Irailla-Urrilla. 9-10 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Irailla-Urrilla. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Beiak

 

Mirande'tar Jon

 

«Sed perak e c'heller ober doneezek ac'hanomp e broiu'zo, ha doueezed omp en wir - Goule'hen Pennaod, PREZEGENN SULAKTA-

Orregatik gauzkateke yainkostatzat erri zenbaitetan, ta yainkosak gera benetan.

 

Etxea ta etxekoak utzi ditut goizeon eta soroetara yoan naiz, nire erriko soro musker batera. Euria ari zan; egalez zabiltzan beleak ortzean, min zaar aantz-gaitzen aanak ene gogoan kuatuz.

        Bainan musker zegoen belarra, eta mardul, eta bei gorrail batzu or ziraden alan.

        Ni eltzean gelditu ziran alatzetik, niri so yarriz.

        Baita neuk ere so-egin nien beiei ta onela itz egin:

        «Oi beiak, yainkosa geldiok ez asarre izan: ez natorkizue soroetako bake aundia naastera... Mindun et'apal bai'nator, ez asarre izan...»

        Eta beiak etzan ziran ene baranoan, geldi-geldia eni begira.

        «Beiok —nik esan nien— ederrak zerate ta laket zait zuen begien gentza ori. Ni ordea gizakume bat baizik ez naiz: nekatu naiz lanetan, min duk ene buruan, ene aragian... «

        Eta beiek erantzun zidaten:

        «Zertarako, gizakumea? Lurra borobil duk; ingurazten duk; egun batek emana besteak zeramak. Bainan belar muskerra gozo duk beti... Etzan adi belar-gaiñean, atseden ar zak!

        «Beiok —nik esan nien— ederrak zerate ta laket zait zuen zaien margoa. Ni ordea gizakume bat baizik ez naiz: maitatu dut, min euki dut biotzean...»

        Eta beiek eni erantzun:

        «Zer duk biotza, gizakumea? Lurra borobil duk, lurreko soro guzi orotan gozatzen gera noski, gu ta geure aizpak, yauzten gaitularik yainko-zezenak. Bainan belar gozo yatea, are gozoago duk... Etzan adi belar-gaiñean, atsegin ar zak!

        «Beiok —esan nien berriz— ederrak zerate ta laket zait zuen ederra. Ni ordea gizakume bat baizik ez naiz: errimiñez bizi nintzan emendik urrun, ta ikus! erri au dala-ta dut orain min.... «

        Beiak, aldiz, erantzuki:

        Zergatik min, gizkumea? Lurra borobil duk: emen eta an ba-duk soro muskerrik, emen ala an belar gozoa duk berdin gozo... Etzan adi gurekin belar-gaiñean et'ase aanztez!»

        «Beiok —beiei nik esan nien— eder ta zintzo zerate, eta on da zuekin izatea. Ni aatik, gizakumea naiz, gizadimen-miñez mindun... Entzun; nire anai bat leen zuetaratu zan, yainko-gose, zuen yainkotsaratu. Galdu dut anai ori, galdu dut nere yainko-gosea. Esaidazute! berriz edireiterik ta anaiyai-berririk izanen da geroan?

        Beiek ordea ez zuten aldi ontan erantzun, baizik luze-luzaro eni begiratu. Eta aien begietan nabaitzen nuen... par-algara aundi, ixil bat... Orduan nik ere par egin nuen beiekin batera. Belar gaiñean etzan nintzan aien artean, goizeko ekiak, bere euri-odei-oetik yatsirik, argitzen gindutela, belardiak, beiak, ta ni.

 

Zuberoa'n, 1951

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.