Irailla-Urrilla. 9-10 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Irailla-Urrilla. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Kito'n arrebarekin

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

 

Bataiagabeen Aurtegia

 

        N.— Ipernutik Garbitegira uke, berez, urrengo txangoa; bañan iru Elizak batetsuan artuko zetunagu: burruka ari geranona, garaitu dutenena, ta zerura bidean ziur daudenena. Auetara baño len, bataia gabeko aurren egongua yunagu yardungai. Gogoan al dun Espuru'ko ikuskarria?

        D.— Elias'ena?

        N.— Bai. Elias itzalita geroxago, amar amaika urteko aur bat agertu zitzaidanan nere aurrean, utsetik atera bailitzan. Aurpegi ezagun antxa.

        Nor augu xeme?

        A.— Zuetakoa natxik.

        N.— Matxin edo?

        A.— Ez, amabigarrena.

        N.— Gizagaxoa! Nola bizi zerate aurtegi artan?

        A.— Zuek emen bañon obeki. Ez diagu ekaitzik, ez gaitzik, ez ta zerukoen bekaitzik.

        Zuek emen baño doatsuagu gatxik askoz ere.

        Emak emen lurrean santu bat argialdirik aundienean; ua baño doatsuago gatxik, grazia ezik. Yainkoa obeki ezagutzen baitugu.

        Zuek bañon aurrerago bizi gatxik. Zuek egan asi zerate, bañan illargira ta izarretara etzerate beiñere iritxiko. Gu, bai, emen gabiltzik, legorrez legor, itsasoz itsaso, eguratsez egurats, izarrez izar, nai dugun tokira. Guretzat ez dik azken-auzi egunik, ez baikenun on eta gaiztoaren berri. Alare, yakiña, sortegun berean bataiatu ta il zana, asko doatsuago dik gu baño. Yainkoa ikusteko ta gozatzeko gaiago baita.

        N.— Zerk ekarri au neregana?

        A.— Alegia, buruan iraultzen asi dukan liburu ortan ez gaitukala ipiñi bear ipernu edo erdi-ipernuan Dante'k bezala. Arek ipernuko lenbiziko oboan sartu ginduan. Oraintxe ere, il giñanetik, erdi-zeru esan litekenean bizi gatxik.

        N.— Au estearekin itzali egin zinan, ni naigabe xamar utzirik. Laztan bat emango nionan, baña gorputzik ez baitu egiazkorik utsa laztanduko nenunan.

        Beste senideetaz oroitu nintxinan. Aietan gaiztoenak ez dezala bide okerragorik eraman.

        D.— Baldinbait ere!

        N.— Aur oiek ere Yainko-Semearen argipean zeuden, graziarenean ez ba'da ere, Beraren antzera egiñak baititu oro. Bai adimendunak, bai ezak, guziak nolabait Yainkoa sumarazten yunate beren einean. Eta, eguratseko txoriak txintaka Yainkoa goresten ba-dute , ta gauezko pizti ankerrak ere, aragi bizi billa dabiltzala, Yainkoa beren gisan aitortzen ba-dute, Dabid'ek diona, pekaturik egin ez duten gaixo oiek ez al ditxin txori ta pizti bañon areago?

        D.— Ala esan litekek.

        N.— Ordutik onara, egunero esan oi diñat, beste sorkari guziekin Yainkoa goretsi naiez. «Benedicite, infantes limbi, Domino».

        D.— Ederki. Oso arrazoizko gauza.

        N.— Gogoan zeukanat: ama batek eketx egin zunan, ots, aur illa. Ba-zunan irugarrena gaixoak, gogoz bestera, yakiña, ta naigabe zegola, karta bat egin zidanan linbo ori zer ote zan galdetuz eta seme aiek beiñere ikusi gabe geldituko ote zan. Emen esaten ari naizana erantzun nionan, eta bai pozetan sarrerazi ere. Zenbat ama ta guraso gaixo egon oi ditxin orobat, aurrak bataio gabe il zaizkielako! Ba-yunat adiskide bat, emazteak zazpi eketx izan zetion, gaixoak, eta bat eldua nai.

        D.— Zenbat aur gaixo ote daude linboan!

        N.— Guk uste baño geiago. Oraiñaldian bazoazin, beintzat. Ala bearrez, aurdunen axolakabez,... gaiztoz. Len etzitxinan ainbeste. Guk amabiren artean bakarra yunagu. Orain zenbat amabiko ote dira, etxean bakarra nai duten oietakoak? Egia, asko ta asko, bizira baño len galduaziak; beste asko , ainbeste ez ba'dira ere, bizitzen asi ta gero. Zer erioketa! Ta saldo guzi ori ipernura, edo zerbait naigabe dagon tokira?

        Ez eta ez.

        D.— Ez, arren!

        N.— Oñazerik ez beintzat iñolakorik gorputzean. Naigabe pixkaren bat grazi-bizirik ez dutelako? Uste dutenak ba-ditxin; nik etxunat uste.

        San Tomas'ek diona: «Bietan bat: aur oiek ba yunate zeruaren berri edo etxunate.

        Edozer aukera, zeru galduaz etxunate naigaberik; ezean, ez-ezagunak ez baitu griñañarik ematen; baiean ere ez, arrazoidunik ez baititeke naigabetu, ez dagokion ondasunez.» Zeru galduaz naigaberik ez ba dute, beste edozertaz zergatik?

        Erloju bat egiten dunari bekaitz al akio i, ezin egin dunalako? Edota egal-ontzia egin dunari? Alako edo olakori, ik ezin dunaken zerbait egin dulako? Ez al dion, ostera, txalo yotzen? Aiek ere ori egingo yunate. Guk Aingerueri bezala. Naigabe apurra ba'lukete ere, nolakoa? Atsegiñik aundienarekin gerta dakikegun naigabetxoaren gazi-geza. Zein da mundu ontan, santu danaren atsegiña bañon aundiagorik, batez ere, otoitzean Yainkoak irugarren zeruraño yaso dezanean? Orrek ere ba yun bere gazi-geza: atzerri-miña, orduan ere.

        Naigabe ortaz dana dala, nik au uste: zeruan Yainkoa guk bañon obeki ikusten dutenengatik guk naigaberik ez baitugu izango, alaxe aur aiek ere, zerutarrak ikustean.

        Bai poza ere, Yainkoak gu baño sorkari ederrago egin ditulako.

        D.— Ta zer derizkiok? Ikusiko al gaitute edo ikusiko ote ditugu?

        N.— Elizak diona idukiririk, ikus neri dirudidana.

        D.— Elizak zer dio lenbizi?

        N.— Zeru-ipernuek toki berezia ba-dutela.

        Linboak ere bai, antza. Izan ere itsusi uke orduan naste bizi izatea. Baña zerua, batez ere, egoera doatsua baita, ez uke itsusi Yainkoaren sorkari diran aur oiek beren einean zerua edertzea. Lurrean ere bazetunagu landare ta txori. Elkarrekin ederki bizi gatxin, gure ta aien egoera bixikoa dan arren.

        D.— Auek, ordea, gure pozerako ditxik; an berriz, Yainkoak bere pozez aseko gaitik, eta etxuagu besteren pozaren bearrik.

        N.— Egia; bañan ez gatxin an egongo xoxoturik, beti begiok Yainko soillarengana zuringoturik. Nolanai ere, Yainkoarekin egongo gatxin, eta sorkari bakoitzean Yainkoa ikusiko yunagu emen ez-bezala. Beraz, aiek maitatzearekin, Yainkoa Bera maitatuko yunagu; bestela esan, Yainkoagan murgildurik gaudela ikusiko zetunagu. Etxun emen bezala. Sorkari bati begiratzen ba'diogu begiratua errex murgiltzen zaigun artan, Yainkoaz aztutzeko, bestera bearrean. Une batez aietan Yainkoari begiratzen ba'diogu, begiratu ori errex atertzen zaigun. Orduan, berriz, aietan murgiltzerik ez, edo murgildurik, nai ta nai ez Yainkoagan murgildu bear era berean.

        D.— Etzegok oker asmatua.

        N.— Yainkoak gizaki egin gaitin, gañera, ta nola nai dun, ainbeste gurasok beren aurrak ikusi lezazketenean, beiñere ezagutu gabe gelditzea?

        D.— Ori esan.

        N.— Gurasoek emen maite yunate itsu edo gor edo ezaguera gabe sortu zaiena ere.

        Nola ez an, guk orain baño Yainkoa obeki ezagun eta maite dun aurra?

        D.— Bidezko zirudik.

        N.— Yainkoak au nai yun: Berak egiñak guk ezagutzea ta maitatzea. Batez ere zeruan oinbeste ta oinbeste milloi Aingeru; ori egiñez ez baitugu Arengandik aldegiten; ostera, aiek maitatuz. Bera baitugu maitatzen.

        D.— Senideek elkar ikusiko ote dugu zeruan ere?

        N.— Senarrak emaztea ere zergatik ez? Batek esan zidanan: «zerua ez da neretzat osotara zeru, senarra ikusi bear ez ba'dut».

        D.— Ori duk ateraldia!

        N.— Zer nai yun? Gizaki izatea etzigun kenduko Yainkoak, beñipein. Ebangelioak diona: an ez da iñor ezkonduko; denak Yainkoaren Aingeru ditezke. «Egia, bañan aragiz ez ba'da ere zergatik ez elkar maita Aingeru bezala, ta beste edonor atze baño geiago? Santu ziranen gurasoek ez al yunate poz aundiago ta dirdai aundiago beren semeak ikustean? Eta zergatik ez gallendu ere, aien guraso izan ziralako?

        D.— Bañan, esana dan bezala, «zu zeruan gorago egongo zera ni baño, ta etzaitut ikusiko».

        N.— Beti ez al ditxin beren yar-lekuan eserita egongo. Gañera, len esan yunadanez, zerua batez ere egoera doatsua din. Elkarren ondoan egonik ere, bata bestea baño gorago zegon, ots, batak Yainkoaren dirdai aundiagoa agertzen yun besteak baño. Ola gertatzen dun izarretan ere: bata baño bestea dirdaitsugo ikusten zetunagu emendik, San Paul'ek diona. Beraz, etzaidan iduritzen, amak bere semea ikusi nai ta, ikusi gabe geldituko danik: ez zerukoa, ez linbokoa.

        Eta toki berezia ba'lukete ere, zergatik ez ara yoan zerutarrak, legorretik itsasora bezala edo Europatik Ameriketara bezala?

        D.— Ori esan, mutikoa. Beraz, guk ere anai bataia gabea ezagutuko yuagu.

        N.— Baiki. Ta oinbeste amak beren erraietako aurrak.

        D.— Eta aur oien gorputzak biztuko ote dira azken-egunean?

        N.— Nik uste. Ipernukoak ere bai, gaitzerako; egin zituten gaiztakerien zigorrak yasateko. Areago, beraz, aur gaixo oienak.

        D.— Zerukoen eta ipernukoenak, bai, igerritzen zioat; baña zergatik linbokoak?

        N.— Aien anima, berez gorputzean bizi izateko egiña yun, eta gorputza animarentzat egiña: biak elkarrentzat. Yainkoak ala egin zetunan, eta eriotzak bakandu ba'zitun ere, elkarrekin batu gabe ez ditxin gizaki. Aien izatasunari berez zor zaion bat egitea, ta Yainkoak ezin ukatu, artarako egin zitun ezkero.

        D.— Gizon-gorputzekin, alegia?

        N.— Bai, erne-berrian illak ba dira ere.

        D.— Ez ote dira aur-gorputzean geldituko, beti aur?

        N.— Ez nik uste. Eman dezagun egun bateko erne-muña dan aurra, ots, aurgaia, ta beratzi illabete zitun aur eldua, yaiotzean illa. Erne-muñ arek aur izateko, asko azi bearra zeukan. Beraz, aur eder izatea ba'legokio, zergatik ez aur ederrari gizon eder izatea? Eta zergatik ez, eketx atera ziran guziek, gorputz berdintsueekin?

        D.— Ala esan litekek.

        N.— Iñolaz ere, gure gorputzen dirdairik etxunate izango, baña lurrean bizi diran gizonak bezain ba dirakela esango niuken.

        Ara beste gauza bat: gu ederragora aldatuko gatxin, etxeko kera galdu gabe; bañan aur oiek obeki gogora ekarriko dutela natxon beren etxekoen antza, lurtar izan giñanean bezala. Ez gatxin izango emen bezala, etxeko batzuk beltxeran, amaren aldera, ta besteak zurito, aitaren aldera.

        D.— Ikusten!

        N.— Eta aien aitameri etzaien ukatuko beren aurrak ikusteko poza, ta bereziki maitatzeko ere. Iñuxente il ziran gizagaxo zentzurik gabeak ere. Aiek ola maitatzean, esan dutanez, Yainkoa maitatuko baitute, Berarengandik begiratua atertu gabe.

        D.— Etzaidak iduritzen gaizki asmatua.

N. Au ala ba-zan sartu bedi kalabazan; ez ba-zan, loratu bedi baratzan.

 

GARBITEGIA

        N.— Esan oi yunagu norbaitek eramankizun aundiak ditunean: «Ze burgatorioa gaixo orrek! Beste kixkailtegi ua bera ikusi dunik ez ba da ere, Garbitegi esaten zaiona, bai, gutxi edo asko. Ongi eramaten ba'da, anima garbitzen baitu.

        D.— I ere ederrak ikusia aiz, gizgaizo ori!

        N.— Ez aipatzea obe, neska, edo aipatu ta aipatu. Españiko matxinadaz ez mundu guziko gudaz etxunak amets zakarrik batere egin; bañan arako beste Garbitegi artaz, oraindi ba-zetunat ametsondo gozakaitzak.

        Ogei ta zazpi urte aundi! Egunez pakean ba nago ere, gauean aldiz oroitara zaizkidan. Orrek adieraziko yun nolakoak ikusia naizen.

        D.— Gudaldian bañon aundiagoak?

        N.— Askoz ere. Bein zeukenat gogoan, San Kristobalen etxean nengola egin nenunan amets.

        D.— Ez duk amets astuna.

        N.— Beste bein Prantzian. Gurs'eko atari itxitu edo Mirandategi artatik atera berri nintxina. Landes'etara igesegin nunan, adiskide aundi Martin Oiartzabal yaunaren etxera. Atsalde artan oillar eder bat il zunan biaramonerako. Gau artan beste amets au egin nenunan: Gurs'eko eilegorrean etzanik nengola, ta etzauntzaren sapaia egunez bezala ikusten nula. Ametsa gaitzerakoa danean askotan gertatu zaidan: «ametsetan ari ote naiz?», eta, berela esnatzen natxin.

        «Gaur yakiña ametsetan, biar oillarra baitugu yateko. Bi amets oiek besterik etxunat egin biurrialdi oietan.

        D.— Ez ditxik amets izugarriak. Eta Gurs'en nola?

        N.— Ez ain gaizki. Zazpi kilo galdu nitunan, baña ba-nenunan adiskide bat musikaria ta arekin nengonan egun guzian kanta ta danza ikasten. Esaten zunan yendeak: «bi oiek bai doatsu dirala! ez baitira konturatzen itxituan daudenik». Egia; lo berriz, yakiña. Bein bazkalondoan etzanik nengonan, begiak itxirik, eta, «ez al da doatsu Orixe, orrela lo egiten duna?», esan zunan batek.

        D.— Zergatik eraman induten ara?

        N.— Prantses gizagaxo aiek burua galdu zunaten, alemana sartu zitzaienean. Guregana iduritu txarren batek artu zitunan. Ori barkatzekoa din. Guda bukatutakoan ere, gose apur bat ikusi genunan; ez ordea Petiri-Santz, esateko. Ondoan neukanan Oñati'ko Jausoro. Gizagaxoak ango eltzaririk ezin yan, eta neri ematen zidenan. Nere zakuan biena errex kokatzen zinan. Zazpi kilo besterik ez nunan galdu iru illabete terditan. Baña Prantzian, ango mendeko Euskalerrian, obeki esan, Donibane Lohitzun'en Burgatorioa zegonan neretzako, azken alde ontara.

        D.— Eta?

        N.— Ez din aztutzeko Elias'ek esan zidana:

        Elizaren alde bizkor yokatzeko.

        D.— Prantzian Elizak etsai aundiak omen zetuk.

        N.— Ez din ortaz. Etsaiak, obeki esan, adiskide miñenik bear luketenen artean: apaiz eta goragoko Elizgizonen artean.

        D.— Ikusiko uke!

        N.— Asi zitinan Españian ere sasi-yakintsu batzu, Yainkoak bere Liburuetan esana bere gogara makurtzen, mundutarren belarria goxatzeagatik, egiari muzin egiñez, ipuia zeritela. Batez ere Prantzian, buru-yario ta mihi-yario gogorra baita prantsesa. Bear duna ta ez duna buruz irauli bear; agora datorkion guzia tar-tar adierazi bear.

        D.— Apaiz yende ta goragoko oiek Elizaren aurka?

        N.— Izan ere. Ta apaizgaieri irakasten ari diranak. Urte artan asi zinan Baionako Apezpikutegia moda berriko ipui oiek zabaltzen, an emen iriz-iri mintzaldiak egiñeraziz. Etorri zitinan Donibanera bi Irakasle. Obe zunaten etxean gelditu ba'lira.

        D.— Ortaraño?

        N.— Ortaraño. Bat arek mintzagai zer zun esatea ere lotsagarri din: «bide yatorrez-bestera aurra nola egiñerazi diteken, eta zillegi ote dan....» Ikustokia leporaño betea omen zegonan... nexkato gaztez.

        D.— Yes!

        N.— Ontara ez nintxinan agertu ere. Esana yun San Paul'ek, olako gauzarik aipatu ere ez egiteko: «nec nominetur in vobis».

        Eta erriko yende xumeari ori agintzen ba'dio, zer esango ote zion apaiz bati?

        D.— Ortaraño galdua dago lotsa?

        N.— Okerrago dana, beste Irakasle bat siñeskizunen aurka ari izan zinan. Esan zitekenan gaiztoek eman ziotela dirua. Artara, bai, ederki egin zunan.

        D.— Yakiñaren gañean eta naita?

        N.— Buru-arinkeriz?... Obe bearrez?... Bere burua erakusteagatik?... Etzekiñat. Lenbizi Elizan arratzaldetik iragarri zunaten. Atarian paperak erruz zabaldu zetunaten zertaz mintzatuko ziran «Gure Etchea»n. Etxe au Parrokiaren yolas-etxea din. Paper oiek au esaten zunaten azken-lerroan: iñor bestera baldin ba zegon, atera zedila, itza bere zula. Bildur izaki ni ta yoan natxin oraingoan. Mintzagai: «Gizonaren yatorria: zer dio yakinkizunak? Zer dio Yainkoaren itzak?

        Zer-ikusi edo zer-entzun, bazterrak bete zitxinan. Yakinkizunak zer dio? Zabaldu zunan agoa doakabe arek, eta obe zukenan idiarena esan ba'lu! Bizidunen motak aldakor zirala. Adan Yainkoak egiña zula, bañan ez bertatik bertara; beste bizidun batzuk egin zitukela aldeaurretik, eta aiek bizialdatuz sortuerazia zukela gure lenengo gurasoa. ¿ Non irakurri duzu ipui ori?, nik, eta, «bidezkoago iduri zaida». — Bai?, nik, bidezkoago zirudin Yesukristo Gurutzean ez iltzea; gizon egitea aski baitzuken, eta edozein eginkizun gure alde egin, gu ipernutik yaregiteko. Beraz, ez zala il esan bearko: ori da zure arrazoikera. Zer mutikoa zu! Beti «ditekenetik izanera» ari zera, ta ori ez da iñongo pilosopian argibide yatorra. «Ditekena dala» beste argitasunik etzunan ekarri, ta berak ala uste zula.

        Mendel'en legea etzunan aipatu, ots, bizidunen motak aldakaitz zirala, siñesgaben artean ere baitira ortara daudenak. Eta sotanadun ori, makurrenera. «Ipuiek zer dioten esan diguzu», nik, egiazko yakinkizunak zer dionik ez. Mintzaldi osoa bukatu zun arte ez nenunan aterrarazi. Bukatutakoan au esan zunan: «iñor bestera ba'dago, atera bedi». Iñor ez eta ni atera nintxinan, nere nolabaiteko prantsesean. Yendea kuzkur zegonan. Ba nitunan nere alde katoliku zintzo asko. Orduerdiren bat eman nenunan besteraka, ta au esan nienan itzaldi auen antolatzaileeri: «Ainbeste gauza ditut beste esatekoak, asko luzata baininteke; beraz, emaidazute beste gaualdi bat nere argibideak ateratzeko». Bai eman ere.

        D.— Azala bear yuk!

        N.— Nik etxunat izugarria yende askoren aurrean itzegiteko, baña nolatan ixilik utzi zozokeri aiek esaten? Edo gaiztakeri aiek. Gure Eliza gaixoa ola kaxkarrerazi gaiztoen aurrean, alde atera bear lukenak!

        Utzi nionan bigarren itzaldia egin zezan, ots, zer dioten Liburu Santuek gizonaren yatorriaz, andik zortzi egunera, ta urrengoan eraso nionan alde guzietatik.

        D.— Bigarrenean zertzuk esan zitun?

        N.— Lenengoan baño beltzagoak.

        D.— Alegia?

        N.— Genesis ez zala yo bear gertakizun.

        D.— Zer da Genesis?

        N.— Munduaren eta gizonaren sortueraz Yainkoak esana.

        D.— Nola yo diteke bada?

        N.— Idurikizun bezala artu omen ziteken.

        D.— Yainkoak berak esan al du idurikizun bat dala?

        N.— Nondik? Orduan nik ixilik egotea neukenan.

        Eta Sortuera zaion Liburu ortako bigarren Atala. Esan ere ba nitxonan: «Moise'ren itzak Yainkoarena balio du liburu ortan; bañan ar zazu giza-itz antzean. Yesukristorena Berarena ere orrela artu? Ez al du Yesukristok ikustekorik Genesis orrekin? Ara, ain zuzen ere, Ebangelioan aipatzen du bigarren Atal ori, ta gertakari bezala. Orregatik begirapen geixago merezi dula derizkiot Yesukristoren itzak Moise'rena Yainkoaren itz ez ba'litza ere.

        «Idurikizun edo adierazkizun bezala yo diteke ala ere» esan zidanan. Zer uste duzu?, nik, Yesukristok Bere Eliza ipuien eta idurikizunen gañean ezarri zula? Zuen Lafontaine zala uste al duzu? Bañan azter dezagun Ebangelioa, esan nitxonan. Bi Ebangelarik itz berekin yalki zuten. (Mt. XIX, 3, sq: Mc, X, 2 sq.)

        Pariseuek zer-atera urbildu zitzaizkion Yaunari: «gizonari zillegi al zaio, edozergatik emaztea zapuiztea?- Ez al duzute irakurri esan zien, gizona egin zunak gizaki-emazteki egin zitula lenbizitik? (Au lenengo atalean dago, I, 27); bañan urrengo au bigarrenean: «Orregatik gurasoak utzi bear ditu gizonak eta emazteari eratxiki bear ditu gizonak eta emazteari eratxiki bear zaio; ta biek gorputz bat dirake. Bi gorputz ez-baña, bakarra. Beraz, Yainkoak batu zuna gizonak ez beza bakandu». (Gen. II, 24.) Eta aiek: «Ez al zun bada agindu Moise'k, zapuiztagiria eman eta bialtzeko?» Eta Yaunak: Moise'k zuen biotz gogorragatik utzi zizuten emaztea zapuiztea, baña lenbizitik ez zan orrela».

        Ona emen bi gertakari. (Yuduek etzioten esan ipui zanik): 1) Moise'k bizialargun gelditzeko baimena eman ziela yudueri biozgogorregi ziralako; 2) Yainkoak ostera, lenbizitik gizon-emazte egin zitula, ta aragiz elkartzean gorputz bat egin zutela. Beraz, ez bakantzeko. Ez al da ori gertakari batekin beste gertakari bati erantzutea? Nork aitortuko du bizialargun gelditzea idurikizun dala? Eta Yesukristok esana ipui utsa ba'da, zer balio du Aren argibideak yuduenaren kontra? Baterez. Yuduen arrazoiak urre balio luke, ta Yesukristorenak ez ta zillar ere. Beraz, Genesis gertagauzaz ari da.

        D.— Zer erantzun zian?

        N.— Izan zunan azala oraindik ere, «idurikizun bezala artu diteke» esateko, xoxo arek.

        Oiek eta beste gauza asko entzun zetunan, bañan ardizarra etzanda auznarrean bezala gelditzen zinan beti, begiak nora zeuzkan yakin gabe.

        Nere mintzaldia, makinaz idatzirik, Donibaneko adiskide katoliku batek eskatu zidanan, eta an zebillan nonbait, galdu ez ba dute. Bi aste aietan ez nenunan lo aundirik egin. Dozenerdi bat kilo galdu nitunan: kristau zintzoen artean egiten ari zan kaltea autemanez. Geienak katoliku zitxinan. Siñeste gutxiko gizon batek au esan zunan aren itzaldia entzun ondoren: «Onara etorri naizenean ez nun siñeste aundirik; bañan orain baterez». Gure yende gaixoak berriz: «zer siñesten dugu? Orai arteo irakatsi daukutenak ez duia balio»? Ikaraturik gelditu zitxinan.

        Zer naigabea, batez ere katoliku dan batentzat! Gutar bat ola mintzatzea, ta askoz okerrago dana, Apaiztegiko Biblia Irakaslea. Yoaten naun Parrokuagana: «zer da au?», ta, «etzitela arrangura; ba-da Erroman fedea zaintzen duenik». Nai dut, nik, baña bitartean zer kalte egiten dute gizon oriek!

        Ainbeste gauzaren artean bat besterik etxunat esan siñesteari dagokionez ark utsegin zuna; baña beste bat bederen esan bear yunat yoan-etorri aundikoa: Adan bat baño geiago izanak zitezkela esan zunan axandalo arek.

        D.— Zer da axandalo?

        N.— Lekunberri'n mitxirrika, zuek esaten zenutena, beste nonbait inguma, ta beste itz asko baititu Yainkoaren mandatari arek. Bañan arrazoi dun, oraingo ontan gizon ua Yainkoaren baño deabruaran mandatari zala esan zitekenan. Bañan Uitzin axandalo erderaz tontuelo bezala din.

        D.— Nola ditezke Adan bat baño geiago?

        N.— Zer nai dun? Bein malda beera asi ezkero, errekaraño. Ontan ari giñala, beste zertakobait San Paul aipatu zunan (Rom. V.). Orixe zinan bere burua zuloan sartzea. Andik eldu nionan, esaten baitu dozenerdi bat aldiz, Adan bat bakarra izan zala. Ori ere bestera artu zitekela esan zidanan. Yainkoa lagun dakiola. Beraz, nik, Kristo bat baño geiago ba zitezken? Yendea marmar asi zitzaionan. Antxe zegonan maiaren erdian, ni baztarretik. Nik, maiaren gañean Ebangelio liburu bat utzi nunan, eta aren barrenean papertxo bat neukanan, nere argibide guziak labur labur oartemanik. Azken argibide au neukeman: «Sic spondeo, sic iuro, sic me Deus adiuvet et haec sancta Dei Evangelia». Ots, Ebangelioen gañean eskua ezarririk ziñ egiten zula, beste asko gauzaren artean «Genus humanum ab unico protoparente descendere», ots, gizadi osoa len-aita bakarragandik datorrela. Ziñ ori egiten baitute Irakasleak eskola idekitze egunean, Mezondoan. Bildur zinan, nonbait, ori aipatuko niola, ta bai al dakin zer egin zun? Erlojua aterata «c' est l'heure» esan, ots, buka-ordu zala. Auteman zuten, bai gañekoek. Neri esan ere gero atarian.

        Artean ni ekurugaitz nengonan. Biaramonean Elizan, atsaldeko otoitza bukatu zanean, sakristira sartu nitxinan. Apaizak eta ni adiskide gindunan; baña yakiña, otsoak ez baitu bere aragirik yaten, nere kontra ez egonik, etzeudenan aren kontra ere. «Gizon orrek ziña autsi du», nik, eta aietan batek-lau zitxinan- «geixko erran duzu».- Zin egina du eskola urtearen len-egunean, au ta au aitortuko dula, ta orain bestera ari da.- «Arrazoin duzu» esan zidanan beste batek. Bañan irugarren batek au esan zidanan: «Apezpikuari kexatzen ba'zira, makurrago duzu, aintzinago baitoa. Aita Saindua bera ere, yakintsun berri orietako omen». Erroman olako aizeak omen dabiltza». Arri ta belarri egiñik eta lur yorik gelditu nintxinan. Zer gertatu bear ote du? Eliza ez din okertuko bere irakatsietan, baña bitartean zer kalte egiten dute olako apaizek!

        D.— Nola izan uan bekoki, oinbeste yenderen aurrean apaiz bati yarkitzeko?

        N.— Berak eman zigunan gañekoeri baimen, guk eskatu gabe. Ta katoliko zintzo bat nola egon ixilik, olakoak entzutean? Nere babesean eta nere atzetik ekin ziotenen beste batzuk ere. Etzunan bereizten ango mataza. Andik laister kalonigu egin zunaten. Nola ote dago gure Eliza gaxoa? Ez ote da argirik etorriko laister Erromatik?

        Au izan nenunan Burgatoriorik aundiena Prantzian, bañan ateratzeko itxaropidea. Zerbait entzun yunat: Aita Santua Enziklika bat antolatzen ari omen dala sasiyakintsu tartar oientzako. Ez din nik nai orduko etorriko!(1)

        N.— Mintza nadin egiazko Garbitegi artaz.

        Nonai bezala Prantzian ere gauza txarrak eta onak ere ba-ditxin. An ikusi dutan zerbait egoki zetorkidan eta atsegin ematen zidan.

        D.— Zer da?

        N.— Gurean ere ikusi nai nukena: illerria Elizaren alboan, Elizari dagokala. Ez erri guzietan an ere; bañan an bai daudela ondoan bi pamili oiek, bi erri oiek bi Eliza oiek: burruka ari geranona ta zerura bidedean itxaropenez daudenena. Gu emen ari gaitunate oraindio, zeruak erakarri nai, ipernuak erakarri nai. Etzekiñagu ziur nork eramango gaitun; obeki esan, gerok naita norekin yoango geran.

        Xubero'ko Santa Garazi'n gintxinan, Euskalzaleen Biltzarrean. Sartzen gatxin Elizara, ta apaiz aundi bat ari zinan, Kristau Ikasbidea irakasten. Beren eguneko ikaskizuna bukatu zutenean, atera ditxin aur gaxoak, eta atetik yauzi-ala, bakoitza bere etxeko ilarrietara zoanan, zuzen zuzena, ñimiñoenak ere. Eskuak bil bil egiñik, begiak apal, an ari dun amar urteko nexka bat. Aita yun erio berri. Esan zitekenan, naski, bertatik bertara ari zitzaiola izketan.

        Zertako bear yunagu toki oberik, edota zer ibili bearra zeukenagu toki billa irudimenez mendi ta malkor, arroil eta aintzira igarotzen, anima aiek non eta nola dauden aiderazteko? Bai neri eragin ere polikitxo!

        Gurean ere, bai, anima gaxo oiengana yaiera aundia yunagu. Otordu oro, maia bedeikatu aurrean geren otoitza egiten zietenagu, utsegin gabe bañan urtean bein, edo norbait iltzen danean yoan oi gatxin illen errira, oso bakan iltzen baitira erri txikietan. Gauza itsa! Uitzi'n, Eliz-etxearen tellatupean zegonan len bereiz illerria, illobiak Elizatik beretik kendu zitutenean. Aski bertan. Baña nor yoaten zan? Apaizak eta atxoak, emazteak egon oi diran tokian, etxe bakoitzeko illobi zarrean, gorputzak ustu zituten tokian asi zitxinan otoitzak egiten. Ezurtegia itxirik zegonan burnizko ate aundiz. Eta zer ipui izukari yalki oi zitiguten! Bein illundu ezkero, aren albotik etzala pasa bear. Baraibar'ko Pantxika'k, animezkilla yo ezkero, iru giltz eman zitiola Elizari, ta irugarrenean beste mundukoek eraman zutela. Egunez ere, andik igarotzean, bildur nintxinan, ni beñipein.

        Gero, illerri berria, erritik urrun egin zunaten, Gorriti aldera. Ara nor yoan? An ere ipuiak asmatu zitunaten: auntz bat ikusi zutela arresi gañean, aker bat ikusi zutela gauez, larre-suak agertzen zirala. Ni gure beiekin Ilargun aldera nindoala, edo andik etxera nentorrela, ez nenunan asko begiratzen, egunez ere. Mingarri din, bai, ain gaizki irakatsirik gu egotea! Ala ere, egia: Uitzi'n ez dun Meza Nagusirik, ez lapur-mezarik, ez Meza ixilik ere ondoren errespontsu gaberik; ez Bezperarik, ez atsaldeko otoitzik ere. Olakorik etxunat ikusi Orixe'n, baña naiago nuken erri guzietan illerri oiek Eliz-ondoan ba'leude! Bi urtez bizi izan natxin Bidarrai'n, eta an ikusi yunat iñon baño biziago bi Eliza auen elkartasuna. Erriko tokirik gaiñenean eta alaienean zeudin. Eliza guzia illarriz inguraturik zegon, batzuk apaiñago, besteak txiroago; baña guziak txukun. Noizpenka garbitzen zetunate, goizean, naiz atsaldean; lore batzuk ipiñi ere bai, urtaro danean. Baña, batez ere, Umia-Saindu egunean, biaramonerako.

        San Agustiñ'ek esan zunez, otoitza obe din lorea baño, ez baita isten; bañan otoitzarekin lorea ederki zetorren. Bata baño bestea lore ederragoa. Siñesgabe aiek lore utsak eraman oi zetunaten, eta olakoen aurka ari din San Agustin. Gure illarrieta oiek ikusi ba'litu, ta gure yende oiek otoitz egiten, etzinan ala mintzatuko. Igandeetan, batez ere, goiz-meza, Meza Nagusi, Bezpera aurretik eta atzetik yende guzia otoitz labur bat bederen egiten. Bai xoragarri dala! Beste zenbait erritan ere uste yunate, gorputza, animarengandik bakandu dan tokian gelditu dala, ta an dagola zerura igaro arte; bañan an, ikusi egiten dala esan ziteken.

        D.— Anima gorputzaren inguruan ote dago bada?

        N.— Ditekena. Bera ez ba'dago ere, Aingeruren bat, bai, otoitz ua Yainkoari eramateko, ta, bear ba'da, animari otoitzaren berri emateko.

        D.— Aingerua an?

        N.— Ez din nik asmatua. Elizaren Ritual edo oitura-liburuan, illarria bedeikatzen danean, an dagon Aingerua aipatzen din. Zertako ote dago an? Gorputz ustela edo ezurrak zaitzeko? Ez iñolaz ere. Eta bestela, ez ote dago an anima ere? Ta ez ote dago ua zaitzen, gaitzetik galarazteko ezbaña Elizan edo nonai aren alde egiten diran otoitzen berri emateko?

        Yainkolariek diotenez, animaren auzia, ilda berela, gorputzetik bakandu dan tokian bertan gertatzen omen din. Ez uke bada arrigarri, anima illarrietan egotea ere. Baña beste zerbait ere esaten yunate: anima oiek ez dutela gure pentsakizunaren berri.

        D.— Beraz, zertako eskatzen diegu olako ta olako gauza? esaterako, esnatu gaitzatela xuxen eta tiñel olako ordutan?

        N.— Egia, neska. Nolabait yakin bearko yunate. Ortarako ederki zetorren Aingeru Zaindaria; animek berek ez entzunik edo ez ezaguturik ere, Aingeruak adieraziko zien gure eskabideen berri: gureak aienari, ta aienak aieri.

        D.— Uste izatekoa dik; baña zertako oinbeste Aingeru?

        N.— Ba-dakin milloika ta milloika dirala. Irutatik bat Luziper'ekin erori ba'ziran ere, ezin konta-ala dirala. Ala ez ba'lira ere, il eta zerura yoan diranak ez al ditxin aski, beren etxeko illen animak zaitzeko? Aingeru aiek zeruan daudela, yakiña, lenago esan bezala. Zergatik ez grazian ilda zeruara yoan diranen animak ere, an eta emen? Gurekin yaio zan irugarrena ez ote da gu bion Zaindari? Aingeruen aukera galdurik etzeukenagu.

        Aur dirala il diran oiek, Aingeru dirala esan oi yunagu. Baña gaztetan naiz adiñ elduan naiz zartzaroan il diranak ere, Yainkoaren adiskide il ba dira, Aingeru dirala esan oi yunagu. Norbait il danean, esana yun Euskalerrian: «Aingeru gaitezela».

        D.— Eta bakarra danak eta etxekorik ez dunak?

        N.— Ari ere, ildakoan Eliz-lurrik etzaion ukatuko, eta illobirik ez ba du, beste pamiliren batekoak berenean artuko yunate.

        D.— Ta arentzako otoitzak?

        N.— Ba-zetun Elizarenak. Ba-dakin, askotan zeruan dagon batengatik otoitz egiten yunagu, oraindi Garbitegian dagolakoan. Orrela egiten diran otoitzak, ainbeste ta ainbeste, orri ta olakoeri egokitzen zaizkien.

        Gero berriz, ez dun gauza yakiña, nik edo ik olakorentzat egiñ otoitza, Yainkoak ari erauntsi diola zuzen, bearretan baldin ba'dago ere. Berak zekin nori baliarazi. Beraz, ez dun anima erraturik, erriak ala uste ba-du ere. Arek ere gutxienik bere Aingerua ba-yun, eta arengatik egiten diran otoitzen berri edo Yainkoak egokitzen dizkionen berri izango yun. Eliza deritzaion Lagunarte aundi ontan ez din ondasunik galtzen. Guziok yunagu ondasun guzietan artukizun, Ama orren seme geran ezkero.

        D.— Eta erritik landa il diranak, itorik edo bestela galdurik?

        N.— Aiek ere ba-yunate askok beintzat, beren Gurutze santua, il ziran tokian altxatua. Gogoan zeukenat egunero ikusten nuna, Aizarreneko Permin zanarena, etxeko baratzondoan il baitzan gizagaizoa. Toki oietarako ere Aingeru eskasirik etzegon zeruan, gure otoitzen berri gaixo oieri emateko. Oitura ona din, an gelditurik edo andik igarotzean otoitz labur bat egitea. Itxasoan, legorrean, errian naiz erritik landa, non da baztarrik, bat edo baten gorputza erio gelditu ez zanekorik? Beraz, nonai zabaldua zeukenagu Garbitegi ori, anima gaxo oien alde otoitz egin nai ba'dugu, ta oien Aingeruari zerbait adierazi nai ba diogu, otoitza dala, eskea dala.

        D.— Prantzian zer oitura da Elizetan?

        N.— Gurean bezalaxe, yakiña. Baña gauza bat auteman nenunan lenbiziko yoan nintzanean Uitzi'n bezalaxe egiña. Eliza Amaren Otoitzak berberak izan arren, ba ditun an emenka oitura bixikoak. Doneztiri'ko Elizan zinan. Neronek amaika aldiz egin yunat Mezalaguntzale nintzala! Mutikoak Sakramentuaren argitik piztu zitunan, lenbizi aldareko argiak, eta gero, eskukoa itzali gabe, seroragana yoan zinan illobietara, piztargia eskeintzera. Ark banatu zitunan illobi guzietara. Erri askotan, supiztekoa sakelatik aterata egiten yunate, bañan etzaidan ain eder. Antxen ikusi nenunan Naparroan nengola, ua Naparroa Barrena baita,izenez gaur Prantzia izan arren. Baña Prantzi'ko Biurraldiak eta ango Aginpideak etxun an alako eragin aundirik egin.

        D.— Zer ikusten duk oitura ortan?

        N.— Aldareko argi bakarretik garra guzietara banatzen dan bezala, aldareko otoitza ere bereala zabaltzen dala. Lenbizi apaizarena, otoitz aundia, Elizarena. Arek ematen zien indar beste gañerakoeri: Mezak. Argitxo ori otoitz-orde iduritara ziteken, bai gogoa pizteko, baita otoitzari iraunerazteko. Mezetara ezin yoan diran atxoek, aien illobiko argia pizteko agintzen zionate serorari. Etxetik edo baratzatik edo alorretik egiten duten otoitz laburra, an yoaten dun illobiraño, garrari irauneraztera. Sagarako ezkilla entzutean, berrituko yunate, gaxoek, otoitza, illobiko argizagiari indar berri emanez bezala.

        Illengana siñesterik etxunagu galduko, ta aien alde egiten dugu otoitza, beroena din, eta ziñena. Beste otoitz asko, piztu gabe gelditu oi zaizkigun, sugaia igurtzi arren, edo buruxkan garra agerturik ere, berela itzali. Zenbat olako otoitz kristau epelen artean!

        D.— Eta etxeko bat baño geiago baldin ba'daude zerura gabe, animak illobi berean ote daude?

        N.— Errez kokatuko ditxin, ogei ba'lira ere, ez baitute tokirik artzen. Baña gure yendea, oraiñartekoa baintzat, Garbitegian ez dala luzaro egoten iduri zaidanan.

        D.— Eta ara gabe zerura yoaten danik bai ote da?

        N.— Nik baietz uste, bakarrak baño geiago. Ba ditxin emen aski Burgatorio ikusi dutenak, eta oso santu izanik, eriotz-orduan gorriñik gabe arkitu diranak.

        D.— Nolako oñazeak ote ditute?

        N.— Gorputz-oñazerik ez, gabe baitaude, bañan antzekoa bai batzuk, alako erresumin bat, aundiago edo txikiago, pekatuen ariora. Beste batzuk berriz, miñ ori gabe guziak dutena: erri-miña, zerura-naia, Yainkoa ikusgalea. Nik ba nenunan adiskide bat: laguna il eta ogeita lau ordu baño len agertu omen zitzaionan. Gorputz-antzeko oñazerik etzula izan, eta bestetik ere ariña.

        D.— Aundia dutenak ere izango ditxik bada.

        N.— Iñolaz ere. Munduan eriotz eta olako egin zitutenak, damuturik aitortuta il ziranak, oso santu il ez ba'ziran beintzat, yakiña, miñ aundiago ta luzeagoak dituketela. Baña Yainkoarekin zintzo ibilli diranak, oso santu ez izanik ere, zergatik egari bear zetunate guk emen baño naigabe latzagoak? Lenbizi, emengo santuen aldean lasapide obea zeukenate, seguru baitakite zerua galduko ez dutela. Eman dezagun, ditekena, emen santu zan bat, azkenean okertu ta ipernura yoan zala. Zergatik etzetun Yainkoak Garbitegiko anima oiek, ua santu zanean baño maiteago idukiko, ta oien naigabeak zergatik dituken aien emengoak baño gogorrago?

        Geroko orrek baztarrak uzkurtzen zetun. Zerura sartuko dala seguru dakinak, zeruko erri-miñaren gazi-geza ukanik ere, pake sendoa zeukan. Naigaberik aundiena ere gutxitara biurtzen din, geroaren lasapide ori baldin ba'dago. Etorkizunak illuntzen gaitin eta naigabetzen. Uste niken, beraz, Garbitegi ortan ba-dirala guk emen bañon eramankizun gutxiago dutenak, banaka bederen.

        D.— Ez duk ikaratzeko ik esaten dukana.

        N.— Zertako ikararazi iñor, egia ziur ez dakigula? Dana dala, gu bañon argitasun obean bizi ditxin, beintzat, Eliza ortakoak, betiko argia argi egiten asi baitzaie, goizeko argi-xinta. Illargi-erdi edo gau oso illun-gabe ori luzexego ba'da ere, illun osorik etxunate. Lenbiziko argi-urratzea asi zaienak eta eguzkia ikus-urbil daudenak, etxunate naigabe aundirik izango: eziñegon pixka bat. Obeki esan, lenbailen eguzki garbi ederra ikusteko irrika. Ta geiago aterraldirik gabe.

        Siñesgabeen artean, bai, anima oieri «itzal ixil» izena eman oi zietenan: «animaeque umbraeque silentes». Guk «argi» esatea bidezko gauza din. Lurreko Eliza ontan ere «argitasun» esan oi zionagu graziari. Otoitzean aurrera ari dan zintzoari «argitua» esaten ba'diote, bidezago, naski, Garbitegiko animari. Yesukristok Berak argitzen yun Garbitegi ori ere, argi bestez ez ba'da ere, bai argi eralkiz.

        Eriotzera zoan kristau zintzo bat. Eskuan argia ipintzen zionate. Gorputzeko bizia itzali zaioneko, argiak piztu zitionate. Eta argirik oberena, otoitza. Gero Elizan, ezko-argi ta otoitz-argi beroak. Illerira deramatela, otoitz apaizak, otoitz yendeak, argiak pizturik. — Nik ez niken beintzat nai iri aundi batean eortzi nindezaten, izketan bar bar yoaten baitira. — Sartzen yunate gorputza obira, itzultzen ditxin etxera, bañan an gelditzen din Aingerua aren zai, argi, naski, ua ere; an dagola zeruan baitago, betiko argiz argitua.

        D.— Ta ikusiko ote dute Aingeru ori bere argitasunean, anima oiek?

        N.— Zergatik ez, bere argi osoan ez ba'da ere, lillura gabe ikusi dezaketenean? Ala ikusi zunaten gure Yauna Tabor mendian Elias'ek eta. Aiek oraindi lurtar eta gure Yauna zerutar, alditxo bateko beintzat. Aingeru orrek arintzen zien noizean bein beren naigabealdia.

        Ark ematen zien otoitzen berri, Elizaren otoitzen berri. Mezaz landa, apaizak otoitzean une oro aipatzen zetun: »zintzo ildakoen animak, Yainkoaren errukiz, pakean atseden bezate». Etxekoen otoitzen berri ere, bazkaltzekoan, afaltzekoan, eta bestela. Zenbat argi! « Oinbeste laburtu zaizu, esaten bide zionate, zure emen egonaldia».

        Goazen berriro Bidarraira, naiz Santa Garazira, naiz illeria Eliz-inguruan daukan edozeiñetara. Udaleneko, udako, udazkeneko loreak isten ditxin. Neguan lorerik ez, izotzaregatik. Bañan otoitzek irauten yunate. Esan ziteken, illobiko Aingeruak argiontzi bat daukala eskuetan, ots, kristauen otoitzak, eta ara urbiltzen diran aldioro, olioz betetzen dutela, argiontzi ua biziago iraun dezan. Otoitz aiek Aingeruak Yainkoari eskeintzen zition, anima kutsu guzitik garbitu dan arte. Orduan, an gelditzen din olioa, ots, otoitzak, Elizaren argiontzi aundira ustutzen din, beste animeri balia dezaien. Ez din iñor geldituko argi ori gabe.

        D.— Eta gure alde otoitz egiten ote dute Garbitegiko oiek?

        N.— Uste ditekena, Bellarmino'ren aburuz. Zenbait laguntza irixten ditigutela ere bai. Zergatik ez otoitz egin ere? Eliza Lagunarte aundi bat din. Lagunarte ori ez al yunate ezagutzen anima oiek, Garbitegi'ko eliztar oiek guk bañon obeki? Ta gure bearkizunak ikusi ta lagundu ez, guk aieri laguntzen diegun ezkero? Iñolaz ere bai. Gogoanago iduki bear genuken Eliza elkartasun bat dala. Emengo burrukan garaitun atera diranak, zerutarrak, eta ara bidean seguru daudenak, eta guk, burrukan ari geranok, elkarrekin yoan-etorri aundiak ditugula.

        Zeruko Elizaren berri ere ba'yunate guk bañon obeki. Guk gure Aingeru Zaindaria bañon aiek berena obeki sumatzen yunate, bi Aingeruak zeruan berdin dauden arren, aiek zerutik bertago baitaude.

        Ona emen Eliza guzia batean: Aingeru begiraria, gurea ta aiena, gu ta aiek, batez ere illobian otoitz egiten ari geranean. Irurok Yesukristoren argi berak argiturik. Yakiña, zerutarrak dirdai biziagoz, Garbitegikoak aulagoz, eta gu urrena, Aren adiskidegoan baldin ba'gaude.

        Garai yunagu lurreko Elizaz mintzatzeko.

 

(1) Ain zuzen, geroxago, Guatemala'n nengola, «Humani generis» agertu zan. Zer poza irakurtzean! Gauza askotan ni entzunik ari zala zirudin. Baizik ere, an esan nitunak, Elizari entzunak nitula, ta ongi gordeak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.