Euskera
Aldizkariak barna
Elentxu
Gernika. 18'grn. banakoa (Ilbeltz-Epail 1952). Buenos Aires'en. Zenbaki onen zati aundi bat Azkue zanaren goratzarrez idatzia dator. Zenbait idazle bikañek beren idaz-lanak erderaz eta euskeraz euskalarietan azkarrenari eskeñi ditiote. Onatx euskerazkoak: Justo Garate: «Berbizkunde Azkue zana». Garate yaunak euskal zelaian arlorik berezienak arrotu dizkigu. Orain arte geienetan erderaz eman dizkigu bere lanak, gaur aldiz euskeraz eta pozik ikusi dugu gure iakintsuak ere ain zapuiztuta daukaten izkeraz baliatzen asiak dirala. Aurrerantzean ere, bere asmo eta ustekizun batzu, euskeraz argitaratuko ditula aitortzen digu Garate yaunak. Zorionak eta ala obe. Altube'tar Seber: «Agur, Azkue Jauna, Agur». Iñork gutxik bezela ezagutzen zuen Altube'k Lekeitio'ko seme argia: «Benetan dio Azkue'k, jakintza-gai oetan egin digun lana, etzan gizon bakar batek egitekoa. Baldin, olako lanik geien eta bikañenak egin dukeanarentzat «premio Nobel» bezelako saririk balitz, mundu guzian, Azkue jauna genukean irabastaille. Bai orixe». Aipagarriak dira baita Donostia Aita, Thalamas, Gavel eta Fagoagak, erderaz, Azkue'n gomutaz idatziak. Iratzeder: «Azkun Orrea», olerkia. Ba dizu zeru-ikuturik olerkari bikain onek. Ain eder, ain bikain bai duzu, mintzul lotu oi naiz aren neurtitzak irakurtzean, bainan barne izkeraz iztun. Orra olerkari onen doairik garaiena, arima sakonenetik iñarrostekoa, alegia. Dominique Dufau: «Noe'ren Arkha». Ugoldeko Ontziaren ingurukoak darabilz euskera zailu ta atsegiñez. Ba dizu gatzik Dufau yaunak euskera erabiltzeko, bere bulko gogoetak apainki adirazteko. Mirande'tar Jon: «Mendi-gallurretatik (Aus hohen Bergen. Fr. Nietzsche) » olerkia. Itzul-lana betiere zail, Nietszche itzultzeko are zailago. Alare Mirande olerkari prestuak filosofu orren lainotsu ta sakona argi aski euskeratu digu. Erkiagarre: «Euskeraren hel-oihua: Unamuno zuzen othe zan? Euskeraren izangoari buruz ari da, gure il-edo biziko auziari buruz. Arrazoia du, idazle apaiñak, gure izkeraren goraberak muin-muiñetik aztertu ondoren dionean: «Euskera kultur hizkuntza bihur dezagun; aitzitik, laister hilen da». Bainan, Eusebi laztana, zergatik ez duzu aipatu ere zure idaz-lan ederrean gure aldizkari EUZKO-GOGOA? Erbestetuon kutsuak narriotuko ote zindun bildurrez? Edota gure aldizkariak artobizarrak aiña balio ez duelako? Neonek diotzut bada, goraki ta ozenki: Ez Otoyo-mendik ez Ogoñok, itsaso gerakak astitzen ditun ezkeroztik, ez dute gure Euzkadi'n orlako aldizkaririk ezagutu: Bi urteburuan, ia 700 orrialde, 200 idazlan, euskeraz soilik argitara ditugu, kultur arlo sakonenak ere arrotuz. Santo Tomas'ko periak baño geitxoago, or nunbait... Min artu nuen zure artikulu ederrean utsune ori atzematean. Nabarmenegia da izan ere. Zelai: «Urr - Orr atzizki illotzak». Atzizki illotz edo umelak zaratzen ditu idazle nekatuezin eta apain onek, bidenabar euskera ere filologi gaietan erabiltzeko egokia dala sendoturik. Eustazpi zindoaren gaiñean eraikitzen ditu atzizki-umeletazko bere usteak, ikerpen zabalagoetaxako bideak irikiz. Ederki, Jon. Azkenez zenbaki ontan R. Galarragak aurreragokoan asmatu auzi minberaren inguruan «Euskalerri ala Euzkadi'z, alegia, zenbait erantzun dakarzki. Bi ez beste guziak erderaz. Bi oiek Lopez Mendizabal eta Ibinagabeitiarenak dituzute. Politika ez da auzi ortatik urrun ibilli, Ixaka aundiak dionetik. Euzkadi'ren etsaiak Euskalerri'rik ere ez dizute nai, kitarraren otsera jota-kantuz erabiltzeko izan ezik, «los fueros de Navarra» ospatsuak iduri. Jota gutxiago ta euskera geitxoago, yaunak.
EGAN, 3'grn. Zenbakia 1951 Uztail-Irail-Do-nostia. Luis MITXELENA: «Euskal-literaturaren etorkizuna». Lendanik ezagutzen genitun Mitxelena'ren idaz-lan sakonak izkuntza gaietan, erderaz idatziak ordea. Oraingoan idazle azkar agertzen zaigu euskeraz ere. Ageri du euskeraren erraietan murgildurik ibili zaigula, eta gure izkeraren muiña ikutu dizula. Gaia barrenki darabil, bulkoz yori. Zu bezelako idazle asko ba genitu «alabear gogorrak ez gaitu iñoiz ere menderatuko». «Antziñakoen «amor fati» ura Kristauentzat Jaunaren borondatearen onartze umilla aldez aurretik ongi ikas dezagun». Euskeraren ondatzeari buruz «onartze umill» ori artu bear ba'dugu baita etsipen ber-bera bear dugu Euskalerrian ageri diran beste ondapen guzietaz ere, adi bidez, erlijioaren ondapen ain nabariaz. Orrezkero, zertako apaizak, zertako elizak? Nik ez dut etsi nai, ez dut iñola ere «amor fati» ori nere biotzean laztanduz goxo egin nai, «aurrekoen ondarea, oiñordeko geranez, dagoen dagoenean» artu ta gure izkera ta aberriaren ondamendia betiko eragotzi baizik. Etxaide'tar Yon: «Bidez-Bide». Artetxeren liburutik itzulita, Iparragirre'ren eriotzaz mintzo zaigu Etxaide. Itzulpen ederra, eta bete-betekoa. Ba du idazleak itzulpenetarako ez ezen bere kabuz idazteko antzerik.
EGAN, 4'grn. Zenbakia. 1951, Urril-Lotazil-Donostia. Aspaldiko: «Euskeraren Batasuna». Berriki, kultur-bideak barna euskera sartu bearrak sortu takelaren inguruan ari zaigu «Aspaldiko» antzerkigille eta idazle ospatsua. «Krutwig'en asmoak arras nabarmenak dira. Euskeraren Batasuna aitzaki artuaz sasi-izkera mordollo, itsusi ta antzu bat bere kaska-ezurretik erdira digu». Berrikeritan oldartu aurretik, erri euskerak zainzainetik ikasi bear dirala ere ba'dio, eta irakurri. Ori olaxen da. Nik ere ontzat artzen dut «Aspaldiko»k diona: «Eta esan zagun, naiz batzuen-batzuek sinistu nai ez badute ere, orain berrogei urtetik onuntz euskeraz beñere baño obeto eta geiago idatzi izan dala». Idazlan onek merezi dizu, irakurle, irakurri eta ausnartzerik. Gaztelu'tar Jon Batista: «Zerura Bide». Poematxoa zoragarria iru ataletan banatua: I. Itzulera; II. Zorioneko arkitze; III. Maitaro. Verdaguer'ek elioke muxiñik egingo poematxu oni. Euskal-giroz oretutako mistika garaiena ematen digu ementxe olerkari bikañak. Mamiago yardun bear nuke poematxo ontaz, bañan ezin luzatu nindeke. Ene atsegiñak ar bitza Gaztelu Aba maiteak. Markiegi'tar Peli: «Buru ta Biotz». Euskeraren Martiri Gallena. Zure arnasa barren sartu zait biotzean, zure neurtitzen paregabeko antzea, zure gogaien garra. Zure odol gorriz zirtatutako euskerarik ezin diteke fi.
GURE HERRIA. 1952'ko Urtarril-Otsaila. Banako osoa Mgr. Saint Pierre zenaren oroitzapenetan egiña dator. Utsune aundiegia utzi digu euskaldunen artean Apezpiku kartsu zen idazle bikañaren eriotzak. Zeru goi artatik pizkortuko al gaitu, emen lurrean egin oi zunez, euskaldunok geruago eta atxikiago bizi gaitezen euskerari, euskal lurrari. Lan ederrak opatzen dio «Gure Herria»k bere zuzendari zenari. Emen euskarazkoak, soilik, aipatuko ditut: Chalbador: «Pertsuz agur bat», J. Athor: Misionest Hasparne'n. Zephuru: «Semenario handian, erakasle». J. Olhagaray: Presuner Alemanian. Adichkidea: «Adichkide baten hitza». T. de Monzon Olaso: «Oñazez». Etchahoun: «Mgr. St. Pierre'i orhitzapen bat». Iratzeder: «Ai haren burua...». Oxobi: Zenduari othoitza. Lan guziak, zein baño zein ederragoak, batez ere Iratzeder'en olerki goitarra, eta Oxobi'ren neurtitz goxo ta sentituak.
BOLETIN DEL INSTITUTO AMERICANO DE ESTUDIOS VASCOS, Enero-Marzo 1952, Buenos Aires. Lopez Mendizabal'dar Ixaka: «Erderazko arbol itza euskeraz nola da?» Ezagun ditugunez gainera, arbola adierazteko euskal toponimian beste auek ere arkitzen omen dira, idazle aren ustez: ondo, atze, azi, usi, gutxienez, «eta uste degu oraindik ere geiago izango dirala». Arbol, edo arbor, erdal-itza bera euskeratikoa ez ote? dio idazleak. Irakurgar-rriak ere urrengo idazleen artikuluak. Gabino Garriga, Laskurain, Etcheberry'ren odol-sail eta Rh (Rhesus) eragiña euskotarretan.
BOLETIN DE LA R.S.V. de Amigos del Pais, 1951'ko Urril-Lotazil. Ia irureun orrialdeko aldizkari mardul onek, ez dizu euskerarentzat tokirik. Ortan Urkijo zanaren ibil-bideetatik ez dabilkigu aldizkari au: ark, iñoiz ere etzion aterik itxi gure izkerari bere aldizkari eder RIEB'en. Pozik irakur zenitzake Luiz Mitxelenaren «Euskal-ponetikaz» idazlan mamitsuak. Baitare oargarria Angel Irigaray jaunak gure adiskide mami den Etxeniz'tar Nemesi'ren «Kanta-kantari» olerki liburutxuaz idatzi duana.
ARANZAZU, 1952, I-xorta, Arantzazu'n. Ona emen, Euskalerriko aldizkerietan zerbait euskeraz dakarren aldizkingi bakarra. Aldizkari ontan, iñun baño obekiago ageri zaigu gure izkeraz darabillen burruka argitan burua erakutsi al izateko. Ondo dakit Arantzazuko praileak euskaltzale gartsu dirala, baña ezin dute nai lukeen guzia egin euskal zelaian. Alare biotz-biotzetik eta onginairik aundienaz, len bai len, euskera utsezko aldizkari bat ateratzeko aolkatzen diet. Txitoak ere ez dituzute bizi otapur utsez, are gutxiago euskera. Ba ote gauz erdiragarriagorik gure izkera ederra eskale antzo ikustea baño? Onatx euskerazko lanen aipu: A. Sorrarain: «Zoriobeko Sondika eta Zoriobeko Joakina». Zubiri'tar Jokiñe aizparen bizitz-berria, Sorrarain'ek oi duen zailutasun ta bizkortasunez idatzia. Lenago ere idazle gazte oni goratzarre yota nago. Oraingo ontan ere lenago esanak berritu nai nizkioke. «Misioak dirala-ta» Sinesgabeen arteko Misioetako berriak.
ARANZAZU 1952, II-xorta, Arantzazu'n. Euskal idaz-lanak: «Aspaldiko»: «Urte Guziko Meza-Bezperak». Orixe'ren misalaz iritzia, gure adiskide onak dakian bezela, oso taiuz eta zintzoki ondua. «Ortan Meza-Bezperak dala-ta gallurrera iritxi gera» dio irizleak. Alaxen da, izan ere. Gezaltzako Aitona: «Gaurko Gazteak». Ederki xeatzen ditu gure aitonjator onek gaurko gazte buru-arin eta apaindu-gurak. Ez uste gero neskatxetaz ari danik mutil yatorretaz baizik. Nere zorionik bizienak ar itzazu Aitona, eta luzaro iraungo alduzu orelako kanta ederrak idatziz euskaldunen zorionerako.
INTERNATIONAL P.E.N. BULLETIN. OF SELECTED BOOKS. January 1952, London."Basque Literature», idazpuru pean, azken urte auetan argitara euskal liburu zenbaitez iritziak dakarzki pantzeraz idatziak: «Bizia Garratza da», «Ama-semeak Arantzuko Kondairan», «Euskaldunak» eta «Goldaketan», PEN EUSKAL BILKURA'ko idazlariak onduak. Aldizkari au mundu guzian zabaltzen da, literatura guzien berri emateko, Euskal-literaturak' aurten, aurreneko aldiz, aldizkari ortan sarrea izan dizu. Gu ere mundu zabalari begira noizbait yarri gera gure elerti-edertasunak erakusteko ezpaitaukagu lotsarik.
BESTE LIBURUXKA AIPAGARRI ZENBAIT:
Salbatore Mitxelena: «Ogei kanta Arantzazuko». Liburuño tipi batean ogei Arantzazuko kanta argitara dizkigu Mitxelena ospatsuak. Zenbait bere poematik artuak, beste batzu berriak, danak dagokien musikarekin. Egokia benetan liburuño auxe gure erritarren arten zabaltzeko. Musika ederrez gañera, itz ederrik ere ikasiko dute.
Omaetxebarria'tar Iñaki Aita «Esperanto o Vascuence». Villasante Kortabitarte Aitak idatziari yardespena.
Villasante-Kortabitarte: «En torno al Problema del Vascuence» eta beste liburuño «Aclaraciones a «Esperanto o Vascuence'. Aipatu iru idaz lan otaz ez goaz ezertxo ere orain esatera. Garrantzi aundiko auzia darabilte euskaltzale yator biek, eta aien gogo-asmoetaz zerbait luzeago iardun nai genuke. Ori ere laister egingo dugu, eta gure aldizkarian argitaratuko.
|