Euskera
Aldizkariak-barna
Elentxu'k
«GERNIKA». Urril-Gabonil 1951-Buenos Aires.
Euskal-lanak: Lopez Mendizabal'dar Ixaka; «Bidasoa eta Irun itzen sorkuna». Eskola berri bat sortzen ari zaigu idazle azkar au toki-izenen inguruan. Orainartekoak baino sorkun egokiagoak ateratzen diardu, landarak, batik bat, oñarritzat arturik. Aipatu idaz-lanean, Bidaso eta Irun'en erroak aztertu nai lituke. Ez da Lekuona yaunarekin aburukide. Lekuona'k «Irun», oraiñartekoak bezela, ii, iza edo ibiña dala dio. Ixaka'k berriz, garo, ira edo iratzea. Ez naz nor eztabaida garbitzeko, bañan L. Mendizabal yaunak iratze lartxo ikusten ditualakoan nago gure landare-zelaian. Ez nizuke zergatik esango, baña irun ii'tik urbilago dagoala nesake iratzetik baino. Krutwig'tar F. K.: «Humanismu-Gizabide»: Gudari ta gudarotzteak ekarri diguten zibilizazinoa gogorki makillatzen dizu idazleak, baita «progressaren erligiñoa» ere, bere mendean gizonak aberetzea besterik iritxi ezpaitu. Azkenean dio: «Edozein larregikeria garesti ordaintzen da. Nemesis mendekatzaileak zuzentarsuna berr-ezarten du, eta geuri orain ethorri zaigu». Auxe ez dizut ongi enthelegatzen: oin-pean gauzkan Gudari-mandakoa ote Nemesis ori? Apen ta sarraskiari begiratuki bai, zuzentasun berezarteari gagozkiola ez orixe. Dana dala, euskera geroago ta bizkorrago, zailuago darabil Krutwig'ek, orainarte gure artean landugabeko arloetan, beaz txalogarri deritzat. «Deo ignoto»: amalaukoa Yainko-ezagu-miñak ernerazia. Bikaña. Iratzeder: «Gaupe hotz untan» olerkia. Ez du gure goratzarreik bear, euskal olerkarietan ondo irabazitako ospearen yabe baita. Ibinagabeitia'tar Andima: «Euskal Liburu baten Mendebetetzea». Intxauspe apaizaren «Egiazko erligionia» ren eun urtebetetzea gogorazten digu, aren idazkera ta euskera azterturik. Erkiaga'r Eusebi: «Bethi gose», olerkia. Bilbo'ko laburdi-zaleak ugarituz dioazkigu. Beyun dezaiela, euskeraren batasunerako izango baldin bada. Beste amesik ez daukagu gure aldizkarian. Numen argia dizu Erkiaga'k, baita nortasun agiria ere. Benetan olerkitxo goxoa, Lapurdieraz idatzi edo beintzat, Lapurdi kutsua dariona. Larramendi'tar Iñaki: «Jesus Aurtxoari Agur». Larramendi ere poeta bikaña dugu, izkera errez eta ugariaren yabe. Noiztanka neurtitzak landuagoxe bear lituke, neurriarekiko bederik.
«GURE HERRIA».-Buruil-Urrieta 1951.
Euskal-lanak. Pilotazale; «Pilota eta pilotariak» laburxkoa. Berriz arte: «Alegia, deus ez», Lafontain'en bi alegi euskeratuak. Lenagokoak baño urbilagotik alegilari aipatuari yarraitzen dio bere itzulpenetan; badu antze Berriz-arte'k. Iratzeder: «Edermina» olerki bikaña. Laphurtar bat, «Bertsularien tchapelketa», Baigorri'ko norlenkaz zeapenak. Pierre Lafitte, «Toki ta Tegi» itz bi oyen eta beste zenbaiten adiraz-mugak azkarki zedarritzen ditu Laffitek dagokion izkera zailu ta atsegiñez.
Hazil -Neguila 1951. Igueldo: «Gizonak ekin, Jaungoikuak Egin». Igueldo euskal idazle gazteak lenago «Gure Herria'n pantzeraz itz-berritaz idatzi zutenei erantzuten die, bear dan bezela, euskeraz, yatorki gañera. Lan sakona eta aldizkari artako zenbait erdel-idazlentzat yarraibide gurbilla. Ikasiko al dute. Alare oartxo bat, Igueldo adiskide. Ez deritzat bete-beteko norkeri egoismo adirazteko, obe litezke berekoi, burukoi eta antzekoak. Norkeri «acceptio personarum» ots erderazko nepotismo edo, adierazteko erabilli oi zuen Olabide'k: «Yainkoa'gan ez da norkeririk» au da, Yainkoaren aurrean oro berdiñak dira. Alabaina bulkoak zorrozten asiko ba'giña, orra or NORTASUN, Norkeri'ren bekoz-beko. Nortasun ordea personalidad izan, onezkoa, alegia; norkeri, zergatik ez gaitzezkoa, aizuna? Zure lanak gogai-eltzea, Lizardi'k ziokenez, bor-bor yartzeko eragiñik ba dizu. Ezin luzagotu zorigaitzea, Lizardi'k ziokenez, bor-bor yartzeko eragiñik ba dizu. Ezin luzagotu zorigaitzez... Oxobi: «Oxalde'ren neurtitzak». Berriz arte: «Alegia, deus ez».
«Gure Herria»k gañera, Mgr. Saint Pierre apezpikuaren il-berria ematen digu. Euskaltzale gartsu eta benetako euskalduna ere zan Mgr. Saint Pierre, gureak oro biotz barnetik maite zituena, eta maitasun ori nun-nai erakusten zuena. Guk ere, lerro exkax oien bidez gere samiña erakutsi nai dugu, naigabe sakonena.
«BOLETIN DEL INSTITUTO AMERICANO DE ESTUDIOS VASCOS». Uztail-Iraila 1951. Argentina.
Euskal-lanak: Lopez Mendizabal'dar Ixaka: «Noiz eta nundik etorri ziran euskaldunak?» Idazle azkarra, galdera orri erantzun naiez gure etorkiaren barneenean sartzen zaigu. Oraindik euskera ez baitugu bear bezela ikasi, otezkoak bear erantzun guziak. Euskera ta beste izkuntzen artekoak bear bezala azterkatuko ba'lirake, argitasun aundia yetsi al izango dugu korapillo oiek nolarebait, askatzeko. Aipatuaren gañera beste idazlan bi gomendatzen ditiet irakurleei, biak Garriga'tar Gabin'enak: «Lateratiko euskal itzetaz» bata, eta bestea «Euskeraren adieraz-indarra», au ere benetan yakingarria. Ba'ditu aldizkari onek beste zenbait idazlan irakugarri.
Urril-Gabonil 1951: Lopez Mendizabal'dar Ixaka: «Erromatarren aldian Gipuzkoa, Bizkaya eta Araba utsik arkitzen al ziran?». Floranes edeslariak ala zion beintzat, eta beste batzuk ere bai. Idazleari toki-izenen iraunkortasun eta edapenak esku ematen dio erromatarren aurretik euzkotarrak Euzkadi'n ba'zirala sendotzeko. Orrez gainera leize-zuloetan ediro giza-ondakiñek ere oñarri tinkoa dira baiezkoa onartzeko. Erderazko lanetan aipagarrienak: «Mela eta Ptolomeu'k aipa Vardul-uri zenbaiten lekutzea». Gurrutxaga'rena, «Azkue zana» Garriga'rena.
«EUZKO-DEYA». Buenos. Aires-1951 Azilla eta Lotazillari dagozkionek.
Bear beste erderarik ezpaitakigu, aldizkari au are ezin gentzake egoki aztertu. Alare zerbait euskeraz, zer edo zer ba'dakar, gauza aundirik ez baña.
EUZKO-DEYA. Paris. Azilla eta Lotzilla 1951. Zenbait euskal lantxo euskeraz. Gañontzekoa oro erderaz. Aldizkari onekin ere, goikoarekin bezela gertatzen zaigu, ezin irakurri, oro erderaz dagoalako.
ALDERDI. Lotazilla 1951. Len baino euskal lan gutxiago dakar aldizkari onek ere. Lankideak urritu, edota aspertu ote zazkio?
EUSKO-JAKINTZA Ilbeltz-Jorraillak 1951 Euskerazko idazlanik ez dakar aldizkari onek bat ere. Tamala. Bestela irakurleak bear beste erdera baleki, lan ederrak arkituko dula derizkiot Euskalerri eta Euskeratzaz. Noiz asiko ote gera euskeraz, soilik, ez beti ibilli tzazka.
ZENBAIT ARGITALPEN
GURE ALMANAKA. 1952. Urtero bezela «Herriak» argitaldua. Idazlan zailu eta alaigarriak dakarzki, baita zenbait ikasgarri ere. Ludiko gertakari nausienetaz ere mintzo zaigu.
EGUN-SENTI ARGITSUA. Buenos Aires'ko «Euskaltzaleak» euskeraz eta galaikeraz argitara duten Castelao zanaren «Alba de Groria» itzalditxoa. Euskerazleak oso ederki irauli ditu Castelao'ren irudi apaiñ ta ñabarrak.
|