Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Staël anderea (1766-1817)

 

Udalaizpe

 

Labur yalki ditezke Stael andrearen bizitzaldiko xeetasunak oro. Aren biotzaren edestia xaloa duzu. Aitari maitasun andia zion. Bitan ezkondu zan. Lenengoz Stael Holstein andiki zarrastelakin: gero, bakandu ta bizi-alargundu ziran. Bigarrenez, Rocca zeritzan gazte eriakin: bigarren senar orri erruki andia zion eta etengabe arenganako ardura izan zun, eriz ezindurik zalata. Ama biotz-bera ta maitatia izan zan, eta orrek sortzen zizkion larrialdiak laburtu zioten bizitzaldia. Berriok eta Constant Benjamin'ekin izan zun elkar maite-miña ezagunak dira.

        Orduko elertilariak oro Napoleon agintariaren aurrean auzpez makurtzen ziranean, Stel andreak buruzut iraun zun, eta besteak galetsirik, arnasik gabe gelditzean, ekaitzari gogor egin zion. Esagun ozen —Albert Paul'ek dio—; aldi artako gizonezko guzitsuak baño kementsuago agertu zan Stael andrea.

        Gora andia ematen zion Napoleon'ek ele ederrari: bera ere irardausi aundiko idazlea baitzan. Lerrenak egin zitun orduko idazleak bereganatzen: Chateaubriand, Saint Perre, Arnault, Fontanes ta abar, eta, azkenean eskuratu egin zitun. Eskualdeak oro menderatu ta oinperatu-arren, norbaitzuk opa zutenez asmatu ta itz egiten zuten. Stael andreak eta lagunak, alegia. Andre andiki ura limurtzerik etzun al izan yauntxoak, ez esku-atseginka ezta aztal-eztenka ere. Chateaubriand'ek «Kristautza'ren Geniua» argitaratu zunean, Napoleon'egandik ogibide yoria iritxi zun: Elertia'z zeritzan idaztia Stael Andreak argitaratu ta Napoleon'ek atzerriratu egin zun berealakoan, ezertarako astirik emateke.

        Azibidez ta bulkoz XVIII garren gizaldikoa genun Stael andrea. Rousseau belaxkaren irakatsiak azi ta ezi baitzuten, eta aren opaz idatzi zun bere lenengo txostena. Aren yarioak etzun beiñere alde egin andre idazle orren izakera ta idaztietatik. Bazun biotz-ondoa, noski; alare, irakaslearen eduz, indarrez aizeagotu, alegiñez biurritu ta eragiñez zirikatzen zun. Itali ta Germani'ratu baño lenago asmatu ta idatzi zunaren eragille bizkorra Rousseau izan zun. Garako zanean idatzitakoetan ere, Eloise berriaren kutsua nabaritzen dugu: egia esan, Stael andre sendo, zindo ta biotz-zabala etzun lorrindu, alperrik galdu ta erabat aryo eragin orrek.

        Rousseau biurriaren yoera, aita yainkozale, gizagin eta egitiak baztertu zun. Necker yauna zun aita: ziñez ta miñez maite zun alabak. Laterriko diruzaia zanez ez zan gizon burutsua agertu Necker: ala ere, gizon zuzena ta zorrotza izan zan beti. Gañera, ez oi zan bezelako egon-eziña zun Yainkoari buruz. Aziok alabaren baitan garaiz ereinda, erne ta arnari onak ekarri zituten: alegia, Yainkoaren bidean yarri zuten.

        Areago oraindik: XVIII garren gizaldiagandik beste pitxi bat ere yaso zun ondarez: giza-aurreratzearen siñeste sendo ta gotorra. Orixe izan zan aren gogo baikor eta etsiaren oiñarri ta zurkaitz, matxinadako zalaparta ta Yaurerriko aldi gordiñetan.

        Stael anderea etxarietako andragoia izateko yaioa zan, eta ala izan zan gaxte-gaxtetandik. Yon Yakoba'ren ikaslea izanarren, gizarteko zurrunbilloan bizi bearra zun. Atzerrietako ogi garratza yan bearrean izan zanetan ere, beraren baranoan biltzen zitun bertako gizakumerik aipatuenak, bere gogoaren ernagarri, emakumearena izaki, iñoren ziriz eragiña izan bear baitzun, lozorroan zitun ikarak iratzartzeko. Adiskideak biotz ematen zioten.

        Entzuten zun guzia bere egiteko berebizikoa zan, bere beroz piztu ta bere asmotan eraldatzeko. Sostean atematen zun edozeren barne-muiña ta itzetik ortzera dirdaitsu barreiatzen zitun nora-nai: sor-lor zeuden entzuleak. Ikustez ta entzutez ezagutu zutenen aburuz, aren itz bizi, bero ta zoragarriaren aldean, beraren idaztiak oro utsak ziran. Idaztankera etzun agitz landu oi: orregatik, aren itzen sua beraren idaztietan oartzen da, beraren gogo xalo, atsegin eta bakanakin naste, gañera.

        Orra bere aldikoak oro luzaroan lilluratu zitun andrea! Oraindik ere, ordea, aren lillurak birloratzen gaitu. Egia esan: aren idaztiak zokondoetan autsak yaten ditu eta gutxik irakurtzen ditue. Alare, aren idaztien zain eta muiña guziok gure egin dugu. Arrezkero, aren ugatz azietan edoskiak gaituzu.

        Agian, ibilli zan alde guzietako yakintsuen kutsua izan zulako-edo, aren eragin askotsuaren erroa bide da: aitak, Ruousseau'k, Condorcet'k, Schiller'ek, Schlegel'ek, Benjamin Constant'ek, Sismondi'k t.a. beren yarioa eratxiki zioten, noski, beti bereki iraun zun, ordea. Iñongo idazle ta yakintzale guziak ortzargiz ta maitez artzen zitun. Itali ta Germani'ren ederra birraldatu zitun Parantzera.

        Txairo ta lirain Korina idaztian dakar Itali'ren berri: idazti zindo, sendo ta zeatza izan arren, aren orrietan barna iralkitzen dan argi motel, margul eta epela edoimordoetatik kukutzen dan argia ematen du, Itali'ko ozkarbi urdin ta dirdaitsuaren aldean. Yainkoagandik pitxi bikain ainitz eskuratu zitun eta etzitunak ere gaintxuritu zitzaken: luzaroegi, ordea, eguteran eta orrilloan bizi izan zan, eder utsari begiratzeko beragan bildu gabe. Ederraren tximistindar astindua nabaritzen zun aren egitamu bizi ta kiriotsuak, zearka, ordea, ta nabaritu-ala iñorenganatzen zun eriosuar, ixillean beragan biltzeko astirik gabe. Adimenez azkarra zalako, nonbait, ez zan iñon sakon azaldu. Edozer beingoan ongi atematen baitzun, barruko mamia txastatu gabe, azal gaiñari soillik so egiten zion eskuarki. Alare, gizartean ibilliaz, azibide osoagoa iritxi ta iñoren biotz alozetako txokoak ere ikertzeko begi zorrotza izan zun.

        Dana dala, iñongo edozertan aitzindari bizkorra izan zan, eta agindu-lurraldera ez eldu-arren, mendi-gaiñetik ikusi al izan eta agurtu zun. Orduko ele-eder-zale guziak azal-arro eta itxura-naiekoak omen zenitun. Stael anderea ere alakoa zan. Alare, ziteken egiti, xalo ta bakunena berebat izan zan. Gutxi irakurri ta eriosuar idazten zun: beraz, utsak izan-arren, larriagorik ez izatea, arritzekoa da.

        Iñor baño len, berau yarri zan Aldi Erdiaren alde, aldi ark alde ta saiets ikusgarriak zitula-ta. Geroago ta goibelago izaki, gertuago omen zegon gizakumearen biotzondoa ta izangoa barnez txastatzeko. Idurimenaren arloa ta egitekoa laburtu ta estutu nai izan zun. Amaika bidar igaro zan Alpe mendien aurrez aren idurimen antzua ernaritu gabe. Aren adimen zabal eta malgu-errezak non-nai gai berriak beretzen zitun, erle burrundari ta iperloka iduri. Geroztik, beraren idaztankera ere gero ta ederrago ta orraztenago zun.

        Elertia zala-ta idatzi zun idaztia ots bakar, aspergarri eta gogaikarri duzu. Utsok, ordea, ez dira ageri geroago idatzi zitun Germani'ko berri ta Korina idaztietan: oiek elkarren beteko ditu. Zitun korapilloak oro txairo askatu zitula uste dut. Aren aintzik borobillena, noski, Parantze'ko ateak iñongo elerti guzietara zabaltzea izan zan. Atzerrian idatzi zun «Germani zala-ta» idaztian eguzkipe zabaleko eguratsa ageri da. Idazti ori duzu estetike berriaren ebangeliua: bertan txastatu zuten gizaldi osoak ederraren zain eta muiña. Aria ongi artu zun eta mataza biurri samarra arildu ere bai Germani'ra yoan-etorria egin orduko. Schiller, Goethe, Lessing, Herder, Schlegel bien berri erriratu zun: alegia, yakingarri ta irakurgarri zirala ta aien antzera, erromantiku izanik, ele ederra birgaztetu, berpiztu ta gordindu bearra zula ta oien zuzi irazekia eskuz esku Parantzera ekarri zun. Bizitzaldiko azken urtetan, aren gogoa zoritxarrak gardostu, gurendu ta oldozpen sakonetara erakarri zun, zeruko ate zabalak irikita.: « zuen gogoa, yauretxea bezin gurena bedi, asmo bikaiñen aingerua, bertaratu dedin» Urrundik bada ere, kistarren berpizkundea agurtu zu Stael andereak.

        Orra labur-zur Stael anderearen lana. Ederrarekiko atsaren yareitasuna ekarri zun: bide berririk ortarako, ordea, etzun asmatu al izan. Aren yarduna, olerkariarena baño areago izlariarena izan zan. Biotzondoari its eragin zion, ez idurimenari. Iñongo bazterrak arrotu zitun, ele ederrean bide berriak arkitu bear zirala-ta. Yon ukuzle aintzindariak lez, Erromantikuen bidea atondu zun, inguruko okerruneak arteztu ta malkarrak ordoturik, gizaki guziek Yainkoaren osabidea ikusi zezaten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.