Antzerti
Amayur!!
Uarrain
AMARGARREN AGERRALDIA
Joxe-Migel, andre Madalen, Joxe-Migel'en aita Joxetxo ta bi morroi.
Azkeneko bi agerraldi auek gauez gertatzen dira. Amayur'ko gazteluaren azkeneko gaua da. Oiala altxatzean sutautsa lertzearen dunbots ozena entzun bedi ta gaztelua erdi porrokatua agertuko da. Poliki-poliki sua nagusitzen joan bedi ta azkenerako gaztelu guztiaren jabe egingo da.
Jox. Mig. (Erdi jantzian atarira atereaz). Ene, Jaungoikoa! Gaztelu guztia apurtu dute. Izan ere eztute sutauts (1) karga txiki-txikia ipiñi. Iñor bizirik erten ote da alako lertualditik?
Aitona. (Joxe-Migel'ek izketan amaitzen dunean jeixten da ta geroxeago bi morroiak). Zer izan dek, seme?
Jox. Mig. Gaztelarrak garrautsa lertu dutela ta gaztelua lurraren pare jarri dute.
Ait. Egia, orain ikusten diat. Ondakiñak besterik eztek gelditu or.
Morroi I.- Orain, barrurako sarbidea egin dute.
Jox. Mig. Bai sarbidea egin ditek, baño, ondakin oien atzetik gutarren arkabuzak jo ta su ekingo ziotek.
Morroi I. Eztute lanbide aundirik izango. Gazteluari eusten diotenak berreuntsu besterik, eztira ta erasotzalleak ostera amairu millatik gora. Beraz, lenengoak eroriarren ere, azkenerako nai ta ez jabetu bear gazteluaz.
Ait. Nola nai ere, gau au irauten lanak izango dizkitek. Astebete zeramakitek esiketa ikaragarri au burutuz eta zaurituak nun euki ta nola sendatu eztitek.
Jox. Mig. Orixen negargarria; guztiak odolustuta ilbearra.
Mad. (Aur txikia besotan dakarrela ta Joxetxo bere gonetara itsasita sartzen da). Gaxoak ezin loartu dute. Katalintxo batez ere ikaraz erdibituta dago. Aitatxo, aitatxo, oju egiten zun eta zuganaño ekarri bear izan det.
Jox. Mig. Ator, Katalintxo, ator aitatxogana. (Aurra besotan ar beza) Bildurtu egin al-aiz, enetxoa?
Kat. (Itz totel). Ata, gixona gaxtua nun da?
Jox. Mig. (Beatzarekin apuntatuz). An urruti, alabatxo. Gizon gaiztuak zer egiten du?
Kat. Tiro eta tiro.
Jox. Mig. Eta zu tiroak izutzen, Katalin?
Kat. Bai, ata.
Ontan, kañoi granada bat lertzen da zutik diraun almena bakarran eta Naparroa'ko ikurriña eramaten du.
Morroi II. Kañoikada orrek ikurriña eraman du.
Mad. Jauna! Ematen egingo ote dute?
Morroi I. Iñor izango ote da ikurriña ostera jartzeko!
Jox. Mig. Nekez onezkero. Zai-zai egongo zaizkio etsaiak eta tiroka ilko dute ipiñi baño len.
Ait. Otoi dezaiogun Aralar'ko Mikel doneari gizon oien alde, zerutik lagundu dizaien.
(Aitonak «Ave, ave, ave Maria»ren doñuan abestu eta sendikoak erantzun bezate).
Ait. Aralar'ko mendian
zauden Mikel deuna,
zaindu ezazu, arren,
euskaldunen lurra!
Orok. Mikel, Mikel,
Mikel gurea,
zaindu, zaindu,
Euskalerria!
Ait. Atereaz ezpata
euskaldunen alde,
birrindu arrotz taldeak
autsikitu arte.
Orok. Mikel, Mikel,...
Ait. Lagun itzazu, arren,
napar gudariak,
zapaldu arte beingo
españar jendiak.
Orok. Mikel, Mikel,...
Ait. Gogo-emazu, Mikel,
nola Amayur'en
ainbat seme dituzun
zuri ojukatzen.
Orok. Mikel, Mikel,...
Ait. Autsi Amayur'eko
esi estu ori,
ta eman gurenda beingo
Euskalerria'ri.
Orok. Mikel, Mikel,...
(Amaitzen ari diralarik, gudari bat igotzen da almenaren ondakiñetara ta ipintzen du Naparroa'ren ikurriña. Ezarri orduko erortzen da arkabuz tiro batek jota).
Morroi I. (Almenara erne-erne begira gudariaren ikurrin jartzea aditzera ematen du). Gudari bat eldu da almenaraño! Ez al-dezute ikusten? Une onetantxe ikurriña lotzen ari da!
Mad. Ene Jaungoikoa!
Ait. Aralar'ko Mikel donea, lagundu ezaiozu mutil orri bere arloan!
Jox. Mig. Arkabuzak etengabe ari zaizkio.
Jox. Aita, aita, bildur ematen dit gizon orrek. Mitxel ote da?
Morroi II. Jarri du! (Une onetantxe batzuk poz diadarrak egin bitzate. Berealaxe aiezka itunak).
Jox. Aita, zer da? Zer gertatu da?
Jox. Mig. Ikurriña ezarri dun gudaria tiroz jo dute ta goitik beraño amildu da.
Ait. Ikurriña zutik dago ordea. Gudaldietan gizon baten biziari etzaio begiratzen eta ikurriñari bai; ari begira borrokatzen baidute orok.
Jox. Eta zergatik da ori?
Ait. Kate oien ikurra Naparroa'ren gogo ta bizitza baita. Ori erori dadinean Naparroa'renak egin du berarekintxe.
AMAIKAGARREN AGERRALDIA
Lengoak eta Frances Beaumont bere gudari taldearekin.
Franc. (Sartu ta antzeslekuaren gibelaldean geldituz bere gudariai ozenki mintza zaie. Mutuberritarrak etorkiñai begira larri-ikaretan egon bitez). Gudariaak! Ingura ezazute basetxea ta ez dezala iñork iges egin. Ematen egiten ezpa'du, su egin zerraldo utzi arte. (Etxekoengana aurreratuz).
Nor da etxeko jauna?
Ait. Ni naiz. Zer bear didazute?
Franc. Migel Jatsu'ren bila gatoz.
Ait. Eztago emen. Aspalditxo joana da Amayur'ko gazteluari eustera.
Franc. Alperrik zabiltzate gezurretan. Elizondo'n esan digute emen dagola ezkutatuta.
Ait. Emendik alde egin zula astebete ba'da, zalduna.
Franc. Gezurra ba'diozu orok ilko zaitutet, entzun?
Ait. Barkatu, zaldun gazte orrek, bañan nor zaitugu?
Franc. Frances Beaumont, Leirin'go kondearen semea.
Ait. Orain sinisten det esandakoa betzeko gai zerana.
Franc. Migel'ek ondo erakutsi dizu nunbait Leirin'go kondeak nortzuk diran. Koldar alena! Beretarrak inpernu ortara igorri (2) bertan ito ta kiskaldu ditezen eta bera, Neron'en antzo, mendi-aulki ontan exerita bere egintza laidogarriari (3) begira. Baño, orrenak egin du. Oraingoan eztu iges egiterik izango.
Jox. Mig. Bein da berriz esango zaizu, Beaumont jauna, Mitxel Yatsu Amayur'en gizonki borrokatzen ari dala...
Franc. (Itza janaz). Gezurra! Ondo jakin-dakigu emen dagona!
Jox. Mig. Eztet amaitu, adiskidea. Utzi zaidazu mintzatzen. Mitxel, Amayur'en dago, ta nik uste nuen Leirin'go kondearen semea ere antxen ariko zala gizonki jokatuz... Bañan gudari oldartsu edo... dalako ori, emen agertu zaigu gizon baten aitzeki...
Franc. (Ezpata bere lekatik atereaz). Zaitu zak mingain ustel ori ber-bertan erdibitzea nai ezpa'dek! Neri koldarra esan, zearbidez ba'da ere, neri, gudaldi guzitan burlar ematen nabillen oni? Neri, Noain'go zelaietan agramontarren buru egiten zun Asparots'eko jauna espe artu nuen oni? Egietan diozut, emazte ta aurrak alboan ezpa'zenitu etziñake bizirik erten gaurko onetan!
Ait. Gazteak, etzaitezte sutu. Zuk, Beaumont jauna, sartu ezazu ezpata ori bere lekan.
Franc. (Sututa). Nor zera zu ezpatadun zaldun bati agintzeko?
Ait. Barkatu, jauna. Ni, baserri ontako etxejauna naiz. Zu, berriz, nere etxean arrotz. Gizaldi ta gizaldi zear euskaldun mendi auetan itzala izan diote enda guzitako jendeak etxeko jaunaren nausitasunari. Zu, napar izanik, etzera noski oitura santu au lenengoz autsiko dezuna.
Franc. (Apalduxeago). Ongi da. Ekardazute Jatsutarra ta besterik gabe alde egingo det.
Ait. Zabalik dezu etxeko atea. Sartu zure gizon batzukin eta arakatu nai beste bazter guziak. Nik, itza damaizut, Mitxel, Amayur'en dana.
Franc. Sinisten det, Mutuberri'ko etxe-jauna. Zure gizontasuna ikusi det eta arrituta utzi nau. Tamala, zuek bezelako gizonak agramontar zerri oien alderdikoak izatea.
Ait. Bearrez, jauna, bearrez.
Franc. (Asaldatu xamarra). Bearrez? Zergatik bearrez? Ez al-gera gu agramontarrak baño obeak eta zindoagoak?
Ait. Guztiori egia izanik ere ezin al izango genuke zuen alde egon.
Franc. Zer dala-ta?
Ait. Noren eskuetara dezute Bakalderria? Arrotzaren eskuetara. Berak dira nagusi, berak agintari Bakalderri guzian. Zuek, beaumontarrok, beroien morroi zarpallak. Nola aztu Villalba koronelaren laidokeri ta ilketa guziak? Ori al-da Bakalderri'ko Lege ta Oiturak gordetzea Fernanda'k alako panparroikeriz garai batean agindu zun bezela?
Franc. Frantzesak uxatu ezkero ezta orrelakorik gertatuko.
Ait. Prantzesak? Nundik baña?
Franc. Amayur'tik, alegia.
Ait. Gezurra diozu; Amayur'en ezpaitago prantzes bakar bat ere.
Franc. Edo agramontarrak, orrela obeto ba'derizkiozu.
Ait. Naparrak esan ba'zenu soilki, asmatu zenuke. Orain ezpaitago agramontar eta beaumontarrik antziña bezela. Orain, naparrak eta napar etsaiak dira, ta gu naparrak geranez nai ta ez napar zintzo oien alde egon bear. Sinistu zaidazu, Beaumont jauna, sekula ez naiz izan ez beaumontar ez agramontar, auek politikako alderdi soillak ziran garaian, eta iñoiz agramontarren alde jo ba'det, zuek napar izateari uko egiñaz Erria arrotzari eskuratzeak eragin dit ortara.
Franc. Oker ari zera, nagusi jauna. Gu ez guaz Naparroa'ren kontra, agramontarrak ala erakutsi ba'dizute ere, beren alde jarri zaitezten. Guk, Naparroa Españia'ren adiskidetasunean jarri nai degu, baño orrek eztu esan nai ez guk eta ez Españia'k Naparroa'ri gaitzik nai dionik... Gudak bazter guztiak nasten ditu ta ezta arritzekoa beronek lege auste batzuk ekarria. Baño pake garaia etorri dadinean ikusiko dezu españarrak zintzoki betetzen dituztela agindutako legeak.
Ait. Orain betetzen ez dutena nekez beteko dute gero. Batetik, agramontarrak aitzeki-maitzeki dituztela emendik alde egingo eztutelako. Bestaldetik auxe esango baidute: «Guk garaitu ba'ditugu agramontarrak, guri dagokigu agintea». Ori oi da, etoiari eman oi zaion ordaña.
Franc. Zaude ixilik, agure zarpalla, zer esaten ari zeran ere ez dakizu-ta! Guda amaitzean, Españi'ko erregeren babesean eratuko ditugu gure Korteak eta gure Erri'ko legeai amor emango zaiote. Naparro berri bat egingo degu agramontar traidoreaz ziaro garbituta!
Ait. Oraintxen esan dezu egia, seme, Naparro berri bat. Ezpaita oraiñartekoa izango, Naparro ori ezpaita naparrena izango, españarrena baizik. Naparrak, naparrak,... Amayur'ko gaztelu ortan ari dira bizia ematen lur zorikabe ontako azkeneko semeak!
(Une ontan orok gaztelura begira gelditu bitez. Sua gaztelu osoaren jaun da jabe egin da ta azkeneko almenaraño igoaz Naparroa'ko ikurrin goreskarria suak artuta erortzen da. Orok, negar zotinka jarri bitez. Beaumont, ezpañetan irri-parre maltzurra duelarik sorgor begira. Ikurriña suak artu aurretik ondorengo itzoek zuzendu bitza gaztelurantz aitonak).
Ait. Ba'dijoaz... maitasun bero bat bertan uzten dutelarik ordea. Maitasun ori zu zera, Naparro zorikabea. Zure oñaze ta nekeak dira gureak ere eriotzaren larritasun ontan. Gure Erria iltzen ari da, azken arnasetan dago ta bere ondoan iltzen dira leialki bera bene-benetan maite duten semeak. Seme on oiek betiko ilko dira noski, baña, zu, Naparroa, etzera ilko bein-betiko, lozorro luzean iraunarren, Jaungoikoa'k ez baitezake nai Erri bikain au erabat iltzerik. Bearbada, etsaiaren indarrak Euskalerri au itoko dula dirudien gizaldi luze ta illunak igaroko dira... baño austerre tartean gelditutako txinparta bat aski izango da sute ikaragarri bat sortzeko ta bere indarra Auñamendi onen bi egaletara zabalduko da, garai batean bezela euskaldun seme guziak Ama baten altzoan biltzeko...
Franc. (Ikurriña amildu dadinean) Bukatu da beinbetiko agramontar kiskil oien agintea Naparroa'ko lurretan!
Ait. Entzun ondo, Beaumontarren azkeneko abar orrek, nere ezpañak diozudana. Oiek eztira kiskillak, Naparroa'ren izen santu au berari dagokion egoitzan uztearren iltzen jakin duten zaldun bikañak baizik. Edestia izango da aitorle: gizon oldartsu oien izenak urrezko letretan idatziko dira ta jendeak maitasun sutsuz ogutziko (4) ditu. Zuenak berriz, gizaldi zear gaitzetsiak izango dira, zuen Erria, zeron Ama, arrotzari saldu diozutelako.
Franc. Nastutzen nauzu, urde orrek!
Ait. Ixo, beaumontar zalduna. Nere etxean zaude ta etxe ontako biotzak naparrak dira, Albret'tarrenak, Amayur'ko gaztelu ortan il diran gizon bipillenak (5).
Franc. Nerekin eramango zaitut, agure zirtzilla. Nola ausartzen zera mintzatzen, zuek iltzek ta agramontar kabi madarikatu oni su emateko ogei gudari emen eukita?
Ait. Eztezu orrelakorik egingo, Frances Beaumont. Ba'zenegi (6), Jaungoikoa'k kontu zorrotzak artuko lizkizuke-ta. Napar izateari uko egin ba'diozu ere, kristau izateari eusten diozulakoan nago. Ni ere kristaua naiz, sinestuna; beraz, txapelak kenduta otoitz egin dezagun Amayur'ko gudaldian bi aldetatik il diranen gogo-alde. «Aita gurea, zeruetan zaudena...» (Orok zaleki erreza bezate).
Franc. (Otoitzaren ondoren ziaro beratuta). Mutuberri'ko etxejauna: zuk zure iritzea dezu, nik nerea. Bakoitzak bere ustean sinisten du ta besteak oker dabiltzala derizkio. Baño iritze oien gañetik gizon zindoak zeratela ikusi-dakust. Barkatu bada, gaizki esanak eta ba'nua nere gudariekin. Pakea bego zuengan.
Ait. Ongi joan, beaumontar zalduna, ta oroitu beti garaille zeraten aldi ontan, Amayur'en garaitu dituzuten agramontarrak, zuen odolekoak, zuen anaiak dirala; zuen aurka borrokatu dutenak, orixe bai, baño gizonki ta gogaitsu jokatuz beren iritzean naparrok izan dezakegun elburu santuenaren alde. (Oiala jatxi bedi).
AZKENA
Donosti'n, Agorrak 28, 1949.
(1) Pólvora.
(2) Bialdu.
(3) Ignominiosa acción.
(4) Pronunciar.
(5) Valiente.
(6) Egingo ba'zenu.
|