Gizarte-Gayak
Kirolak
Aizkora-Jokua dala ta
Ibalan
Berriz ere joku au modan (aiputan) dago euskaldunen artean. Baserri aldeko jendeak beti izan oi dute indar neurketa oietarako joera. Baiñan oraingoan mendi-gizonak ez ezik, kaletarrak ere zaleturik ikusten ditugu apustu oietan.
Lenago orrelako pestak erri koskorretan bakarrik egiten ziran. Orain iri nagusiek elkarren leian aizkora-apustun ospatsuenak eratzen dituzte. Iruñe ta Donostia ederrik ikusirik daude.
Aundienetakoa Donostia'n 1950 Urria'ren 29'n jokaturikoa izango da: Garziarena ta «Luxia» aizkolarien artean. Amabi milla personatik gora bildu ziran apustua ikustera, naiz eta eguraldia euritsua izan. Sarbide-txarteletan ordaindutakoa ea 500.000 pezeta inguratu omen. Eta au dirutza aundia da emengo txanponen arabera.
Aizkolari gallenena Garziarena naparra zan igaz Espaiñi'ko txapelketa irabazi zuan ezkero, Arriya, Baleztena ta Korta'ren aurrez-aurre. Garziarena leitzar gazte onek 23 urte besterik ez ditu. Orregatik «Luxia» azkoitiarra bere 28 urte ta 1,90 luze korputzez aurka atera zaionean dirua leitzarraren alde 10 zortzira eskeintzen zuten.
Burruka zortzi emborrera; lau 72 c-m gerri; ta beste lauak 80 c-m koak. Aizkolari bakoitzak launa enbor aukera zituzten.
Burruka estu ta larria izan. Asieratik zerbait aurreratu zan «Luxia». Seigarren enborrerako berdin zamar zoazten biak. Berriz ordea «Luxia» suspertu zan eta azken enborra ebaki zuan Garziarena'k oraindik dozenaren bat kolpe palta zituala. Leitzarra'k apustua gaitza benetan! Gutxitan ikusi oi dana.
Zortzi enborrak ordu bete ta lau minututan ebaki zitun «Luxia'k», marka oso ona adituek diotenez. Irurogei minututan ezetz ebaki apustu asko egiñak ziran.
«Luxia» uste ez bezelako aizkolari bikain ta plaza gizon trebea agertu zitzaigun.
Lan ederra egin zuan akatzik gabekoa.
Orrela jarraitzen ba'du ez da uste luzaroan menperatuko duna iñor azalduko zaionik. Ez, eguzkiaren azpian ta ez belarraren gaiñean.
Garziarenak berriz joka naiko ote du? Ordain billa joango ote da? Kitatu ala «auntzak» irabaztera?...
Oraingoz ezetz dirudi. Leitzarrek eta napar-aldeko guziek jipoi aundia artu zuten. Dirua erruz galdu dute ta ondamen negargarria etorri da erri ta pamili askotara. Au bait da apustua ta tema oien alderdi txarra. Esaera zarrak dionez «Jokua» ezta errenta».
Ontan Aranzabe apaiz jaunak arrazoi du. Liburuxka bat argitaratua du (Las apuestas de hachas desde el observatorio cristiano) aizkor apustuak kristau zillegigoren argira ikusirik eta kaltegarri dirala erakutsiaz. Egia da: burua ta biotza joku ta jolasean geiegi jartzen ba'dira gauza onik ez. Beste ezertarako gogorik ez zaie jendeai gelditzen. Lana utzi ta oitura onak ere bai. Doi-doi joango zaizkitzu mezetara apustu zale amorratu oiek. Au bera gertatzen da Foot-ball, boxea, zezenketa ta beste joku askorekin. Emen ez da beste solasik entzuten foot-ball gora ta bera. Egunkari guziak ostikolaririen berriz beteak datoz. Gazte jendeak ez du beste ametsik footballista gallen irixtea baizik.
Gai onek ordea luzarago jardutea merezi du ta urrengo batean J.L. ekingo diogu.
|