani, nire buruaz ez dudan eta eskatzen ez dudan oniritziaren yabe naizela esatean, adiskide antzo ari zera; nire irudiz, ordea, ez duzu Kato aintzat artzen bear bezela. Izan ere, ez da iñoiz yakitunik izan-eta auxe da niretzat siñesgarriena-ala bat izan ezkero, ura izan da. Besterik aipatu gabe, nola eraman zun bere semearen eriotza! Paul Emili gogoan nun; Gal ikusia nun; auek, ordea, aurtxoak galdu zituten; Kato'k, berriz, gizon egiña ta ezaguna.

        10.— Begira, beraz, ta iñor ez yarri Kato'ren aurrean, Apol'ek, diozunez, guziz yakituntzat agertu zun uraxe ere ez. Kato bere egiñengatik baitugu goraipatua, bestea itzengatik. Nitzaz, berriz, onezkero bioekin mintzatzen bainaiz, auxe duzute nire gogamena:

        11.— Eskipi'ren galtzeagatiko lorrik ez dudala ba'nio, jakintsuek lekuskete zuzen ariko nintzan ala ez, baiña gezur nesake, noski. Egon ere, biotz-ukiturik nago, ene gardiz, iñoiz ez dukedan eta, etsita nago, iñoiz izan ez dudan bezelako adiskidea galduta. Ez dut, ordea, sendabide bearrik; nigan dut sendagarria ta, batez ere, gogoratze ontan: Gizon geienak beren adiskideen eriotzean larritzen ditun oker artatik lekura nago: ez dut uste Kato'ri gaitzik gertatu zionik: bat edo bat agitu ezkero, neroni agitu zait. Norberaren gaitzaz atsegabetzea, ordea, ez da adiskidea maitatzea, beraren burua baizik.

        11.— Ari buruz, berriz, nork uka lezake -zorionekoa izan dala? Illezintasuna nai izan ezez, ta ori iñola ere ez zun uste, gizonek bidezki opatu ditzakenetako zer ez ote zun iritxi? Aurra zalarik, itxarobide aundienak yarri zituten arengan erri-lagunek; gaztarora orduko aiek gainditu zitun bere eragite ziñesgaitzaz. Kontsulgoa ez zun bein ere eskatu ta birritan egin zuten kontsul; aurrenik, aldia baiño len, gero, bere aldian beretzat, beranduxe erriarentzat. Yaurerri onen izterbegi aundienak ziran bi iri ondatuki, oraingo gudak bakarrik ez, etortzekoak ere ezereztu zitun. Zer dasaket aren izakera gozoaz, amarekiko bere maitasunaz, arrebaenganako bere eskuzabaltasunaz, beretarrentzako ontasunaz, guziekiko bere zuzentasunaz? Ezagunak dituzute. Aren illetan agertu dan atsegabetik ezautu da zeiñen maitea zan erriarentzat. Zertarako izango zitzaizkion, ba, urte batzu geiago? Zarrtasunak, naiz ta neketsua ez izan Kato'k, oroitzen naiz, il baiño lenagoko urtean nirekin eta Eskipi'rekin zalarik, azaldu zigun au alaz ere, Eskipi'k oraiño ba-zun bizitasun ori belaskatzen du.

        12.— Beraz, bai zoriz bai aintzaz, ezin izan zezaken geiago; alakoxe bizia izan du. Eriotza, berriz, ez zun nabaritu; ain lasterra izan zan. Eriotza onen yatorriaz mintzatzea gaitz da; ba-dakizute sumatzen dana. Egiaz esan liteke, ordea, bere biziko egun ospetsu ta alaitsu askoren artean, il zanaren aurrekoa izan zala aintzatsuena, arrats-beran, gure-batzarra bukatu ta batzarkideak, Errorna'ko erria, elkartuak eta Latitarrak lagun zitularik, etxera zanean; onela, aintza mail orren garaitik yainkoetara zala dirudi, ildakoetara baiñoago.

        13.— Ez naiz gogoa gorputzarekin batera il eta eriotzaz guzia ezereztutzen dala oraintsu esaten asi diranetakoa. Zanduai yauresketa ain gurenak eman zizkieten antziñakoak edo gure asabak siñesgarriagotzat ditut; ez zuten ori egingo, noski, ezer ez zioazkiela uste izan ba'lute. Siñesten diet, ere, lurralde ontan bizi ta, orain eroria, baiñan ordun orrilloan zegon Elade Aundiari, aien arau ta ikasgaiez irakatsi zioten aiei; bai ta Apol'en goi-eranzunak guziz yakituntzat yo zun ari; ark, gai oni buruz, ez zun gauza geienetan bezela, orain au, orain ori esan, beti bat baizik: giza-gogoa yainkozkoa da; gorputzetik ateratzen danean zerura da berriz, ta arin-arin, guziz on eta zuzentsua izan dana. Au berau uste zun Eskipi'k.

        14.— Izan ere, susmo bat izan bai'lun, bere erioa tzaren egun gutxi lenago, Pil, Manili ta beste batzuren aurrean, zu ere, Eskebola, nirekin etorria ziñala, Erri-gaiez mintzatu zan iru egunez; eta bere itzaldi orren amaieran, gogoaren betikotasunaz ari izan zan; lotan zegola, ametsetan Apikarra'ri entzun-gauzak azalduz, esaten zunez. Ori orrela, ba'da, eriotz orduan zintzoenen gogoek errazenik egaz ba'd'agite billurtuta dauden espetxetik, nori izan zaio errazago yainkoetaratzea, gure ustez, Eskipi'ri baiño? Orregatik, ba, aren eriotzagatik naigabe artzea adiskidetasuna baiño bekaizkeria ote dan bildur naiz. Egiagoa baldin ba'da, ordea, gogoa gorputzarekin batean il eta zentzumenik tink gelditzen ez dala, ez dago onik eriotzean, gaitzik, ordea, ere ez, noski. Zentzumena galduta, iñoiz yaio ez ba'litz bezelaxe da; gu, ordea, poztu egiten gera ura yaio izateaz, bai ta iri au poztu egingo ere diraukeño.

        15.— Zorionekoa izan da, beraz, arestixean esan bezela; ni ez ainbeste; bidezkoa izan baitzan bizian lenago sartu bezela, lenago ere irten ba'nintz. Gure adiskidetasunaren oroipenak, ordea alako poza ematen dit eta zorionez bizi izan naizela iruditzen zait, Eskipi'rekin bizi izan naizelako. Agiriko ta isilleko gaietan ari izan gera elkarrekin; bakean eta gudan elkarrekin bizi ere ta —adiskidetasun guzia ontan datza— gure naiak, atsegiñak eta gogamenak bat etorr dira beti. Onela, Fani'k oraintxe oroiterazi dun yakitunarpn ots orrek ez nau ainbeste atsegintzen, gezurrezko izanik batikbat, gure adiskidetasunaren oroia betikoa izango dala itxaroteak, orretxek poztutzenago nau. Eta ori areago, gizaldi guzien barruan ozta-ozta iruzpalau adiskide biko (4) aipatu baititzakegu. Orien lerroan Eskipi ta Leli'ren adiskidetasuna leku artu ta geroagokoek ezaguna izango dalakoan nago.

        16.— FANI. Ori izan bearra da, Leli. Baiñan adiskidetasuna aipatu ta astialdi ba-duzun ezkero, atsegin aundia emango zenidake —bai ta Eskebola' ri ere nik uste— adiskidetasunaz mintzatzen ba' zintzakigu, daskaizuten beste gaiez oi duzun bezela. Esaiguzu, ba, zer uste duzun, nolakoa deritzazun, zer arau ematen dituzun ari buruz.

        ESKEBOLA. Izan ere, eder izango zait ori. Ain zuzen, ori berori eskatzera niñoakizunean, Fani'k aurrea artu dit. Gauza oso atseginkor bat gu biontzat egingo duzu, beraz.

        17. LELI.— Ez nuke ukatuko, nigan uste osoa ba'nu. Gaia ederra baita ta Fani'k esan dunez, lanartean gera. Nor ote naiz ni, ordea, ala zer dezaket? Yakintsuena ta gerkarrena duzute oitura ori; yardun gaia ematen diete gertu gabe artaz ari ditezan. Arlo aundia da ta aztura ez gutxi eskatzen du. Orregatik, ba, onelakoetan ari diranai galde egin bear diezute zer esan daiteken adiskidetasunaz. Nik neronez, adiskidetasuna giza-gauza guziak baiño naiago dezazutela aolkatu dezaizueket bakarrik, ez baitago gure izaerari ain egokikir, ez ain erazkorik, bai zorionean, bai elgaitzean.

        18.— Auxe dut uste aurrenik; ez daitekela adiskidetasunik izan zintzoen artean baizik. Ez dut emen zirt edo zart egiten, auetzaz zorrotzago ta egiaz noski, baiña guziekiko onura gutxiz ari diranak bezela; ukatzen dute, ba, gizon onik dagola yakintsua baizik. Izan dedilla orrela, bai; baiña mintzatzen diran yakintza ori iñongo gizonek ez du eskuratu oraindaiño. Guk eguneroko bizian darabilzkigun gauzak gogotan artu bear ditugu, ez irudizkoak ala opatuak. Ez dioket iñoiz, Kai Pabirtzi, Mani Kuri, Tiberi Korunkani gure asabaek yakituntzat artuak, auen arauez yakitunak izan ziranik. Gorde dezatela, ba, berentzat yakitun izena, izen gorrotagarri ta illuna; aiek gizon zintzoak izan zirala eman dezatela. Ez dute au ere egingo; esango dute ori yakintsuari baizik ez datzakiokela eman.

        19.— Ari gaitezan, ba, gure zentzuaz, diotenez. Beren onustea, osotasuna, beti-bateko gogoa ta zindotasuna aintzat artua izateko gisan bizi ta ari diranak, ez irritsik, ez lizunkeririk ez lotsagabekeririk ez dutenak; irautasun aundikoak-eta orrelakoxeak izan ziran len nik izendatuak-gizon ontzat eduki ditute ta aintzakotzat artu bear ditugu guk ere, gizonak al bezainbat baitarrazkio izaerari, ongi bizi izateko otsemaille onena. Uste dudanez, gizon guziakin erkidego izateko yaioak baikera; ainbat geiago, ordea, aldekoagoak ditugun giñoan. Orrela errikoak arrotzak baiño onetsiagoak dira; aideak, ezak baiñoago. Izan ere, sendi batekoen artean izaerak sortu du adiskidetasuna; au ez da, ordea, sendo aski. Ontan eragiten baitio adiskidetasunak aidegoari; aidegotik aldendu daiteke onginaia, adiskidetasunik ezin; onginaia kendu ezkero, itzaltzen baita adiskidetasunaren izena; aidegoarenak badirau.

        20.— Adiskidetasunaren indarra nolakoa dan, ontatik ezagun daiteke, batik-bat: izaerak eratu dun gizarte baztergabean, adiskideen autatzea ainbeste estutzen eta laburtzen da ta edozein adiskidetasunek bi lagun edo gutxi elkartzen ditu.

        VI. Adiskidetasuna ez da besterik yainko ta giza gauza guzien buruz, onginaiz ta maitasarrez, bat etortzea baizik. Uste dut, yakintzaz landa, betiko yainkoek ez diotela gizonari zerbait onagorik eman. Batzuek aberastasuna naiago dute; beste batzuek, al izatea; beste batzuek, yauntza; askok ere atseginkeriak. Izan ere, azkeneko au abereena da ta len esanikoak igarakor eta aldakorrak; gure burubidetik baiño geiago zoriaren naikerietatik doaz. Onbidean on goiena yartzen dutenak, ordea, oriexek ari dira ederki; onbide orretxek, ordea, adiskidetasuna sortu ta irozotzen du; onbide gabe ez diteke izan adiskidegorik.

        21.— Onbidea, ordea, biziaren eta gure mintzoeraren oituraz azal dezagun; ez dezagun neurritu ura, itzen aunditasunaz, yakintsu batzuek bezela; euki dezagun gizon ontzat, aintzat artuak, Paul' ak, Kato'ak, Galu'ak, Eskipi'ak, Pil'ak. Erabateko bizia aiekin naikotzen da; utz ditzagun, ba, alde batera, iñon ere arkitzen ez diranak.

        22.— Orrelako gizonen artean, ba, adiskidetasunak ainbeste obari ditu ta ozta-ozta aiek esan ditzaket. Lenbizikorik, bizia nola izan daiteke «bizigarri», Eni'k dionez, adiskide baten elkar-ongi-naiean atseden ez ba'dagi? Zer gozoagorik zure buruarekin bezela orotzaz mintzatzeko bekoki dukezun norbait edukitzea baiño? Zer onura legoke gaingirotasunean, artan zerorrek aiña poztuko litzaken iñor ez ba'zenu? Zorigaitza, berriz, eramateko zailla litzake ura zuk baiño ere bizirikago leramaken bat ez ba'zenu. Buruenik, billatzen dira beste gauzak, gauza berezietan bakarrik dira egokiak; aberastasuna, eralgi dezazun; al izatea, lotsa erakutsi dezaizuten; yauntza, goraipatu zaitzaten; atsegiñak, poztu zaitezan; osasuna, miñik ez izan eta gorputzaz balia zaitezan; adiskidetasunak, ordea, gauza asko ditu. Noranai zoazala, antxe dago; ez dago iñondik baztertua; iñoiz ez da mugaitz; bein ere ez gogaikarri. Beraz, ez ura ez sua ez darabilgu maizago, diotenez, adiskidetasuna baiño. Ta ez naiz orain ala-olakoaz ta nolabaitekoz mintzatzen, ark atsegintzen eta onegiten ba'du ere; egizko ta guzizkoaz ari naiz, izendatu-gutxiena izan zan bezelakoa. Adiskidetasunak eraraldia distikorrago egiten baitu ta elkaitza ariñago, ura lainduz ta elkarri banatuz.

        VII. 23.— Adiskidetasunak ba-ditu obari asko ta guziz aundiak; ba-dago bat, ordea, guzian gaiñetik: etorkizunerako itxarobide ona argirazten du ta ez du uzten adorea aultzen edo erortzen. Egizko adiskide bat ikusten ari denak, beraren beste eredu bat dakus. Orregatik, urrenekoak aurreko, landerrak eukitsu, aulak indartsu ta, esateko gaitzago dana, illak bizi ditugu: adiskideen begiruneak, oroipenak eta miñak ainbesteraiño lagunzen ditute. Ori dala ta batzuen eriotzak zorionekoa dirudi; besteen bizitza, goresgarri. Gauzaen izatetik baldin onginai-elkartasun au ken ba'dezazute, ez etxerik, ez iririk ez diteke tink gelditu; lugintzak berak ere ez dirauke. Au aski ulertzen ez ba'da, lazkeri ta lipiztaetatik ezagun diteke adiskidetasunaren indarra zenbateraiñoko dan. Zein etxe ain iraukor, zein iri ain tenkor, gorrotoek eta targoek ondatu ez litzatekenak? Ontatik ikusi diteke adiskidetasunean zenbat onik dagon.

        24.— Agrigent'eko gizon yakitun batek, (5) eladerazko neurtitzez, ba-omen dio ere, gauzaen izaeran eta lubil guzian geldi dagona ta igitzen ari dana adiskidetasunak batzen dula, lazkeriak banatzen. Eta, izan ere, gizon guziek uste dute ta ba-dazagute ori. Orrela, adiskide batek laguntza bat egin dunean, galtzorian burua yarririk edo ura erkidetzen dularik, nork ez dizkio goradei aundienak egiten? Ango deadarrak arestian antzoki guzian Mark Pakubi nire arrotz eta adiskidearen ipuin berria zala bide! Erregeak ez zekin bietako zein zan Oreste: Pilade'k bera Oreste zala zion, onen orde illerazi zezaten; Oreste'k, berriz, egia bezela, Oreste bera zala berresaten zun. Zutik txalotzen zuten irudizko gauza; zer egingo zuten egizkoaren aurrean? Izaerak berak bere indarra zerakusan errazki; gizon oriek berek ezin zegiketena, besteetan ongi egiña zeritzaten. Uste dut onaiño esan al izan dudala adiskidetasunari buruzko nire iritzia. Beste gauzarik baldin ba'daude esateko (ta asko daudela uste dut), galde egiezute, on ba'zaizue, onelakoez, ari diranai.

        25. FANI.— Naiago dugu zuri galdetzea, auei maiz galde ta entzun ba'nien ere, ta ez gogaipenez, noski; zure itza, ordea, beste ari bateko dugu. ESKEBOLA.— Ori areago esango zenuke, Fani, arestian Eskipi'ren baratzean egon ba'ziña, errigaiez ari izan zanean. Bai zuzenbidearen aldezkari izan zala, Pil'en itzaldi trebearen aurrka! FANIL— Erraz izan zitzaion, noski, gizon zuten-zuzenari zuzenbidea aldeztutzea. ESKEEBOLA.— Ta adiskidetasuna? Ez al zaio erraz izango, zintzotasun, irautasun eta zuzentasun aundienaz ura begiratu zulako aintza goiena irabazi zunari?

        VIII. 26. LELI.— Izan ere, indar egitea da au. Zer axola zein eraz beartzen nauzuten? Beartu egiten nauzute, egiz. Gaitz bakarrik ez, zuzenbidezko ere ez balia, nire suiñen naiari gogor egitea, gauza on batean, guziz ere. Sarri askotan, adiskidetasmnaz ausnartzen ari naizelarik, auxe iruditzen zait gogoragarri, batez ere: Aulkeriak eta beartasunak egin al dute naigarri adiskidetasuna? Laguntza emanaz ta artuz nai dugu beste batengandik lortu, geronez eskura ezin duguna, elkarri ordain emanaz? Ala, aitzitik, ori adiskidegoaren tasun bat baizik ez da, ta ba-du berak beste yatorri antziñekoago, ederrago ta berezkoago bat? Adiskidetasunari izena damaion maitasuna (6) elkarren onginaiaren erroa da. Obariak ba-ditugu maiz artzen adiskidetasuna irudikatzen dutenengandik ere; goraberaen arauz lotsa erakusten dizuete. Adiskidetasunean, ordea, ez dago idurizko, ez itxurazkorik; guzia egizko ta oldezkoa.

        27.— Orregatik ba, nire irudiz, izaerak sortu du adiskidetasuna, bearrak baiño noskiago; gogoaren yaiera ta maitatzeko biotz eragin bat dugu, ez ekarri dezaiguken onuraren ustea. Zenbait aberetan ere oartu diteke adiskidetasuna zer dan: aldi batekoz beren kumetxoak maite ditute ta aiek maitatuak dira; errez oar ditzakegu biotzondo au. Gizonagan, ordea, askoz agiriago dugu au; lenengoz, aita ta semeen artean dagon samurtasun orregatik, oben gorrotogarri batek bakarrik ezerezta dezakena; gero, orren antzeko biotz-eragiña artzen dugunean, bere izaera ta azturak gureakin bat datozan norbait arkitzen ba'dugu, argan ikusten bide baitugu zindotasunaren eta onbidearen argi bat.

        28.— Izan ere, ez dago onbidea baiño maitagarriagorik; ezerk ere ez du geiago maitasuna ernerazten. Onbidea ta zindotasuna dirala bide, bein ere ikusi ez ditugunak ere maite ditugu, nunbait. Nork, iñoiz ikusi ez zitun Kai Pabirtzi ta Mani Kuri gogoratuta, ez al du alako maitasarre ta naikaria aientzat? Nork, aitzitik, ez ditu Tarkin Arroa, Espuri Kasi, Espuri Meli gorrotatzen? Bi buruzagiren aurka gudan ari izan gera Itali'n, nagusitza zala ta: Pir eta Anibal. Ez dugu lenbizikoa geiegi gaitzerizten, aren zintzotasunagatik; bigarrena, berriz, gorrotatuko du iri onek aren ankerkeriagatik.

 

Urrengoan geiago.

 

(1) Hemicyclo: Biribil-erdi erazko ormadia, eserlekuz ornitua.

(2) Sokarte.

(3) Nonae: Erroma'ko illabetearen boskarren edo zazpigarren eguna.

(4) Auek ditugu «adiskide biko» ospatsuak antziñaldian: Akil eta Patrokel, Tesen ta Piritu, Oreste ta Pilade, Daman eta Pitia.

(5) Enpedokel.

(6) Lateraz, «amor» ta «amicitia» itzak erro batekoak ditugu: euskerazko «maite» ta «adiskide» ez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.