Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Jesus jauna ta San Pedro Euskalerrian barrena

 

Aldapeko

 

Donosti'n Andra-Mari'ren elizako aretoan egin itzaldia Ilbeltzaren 17'an.

 

Zuek, noski, ene entzule maiteok, ba'dezute entzute Jesukristo Gure Jauna Palestina'ko lurraldetan barrena ibillirik zala Betiko Bizitza'ren itz santua aldarrikatzen eta baita ere arrigarrizko mirariak egiñaz... Alabaña, zuetako askok ez bide dakizute Jesukristo Gure Jauna San Pedro lagun zitzaiolarik Euskalerria'n ibillirik degula iñork al-daki orain zenbat eunki.

        Kaletarrok atzera bizi gaituzu ta alako gauza xotillen berri eztakigu. Asabaz-asaba eldu zaizkigun ipui zoragarriok ikasteko baserrian jaio bear edo-ta gure baserri jendearen jakintza miñez etxauntzako aiton zarrarengana alboratu bere billobatxoaz inguratutako garaian sutondoan kontu-kontari atxeman al izateko. Gure biotzen poza ta eztitasuna irudimenez gure antziñako asabekin alkar egitean! Gure aurtxoen lillura denbora pitxi aietan beren gogamena murgilduz!

        Gure asaba maitagarriai entzunda dakigu beraz, iñoizko alditan Jesukristo Gure Jauna ta San Pedro gure Euskalerri kuttun ontan barrena izan genitula ta gure aurrekoai entzundakoa begirunez eta txeraz atotsi dezagun. Ez atotsi bakarrik, gure ondorengoai erakutsi ere bai, erri baten senan eundaka urtetan mamitu zaizkigun ipui oetxek benetan edagarri baitira!

        Edagarri esan det, antziñako erri baten etorkia izatez gañera, bai-baitegu beroietan zer ikasi ugari. Gaurko ontan aipatuko ditugun ipuitan Ebanjelio'ko zenbait ikasbide ausnar ditzakezu. Antziña-antziñako ipuiak, Basajaun, Basandere, Tartalo, Mari, Lamiñak eta alakoak eusko-mitolojiaren aztarrenak erakusten dizkigute. Deabruzkoak, euskaldunok inpernuko etsaiari diogun bildurra ta berari aitortzen diogun eskualdia. Sorgiñak gizadiari on ala gaitz egiteko duten almena. Erruzka ditugu euskaldunen nolanaiko siniskeriak erakusten dizkigutenak. Jentillak nortzu ta nolako ziran eta Aralarmendi'n jentil txikiak erraldoiai egin burruka ikaragarria auen emakume ederraz jabetzeko irritsez. Gure mendi ta oianak betetzen zituzten pizti ikaragarrien berri ere ematen digute: erensuge, irelu, gizotso ta abar. Ixtori kutsuz ezeturiko ipui zoragarriak: Alostorrea, Gaston Beltzuntze, Itzaltzu'ko Koblaria, Teodosio Goñi'rena ta abar. Burutasuna ta ontasuna goraipatuz eta sarituz ainbeste ta ainbeste ipui. Abere ta zugazkiak izketan zekiteneko aldi zoragarriak ere gogora ekartzen dizkigute... Esana baita, aldi artan, goroldioa ezik beste izaki guziak itzaren jabe omen. Batzu-batzuk goroldioaz errukiturik izketan nai izan omen zioten erakutsi; baño, orduntxe, Jaungoikoa'ren anaia urratuaren zigorbidez noski, gizon-emakumea ez beste mintzo gabe gelditu ziran.

        Ipuiok xeago aztertuz ikus dezakegu lamiñak gizakiekin duten artuemana, batzutan gizonezkoai mesede aundiak egiñaz baño, baita auengana bearturik geldituz ere... Pamerialen sisniskeri bete-betea... Gizona pekatu aundi batean erortzean Jaungoikoa'k bere animari itsasten dion zigorra aidez-aide ta noraezean betidañokoan erabilliz. Ez al dezute aditu iñoiz, ene entzule maiteak, ekaitzaldi ta aize zurrunbillo aunditan, Mateo Txistu ta bere zakurtaldearen orru ta uluka izugarria aidez-aide?

        Mateo Txistu bere bizian apaiz omen, eta bai eiztari amorratua ere. Beñola, meza santua ematen ari zalarik bere txakurren zaunka entzun zun, eizea baitzuten nabaitu. Mateo Txistu'k, eize-irritsak eraginda etzun meza bukatzerik al-izan. Meza-jantzia kendu, eskopeta artu ta an joan zan bere txakurrekin. Ez omen da geiago itzuli. Orron eta noragabe omen dabil geroztik bere anima galdua eize-zakurrak albotik ditula Jaungoikoa'ren zigorrez. Ekaitzalditan nabari omen ditezke beren orruen oiartzunak mendi sakonetan...

        Norbaitek esan dizaikegu euskal-ipui abek aide ta senideak ba'dituztela Euskalerria'ri azoko edo-ta urrutiko zaizkioten erritan.

        Alaxen da baiki, baño onegatik gure ipuiak etzaizkigu ez soiltzen, ez murrizten, ezpai'dute galtzen bere-bere zaien garo usai naroa. Sortzez arrotz zaizkigunak, euskaldunen ezpañetan esukal-erritasunaren jabe egin dira ta nun-naitik euskal-kutsu garbia dariote.

        Izan ere, Erri baten bizi-guna, giarra ta nortasuna ontan ageri da, gauzak «bere» egiten jakitean, nun-naitik artutako gauzari bere izaki berexiaren gogo ta arnas erasten jakitean. Alako erriak betiko bizia daukake, bere gunaren iturriak agortu eziñezkoak baitira.

        Ez ayer izan, anai maiteak, besteen iturritatik edaten degulako, ori ezpaita iñola ere gure Erriaren makurgarri. Edana egosten ezpa'geneki, arrotzari artutakoa guretzen ezpa'geneki, bai, orduan gure makurgarri, gure eriogarri litzaiguke. Bitartean, makurgarri ta erogarri ez-ezik aberasgarri ta pizgarri zaigu. Poztu gaitezen beraz, euskaldunok gure esku daukagun erakar indar ontaz!

        Izan ere, ba'ote mundu guzian erri «berexi» bat, iñori ezer zor eztionik? Baldin alako erririk ba'litz, iñorekin iñoizko deboretan artu emanik gabea bear luke. Baño, erri guztiak bere auzo, ta auzoak artu-emana darakar.

        Euskaldunoi barru-barrutik indar berexi bat darigu auzoari artua « gure» egiteko, gure nortasunaz, gure izateaz, gure gogo ta arnasaz igurtzitzeko ta gizaldi asko baño lenago arrotz usaiko etorkiña iratzaren usai guriaz jabetu zaigu. Alaxe izkuntzan, musikan, dantzetan oituretan, legetan eta euskal jakintzaren erakuspen orotan. Ez al-zaitzu iduri, entzule maite, kanpotik datorkigun maketo koxkor eta beltzari ere koloreak aldatzen zaizkiola ta denbora asko baño len bere odolaren eta bere jatorriaren berri jakin nai eztula?

        Euskaldunak, baliatu gaitezen ezkutuko indar bikain ontaz!

        Aztertu ditzagun orain Jesukristo Gure Jauna ta San Pedro'ren ipui abetako batzuk. Euskalerria'n nun-nai ba'dira ipui oetatik, baño nik Lapurdi'kotan billatu det aukerarik onena. Barbier apaiz jaunak «Gure Herria» Baiona'ko aldizkari ederran argitaratuak dira. Beraz, Lapurdi'ko euskeran emango ditugu ondorengo ipuiak, era ontaz mintzaira ezti artara entzukiak oitu dakizkizuten (1).

        Ona lenengoa aundinaikeria zigortuz. Parre puxkabat ere egingo dezute, benetan parregarri baita diru-gose dagon sendi bati Jaungoikoa'k ezarritako zigorra.

        «Bertze aldi batez, jende zahar batzuengana joan ziren Jesus eta Jon Doni Petri (2), gaua heien etxean iragan behar zutela; eta hala egin ere zuten.

        Biharamunean, urruntzearekin, jende hoieri galdegin zioten Jesus'ek zer (tan) ari behar ziren egun hartan. Eta ihardetsi zioten bokata puxkila bat (3) behar zutela xuritu. Jesus'ek orduan; «Goizean hasi lanak iraun dezauzuetela arrats arte!» — «Bai, urrun da segurki arrats arte huntako lanik izanen baitugu. Puxketeria zerbait dugu doi-doia» — Jesus'ek berriz: «Ene hitzak izan dezala podore!»

        Eta hori erran eta joan ziren...

        Jende gaixo hek bokata xuritzen hasi, eta bethi athera, bethi athera, arrats arteko lana izan zuten, eta arratsean mendia bezen gorako oihaleria ba'zuten, ez baitzekiten gehiago nun koka (4) hura guzia.

        Eta auzoko jende abarizios zikoitz batzuek, jakinik zer gerthatu zitzaioten beharño (5) heieri, Jesus eta Jon Doni Petri'ri galdatu (6) zioten ethor zitezen, gauaren iragaiteko, heien etxera. Galdegina (7) egin zuen Jesus onak, ta biharamunean, bertze etxean bezperan bezala, erran zioten jende heikiei: « Zer ari behar zarete egun?» — «Ori (8), Jauna, diru puxkabat bat izan eta hura behar ginuke zenbat den ikertu , miatu...»

        Eta Jesus'ek berehala. «Goizean hasi lanak arrats arte iraun dezautzuetela!» — «Oh! Jauna ez dugu arrats arteko lanik izanen, gure diru pittarekin!...» — Jesus'ek herriz (9) : «Ene hitzak izan dezala podore!»

        Jende zikoitz hek loriatu ziren. Zer urhe eta zilar meta behar zuten arratsean!...

        Lana hasi gabe eta lan hartarik den mendrenik (10) ez gero galtzeko, joan ziren, salbu zuek eta bakar-tokira, zerbitzuetarat (11), eta handik ezin atheraz, han egon behartu zitzaioten arrats arte!!...»

        Berebiziko ustualdia egin bide zuten saio artan!!

        Ondorengo ipui labur baño bizi onek ongi baño obeki aditzera ematen digu San Pedro'ren izate sutsu ta oldarra... ta burutsua danik ez diazute ukatuko.

        «Egun batez, Jesus Jaunak eta Jon Doni Petri'k, bidean doazilarik, ikuzten dituzte emazteki bat eta debru bat tira ahala mokoka ari (12).

        Heiengana lasterka joanik, Jon Doni Petri suharrak mozten diote bieri burua.

        Jesus'ek gaizkitu zuen berehala eta handizki eta manatu (13) zion: joan zadien aire berean buru heien beren tokietan emaitera(14).

        Bainan, Jon Doni Petri gaizoa, bere hutsaren urrikiaz (15) dena hartua, nahasi zen, eta emaztekiari ezarri zion debruaren burua, eta debruari aldiz emaztekiarena.

        Orduz geroztik da erraiten «Emazteki buru... debru buru» (16).

        Emakumeak eztute baietsiko noski ipui ontako egi mardula, baño gure asabak ba'zekiten zerbait oien berri!

        Ona emen orain ipui polit askoa ta ziñez sakona. Beronetan aditzera eman nai digu Jaungoiko Gure Jaunak agintzen dizkigunak ixil-ixilik egin bear ditugula naiz ta guri burugabeak iruditu. Jaungoikoa'k bakarrik baitaki egia nun dan, Berak bakarrik baitaki zer zaigun onuragarri.

        «Behin batez, Euskal-Herrian gaindi zoazilarik, Jesus Jaunak, lurrean zerbait erakusten ziola, erran zion Jon Doni Petri'ri: «Altxazak lurreko ferra hoi». Bainan Jon Doni Petri, ixilka ostiko batez jotzen zuela zaldi ferra, bere buruarekin hasi zen: «Zertako altxa burdin txar hoi?»

        Jesus Jaunak, orduan, ixil-ixila harek ere, berak altxatu zuen ferra eta herrirat heltzean, harotz (17) bati saldu bi sosetan. Bi soseko harekin, gero, gereziak erosi zituen eta bideari berriz eman ziren.

        Bero ari zuen itsuski. Jon Doni Petri, ahoa agortua, alderdi guzietara beha zagon, bere buruarekin solasean: «Ez othe diagu ithurriño bat ere ikusiko hemen gaindi?»

        Hainbertzenarekin, Jesus Jaunari —alegia eta deusik ez— gerezi bat erori zitzaion sakelatik. Jon Doni Petri'k altxatu zuen berehala eta ahorat ereman ithoka, beldurrez eta Jesus Jaunak ikus.

        Urruntxago, behin, bietan hamarretan, hogoietan, gauza bera bethi, Jesus Jaunak bota eta Jon Doni Petri'k jan, azken gereziraino.

        Gero gelditu ziren doi-doia, arbola baten itzalpean eta Jesus jaunak erran zion Jon Doni Petri'ri. «Behin bakarrik kurtu (18) izan bahintz zaldi-ferraren altxatzeko, ez huen hogoi aldiz kurtzearen beharrik izanen gerezien jateko!» (19).

        Nork esan bear burni zar arrek siniste urriko San Pedro'ri ekarri bear lioken onura? Orain, galdegiozu zure buruari ta ausnartu ongi galdera orrek diotsuna. Ta iri zenbatetan ez ote dik esan «Artzak lurretik perra ori ta ik ez ote diok uko, nor ta Jaungoikoa! burutik egiña dagolakoan?

        Narro (20) gaituzu gizonok eta aundi gerala uste! Nori egin zaio burutik Jaungoikoa'ri ala guri?

        Ludi onetan, Jaungoiko Gure Jaunak, gaiztoak ez-ezik onak ere zigortzen ditu ta askotan gaiztoak berak baño ere geiago. Berak, ba'daki noski zergati. Sarritan, gaizto bati beste munduan zorionik ezin eman ba'dezaio emen bekoa oparo ematen dio ta Berari zintzo zaizkioten zenbaiti berriz mundu ontako lor eta neke bidez saria geiagotu nai die beste munduan. Onatx, Jaungoiko'aren nai auxe egoki aditzera eman ipui onek:

        «Ihurzuria (21), egun batez, herri baten gainera eroririk, Jon Doni Petri gaizoak galdegin zion Jesus Jaunari: «Jauna, ihurzuria hola zertako erori da jende onen eta tzarren gainera? Zertako ez gaixtoen gainera bakarrik?»

        Jesus'ek ez zion kuxean (22) deus ihardetsi(23).

        Urrunago joan eta, Jesus Jaunak erraiten dio Jon Doni Petri'ri. «Piarres, erle-ume hori har ezak».

        — «Kofoinik (24) ez dugu, Jauna».

        — Bardin dik; golkoan emak».

        Golkoan emaiten (25) du beraz, Jon Doni Petri'k eta berehala oihuz ere hasten: «Atx! Dena sista ari zaizkit! Atx!...»

        Urruntxago gero, Jesus Jaunak. «Eman ezadak erle-umea, hortxeko kofoin hortan sarraraz dezadan».

        — «Jauna, segur guziak lehertu ditudala».

        — «Zertako?»

        — «Sistatzen (26) baininduten».

        — Sistatzen? Guziek? Zertako leher beraz guziak?» (27).

        Ez gakizkion beraz, ayer izan Jaungoikoa'ri zigorkatzen gaitunean. Kepa deunari mingaña ixildu zitzaionez ixildu bekigu guri ere.

        Ba'degu beste ipui bat txit parregarri. Ipui onek euskaldunak bere endarentzat daukan arrotasuna ta arrotz endarentzako nolabaiteko irizpena ageri digu. Ona emen :

«Jesus Jauna eta Jon Doni Petri ba'zoazin egun batez elgarrekin.

        Bazterreri beha eman zen Jon Doni Petri, eta harri handi bat zangoarekin koskatu zuen, ontsa min hartu baitzuen gaizoak!

        Kexaturik (28), hartu zuen eskuetan, besagainka arthikitzeko (29). Bainan Jesus Jaunak erran zion orduan:

        «Ez hadila hola kexa! Harri gogor hortarik eginen diat Eskualduna». Eta hala ere egin zuen.

        Urrunago berriz, ba'zoazilarik, zabal-zabala erortzer (30) zen Jon Doni Petri, behi-ongarri baten gainean lerraturik (31).

        Kexatu zen oraingo gaizoa. Bainan Jesus Jaunak erran zion:

        «Ez hadila bada kexa, Piarres; eta go'mak (32) non zangoak eman! ... Zer eginen diagu behi ongarri hortarik?

        — Egizu Gallegoa, Jauna.

        — Gallegoa eginen diagu beraz, Piarres. «Eta hala ere egin zuen Jesus Jaunak».(33).

        Ez ote benetan parregarri? Alabaña, gaur oso goiturik degun jauntxo batek zertaz egiña dagon ba'leki elitzaioke parrerik sortuko.

        «Ihizko Hesia» izenarekiko ipuiak aditzera eman nai digu, Jainkoa'k gizonari bere onez eman eztiola eriotzako egunaren berri.

        Ipui oni ezin ukatuko diogu burutsua ta sakona danik. Gure asabak, eskolagabeak izanarren buruz argiak eta asmamen yorikoak agertzen zaizkigu ipui abetan.

        «Jesus Jauna eta Jon Doni Petri ba'zabiltzan beraz, Eskual-Herria'n.

        Jendeek ba'zakiten, orduan, noiz behar zen hil.

        Egun batez, landa baten bazterretik zoazilarik, Jesus Jaunak ikusten du gizon bat, ihizko(34) hesi batez landaren hesten (35) ari zela. Berehala, galdatzen dio Jesus'ek zertako egiten duen zerradura bat hoin ez-deusa(36).

        «Oh! Jauna, hirur egunen buruko hil beharra naiz. Nere hesiak iraunen ahal du nik bezenbat!»

        Eta Jesus'ek ordu berean: «Hola denaz geroz, hemendik harat, ez bakikezue gehiago, noiz hil behar zaizten». (37).

        Orra, gizonak Jainkoa beartu eriotzako orduareu berri ematea! Izan ere, zenbat esi ez ote genituzke utziko egiteke gure eriotz ordua noiz dan jakiñik?

        «Orga uzkailiak» (gure alderdiko euskeran Gurdi irauliak) deritzan ipuiak aditzen eman nai digu Jainko Gure Jaunak eztitula onesten alperren otoitzak. Bai-baitago jende asko lanaren bitartez ardietsi(38) bear diran gauzak Jauna'ri eskatu utsez iritxi nai dutenak. Jaunar'ri otoizka ari zaiote luzaroan bearbada, baño beren buruak lanari lotzen nagiak dira ta Jainkoa'k entzungor egiten alakoen eskeai. Asmo au biziki ta iaioki aditzera ematen digu ipui giartsu au antolatu zun asmamen zorrotzak.

        «Jesus Jauna eta Jon Doni Petri bidean zoatzilarik, Eskual-Herria'n, kausitzen dute gizon bat, orgak uzkailirik, belhauniko Jainkoa'ri othoitzean, orgak altxa zetzon (39). Jesus aldetik iragaiten zaio, batere behatu ere gabe.

        Urrunago joan eta, kausitzen dute bertze gizon bat, orgak uzkailirik hura ere, eta bere orgeri ari zena, hementik har eta hantik altxa, indarka, kexatua, izerditan, etsaiaren izenak eta oro erranez errabian.

        Jesus Jaunak berehala erraiten dio Jon Doni Petri'ri: «Haugi (40); gizon hori behar diaguk lagundu bere orgen altxatzen».

        Jon Doni Petri'k erraiten dio: «Zer, Jauna! axtiko (41) gizona ez dugu lagundu, othoitzea ari zelarik, eta hau behar dugu egin orai, etsaiaren izenak eta oro erraiten dituelarik?»

        Eta Jesus Jaunak ihardetsi zion Jon Doni Petri'ri: «Hunek egin ahalak egiten ditik eta arek ez». (42)

        Nere itzaldixoa ez luzestearren, ipui laburrak berexten saiatu naiz. Alabaña, ondorengo au azkena degu ta luzexko izanarren aztiogu aterik itxiko.

        Alegi onek esan nai digu dirukeriak atarramendu onik eztakarrela iñoiz. Zillegi eztan eraz egindakoak esan nai det, alegia. Lenengo lapurreta ongi ertetzen zaionak bigarrena egin nai du, ta ongi erten ezkero irugarrena ta azkenerako zakuak zapart egiten du gutxiena uste lekutik. Ipui onen jasotzalleak «Dafaila, Astoa eta Makhila» ezarri dio izenburutzat. Ona, beraz nere solasaldiaren azkeneko ipuia. Ez asperretsi, berealaxe bukatuko det-eta.

        «Bertz'orduz, etxe batean ba'ziren hiru seme.

        Egun batez, zaharrenak erraiten dio bere amari: «Ama egitzu laster opillak, joan nadien gero fortuna egitera.»

        Amak egiten ditu opilak eta semea abiatzen da bidez-bide. Zoalarik, ur-bazter batean kausitzen (43) ditu Jesus Jauna eta Jon Doni Petri.

        Jesus Jaunak oihuz erraiten dio: «Errak, muthikoa, saritan truk, eremanen gaituk bertze aldera?». — «Baietz segurki!» Eta gure muthikoak ereman zituen beraz bertze aldera.

        Jesus Jaunak, orduan, saritzat eman zion dafail (44) bat, erranez. «To, har zak dafail hau. Gosetzen edo egarritzen haizen aldi guziez, aski dukek erraitea: «Dafaila heda (45) adi!», eta dafail horren gainean, izanen duk berehala, behar dukan jateko edo edateko guzia».

        Gure muthikoa, fortuna jada (46) egina zuela loriatua, abiatzen da kuxean etxe alde. Joan, joan, bethi joan, arratsean heltzen da ostatu batetara, eta oherakoan, dafail baliosa emaiten diote altxatzera ostatuko jendeeri, erranez: «Dafail huni ez gero erran, othoi: «Dafaila heda adi». — «Ezetz, segurki!».

        Bainan, muthikoa ohera joan orduko, ostalerek erran zioten dafailari: «Dafaila, heda hadi!» Eta berehala, dafailaren gainean, brist eta brast eman ziren sekulako jatekoak eta edatekoak! Eta ez ziren jende hek guti harritu!

        Berehala, dafail hura bertze hala-halako batean trukaturik... ixil-ixila, atseginez xoxotuak, joan ziren gero ohera.

        Biharamunean, ostatutik urrundu zeneko, ongi gosetua ere baitzen gure muthikoa, arbola baten pean hedatu zuen dafaila erranez: «Dafaila, heda hadi». Bainan, erran eta erran hura arizanagatik, dafaila basa hutsik gelditu zen eta gure muthikoa, bere bihotz-minarekin zozotua, etxerat itzuli zen, fortunarik egin gabe.

        Handik laster, bigarren semeak erraiten dio amari: «Ama, egitzu laster opilak, joan nadien gero fortuna egitera».

        Amak egiten ditu opilak eta semea ba'doa bidez-bide.

        Ur-bazter berean, kausitzen ditu, harek ere, Jesus Jauna eta Jon Doni Petri.

        Jesus Jaunak oihu egiten dio:

        «Errak, muthikoa, saritan truk, eremanen gaituk bertze aldera?» — «Baietz, segurki!» Eta gure muthikoak ereman zituen bertze aldera.

        Jesus Jaunak, orduan, saritzat ematen dio asto bat, erranez «To, harzak asto hau. Diru beharretan haiteken guzian, errok asto huni: «Lanari, ene astoa!», eta asto horrek, berehala, urhea egiten dauk purrustaka».

        Gure muthikoa, fortuna egin duela loriatua, abiatzen da kuxean etxe alde.

        Arratsean, heltzen da hura ere, anaia zaharrena joan zen ostatura, eta oherakoan astoa emaiten diote eskuetara, erranez «Asto huni ez gero erran, othoi: «Lanari ene astoa»! — «Ez segurki!»

        Bainan, muthikoa ohera joan orduko, ostalerek erran zioten astoari: «Lanari, ene astoa!» Eta berehala, hasten zaiote astoa, urhea egin eta egin purrustaka. Eta ez ziren jende hek guti harritu!

        Berehala asto hura bertze ala-alako batean trukatzen diote eta ixil-ixila, gero, ba'dioazi ohera.

        Biharamuneau, ostatutik urrundu zeneko, astoari erraiten dio gure muthikoak: «Lanari, ene astoa!» Bainan, salbu zuek eta, bertze hartarik egin zion astoak, purrustaka. Eta gure muthikoa, fortunarik ez zuela egin, zozotua itzuli zen etxerat.

        Handik laster, hirugarren semeak erraiten dio amari: «Ama egitzu laster opilak, ni joan nadien fortuna egitera».

        Amak, egiten ditu opilak, eta semea ba'doa bidez-bide.

        Bethi ur-bazter berean, kausitzen ditu, harek ere, Jesus Jauna eta Jon Doni Petri.

        Jesus Jaunak ala galdaturik (47), ereman zituen biak bertze aldera eta Jesus Jaunak, saritzat eman zion makhila bat, erranez: «Nihun sekulan etsaik atheratzen balin ba'zauk, makila huni errok : «Zafra, Maria, zafra!» eta ikusiko duk ikusiko dukana».

        Agur eta milesker, arratseko heltzen da muthikoa, bere bi anaiak larrutu zituzten ostatu hartara berera.

        Oherakoan, erraiten diote ostalereri: «Altxa (48) zadazue, othoi, makila hau, bihar goiz arte. Bainan, zuen onetan, ez zaiozuela gero erran: «Zafra, Maria, zafra». — Ezetz, segurki!

        Bainan, muthikoa ohera joan orduko, ostalerek, makila harturik, erraiten diote: «Zafra, Maria, zafra!»

        Ah! baia? Makila hasten zaiote, hantxet, kiski, kaska, zafra eta zafra jendeeri eta gauzeri zapartaka, oro xehatu bearrez. Ai! hemendik, atx! handik, hasten dire ostalerak. Eta makila nihundik ezin geldiaraz! Jo eta jo, ta, hura bethi ari!

        Azkenean, arramantzetara (49) jaikitzen da gure muthikoa, eta erotuak, ostalerak hasten zaizko oihuka : «Othoi, othoi, geldiaraz zazu makila! eta «Heda hadi, dafaila» eta «Lanari, ene astoa» oro itzuliko dauzkitzugu!»

        Gure muthikoak, «Geldi, Maria, geldi» erranik, geldiarazi zuen makila eta «Lanari astoa» ren gainean, «Dafaila, heda hadi» beso azpian, «Zafra, Maria, zafra» eskuan, itzuli zen etxerat.

        Eta bere amarekin eta bi anaiekin, aberats bizi izan zen, Jainkoa'k daki zonbat luzaz!

        Ongi bizi izan ba'ziren, arabera hartarat il ziren.»

        Nere mintzaldi koxkorrari buru eman baño len, Barbier jaunak ipui oni buruz egiñiko aipu labur bat ezarri nai nizukete, berak aditzera emango baidizute nik baño obeki, nik baño biziagoki, ipui onen bidez, arrotz ipuiai euskal-kutsua erasteko euskaldunak eman oi-dizkion berextasunak. Orra, prantzesetik euskeratuta Barbier jaunaren itz sotillak:

        «Ipui onetan dakusagu, noski baño noskiago, prantzitar ipuitako zamau (50) sorginduarena, urrezko txanponak jaurtitzen zitun astoarena, eta makil sorginduarena. Schmidt jaun kalonje onak eta baita ere Españi'ko eta Inglaterra'ko folklorezaleak euren baratzako etsiko lituzkete.

        Iñork ez dezake ukatu, alabaña, irudi biziz tajututako ipui au euskal-kutsu berexi batez igurtzirik dagola. Berton aipu diran «opilak», makilla astinduka jartzen dun aztikerizko esaldi polita, ots idurizko itz esakorrak; guztiau gure-gurea degunik nork uka?»

        Barbier jaunaren itz labur baño sendo auen ondoren ezer gañeratu bearrik eztaukat.

        Nere pozik aundiena izan da gure erri ipuietan degun altxor (51) bikañaren berri zerbait zuei ematea.

        Alabaña, ipuitan orotarikoak ba'ditugu ta ongi aztertzekotan emeki-emeki joan bear, ipuiok sailletan berexituz. Gaurko ontan Jesukristo gure Jauna ta Kepa donea Euskalerria'n barrena ikusi dituzute Ebanjelio'ko berriak erakusten, gure aurrekoen irudimen xotillak ikusi zutenez.

        Entzule maiteak, gu ere asaba oien semeak gaituzute.

        Gaitezen beraz, beren ikasle!

        Beren jakinduri berexia darioten iturri garbiak izan bitez gure ispillu!

        Edan zagun gure biziaren guna darion iturri garbi ortatik, eta ez arrotzak opa diguten ur zikiñatik.

         Asaben ur ortatik edaten degularik, arratzaren gogo-menpetasuneko kateak urratuko ditugu eta euskalduna bere buruaren jabe, bere erritasunaren jabe izango da.

        Ala biz.

 

(1) Beste aldekoa danari Lapurdi'koa esaten oitu gera ta orretxegatik esan det Lapurdi'ko euskera Benaparro'koa baitegu ipui abetako mintzaira.

(2) San Pedro

(3) Gobara pixkabat

(4) Jarri.

(5) Beartsu en diminutivo.

(6) Eskatu.

(7) Eskatua.

(8) Begira.

(9) Irriz, parrez.

(10) Ezertxo ere.

(11) Komuna, irola.

(12) Asarre bizian

(13) Agindu

(14) Jartzera.

(15) Damuaz.

(16) «Gure Herria» 665'gn. orrialdea 1921.

(17) Herrero.

(18) Makurtu.

(19) Zaldi Ferra eta Gereziak. «Gure Herria», 432'gn. orrialdea 1923.

(20) Diminuto, insignificante

(21) Tximista.

(22) Berealakoan.

(23) Erantzun.

(24) Eultza, colmena.

(25) Jartzen.

(26) Zulatzen

(27) Onak eta Gaixtoak. 667'gn. orrialdea 1923gn. urtea.

(28) Asarreturik.

(29) Botatzeko.

(30) Erortzeko zorian.

(31) Irrixtaturik.

(32) Gogo-emak, fíjate.

(33) «Arria ta Behi Ongarria», 325'gn. orrialdean. 1925'gn. urtea.

(34) Iia-Junco.

(35) Zelaia ixten.

(36) Aula, gauz-eza.

(37) Gure Herria'n. 668'gn. orrialdea. 1923.

(38) Lortu, conseguir.

(39) Zezaizkion.

(40) Zatoz.

(41) Arestiko.

(42) »Gure Herria». 431'gn. orrialdea. 1923

(43) Arkitu.

(44) Mantel.

(45) Zabaldu.

(46) Onezkero, orrezkero, arrezkero.

(47) Eskatu.

(48) Gorde.

(49) Zalapartak entzunda.

(50) Mantel.

(51) Tesoro.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.