Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Antzearen jo-mugaz aburuak

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

Grezian

 

Grezian, aurren-samarretan mimesis esan zioten antzeari, ots, antzera egitea, batez ere Aristotel'ek. Antzera egite ontan, aukera-bearra arkitu zan, antzea kaxkartu ta lizundu ez zedin. Gauza guziak antzetara ezin ekarri, ez baitute egidirdairik artzen egi izanik ere. Ta beste zenbait gauza, ederr-itxurakoak izan arren ez dira antzera-gai, lizuna berekin dakartelako. Ortatik sortu ziran atseginzaleak, antzeari iñon mugarik ipini bage edozein aseginorde naiz gorputz-atsegin-orde artu zutenak. Eder-atsegina atsedena izan bear ba du, zer atseden dakarte olako atseginak, espa ta kezka besterik ez ba da?

        Urrena gizabide-zaleak agertu ziran: antzea ez dala, alegia, edozer atsegiñetako ta atsegin utserako; irakasteko, gizabiderako, ta batez ere gaztedia ongi lantzeko baño. Aristofane'k garbi adierazi zun: «aurrentzat maisuak dirana, gazteentzat poetak dirala». (Ran. V. 1055) Berak eginbertsoetan ba ditu ugari alare, ikasbide ta azibide txarra ematen dutenak. Aristotel'ek ere, musika azibide onerako dala dio, (Poet. XIV, Polit. I-VIII). Gauza ok, jakiña, gizabidea, gaur esaten dan bezala «landubidea» berakin dakarte, edo ori darite, asmo ez ba dute ere. Mende askoz gero etorri ziran humanista edo gizabidezale izena asmatu zutenak. Estoarrak ere aribide au egotzi zioten antzeari. Strabon'ek Eratostene'ri buruzki (Geogr. I, cap. II, parag. 3-9) antzea, atsegiñaren bidez, gaztediaren landubiderako, oitura ta eginkizun onatarako dala dio. «Orregatik, poesia beti landubidearen sail bat izan da. Gizaki on ez dana ez diteke izan poeta on».

 

Erromarrak.

 

        Gai ontan araurik ozta eman zuten. Horati'ren «Epistola ad Pisones» zaion jardun artan zerbait arki diteke orregatik: «Aut prodesse volunt aut delectare poetae». Onurakor izatea edota atsegin ematea du poetak asmo. Beste nonbait beriz: »

        «Omne tulit puntum qui miscuit utile

        dulci,

        lectorem delectando, pariterque

        monendo».

        Azken-bertsu ontan dionetik, atseginez gaiñera irakastea aipatzen du, au ere onerakoa baita. Zenbaitek zorrotzegi artu dute utile itz au; ez du ordea nai ta nai ez irabazizko onik adierazten, soil soilik onerakoa ere bai, ta itzaren erroari gagozkiola uti (bi) le, zerbaitarokoa.

 

 

Platondarraioak

 

        Platondarraioak, beste izenez Platon-berrizaleak, Plotin izan zuten guraso, Erdi-mendetik oraintsuko mendeko mugara arte. Oen ustez, antzeak Jainkoarekin arr-emana izatea du asmo: On betea dan Jainkoarekin bat egitea, beren burua zori oneko egiteko. Ortatik eman diote mistiku izena sail oni.

        Plotin'ek ederki dionez, ederra, batez ere ikuskizunetan datza, baña baita entzukizunetan ere, ots, izketan eta musikan. Sumaz gaindikoetan ere bai, ots, eginkizunetan, oituretan, jakin gaietan, on-jardunetan. Zerk egiten ditu eder sumaz gaindiko gauzak eta suma ditezkenak? Ez naski lekukide izateak, simetriku izateak, osoaren ariora. Gauza itsusietan ere lekukideak arkitzen baitira, ta baitira gauza bakarki ederrak, ots, neurgai ez diranak. Ortaz, eder ta lekukide bana dira. Ederra, gure izateari dagokiona, zerbait gure dugunez ontzat artzen duguna omen da; itsusia berriz, gure izateari oker dagokiona. Gauza ederrak gure animaren aide dira, dio, ta batzuk eta bestea ere eredutik sortzen dira.

        Ederra, antzatua dagona da, dio; itsusia, ostea, antz-bagea: berez antza artzeko gai izan arren, edo artzen ez duna, edota antzak oso mendean daukana. Suma-gauz oro eder da, ez berez, ereduak argi egiten diolako baño. Gorputz ederra, Jainkoaren edo Ereduaren erdikide dal ko da eder, ots, Arekin arr-emana dulako. Edertasuna Ereduaren errañua, ots, Jainkoaen errañua da. Argia ta sua baitira, dio, gaidunetan ereduaren antzik aundiena dutenak eta sumakien artean gogo-antzeko edo gogaki-antzekoenak, edertasuna oriek barratzen dute ikuskizun diran gauzetan. Edertasun ori sumatzeko, anima garbitu egin bear dugu, ta barnean daukan eredu orri eragin. Ezitasuna, sendotasuna, zuurtasuna ta beste on-jardunak oro ez al dira garbikuntza aztiak dionez? Onela, animari, suma-gauzak ikustekoaz gainera beste begi bat agertzen zaio Jainkozko edertasunari so egiteko, ots, On danari; zorionik aundiena iristeko nai ta nai ezkoa Apurtxo bat labur dezadan, izadia dagon edertasuna, gure animan dagon eredua da, dio; au baita eredua izadiko edertasun guziren iturri bakarra.

        Ezer gutxi kenduta nere egin nezake Plotin'ek diona. Ederra ta antzea guri dagozkigun gauzak ba dira, egoki dana eder da (euskeraz ere ez dute itz ok alde aundirik). Lan-egokia naiz esku-egokia esan oi duguna, antzezkoaren ondo ondoan dabil. Betiko mugak ezin-berizia darabilgu. Antzegabea, antzekaitza, moldagaitza diogu oster, antzerik edo egokitasunik ez dunarengatik.

        Gauza ederrak animaren aide dirala dio. Au irakurrita ez ote zun Hegel'ek atera arako ua: anima errañutu bear dula gauza guzietan antzaren tartetik?

        Antzeak ditekena antzeratzen omen du, ez izadian dana. Idurimenaren bidez, batez ere. Sokrate'k, Parrasiu margolariarekin mintzo dala, margolariek gorputz banetatik gaia artzen dutela dio, beren giza-iduriak egiteko. Zeuxis margolariak, Elena margoztu bearrekoan, Krotona'ko bost neskatxengandik iduri zitzaiona artu omen zula esaten zuten antziña. Fidias'ek, Jupiter'en mukuluiduria egiten zularik, ez omen zun, Kilkeron'ek dionez, izanezkotik ezer artu; bere baitan zedukan ederr-eredu bati begiratuz ordea.

 

 

Erdi-mendean eta pizkunde-mendean

 

        Erdi-mendean Dionisi Areopagita dalako aren adierak zabaldu ziran, ots, mistiku-zaleenak. S. Tomas Aquino'koak antzearen iturri Irutasuneko bigarren Persona egin zun, Aitaren aditza danez (imago expressa Patri). Onen billa ibilliak dirudite Platon, Plotin eta gure siñesterik ez zuten besteak, Eredura jotzen zutenean. Ez da arritzekoa S. Agustin eta beste katoliko asko ain Platon-zale izatea.

        Baña batez ere, Erdi-mendean, antzearen ikaskizunera edo landubidera jo zuten berriz, orduko oiturazko ta erlijiozko zegozkiela. Docere delectando, atsegiñez erakustea, zioten geienak. Atsesgiñez, alegia, egi ta on izen soilik entzun nai ez dutenentzat, ezin dutenentzat, ez dakitenentzat, aieri atsegin bidez gaiztotik eta gezurretik alderagiteko.

        Pizkunde-mendean (en la epoca del Renacimiento) antzea gizabiderako, landubiderako delazko aditzapen au nabarbentzen da. Ederrari ta antzeari buruz ez da irakaskizun artzekorik sortu.

 

 

Oraintsuko mendean. Hegel

 

        Antziñako Estetika'ren guraso Aristotel dan bezala, oraintsukoaren guraso jotzen dute Hegel. Onen Estetika bear bezala adierazteko, ulertu ere egin bear da, izkutu-samarra baiterabil. Erabatekoa, Eredua, Agertzapena, ta abar, luzeago jardun bage ez ditezke aditzera eman. Gizon askojakiña zan, Platon'engandik eta Ploti'engandik, Aristotelengandik, bere aurreko guziengandik asko baliatu zan bere aldera ekartzeko ta nasteko. Eskolastiku zeritzaien jakinzaleen ezaguera ere ez zun makala, bere aldera okertu ba zitun ere. Aditzapen mugatuen arloan omen daude, lenik Antzea, urrenik Erlijioa, goienik Pilosopia, kaxkarrenez aurrera. Ortaz, Pilosopia guzien buru, atzetik Erlijioa, azkenik Antzea. Eder eta Egi bat omen dira aldez, eta bana bestera. Egia «eredua bere baitan» omen da, erabateko etorburu; baña Eredu orrek ez baitu beregan sumakizunik, sumatzeko moduko agertzapena eman bear omen zaio, ta orduan biurtzen omen da eder.

        Hegel'en Ereduak Platonenaren kutsu apurra ba du, besterik ba da ere. Eredu orrek bere baitan izatea ba dula dio Platon'ek; Hegel'ek ere izatea egozten dio, aldez ezaren ondo ondokoa, baña aldez, diran guzien etorburua, nola edo ala. Izatea ta eza berdin jotzen ditu, ta osin ontatik ateratzeko, beste izen bat asmatzen du werden euskeraz izateratu, edo gure lapurtarrak Hegel baiño len bilhakatu esaten baitzuten. Olako oiñarriekin ezin arri-etxe bizkorra egin, kartoiezkoa baño. Gauza guzientzat nola edo ala maratillak eta adierazbideak izanik ere, Pilosopian uts aundiak ditu. Aburu-arloan Estetika aula du, baña antze-lan bakoitz aztertzean oso suma bizia du. Itzazu Menendez y Pelayo'ren itz ok: «Beiñere ez zitun artean iñork ain jabetuz eta ain begi zorrotzez aztertu, agoten arkitektura, griegoen mukulu-antzea, italiarren eta holandarren margo-antzea, Homer'en epopeia ta oraingo jardun-antzea». (Id, estet, VII, 280).

        Eredu-zaleen urrena izadi-zaleak etori ziran. Izadi-zale on izan ba lira nonbait or; izadipeko, ots, gordinzale izan ziran, obeki esan, batez ere Zola'rekin Prantzian.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.