Euskera
Euskera aldez
Irizar'tar Peli
«Euzko-Gogoa»ren urtebetetzea
Urtea bete da euskeraren solo-saillean atxurketa etengabean ari dala illeroko «Euzko-Gogoa». Bai, euskeraren solo-saillean naiz lanean ari, an, Amerika Erdiko Guatemala laterri txiki ta ezkutuan. Eta atxurketaren urteurrena betetzean, burutik eskuetara txapela aldatuaz, ileroko orren atxurlari nagusi Aita Zaitegi eta berakin batera lanean diarduen beste atxurlari zintzoak agurtzen eta zoriontzen ditugu.
Euskeraren soloko sastrakak garbitu, belar eta sustrai kaltekorrak atera, lur ori landu ta ongarritu ta euskel azia erein gero gure izkuntzaren uzta ugaria garaiz jasotzeko: orra illeroko «Euzko-Gogoa» ren elburu bakarra, orra «Euzko-Gogoa» ren izate guztia.
Urte bete iraun du euskera gaizkatu, bizi eta zabaltzeko asmoz illero agertzen zaigun irakurgai bikañak. Bera, geroago eta landuago datorkigu; geroago ta atsegiñago. Benetan, bai, idazlariok saiatzen dira maitetasun guztia euren lan aztun eta neketsuan jarriaz. Eta benentan, baita ere, euskeldunak ager bear eskerronez eurengan. Ala , zor pean gaude lan ori arinduaz «Euzko-Gogoa»ri luzaroan iraun arazi nai bai diogu. ¿Nola ordea?
Euskeraz irakurtzeko zaletasuna sakondu dezagun; «Euzko-Gogoa»rentzat arpidedun berriak arkitzen zaia gaitezen; arpidetu ezin diran euskel irakurleen artera zabaldu irakurritakto zenbakiak. Itz batean: gogotu, zaletu, alegindu euskeraz irakurtzera, ba edozein izkuntz zabaldu nai bada, landu nai bada, nai ta naiez asko irakurri bear. Lenengo orritik asi ta azkenengoraño dotore asko idatzi datorren illeroko «Euzko-Gogoa» irakurri dezagun, ausnartu dezagun eta inguruko euskelduneri eskuratu dezayogun. Eta ainbeste irakurle euskeldun al-dutenak arpidetu dezagun. Ondo merezi du, an, Amerika Erdiko Guatemala'tik ludi zabalera euskeldunen mintzoa zabaltzen dan «Euzko-Gogoa» pikañak eta.
|