Irakurleen Txokoa
Euzko-Gogoa
(Azil-lotazilak)
Ibinagabeitia'tar Andima'k
Oraintsu, azken-urrengo zenbakiaren aldi izan genun, oraingoan azkenarena dugu. Orainarteko banakoak iori eta aberats izan ba dituzute, egungoa, agian, iori ta aberatsago.
Euzko-gogoa'ren soro miragarri ta loretsu ontan lankide berri zenbait dagerzkigu. Beste banakoak baino mardulago, irurogetamaxei orrialde ditu, ba duke euskal irakurleak gogoa nun ase.
Olerti sailean Iratzeder, Orixe, Zaitegi ta Mirande'z gainera, Salbatore Mitxelena datorkigu. Txalo ugari egiñak gaituzute aipatu lau olerkariei. Beaz, oraingoan ARANTZATZU poema aundiaren egilleari gure adi-aldia zor diogu.
Lau olerki, esku argi ta garbiz idatziak, Mitxelena'renak. Bata «Nere Izarrari», Donostian oraindik oraintxe saritua, luze xamarra, bainan benetan atsegiña. Bere Izarrari kanta-kantari ari da Mitxelena. Ortako gaia, obeki, ziria, euskal kanta batek eman dio:
Bertso bida bear ditut kantatu
Izarrei, zer zaidan gertatu...
Uste ezarren, gure erriak ere izarren diztira ta min-goxoaren ukituz, kantu zoragarririk eskeñi die gau begi irritsu oei. Olerkari gazte au, bere izarrari kantari, euskal izar maitagarriari alegia, ari da. Olerkari au izar orrek, aspaldi txunditu zizun, eta txundimen xotil orren eragitez amaikatxo kanta eder eman dizkigu. Euskalerriko zeru izartsuan argienetako bat dugula esango ba'nu, ez nizueke geiegikeririk iaulkiko. Or duzute ARANTZATZU nere esanaren aitortzat.
Ozen aski aldarrikatzen du poema orrek Mitxelena'ren etorri ugaria, errex eta gainera euskal mamiz iantzitakoa. Erri kera oro darabilzki, taiuz, egoki, biotzaren ukituz urreztatu ta dirdaizturik.
Olerkari zenbaitek, irudigilleak aizto ukaldika irudi txut, gotor eta apainak egiten ditun bezela, olerkiak ondu oi ditute. Gure olerkariak ordea, margolari trebeak bezela, bere olerkiak ondu oi ditu, kolore antuxiñak zoragarriro uxtuz. Zurezko olerkiak, bearba, osoagoak, biribilagoak, izkuntzarekiko landuagoak, akatsik gabekoak ditezke. Margolariarenak ostera, sentikorrago, bizkorrago, atseginago. Maiz, Mitxelenaretik irakurtzean irudi oek bururatu zaizkit. Landuago ziteken nunbait, bainan maiteago dizut margolarien ariora, bere itzalgune ta guzti.
Mokoroa Aitak Orixe'ren eineko iarri zidan noizpait olerkari gazte au. Mokoroak ederto daki nai duena eta derasana, eusko literatura barrutian iakintsu eta gaituenik dugun ezkero. Orixe olerkari aundi duzute, nere gardiz euskal olerkarien buru ta gidari. Onik eratzi du Mitxelenak Ormaetxearen idazki ta olerkietatik; agiri da aren lanak gogoz miazkatu ta auznartu dituala. Beaz, ez dago gaizki Mokoroak esan zidana.
Lan luzea opa diogu gure artean. Euskal biotzak xuspertzeko gutxik izango du aren indarrik. Ari bedi, iarrai bekio gogo beroz eta euskera goxoz kanturik xamurrenak euskal gogoetan ereiten. Zure olerki ederrak izango al dute euskal arima lokartuak iratzarri ta azkartzeko almen.
Breizeratik itzulia, breizera ta bretoia berdintsu, Mirande'k «Lotazillak Amabi» deritzan olerkia eskeintzen digu. Ain baita iakingarria pertsu auxe, ezin nagoke zerbait esan gabe.
Euskeraz ondua esango nuke. Ritmo berriz, izkuntza txukunez, biotz'min sarkorrez oretutako olerkia. Breiz'en oñazea eta breizaleen atsekabe gorria galtzairuzko neurtitzetan aipatzen ditu, naigabe itsasoan itobearrez arkitzen dan erri ta abertzaleen atsekabe urratua. Euzkadi ta euskaltzale urduri ta samnduei, bete-betean dagokigu LOTAZILAK AMABI:
Amar gizon giñan goitz otzean
Jauntxoen uri lokartuan.
Amar gizon giñan goiz beltzean,
amar bakarrik, alde orotarik
jauntxo gizenak zurrunga lo
Prantzi'ko legepean urrezko pakean:
galurrenik gabe diru-zizkuak, gogoetarik gabe
itzalkin itxien atzean gogoak.
Amar gizon jaikirik,
anei jauntxo gerizpean
sudurrera arte bildurik estalkiak
amar giñalarik kale otzetan.
Amar, ainbat giñan, bizkarra otz-otza
guda galdurik amar gudari zoro
aintzindariak galdurik amar negar egille zoro.
Ez ote auxe benetako euskaltzaleen tankera negargarria? Olerki au irakurtzean biotzak buelta osoa ematen dit barnean.
Amar gudari zoro
gure endaren eskubide, gure erriaren indarrekin,
Prantzitarren t'aien morroien errarekin,
amar gudari txiro ikurrin tutik gabe
ba genbiltzan kale otzetan gaindi.
Opamai-alboan amar giñan bakarrik
eta ez zan lorerik ez kanturik
Amar eliz illun otzean
erriaren biotz otza ta lotsarekin.
Zuretzat ez zan erdi-erdian il-andarik
ezta lekaimerik (mojatxorik) otoitz egile
gurea il duen izkeran...
Enoakizue iarraitzera, bestela ez nuke bukatuko. Bainan ez duzute ukatuko gure-gureak ere diranik pertsu naigabetsuok.
Ez duzu gaurkoan nere mintzaldirik entzungo. Itzalpean zaude, aberriaren nekaldi gogorra zere bizkar gainean daramazula. Ezin zaituzte etsai odolgorriak yasan. Bainan nere itzik beroenak zuretzako nai nituzke. Gazte ausarta, bulartsua eta idazle bikain orrentzat. Zu ere gure artera etorri zera, ta zeure lan ederrarekin gure aldizkaria aberastu duzu. Gu ere amar gaituzu LOTAZILAK AMABI'ko gudari aiek bezela. Amar, euskeraren zauriak, euskeraren malkoak txukatu nairik. Amar euskotarren erio-loa astindu ta iñarrosteko, amar aberriaren ona, aberriaren zoriona upatu nairik. Amar, euskaldunen irripar etoi eta ilgarria yasan ezinik. Amar gudari soilik. Amar gizajo ertzo. Zu ordea, gazte laztana, amarretan iator eta ameslariena, langille bikainena, oldartsuena.
Zure antzerkia, adore orren uzta besterik ez da. Eta nolako antzerki ederra!
Antzerkiak, gaiak, oitura, amets, ipui eta edesti edo istorikik yetzi ditzake. Gertakizun deitoragarri ta negargarriak ere izan oi dira antzerki guna: orduan trajeri deritzaiegu. «Uarrain»ek berea, «Amaiur» Euzkadi'ko edesti-gaitik iaso du, Orreaga'tar Mikel idazle gazteak ondutako izen bereko liburu ederretik. Eta Uarrain'ek bere antzerki bikaina, Orreaga, gazterik zendu abertzale bikañari, eskaintzen dio, berraik ere.
AMAIUR'en Naparroako erreinuaren azken-atsa idazle ta antzerkigilleak biltzen digute. Agoni gogor ta samiñ aren ilkizunetara garamazkite, gaztelarren azkeneko erasoaldian. Erreinu zaarraren azkenak, baita napartar zintzoen adore ta kemena ikus ditzakegu, napartar ustelen azpikeri ta saldukeriak ere bai. Abertzale zintzoaren gogoa dardarazteko antzerkia. An ikus ditzakegu xabiertarrak, Naparroako erregeraren mirabe zintzoak, an loiolatarrak gaztelako erregearen yopu salduak. Leringo konde etoi eta traidorearen itzala bertan ageri da, baita Naparroako Mariskalaren itzal gurbilla ere.
Iakiña, antzerki idazleak zenbait antze-lagun asmatu bear izan ditu idazlanari bixitasun eta igi emateko. Taiuz asmatuak ta egizkoak berriz, ben ta biziki darabilzki antze bilbean edo komeri-bilbean.
Euzko-gogoak banako onetan iru ekitaldietatik aurrenekoa damakigu. Ekitaldi osoa Xabier'ko gazteluan mugitzen da, Cisneros kardinal gaiztoak erdi porrokatutako gazteluan.
Euzkadi'ko burrukalariek antzerki eder au irakurri bear lukete gogoak arrago ortan goritu, sendotu eta azkartzeko, gure edestiko gizuren sendo aien eredura egungo burruka ontan oldartu ditezen.
Zuretzat bedi Uarrain maitea, goratsarrerik gartsuena, euskera pizkortzeko artu duzun egingo aundi ortan, egingorik bearrezko ta garaiena dudarik gabe. Idazle iaioa zaitugu ta euskera literatura bidetik erpiñerarte emango dezu noski.
Luzeegia nere gaurko autua. Ezin ordea ixillean pasa, Orixe aundiaren «Antze eta Eder»etaz zerbait esan gabe. Enauzute garako iakitun filosofi sakon oetan murgiltzeko.
Zeatz meatz azaltzen ditu Orixe'k «Antze ta Ederra» ri doazkionak oro. Gai orren inguru, beste filosofu ezagunenak irauliak ikertu ta aztertzen ditu, barren barrenetik. Izkuntza garden eta aratzez, bulkorik sakonenak yazten ditu. Euzkerarik ez dala filosofirako gai? Irakur dezatela Ormaetxearen lana ta or ikusiko dute. San Tomas, San Augustin, Platon, Aristotel, Hegel, eta beste zenbait oiek baino berriagoak, euskeran berez asmakizun garaienak ematen ari zaizkigu.
Urratu gabea genun gai au gure izkuntzaz, eta Orixe, maisuari dagokionez, urratzen ari zaigu, trebe ta antzetzu. Ezin uka euskera egin-egiña danik pilosopi gai goitarrenak erabiltzeko. Ala adirazten digu beintzat Orixen lanak. Ez da filosofirako gai dela esatea aski, baizik eta esate ori egi biurtzea.
Buru-bururaño gaude euskeraren obia atxurtzen ari diranei entzuten «La misteriosa lengua del Euzko misterioso», «La riquísima lengua de los vascos», «La Plus ancienne langue qui meriterait notre entier devouement». Zaudete ixilik, ergelok; txu eta txu zuei. Utzi ergelkeriok eta ekin euskeraz, Euzko Gogoako langille azkar ta bikañak bezela, zuen erderaz benetako euskaltzaleak naskatzea beterik ezpaidezute iristen.
Gu modernista gera, eta euskera ere gaurko gaitu ta erabili nai dugu: edonorako eta edozertarako.
Kuku euskeraren obiraleak.
|