Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III'garren urtea. 1952 gko.
Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera / Idazti Berriak—

 

Noni eta Mani

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k

 

«Kulixka Sorta». Svensson. «NONI eta MANI». Muxika'tar P.'k. Alemaneratik euskeratua. «Itxaropena Argitaldaria». ZARAUTZ. 1952.

 

Aurtengo udaberria ere irriparrez etorri zait leiora bere esku argitsuan euskal liburutxo bat ekarki. Bakanka, bañan euskal-baratza lorez estaltzen ari zaigu; lore bakoitzak, ernetzean, biotza pozten digu gure baratza landu, garbitu eta yorratzen ari geranoi.

        «Itxaropena-Argitaldaria»k euskal liburuz egindako sorta berri bat antola gogo dizu, «Kulixka Sorta» alegia, eta Sorta orren aurreneko lilitzat «NONI eta MANI», Svensson yesuita zanaren gertari-eleberritua, Muxika'tar Palgida Aita yesulagunak alemaneratik ipin-apain itzulia, aukera dizu. «Kulixka Sorta»k yaio bear izan dizu «NONI eta MANI»k euskeraz argia ikusteko.

        Urte-pilla biotz-barne ta bizkargaineratu zaizkigu Muxika'ren itzulpena egin zanez gero. Urte latzak, malko urteak, goldeak lur apatzean baino ildo sakonagoa gogoan urratu diguten urteak!

        Itzulariak ez dio itzaurrerik ez ataririk bere itzul-lanari ezarri. Ez du nunbait, ortarako adorerik izan, edota izan ba'du, eskuak uko egin dio, lotsaz, alkez, yaulki-bearrak gogorregiak, gordineagiak zitezkelako, bear bezala, liburutxoaren baranoan gertatuak kontatuko ba'zitun. Gañera, bere nagusiek etzioten noski, orlako lizaurrea argitaratzerik laketuko.

        Aunitz urte zakar igaro ditugu bai, Muxika' tar Palgida Aitak itzulpen ori burutu zunetik! Aitzol'ek «YAKINTZA» aldizkarian 1935'grn. liburutxo ori irarriko zuela iragarri zigun. Aitzol izan zenuten aurrenekoz itzulpen ortaz mintzatu zitzaiguna. Aitzol ordea, Kisto'k aiñako nekaldia aberri ta euskeragatik Pranko odolgorriaren eskuartean egari, lux ontatik itzuri zitzaigun. Orratx, iriz-gai dugun liburuxkaren itz-aurrean, idatzi ba'lu, lendabizi aitortu bear zukeana. Ondorengo esatekoak ere, etxitezkean goxoagoak. Etsipen, samin, negar, naigabe eta gaitzezpenez oretutakoa bear zukean itzaurre orrek. Ogi latza ordea, egiogia! Eta Pranko'pean ez dago egiarentzat tokirik; ogiarentzat ere ez, bestalde!

        Bitxia benetan ikusi ditugunak ikusi eta dakizkigunak yakin ondoren, yesulagunek euskalliburuxka bat argitaratzeko baimena ematea! Amazazpi urte auetan Euskera ta Euzkadi'ren aurka aiek egiñak ez zaizkigu ez oraingo ez geroko euskaldunei aztuko. Gure erri eta izkuntzak, mundua mundu, ez dute orlako yasarpenik ezagutu. Zeinen erruz? Pranco ta aren laguntzalleen erruz. Yesuitek ludi guzian oldartu ziran Franco'ri laguntzeko eta Euskalerria itotzeko. Buruxkilak (Caudillo) sema, sarraski ta odolegarriz bere burua yaso zunekoxe, Ledochowsky yaunak, yesulagun guzien buru garai artan, agindu gogor bat eman zien lur-zabalean barreiatuta zeuden bere menpekoei. Eskutitz bat egin zien, yakiña, erlijio amarru-yantzipean bere politika gaiztoa zugurki estalirik. Onatx eskutitz ortako itz batzu:

        «Españi'ko gudak erabakiko du kristautasun eta gizarte-zuzentzaren oñarriak betiko iraungo duten ala ondatuko diran. Arazo orren aitzinean ezin gindezke mintzul. Aunitz, kristauen artean ere, gezurrak barreialzen ari dira egiaren eta are katolikotasunaren kaltetan». Idazki orrekin yesuita guziak Franco'ren alde yarri nai izan zitun «mundu guziak il edo biziko garatz ontan argia eta egia ikusi ditzan». (Bayle Constantino. «Diario Vasco», 18 septiembre 1937). Unamuno'k nun edo an idatzi zuen «yesuitentzako oro duzu garatz». Matxinada ua ere bai nonbait.

        Ledochosky yaunak txotxa yaso orduko, yesuita guziak palangisten gurutz-gudaren ederrak lur-zabalean izkera guzietan kantatzen asi ziran, gure apaiz eta erria bidenabar larrutuz. Alemania'n José Marcelo'k «Ritter der Kreuzes» idazten du: Austria'n Carrillo de Albornoz'ek «Was jeder Katholik uber den Spanischen Krieg wissen soll»; Castillo'k, Ipar-Ameriketa'ko «The Queen's Work» aldizkarian «General Franco Leads his legions not again but for Governement». Quito'n ere «A los Héroes del Alcazar de Toledo» argitara zuten. Italian, Ledochowsky'ren urbillean, gogor ari ziren Pranco'ren alde «Lettres de Rome» aldizkarian. Aita Beltza are sakonago ibili zan. Mundu guziko Luistar eta Maria'ren Kongregazioetara itzaldi eta ikas-gaiak biali zizkien, Buruxkilaren ontasunak zabaltzeko, «Españi'ko erlijio yasarpena» gaitzat. Etzenuten olondar auxe lo egon Pranco'ri laguntzeko. Yainkoak bereganatu zuen; an garbituko zitun bere kontuak. Bere aberri doakabea ere, Pranko-zale purrukatu agertu zitzaigun garai artan: zoritxarrik gorrienak ikusi ditu arrezkero eta ikusten ari da oraindio, antxiñako adiskide maltzurrak zirkiñik ere egiten ez duela aien zorigaitzaren aitzinean. Eta gain-gainetik baizik ez naiz ari, bestela liburu mardulenak beteko nituke.

        Iberia'ko yesulagunak etziran nagusiaren zai egon Franco'ren baranoan txaloka eta poz-lekaioka asteko. Aurreneko egunetik, zoro-galduak bezela, buruxkila goraipatzen oyuka ziarduten. Ikusi besterik ez daukazute «Razon y Fe» Burgos' en, «Broteria» Lisboa'n, «El Mensajero del Corazón de Jesús» eta argitara oi dituten aldizkariak. Aldizkari orietan gure erri maitea eta gure apaiz santuak ere lokaztera yarri ziran. Bayle yauna, yesulaguna gero, ipernuko etsaia baño amorratuago lerde-yario zebillen, gure aurka, gure apaiz on eta gurbillen aurka. Eta bere lerde zikiña nun-nai okatzen zun Yesu'ren Lagundi'ko nagusien ones-pean.

        Ba'ziran bear bezelako yesulagunak ere euskaldunen artean. Laister munduko lau-zokoetara iraitzi zituten, bear-bezelako ziralako, giza gora-bera eta erri gudutan nasi nai ez zutelako. Erbestean il ziran aunitz, zakur ustelak antzo, zokondoratuta: Agirrezeziaga Aita, Estefania Aita, Agirre Aita, Olabide Aita..., Ledochowsky yauna eta aren inguruko beste yaunak, españarrak batik bat, narda lotsagarrienarekin martiri aien azken-ats eta erio-zotiñak begiratzen zituten bitartean.

        Yakiña, euskera yesulagunen artean debekatua izan zan. Argitaratzen zuten aldizkari bakarra «Yesus'en Biotza'ren Deya» suntsitua, euskal idazle geienak erbestetuak. Euskera ez-ezik Euzkadi ere zatitu ta lauskitu dute, «oyal batez yantzitako lau aizpak» elkarrengandik bakandurik, «Castellana Orientalis, Castella Occidentalis» ezizen lotsagarripean laurak estalirik, gure erriaren izenik aipatu ere ez dedin; «nec nominetur inter vos» Paul bidaliak pekatu satsuaz zion bezela.

        Egunen baten Euskadi buru-yabe izatera eltzen ba'da, eta elduko da alayinkua, edestiaren biderik ezin baiditeke saiestu, ez du bere mugartean Kastilla sor ta sartaldeko yesulagunik baizik arkituko. Zer egingo ote gure erriak? Logika bidez ain maite duten Kastilla aipatuan sar-erazi. Zertako gordeko ditu berena ez duten lurraldean ez izanez eztare izanez? Laido gorriagorik ezin zitekean asmatu ere Euskalerri eta Euskeraren aurka, ezta euskaldunen aitzi.

        Bañan Orixe'k zionez (Euzko-Gogoa 7-8) «asiak ditxin (praileak) loxintxaka zer gerta ere. Gu etxera itzuliko ba'giña zenbat zurikeri guretzat! Izango ote lukete lotsaren izpirik ere Euskalerrian gelditzeko!» Aldiak aldatzen ari dira eta damua agertzen. Bainan nere susmoak ditut politikari oien biotzetan damuak iñoiz benetako kabirik egingo ez ote duen. Baezpada ere, garaiz ardurak artu bearko ditugu geroenean atzipetuak ez izateko.

        Noiztanka egiak ere esan bear ditugu antxul eta iñozotzat yoko ez bagaitute. Bainan egi-yaulkitze onek, uste baino urrunago eraman nau Goazen berriz ere arira «Noni eta Mani» atsegiñera eta itzulari yatorrera. Ez bat ori ez beste au yesulagunen artean ikusi dugun eroaldiaren errudun ez bai dituzu.

        Nor dugu Muxika'tar Palgida? Altzako seme euskaldun yatorra, izkuntzari bikaña eta euskal-idazle trebea. Nori berea. Gorago gogorxko mintzatu ba'naiz ere yesulagunetaz, saldoka, ez da ez errak eztare amurruak eraginda izan, biotzmiñik sakonenak baizik. Adiskide asko ditut yesulagunen artean, biotzez maite ditudanak, beti ere maitatuko ditudanak.

        Izkuntza gaietan Muxika Aba ezagunagoa da alare erderaz, euskeraz baño. 1935 garrenean YAKINTZA'n argitara zun, euskeraz, idazlan ernegarri bat. 1936'garrenean RIEV'en, erderaz, «Iñaki Deunaren egunerokoa eta euskera» zeritzan lantxo bat, au ere biziki ederra. Zorioneko garaiak aiek; yesuita eta praileak burua galtzeke zebiltzin oraindio. Egun argitara digun itzulpena ere, burutua zuen ordurako. Ba'dakizute zergatik itzalpean gelditu zan.

        Arrezkero Palgida Abak bi iztegi argitaratu ditu, Latin-Españera eta Eladera-Españerazkoak, izkuntza oiek nai dituten erdaldunentzat. Bañan ekaitzak eta zoroaldiak gora-bera euskaltzaletasunak ere gotor iraun du Muxika baitan, eta euskal iztegi bat antolatzeari atertu gabe ekin dio. Entzun dugunez, ia amaituxe dauka iztegi bikain ori, euskal idazleei benetako laguntasuna ekarriko dion iztegia. Esan bearrik ez, ortarako yaioa dugun ezkero, lan borobil eta osoa ere emango digunik.

        «Noni eta Mani» ren itzulpenak gainera, argi erakusten digu Muxika Aba euskal-senaren yabe dala. Bañan lan aundiago, aberatsagoak itxaro ditugu euskaldunak arengandik. Euskerak bere bi begiak argan ezarrita dauzka. Izan du gañera Lagunartean, aurrelari yakintsurik, Olabide zana. Aren urratsei yarraikiko al zaio baten bat zuen izena zerbait zuritu dezan! Eta gaurko yesulagunen artean, Muxika'k izan ezik, ez dakit zeinek bete dezaken ark utzi zigun utsunea, bete ba'ledi.

        Bidenabar, Itxaropena Argitaldariari ere gure atsegiñak agertu genizkioke. Bakarra zaitugu Euskadi osoan euskal irar-lanean. Txukun aski datoz zuen lanak begi ta biotz pozgarri. Egun asi duzuten «Kulixka Sorta» lan apain ta mardulez yantziko al duzute. Pozik, gure aurtxoak «Noni eta Mani» bezelako liburuxka goxoak irakurriko ditute. Paris'en 1952.

 

        Orain arte argitara ditugun iritziak oldez idatzi ditugu, ez noski idazle edo argitaltzalleak ortarako libururik bidali digutelako. Gere diruz erosi ditugu. Beraz iritziak ere, guk uste bezela antolatzen ditugu, askatasun osoarekin, iñori zorrik ezpaitiogu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.