Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III'garren urtea. 1952 gko.
Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

II.— Psykhologi-gaindiko gertariak

 

Mirande'tar Jon

 

A) Aien baldintzak. Mediumtasuna.

 

Bakanki ta, ba-dirudinaz, psykhologi-arau yatorretatik kanpo gertatzen dirala adierazi dut gorago; araugaindiko esan oi zaie. Orrengatik, berriz, yende askok, yakintzari askok batez ere, ez ditute aintzat artu nai, beurek gertatzen beñere ikusi ez ditutelako. Baiñan psykhologi-gaindikoan aurreratu nai ba'zera, egonarri aundia euki bear duzu, goiz ala berandu zeorri edo zeure inguruko norbaiti zeozer agitu arte, phainomen orien taldean sartzen dana. Edo bestela, aiek ikusi ta ikertzeko aukera izan duten yakintzari zintzoen lanak irakurri eta siñetsi. Idazti ta agerkari askotan arkituko dituzu; aolkatzen ditut «Proceedings of the English S.P.R.» eta «La Revue Métapsychique», I.M.L.'ren agerkaria, aldizkingietan.

        Parapsykhologiko gertariak oro yakintzaria dan aldetik ikertuak izan dira, laboratorietan, saiabidez. Alor ortan saiaketarik egiteko, bearrezkoa, da, ordea, oixtion aipu nuen medium ura. Ona egitan zer dan medium bat: araugaindiko phainomenak maiz xamar ekartzen dituen gizaki bat.

        Mediumtasuna nondik datorren ta zerk daragin oraindik ez dakigu ziurrean. Gogoz edo soiñez eri diranen artean edireiten da askotan, emasabelekoetan batikbat. Yaiotzetikoa da zenbait aldiz. (Orregatik omen dira ugari mediumnak gaurko Polska'n. Beste errialdeetan mediumez izugarria il bide zuten Erdi-Mendean sorgiñak ziralakoan, ta aien enda itzaltzer da; baiñan Polska'n ez zan Inquisición'ik izan gizonak aitzaki orrekin erretzeko). Beste zenbait aldiz mediumtasuna berez sortzen da, soiñean edo gogoan norbaitek min-artu ondoren. Esan dezadan aatik medium aundien batzu beste edonor bezin sendo ta osasuntsu zirala, beren mediumtasuna lanean ez zalarik, yakiña.

        Ezen, bere mediumtasuna lanean dan geienetan, egoera berezi batean dugu mediuma transa, irasorria ta lo-ibiltzallena bezelako: lotan mintzo ta ari da. Orduan eragiten dituen phainomenak bitariko dira. Batzu aren gogo-barruan baizik ez dira gertatzen; bestetzu kanpoko zeretan, aren baranoko gauzetan nabarmen dira. Baiñan mediumekiko batzarre oboroenetan, bitariko phainomenok nastuta gertatu oi dira.

 

 

B) Gogo-barruko gertariak.

 

        Oriek dira errexenik arki ditezkenak, usu xamarra bai'da eskatzen duten mediumtasunera. Parapsykhologilari zenbaiten iritziz guziok gai giñake ere geronek ekartzeko, gutxi edo asko.

 

1)-Gogamen-bidaltze ta Telepathia.

        Alanola «gogamen-bidaltze» deritzaiona. Danok, ikusiak gera beiñ perietako aztiren bat, an zeudenen abizen, izen ta yaioegunak igartzen zituena. Urrundik gogorazteko irakasbideak ere uste ortan bertan yarrita daude, batek bere gogoan zeozer sendoro pentsatu ezkero, beste bati gogoraz dezaiokela.

        Aspaldion ezagutua zan phainomen ori, yakintzari zenbaitek sakonki miatu dute, saiaketa-bidez, asken urte auetan. Besteen artean: S.P.R.ko Whately Carington'ek ta I.M.L'ren buru dan René Warcollier yaunak.

        Saiaketak onela egiten dira, grosso modo: A. bidaltzalle batek zerbait, esate baterako eredu bat, tink-tink pentsatzen du, B. yasotzalle bati bidali nai diola. Onek, eroso exerita, illunpetan edo argi iñul baten aurrez, bere gogoa «usten» du leenik eta gero, gogoratzen zaizkion ereduetan, bizien ta maizen datozkionak yasotzen ditu.

        Esan dezadan len-bai-len «gogamen-bidaltzea» ez legokela gogoa burmuiñak sortzen duelazko ikugaizaleen ustekizunaren aur kako. A'k B'ri beraren gogoeta bat bidali ba' lezaio, bidezko litzake uste izatea irradatze bat dala gogomena-physikaren beste irraden antzeko-edo kizkin-bidaltze bat-ikugaia eraltzen bide duten proton, neutron ta elektron kizkiñak antzo. Ori aldarrikatu dute para, psykhologilari batzuek, gogamen-kizkiñai «psykhon» izena emanaz.

        Baiñan, egiazki, ez da gogamen-bidaltzerik, A'k ez dio B'ri ezer ere igortzen (cf. Carington'en lanak «Telepathy» ta «The Death of Materialism»). Adibidez: A'k nai du bere mai-gañean dagon lore-ontzi baten eredua B'ri biali. Asko-askotan, B'k ez du eredu ori yasoko. Orraitio, A eta B artuemanetan daude, A'ri dagokion zerbait yasoko bai'du B'k, naiz mai-gañean edo Aren gelan dan beste gauz baten eredua, naiz A'ren gogoeta edo olde bat.

        Bestalde, ez dirudi A ta B alkarren gandik urrun izateak zeozertan eragozten duenik artu-emanketa ori: gogoeta-bidaltze bat, psykhon edo gogamen-irrada-bidaltze bat ba'litz, orduan bai egingo luke, noski.

        Beraz, A'tik B'rako gogamen bidaltze baño, egokiago dugu telepathi deitzea phainomen ori. B da ari, ez A. B'k urrundik yasaiten du (tele pathein) A'rekin zer dagon bere mediumtasunari esker, A'ren berri artzen du aren gogoan, batzuetan aren beryakintzan (orduan iduri du gogamen-bidaltze bat), geienetan ordea aren beryakintza-petikoan.

        Ikusten dugu nola telepathi dalako gertari bakun orrek, bi gizaki ikugaiezko bitartekorik gabe artu-emanetan ari ditezkela era kusten digularik, gizagogoa zerbaitek eragin dezakela soiñaren senetatik lekora egiztatu iduri duen. Lenengo urratsa arima izan ere ba-dala yakintzaren bidez egiztatzeari buruz?

 

2) Metagnomia (Araugaindiko ezagutza)

        «Metagnomia da gogoak, arauai yarraituz ezin iritxi ditzaken naiz gauz ikugaien naiz gogoeten ezagutza». R. Sudre, in «Introduction a la Metapsychique humaine»). Era aunitzetan yantzirik agertzen zaigu:

        a) «garbi-ikustea» edo ikus-metagnomia.

        Mediumak begiak ixten ditu, gogoa usten, eta, begietaz baliatu gabe, urbil edo urrun dauden zerak «garbi-ikusten» ditu.

        Emen ere, beren theoriari legokioken atzalpen bat billatu dute ikugaizaleek. Besteen artean, Farigoule idazle Prantsezak (Jules Romains) esaten digu, «La vision extrarétinienne» izeneko idazlan batean, gure soiñazalean sakabanatuta ba-ditugula begitxo batzu (ocelles): oriek omen dute ikusten gure bi begi oituak itxita daudelarik. Oiñarri gabeko ustekizuna, iñork ez bai'ditu begitxo oriek giza-soiñean idoro. Gañera, Farigoule Yaunak ez digu atzaltzen zergatik garbi-ikusleak urrun daudenak ere ikusten dituen...

        Ez, metagnomi edo araugaindiko ezagutza da, esparik batere gabe, gogoarekiko gertari bat, ez soiñarekikoa. Ikus-metagno-baiten beryakintzan edo beryakintza-petikoan artzen bide du, telepathian lez.

        b) beste garbi-ikuste mota bat kristalean-ikustea dugu.

        Mediumak kristalezko borobil batean ikusten ditu urbil edo urrun dauden zeren ereduak. Iduripenak dira ereduok, yakiña: araugaindiko ezagumenaz ikusten dituen berriak, borobillaren erraiñuekin eraldutako iduripen batzuen itxuran bere beryakintzaratzen ditu metagnomilariak. Crystal-gazing ortaz arduratu dira batezere Ingles S.P.R.ko aztertzalleak.

        c) kristalean-ikustearen antzeko dira beste aztiketak: kartak, exurrak, kapeondarra e. a. Orietan ere garbi-ikusleak, burmuiñ-ereduetara itzultzeko ordez araugaindiko ezagutzak, kanpotar ikus-irudipenetara biurtzen ditu.

        Metagnomi-era oriek guziak ta telepathia alkarren aide dira. Goiagoko B yasotzalleak antzo, metagnomilariak yakiten dituen gauzen berri beste norbaiten gogoan, obeto esanik: beryakintza-petikoan artzen du. Ezen beryakintza-petikoan arteko phainomen bat omen da beti araugaindiko ezagutza (Irakur G.N.M. Tyrrell'en lana «The modus operandi of Paranormal Cognition» in «Proceedings of the S.P.R.» Vol XLVIII, May 1947).

        d) «Gogo-neurketa» edo iku-metagnomia.

        Ori da metagnomi-era atzalgaitzago bat. Yakintzarien artean, Buchanan Amerikar sendagillea oartu zitzaion lenengo aldiz; aren ondotik, aztertu zuen Denton'ek, bere arreba, Mrs. Elisabeth Denton-Cridge, mediumtzat arturik; biok egin zituten saiaketen ondoreak argitaldu zituten liburu ezagun batean: «The soul of things, or psychometric researches and discoveries» 1863). Geroxeago, Pagenstecher ta Prince Yaunek ere estudiatu zuten barrutik Sra. Reyes de Z., Mexikotar medium aundiaren bidez. Neronek, saiaketa ernegarri zenbait egin ditut arlo ortan, mediumtasum poxi bat daukan lagun batekin.

        Buchanan'ek erabilli zuen itza, psychometry, a. d. gogo-neurketa, ez zaio batere egoki gertari orri; gañera, beste zerbait adi erazi oi du gogo-neurketak psykhologi-ikerkuntzetan. Orregatik, René Sudre Prantzes parapsykhologilariak iku-metagnomi (metagnomie tactile) itza eskeintzen digu. Orrelakoa baita izatez metagnomi mota ori:

        Gauz bat ematen zaio mediumari eskura, ta gauza ikutu ezkero (naikoa, baiñan bearrezkoa da ikutze ori) aren edestia ikusten du ereduetan bere gogoan, ots, zer dan, nondik datorren, noren eskuetan izana dan, aren yabe bereziai buruzko xeetasunak e. a. Baidirudi oroimen antzeko zerbait daukatela gauzek ere, bizitu dituten gertakarien oroipenak nonbait gordetzen ditutela, «arima» bat ba'dutela, Denton'en esanetik.

        Egia esan: zail baño zailago da iku-metagnomia egiazkoa danez erabakitzea, ezen M... ene lagunari gauz bat ematen ba'diot iku dezan, aren edestia nik yakiñik, nola ziur izan artaz yalgiko dizkidan egiak ez dituela ene beryakintzan edo beryakintzapetikoan arkitzen? Metagnomi bakuna litzake orduan. Alaz ere, iku-metagnomi utseko gertariak izan dira: garbi-ikusle batzuei eman dizkiote ikugaiezko gauzak ikutzera, iñork ere aien edestia ez bai'zekien: aietaz eman dituten zeatzak egiazkoak agertu dira gero.

        Psykhologi-gaindiko phainomenetan au —ta onen aide dan etxe iratxodunena (urrengo aipatuko dut)— da noski griñagarrienetatik bat. Denton'ek uste zuen ikugaiezko gauzek gertakarien aztarrak gordetzen ditutela, esan dalako psykhon aiek eutsiz; mediumak yaso ta adieraz litzake psykhonok. Orrela, ikugai oro «gogo-gaiez» bikoizturik legoke; gogogaia ordea ikugaiaren antzeko izaki, ura bezela kizkiñez eraldua...

        Zoritxarrez ikugaizaleentzat, iku-metagnomilariak ez du bakarrik gauzaren lenengo edo oraingo edestia garbi-ikusten, baiñan, zenbait aldiz, gerokoa ere. Eta oraindik izan ez danak ezin ikugain aztarrik utzi. Oiñ makalak ditu beraz ustekizun orrek.

        Korapillo au ez da orraitio oraindik askatuta, ez eta errexki izango noski. Iku-metagnomia metagnomi bakunaren tankera be rezi bat baizik ez ba'da ta iku-metagnomilariak yakiten dituen berriak giza-beryakintza-petiko batean yasotzen ba'ditu, zergatik bearrezkoa da gauzaren ikutzea giza-gogoarteko artu-emanketa ortarako?

 

3) Aurretiko ezagutza (Geroa igartzea)

        Parapsykhologilarientzat beste naspil aundi bat, bi gogoen arteko artu-emanketa (telepathia) eta oraiñ ba-diran-edo lenago gertatu-ta orain oroipen-antzean ba'diran-gertarian araungaindiko ezagutza (metagnomia) baiño askoz nastuago: garbi-ikusleak geroa ere ikus dezake...

        Ori ez litekela, pentsatuko dute yakintzale zenbaitek. Nai dut, bañan... ba-da aunitz bider konturatu dira gizonak phaino men ortaz —ziur nago guretako bakoitzak, orrelako zeozer beiñ bizitu duela; neonek amets bat egin dut aurtzaroan, geroko gertakari bat zeaztasun guziekin iragarri zidana.

        Yakintza ta Ethikarekiko auzi benak badakarzkigu Aurretiko Ezagutzak. Ethika dala-ta, non dago gizonaren askatasuna, geroa engoitik ba-dago oraingoan, aurretik eralduta? Orduan ez al luke bear gizon yakintsu ta zugurrak, Arabitarrek lez —mektub— idatzirik zegon, beti ta orori esan?

        Bestalde, aldiari buruz ditugun uste sendo guziak zalantzan yartzen dizkigu Aurretiko Ezagutzak. Benetan, adigai lañotsua da lenaldi, oraiñaldi ta geroalditan zatikatzen dugun aldi ori, «sasiko adigai» bat, dio Bergson'ek. Onen aburuz, aldia ba-dalazko iduripenak bere yatorria dauka iraupen utsa (gogoaren berezgarria) eta alde utsa (ikugaiaren berezgarria) nastekatzean.

        Geroa nolaz igar diteken atzaltzeko, batzuek Nietzsche'n ustekizun bat berendu dute: Betiereko Itzulaldia. Nietzsche'ren arabera, diranak oro aurretik ere izan dira ta gero ere itzuliko dira, betieren, aldatzeke. Beraz, geroaldian ikustea ez litzake, egitan, lenaldi urrun-urrun batean ikustea baizik.

        Bestetzuek obesten dute Betiereko Oraiñaldian siñestea. Diotenaz, ez da benetan ez lenaldirik, ez geroaldirik, bañan oro garaibereko dira. Aldia ba-dalazko gure ustekeriak gure ikugaiezko munduon egoteari darraikio. Bergson'ek ere orixe adierazten zuenedo.

        Ustekizun zoroa, arrigarria... gogoan igaroko duzu. Alaz ere, araugaindiko ezagumenaren tankerak indar eman iduri dio: ezen geroa garbi ikusten duen mediumak ez du geroko bezela ikusten, baiñan ikasitako araugaindiko ezagutzak oro, naiz lenaldi, naiz oraiñaldi naiz geroaldiari datxikiotela, galga berean agertzen zaizkio, esan nai dut, aldiari buruzko berezkuntzik batere gabe.

        Ezin naiteke gertari ortaz luzezago mintza: aski bekit esatea auzia ez dutela oraindik erabakia parapsykhologilariek, ez urbildik ere.

 

(Yarraitzeko).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.