Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III'garren urtea. 1952 gko.
Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Antzea bere jabe

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

Gaurko antze-iztunen kezka guzia ontan datzala ematen du: antzea ez dala iñoren eta ezeren menpeko; bera dala bere buru, bere jaun eta jabe. Jakiña, antze-lanetan ager-bearreko nabarbenkeriak onela errez gainzuritu baititezke. Liburu bat daukat gogoan, Benedetto Croce'ren Estetika, gezur ori baitu egi-muin. Gazteleraz emana da, ta Unamuno euskaldun aipatuaren itzaurrea du. «Por primera vez, dio Unamunok, he visto aquí la doctrina del arte liberada de la doctrina de la lógica, de la ética y de la psicología, aunque con ellos conexionada». (pag. 11, lin. 7, sqq) «De la doctrina» esan bearrik ez zegoan, baña ulertzen dut zer adierazi nai dun Unamunok. (1) Nik beintzat ez dut olako gauzarik ikusi or, ta egi berririk asmatzen ez dula garbi argituko dizut, irakurle.

        Bi sail aundi ditu liburu ainak: azterketazkoa ta istorizkoa. Azkensail ontan ba du onturrezkorik, egillearen iritziz erantzi ezkero; len saillean ez du asmakai aundirik asmatzen, buruzorrotz agerturik ere.

        Croce'ren burutakizuna adierazi baño len, zenbait ezagukizun agertu bear ditizut. «Ezagubidea bitarakoa da, dio Crocek, adimenezkoa ta idurimenezkoa, ots buruak burutapen soilak edota iduripenak sortzen ditu». (47, 1, sqq) Irudipenez erantzia dan aditzapenari, aditzapena soil soil esaten dio; irudipenez argitua danari, ordea, begiztapena, intuición, begiz bezala ikusten baitugu. Begikalduz, begi-kolpez, begi-ziztaz bezala dakusagun aditzapenari begiztaldia esaten diogu; baña iduripen ere esaten zaio berdintsu diralakoan. Crocek berak, begiztaldi ori adierazteko, irudipenak dakartzi beti adibidez. Euskeraz oituago baitzaude irudipen entzuten begiztaldi baño, ni ere ola mintzatuko natzaizu, ontatik okerrik ez datorrelarik.

        Antzea idurimenak sortua dala esan oi da, ta iduripenezko gauza baitipat, antze-lanean burua zenbait aldiz bestela ere jokatu arren. Iduriz adierazten dugu zentzu guzien egitekoa. Ikusten dugunaz «ola dirudit» esan oi dugu; entzuten dugunaz ere «ola dirudit» (basoan ontz-urubia ala ardi-marraka danik oso ez dakigunean); usmatzen dugunaz «ola dirudit» zer usai dan oso ez dakigunean; ago-sapaiari ere ola dirudio ta ukiari ere bai. Ortaz, iduripen izenez zentzu guziekikoa adierazten dugu, ez begiekikoa bakarra.

        Saietseko ager-bearrak alde batera utzita, iduripen ori, begiztaldi ori omen da antzea, ta iduripena burutapenetik bereizi edo erauzi omen diteken ezkero, bere jabe omen; ortaz, antzea ere bai. Ona itz bitan aren adierazbidea. Antzea berriz, buru-barneko iduripen ori omen, andik atera bage.

        Iduripena burutapenetik bereizi ditekela ta bere jabe dala adierazi nai dunean, adibidetxo batzuk dakartzi, ez baitute adi-eragin aundirik. Arrazoidunetan neke da jabetasun ori adierazten —arrazoibageak ez baitute iduripena besterik— buru-arian beintzat, itz bat eta bestea arretaz edo jakintzarauz mugatzen ditugunean zearo bereizi ba ditzaguke ere. Gauza bat da burutapen sailla, bai ta oso besterik iduripena; baña arrazoidunak berezko joera ezin-itzuriz, iduripen oieri burutapena erauntsi oi die-edota aldez-beste. Zuk, ur garbitan sartuta zegoan arrauna autsia zegoala iritzi zenion lenengo aldiz, ala iduri baitu. Begiek ori ikusten dute, ori iduri zaie, ta ontan ez dago gezurrik. Gero, zuk buruz ola irizten ba diozu, iritzi okerra asmatu duzu. Bizialdi guzian ori ikusten ari dan itsasgizonari ere ori dirudio beti, aldioro iritzi okerra zuzendu bear ba du ere. Iduritzea bat da ta iriztea beste bat, maiz bat bezala jotzen ba ditugu ere. Iduritzea idurimenari dagokio ta iriztea adimenari, buruari. Erderaz ere ortara ari izan oi dira. «Parece» esan oi dute naiz iduriarengatik naiz iritziarengatik. Begieri ola dirudie, «así se les figura» esan bear litzake aretaz itzegitean, figura ortan ez baitago gezurrik. Iduritzea ta iriztea gugan dauden bezain bertan daude iduripena ta irizpena ere. Croce'k erauzi al dezake iduri ortatik iritzi deritzaion burutapen ori, naiz adibide ortan naiz beste askotan?

        Gaiñera, lurralde ingurubatek, bereiz margoturik dakusagun arren, mugako lurren oroipena ta burutapena osotara kenduko al ditigu? Neketan.

        Bedi ordea; iduripen utsa guregan bere jabe bedi. Zer ortatik? Iduripen soil ori baita antzea Croce'ren iritziz, ori bere jabe litzakelarik, an tzea ere bere jabe litzake, ez ezeren menpeko. Ez ta, diot nik, ez ta iduripenik lizunena ere, artan astiro kokatzen ez gerala, ta egiñera bage uzten dugula, ez da oitura-legeen menpeko. Ontara biurtzen da Croce-ren zalaparta guzia. Berak ere ola dio garbi ta zabal: «Oker legoke, barneko iduripen ori bere jabe dala ta, egiñera ateratzen dalarik ere bere jabe dala aitortzea. Antzeak, buruz kanpoko antze-lanak, onerakoa ta ontasunerakoa bere esku ditu, guk etxeko gauzetan eskubide dugun bezala»: (155, 12 sq.) Antze-lanaz digu bada guri axola, oraingoz, antzelariak-buruantzerik ederrena egiñera bage utzi ba zun ere; ta antze-lana egin duten antzeleriak baño antzelari aundigorek ba litz ere.

        Orpoz orpo ez natzaio jarraikiko Croce'ri, aburu oker orren artean oar zurrak ere baititu, usteak eta uste-musteak ere bai noiz penka, ta luzatu egin bainindeke, bakoitzak berez gezurtatu ditzaken gauza oriek xeakatzen. Au arritzekoa: Unamuno jakinlari aundi orrek ez baitio aizkora errora keinatu, adarretara bano.

        «Zenbaitek berezi egin oi dute, dio Crocek, buru-antzea ta buruz landako antze-lana. Izkera doakabea; antze-lana beti buru-barnekoa baita; buruz landakoa ez da antze-lana». (94, 26) Zertako duzu ortaz Estetika? zertako, gauza oetaz mintzatzea? Antzelarientzat bakarrentzat? Aientzat ere, aien buruko asmakizunentzat eta ez aiek egin-lanentzat? Oietaz ez mintzatze ezkero, alperrik gabiltza. Aristotel baño pilosopu aundigoren bat, Homer baño poeta aundigoren bat izango zan naski ezer idatzi ez dutenen artean. Ta buru-barreneko gauzetarako soil soilik ari batera, eder-jakintza ez baño oitura-jakintza edo aterako duzu. Antzea bere jabe dala ta zilegi zaiola ortaz oitura-legeetatik aldegitea. Baita iduripenik lizunenari ere zilegi zaio ta bere jabe da, soil soila ta eginera bagekoa balin ba da.

        Croce'k bere burua Metapisikaren aurka agertzen du (107, 23) eder-ezaguera Metapisikari baitagokio, ta Croce'k ez du «eder» itzik aipatzen aleginean. Naspilla ta ezin-bereizia sortzen omen dute olako itzak. Ez nik uste, ongi ulertzen ba dira. Edozeinen Metapisikak eta edonongo Estetikak neke baitute ederr-ezaguera ematea, ederra zer dan adieraztea, edozeinek bere baitan suma dezaken gauza dalarik ere. «Orregatik (ibid.) egoki aldegin uste dut eder izenetik, iduripenaren agerkera dan bezala adierazteko. Argitasunak eman ditudan ezkero, ta oker ulertzerik aurrera ez diteken ezkero; bestela berriz, aitor-bearra baita, naiz izkera arruntean naiz pilosopian, eder izen au xurtuago ulertzeko joera dagola, nik ederra itz okin mugatzea zillegi nuke: «adierazte guzizkoa», edo, obeki esan, «adieraztea» soil soilik; adierazte guzizkoa ez izanik ez baita adieraztea». (120, 21, sq).

        Croce'k derabillen «expresión» ere bitara ar diteke: «izketa (onekin berdintzen baitu antzea, Gramatika ta Estetika berdintzen ditularik), eta adieraztea. Baita zenbait aldiz buru-itza, aditza, «species expressa seu verbum mentis» ere. Zenbait aldiz nasi ere egiten ditu; baña aren «expresión» adieraztea esanez euskerara diteke eskuarki. Begiztapena (iduripena), adieraztea, antzea, erderaz esan, intuición, expresión, belleza, arte, berdin jotzen ditu Crocek.

        Unamuno'k aitorzale biribilla dala egozten dio Croceri, ta bidez egotzi ere. Zenbait aldiz arroputz samarra ere bai, ikusi ditekenez. Nere ustez eta egizale zorrotz dan edozeinen ustez, aitortu besterik ez du egiten bere azalkizuna. Aitortzea bat da; arrazoiztatzea besterik.

        Azter dezagun bada oso osorik Croceren arrazoibidea, berekiena dirudin ortan.

 

(1) Antzeaz ta oitura ta abar da auzia; ez antze-jakintzaz ta oitura jakintzaz. Bi jakintza ok beren jabe dira, gaiak oso ez ba dira ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.