Euskera
Breizera
Per Denez
euskaratzailea:
Jon Mirande
(Gurea bezela il-zorian zituten beren aberri-izkerak gaizkatzeko zer egin duten, ta zer lortu duten Europe'ko beste erri txikietako abertzaleek on dugula yakitea Euskaldunok bai'deritzait, breistar idazle bati galdegin diot breizeraren gaurko egoeraren berri damakigun.
Ona emen, beraz, Per DENEZ adixkideak «Euzko-Gogoa» ren irakurleentzat idatzi duen lantxo bat. Gure eskerrak ar bitza.
M.'tar J.)
Breizera da gaurko egunean Europe'ko lur-aundian mintzatzen dan keltar mintzai bakarra. Beste bost keltar izkera ba-dira: Eskozi'ko goidelera (Gaelic), manaera (Manx) ta irlandera, alkarren antz aundia dutenak; kenbrera (Welsh) ta kernera (Cornish), breizeraren aide urbilak.
Breizera ez duzute lenago Galia'n mintzatzen zan kelteraren arrasto bat: galera dan-dana ezabatu bai'zuten laterak ta frankerak. Breizera Breiz izarokira ekarri zuten V ta VII gn. mendeen artean, lur berri billa Kenbru (Wales) ta Kernu (Cornwall) lurretatik aldegin zuten gudari ta lugin-talde batzuek. Garai artan, kenbrerak, kernerak ta breizerak mintzai bakar bat egiten zuten. Geroztik, yakiña, beraren bideari yarraitu dio breizerak.
Izkeratzat breizera daukan erriak BREIZ du izena, ingeleraz BRITTANY, frantseraz BRETAGNE. Kouesnon latsaren iztaotik Liger (Loire) ibaiaren iztaoa baño beragoraño doa gutxi gora bera, Prantziarekiko muga.
Breiztar erresumaren garai aundian (IX gn. mendean) breizeraz itz-egiten zuten Breiz guzian, lateldun zenbait an-emenka gelditu arren, batez ere erriaren sortaldean. Norman'en etortzearekin, aatik, (Xgn.mendean) eta prantzitarren lenengo erasoekin, emeki-emeki atzera egiten du breizerak. Prantzia'ren menpean Breiz osoa erori zanean (XVIII gn. mendean) gutzi gora-bera Sant Brieg'tik (St. Brieuc) Gwened'eraño (Vannes) doan marra baten onaindian baizik ez zan breizeraz itz-egiten. Gaurko egunean, errian bizi diran 3.000.000 biztanleetatik milion bat-edo baizik ez dira breizeraz mintzatzen. «Milion bat edo» diot: ezen Prantzia'ko yaurlaritzak beti ukatu du breizeldunen edozein zenbakunderik egitea.
Ortan duzute, ain zuzen ere, breizeraren oraingo erbaltasuna nondik datorren. Prantzia'k Breiz indargabetu ba'du politikazeretan, kulturazko nortasunik ere ez dio utzi. Aren izkerari oldartu zaio izugarrizko eran. Ikasetxe, gudaletxe, auzitegi, ots, laterriak dauzkan etxe ta tegi guzietatik oildua izan da. Breiztar erriari irakatsi diote beraren mintzaiaz iseka egitea, lotsa izatea. Nola-naizko beaztopak ipiñi ta ipintzen ditute breizel-egunkari edo aldizkarien bidean. Breizeraz idazten dutenai bizipidea kendu izan zaie, erbesteratu bear izan dute, ezin dira laterriaren-mutil izan. Bai eta 1939-an ta 1944-an prantzitarrek alegin egin dute breizal igikuna zearo deutseratzeko ere: liburutegi osoak birrindu ditute, breizerazko idazki ta izparringiak debekatu, zuzendariak eta idazleak espetxeratu edo suizkillutu; atzerrira iges yoan bear izan dute beste batzuek. «Itxasoz araindiko» Keltarrai esker da gogorrenezko yazarkundea ekuratu, bainan prantzitar yaurlaritzak emeki ta setatsu yarraitzen dio bere lanari breizera ezeztatzeko.
1871-an eskatu zan leen aldikoz breizeraz irakas lezaten eskolan. Geroztik eunka eskaera izan dira alderdi, bazkun, udaletxe, aldundi ta besteen gandik. 1951 gnko Ilbeltzean baizik ez da lege bat onartua izan, arteko ikasetxeetako atea breizerari erdi-irikitzen diona, bainan lege ortaz baliatzeko baimena igurikitzen dugu oraindik.
Oriek orrela dirala, Breiztarren borroka ez da alperrikoa izan eta elerti oraindar eder xamar bat sortzera eldu dira. Elerti zaarretik ez da ezer ere gelditzen, gure «mister»zenbaiten neurtizkera zailgaitzetik ala nola «Melezour ar Marv» (Eriotzaren Ixpillua) XVI gn. mendean agiri izan arren, Breiz'en ere luzaro bizi egon zala, Kenbru'n ain lore ederrak eman zituen elerti ua. XVI, XVII ta XVIII gn. mendeetatik misteri eta santu-bizi eli bat ba ditugu, zati txit politak an-emenka aietan arkitzen bai'dira. Ezin da ukatu aatik, balio geiago dutela mintzaiaren yakintzari buruz ezi-ez elertiari buruz.
Izkera zaarrari, alaz ere, datozkio zuzentzalleak. Ar GONIDEG (1775-1838) aipatuena da, gaurko elertirako mintzaira irazan bai'zuen. Aren lanari yarraitu zioten MILIN'ek, Frañses VALLEE'k ta, gero, Roparz HEMON' ek. Gizon oien elburua izan da: 1.- breizelkiak guzientzako izkera bakar batean alkartu; 2.- bearrik gabe yasandako prantsez etorkidun itzak breizeratik kanporatu. Elburura eldu dirala esan diteke eta lugiñek ta mariñelek egunero darabilten mintzoarekin egiazko kulturarekiko tresna bat egin dute.
Ar GONIDEG'en ondoan batez ere, sortu dira pillaka breizerazko idazkiak, guziak ez bai'dira ekoiztuak ez aztertuak izan ere, ain gutxi laguntzen die-ta prantzitar yaurlaritzak keltalariai. Garai artako idazkiek, XX gn. mendeanen atsarreraño, mintzaera aunitz gozagarria zerabilten, ia erriarena, alegia, asmobide ta aditzapen gutxi ordea: «erri-elerti» bat duzute idazkiz yarrita. Naiz gazteagoek elerti ori luzaz gutxietxi zuten, gero ta amultsuroago aztertzen dugu gaur ezen mintzai, erri-yakintza, breiztar gogoaren ezagutze ta Breiz'engo gizartearen edestiari buruz duen balioa ateman dugu.
Alaz ere, Roparz HEMON'ek eta «GWLARN» aldizkariak diote oraingo elertiari zer bide yo erakutsi. Politika-arloan «BREIZ ATAO» k bururatu lana, kulturalorrean osotu dute. «GWALARN» ta onen idazleei esker breizerak ildo berriak urratu ditu, yakitezko ta yakintzarako iztegiak argitaldu dira, breizaltzaleen asmoak agerreratu eta argiagotu. Iru ospetsuenak bakarrik izendatzeko, Roparz HEMON, Youenn DREZEN, Jakez RIOU' ren olerki, ipui, antzerki edo eleberriek, breizeraz irakurtzen daño, irakurleen atsegiña dagiteke. Oriek ezarri dute Breizal elertia oraindar elertien lerroan.
1944-ean Prantzitarrek suntsitu zituten «GWALARN» aldizkaria ta oni zagozkion ager-lanak: aldizkariaren zuzendariak, Roparz HEMON' ek, urteak bañoago baitegian egon ondoren, erbesterako bidea artu izan zuen. Gazteak aatik, berriz ere lotu zaizko borrokari eta breizerak, euskerak bezela, Europe-sartaldeko izkera txiki guziek bezela, bizi iraungo eta garaituko du era orotako etsaien gatik ere.
(Mirande'tar Jon'ek breizeratik itzulia)
Paris'en 1951.
|