Euskera
Paper artean ito bearrez
Ibinagabeitia'tar Andima'k
Askatasun bidea, bide malkartsua. Malkarra besterik ezpalitz... Bainan elorriz inguraturik ere agertzen zaigu. Noiztanka arri koxkorrak tupust eragiten digute, bestetan arantz zorrotzek errukigabe ziztatzen gaitute. Emen ukabilkada, aruntzago ostikada. Andik bultz, aragotik tira. Etsi bear, eta ezin etsi. Ez omen etsipenik euskotarren legedian, edo bizi-legean zillegi. Ez omen.....
Bainan biotzak, maiz, bere taupada gogorrez lertu bear gaitula dirudi. Biotza, gizakumeen kutxa illun eta sakona. Batzu aren eragitez, amor eman eta... biderdian erortzen dira betiko. Bestetzu, amor emateke, soin giarrak oro teinkaturik, ukabilak ertsirik, giza biotz gaizori iaramateke, aurrera goaz, tinko, zintzo, gotor, gudari azkarrak antzo.
Eta oraingoan ere, gudari azkarraren kemen-adoreak bear izan ditugu buru gainera erori zaigun zoritxarrari arpegi emateko.
Gau beltza, gau hura. Etxetik urrengo egunean botako ginduztela, eta etxeko ondasunak oro gaizkatu bear genitula etsaien eskuetan eroriko ezpaziran. Gabeko amabien aurreneko danbadarekin beri negargarri ori gure belarrietaratu zan. Goiztu baino len, etxea ustu bear genula, paperak oro yarei bear genitula. Gureak baino biotz aulagoek etsiko zuten noski. Guk ordea, ez genun etsi, ez orixe.
Sartu giñan etxean, eta asi ginduzun paperak oro, arazak oro, ondasunak oro pillatu eta ateratzen. Paperak batik bat, etsaiek maiteen dituten ondasunak. Amar gudari zoro paper itsasoan murgildu giñan. Aiek bereizi, aiek sailkatu, aiek pillatu, aiek atera. Ua paper pilloa. Itsaso betean galdurik genbiltzala esan zitekean, paper artean beso ta aztalai sendo eragiñaz igeri.
Eta eguzkiak bere argi xinta goxoaz gau beltz hura urratu baino len, gure lana buruturik geunkan. Papertxo ziztriñenik ere etzan arerioen eskuetan eroriko.
Paper itsaso artan murgildurik nenbillen bitartean, nere biotzak atsekaberik samiñenak iasan bear izan zitun.
Beti esan dut, eta aurrerantzean ere esango dizutet. Ni euskerak txoraturik nauka aspalditik: niretzat euskera euskotarren ezaugarri bakar eta nabariena duzute. Euskerarik gabeko euskotarren baltzuak, Jainko gabeko elizak bezin bat dituzu. Utsak, ustelak, eta otzak.
Ekin paperei, ito bear paperen paperez, emendik pilla bat, andik beste mordo aundi bat. Batzu auts beltzez estaliak, bestetzu oraindik berri-berri, tinta preskua zeritela.
Yauna, egiten nun nere baitan, agertuko ote da batxo ere euskeraz idatzirik? Yauna, ainbeste idazleren artean, ez ote bakar bat gure izkuntza aintzat artu eta egoki erabilli digunik? Ekin, yo, bildu, urratu. Bat ere ez. Erderaz berriz, toneladak eta toneladak, eta pisu aztun orrek biotza ertsiagotzen zidan, ito bar nindun.
Euskerazkoak izan ba'lira, xuspertuko, alaituko nindun; tonelada guziak nere bizkar gainean alaiki ta txairo eramango nitun.
Ez ote euskeldun bat ere oiek idatzi zitutenen artean? Bai noski; asko ta gainera euskera ederki darabiltenak zenbait, baita ere abertzale otsezkoak ere ugari. Euskera ordea, aien lumatatik aldendua dabil, lumatatik eta biotzetatik ere bai. Bestela nola argi-azi negargarrizko fenomeno edo gertakari ori? Fenomeno nabari nabariegia, eta neretzat ezin iasana gainera.
Noiz ikasiko ote dugu izkuntzaren bideetatik ibiltzen, euskera gure soin, gogo ta aragi biurtu arte. Noiz euskera dario ariko gaituzute, iturriak ura txoriak kanta, atsekabeak negarra darion bezin aisa ta errex? Ori egingo ez dugun bitartean, ezin dezakegu askatasunik amestu ere.
Beste arrialdeetako paperak ikusi ditut, euren izkuntzez idatzirik; ez dakit ongi ala gaizki, bainan beaien izkuntzaz, amaren buarrean edoski ta irauntzi zuten izkuntzaz. Eta au ikusirik ene biotza are illunagotzen zitzaidan, paper itsaso ondo gabek artan.
Poz ñimiño bat, orratio, izan nun. Paper mendi neurrigabekoaren sakonenean, liburutxo bat, ondaturik, galdurik, arkitu nuen. Eta liburutxo ori euskerazkoa zenuten. Azpalditik aren atzetik nenbillen, nun arkituko. Zearka iakin nuen, Bilbo'n, guda garaian, zorigaiztoko egun aietan, Euzkadi'ko Yaurlaritza'k, aurrentzako euskal liburutxo bat, len mallako ikastoletarako egiña, argitaratu zuala. Inguru guziak lenago ere iñarrosi nitun, idaztiño ori nun arkituko. Alperrik ordea. Geienek izenez ere etzuten ezagun, argitara zanik ere ez.
Eta orra nun, paper mendipean, atsekabe gorrienaren menpe biotza lertu bearrean zebilkidala liburutxo ori agertzen zaidan, nere naigabe negartsua, nolarebait arindu nairik. «IZADI EDESTIA», loretxo apaina azalean eta barnean irudi egokiak. Oro euskeraz, aurrei izadiko gaien berri emateko. Euskera txukunez, nere adiskide zintzo batek idatzia, aren izenik ezpadakar ere.
Liburu zoragarria! Zu izan zaitut atsekabe-aldi ontan biotz pozgarri. Zuk, ekaitzpean dabillen mariñelaren biotza odei belunen artetik ageri dan argi-xintak alaitzen duen bezela, zuk liburutxo maitagarri orrek nerea ere alaitu dezu.
Urrengoan euskal-paperezko mendipean galdurik ibiliko al gera! Erdal paperik aski inguruetan, aien kopurua ugaritzen euskaldunok iardun gabe. Ito bear gaitute, eta ugolde galgarri ori are gogortzen arituko ote gera geroan erer euskotarrok?
Betor euskal-paper itsasoa, betor lenbailen, euskeraren magalean itoko gaituen itsaso, zoragarri ori. Orduan beintzat, nerea eta euskeltzale iatorren poza, aundia, neurrigabea izango da.
Eta...barkatu, biozkada samin eta atsekabetsu au.
Agur beste bat arte.
|