Yakintza
Gixadijaren azikera-bidiak
Urrutia'tar Gotzon, Miren Bijotzeko Semiak
Asurerri
Sumerri'tik Asurerri'ra. Erderaz Assyria ixentatuten daben erkija euzkel-antza daun Asur-iri edo uri ixan leitekela ziñisterraza dala deritxat; baña Asur-errija euskerazkuagua dala uste dot Doixterri, Laterri, Parantzerri ta gure Euzkel-erri zarraren antzera.
Ixen ori Asur'gandik dator. Asur onek beste ixen bat be bai-eban (Nimrod-ixena) eta antxiña ospe aundikuak ziran akad, Ninibe, Eridu ta beste uri batzuk iragi ebazan.
Josukisto Ludijan agertu baño amarren bat gixaldi lenago Asurerrijak eban agintza-ala aundija be aundija zan eta Asia'n zabal eta indartsu jarrita ikusten zan. Agintza-alaz batera gixa-azikerea be gorantz eta albuetarantz asko zabaldu zan.
Agintarijen artian altsubenak edo Tiglat Pilaser eta Asurbanipal ixan ziran; baña guk emen ez dogu gai orretzaz ekiteko asmorik. Azikereaz bakarrik ekingo dogu.
Asurerriko idaztirik urtenenak Enuma-Elits, Gilgamets eta Adapa'ren aselea dira.
ENUMA-ELITS. Gaudi edo mundubaren asiereaz diñardu idazti onek. Lenengo gixonari Jaunak irakatsitako egi sakon eta aundijak illunduta dikusguz. Asurerritarren artian, baña oindiño Moxa'k irakatsi leusku guzanakaz zerikusi apur bat bai-dabe. Amen zelan azaltzen diran Enuma-Elits onetan:
Goyetan goyak ixenge ziran
Lurpietan be ixanik ez
Ureta aunditik oro sortu zan
Mumu Tiamtuk egiñez.
Goi-beko urak alkarraz batzen
Ez zan landarik, ez itsas-ertzik
Jaungoikoixunak ez ezaun ziran
Ixendu zanik ezer ez.
Jaungoikoixunak argira datorz
Lenen-lenengo Lenu-leanu
Ansar gero ta Kissar be bai
¡Aldi luziak egun aretan!
Anu jainkoa agertu zan.
Egizko Jaungoiko bakarraren ezaguntzea eta ziñismena gixonen buruetatik junda eguala ikusten dogu. Egizko Jaungoiko bakarraren ordez jaungoiko-ixun askotxu jabetu ziran gixonen goguaz eta aor egi argijak begustiz illunduta. Jaungoikoixun orren artian Marduk eritxon bat be agertu zan. Asurerriko idazti batzutan irakurten dogunez auxe ixan zan gixona lenengoz eraldu lebana. Beste ixen batez Lugalduatzaga deituten eutsen. Euzkeldunontzat ez da ixen ori erbestetarentzat beste gatx.
Enuma-Elits'etik euzkeraldu dodazan oldozkunok, nai ta egitik urrun ixan, zer ikusi aundija dabe Moxa'k Astidazti deunaren asieran diñoskunaz. Mumu Tiamtu ori iberkerazko Teom itzaren senitarteko dirudi eta Moxa'k didaz: «Asieran... ludija ezer ez eta uts zan. Sakon-gañetan illuna zabal» (I). Bai dabijon artian antza; baña Adan'etik Moxa'ganaño eta Enuma-Elits'aren idazliaraño urte asko junak ziran, aldi luziak bijon bitarteko aldijak. Aldi luziak egun aretan esan gegike Enuma Elits'aren egilliaz. Alan eta be, Jaungoikuak irakatsitako egijak ez ziran gustiz illundu ta aztu gixonene buru-bijotzetan.
GILGAMETS-OLERKIJA. Asurerriko idazti urtenenguen artian auxe da bigarrena. Gilgamets Erets'eko bakaldun altsuba zan. Agintza leporatu ebanian Erets-urija gustiz ondatuta eguan, arerijuak birinduta itxi ei eben, baña Bel eta Istar Jaungoikoixunak euren laguntzea Gilgamets'i abindu leutsen. Gilgamets'ak lagun indartsu bat gura eban eta jaungoikoixunak lagun ori bidaldu leutsen gure Basajaunaren antzeko gixon bat Gilgamets'i bidalduz. Lagun orren ixena Eabani zan eta emakumiak buruban dabezan lako ule luziak bere gorputz gustijan ebazan. Uliok gari-lastuak lain gogor eta senduak ziran. Gixona zan arren, abere letz eta abere tartian bixi zan.
Samuat eritxan emagaldu baten bidez gixon basati ori Erets'eratu leben eta an Gilgamets'ekin adizkidetu.
Eabani, baña, il zan eta berau ilpiztu gurarik Gilgamets asi zan ona ta ara joten. Ibilli ta ibilli Babylon eta Asurerrijan Noa'ren antza daun Utanapistim jauna ikustatu leban. Utanapistim au (beste batzuk Pir-napistum irakurten dabe) gure idazteuneko Noa berberaxe da.
Bere zaindari zan Ea'gandik jakin eban jaungoikoixunak ujol ikaragarrijaz ludija ondatuteko zirala, eta urontzi (Elippu) bat egiñez antze barruban bizitzadunen azija zaindu biar ebala. Noa'ri letz, Utanapistim'i be goitik esan yakon ontzi ori zelan egin bihar eban eta barruz ui astunaz naspilduteko, uraz ondatu ez leditekian.
Noa'k letz, Utanapistim'ek be goi-uarra ontzat artu ta bete egin leban; ujola lur ganian zabaltzen asi zanian Utanapistim'ek ontzi-atiak ertsi ebazan eta berak ta bere emaztiak barruban baketsu jarratu eben.
Ujolaz batera asi zan ekatxa gogorra ta ikaragarrija ixan zan; jaungoixunak eurak be txakutxubak letz, ikaraka ta bildurez orma-bazterretera joten eben. Noa'k letz, Utanapistim'ek be ontzi'tik urten ete-ledikian jakitiaren egaztijak bidaldu ebazan, usua lenengo gero ormatxorija eta belea azkenez. Usua ta ormatxorija nun egon ez ebela aurkitu ta atzera etorri ziran, baña belea zer jan aurkitu eban ezkero, ez zan atzera etorri.
Bein ontzitik urten zan ezkero Utanapistim'ek jauskeintza opa leutson goiko Jaunari eta bera ta beren emaztiarentzako ez-ilkortasuna lortu eban. Ezilkortasun orren azija Gilgamets'i be emon eutson baña Erets'erako bidian sugiak azi ori Gilgamets'gandik ostu egin eban.
Aor, ba, Gilgamets be beste gixon guatijak letz il egin biar eta alakoren baten il zan, ez baña bere adizkide Eabani'gandik ikermenduba ixan barik.
Agiri-agirijan da Gilgamets-olerkija deritxon idazti onek gure idazteunaz zer ikusi aundija daula.
Ez dira baña bardiñak; asurerritarrai ez yaken esan zegaitik ujola lurrera etorri zan, guri baña gixonen obenak zigortuteko ixan zala esaten yaku; guk Jaungoiko bakarra entzuten dogu, asurerritarrak baña jaungoikoixun pillua; gure Jaun bakarrak ez dau ujolaren bildurrik, asurerritarren jauntxuok bildurren bildurraz emetik ara igeska dabiltz. Ez dira, ba bardiñak baña bata bestiaz antz aundija dabe bai, eta edesti bijok antxiñagoko iturri berberaxetik datorzala bildur barik esan gegike.
ADAPA'REN ASELEA. Diñuenez, idaztitxu au asurreraz edertoen idatzitako olerkija ei-da. Adapa arrantzalia zan eta jaungoikoixun Ea'ri janarija eruaten eutsona. Anu eritxon jaungoikoixunak. Adapa ori bere goi-atsegin-maira jateitu eban. Ea'k baña bekaizkeriz-edo Adapa'ri kontuz ibiltzeko esan eutsan, Anu'k jatedate-bidez erijotza emongo eutsala-ta. Anu'k bere maira deitu ebanian jatedatia eskeñi eutson, bizitzako jana ta edana zirala-ta. Adapa'k Anu'ri ziñistu ordez, Ea'ri ziñistu ta janari-edarijok iguiñez begiraturik ez ebazan artu gura ixan. Anu'k asarrez. Adapa gixajua atzera lurrera bidaldu, bidaldu eban.
Asele onetan be bai-dogu Jaungoiko onak lenengo gixonaz ixan ebazan artu-emonen aztarna.
Urtzi jaunak Adan'i bizitzazko zugatza ta jakiturizkokua begi aurrian jarri eutsazan atsegin-baratzan, Adan'ek baña bizitza ordez erijotza autetsi goteungiak atzipetuta.
Adapa'ren aselean jaungoikoixuna da gixona atzipetuten dauna, Moxa'ren edestijan baña goteungia; Adapa'ren aselean Adapa'k Erijotz-bildurrez jan gura ez, Moxa'ren edestijan Adan'ek ezilkortasun-maitetasunez igalija jan eta erijotza irabazi.
Emen be, ba, antz apur bat baidogun arren, bardintasunik ez dogu eta ez bardintasun onen zijo ta azalpena len esan dogun berberaxe da.
Adan'etik Adapa'raño gixaldi asko igaro ziran bai, eta bijon bitartian gixonak bata bestiari aboz irakatsiz, egijak gitxika-gitxika illundu ta bide zuzenetik okerrera alboratu.
Dana dala baña, aldi ta lurralde aretan gixonak ez ziran abereak lakuak gorantz begiratuten ekijen adimendunak baño. Irakasmen asko galdu ta aztu ta okertu egin ebezan arren, ondiño egizko Jaungoikuaganako gurari bixija euren bijotzetan agertzen eben.
Illobi-andik on-egillientzako zoriontasuna eta gaizkillientzako zoritxarra zala be bai ekijen eta zintzoro ziñistuten eben.
Amaitu baño len, ziñismen ori argi-argi erakusten daben neurtitz labur batzuk euzkeralduko dodaz. Istar eritxon jaungoikoixuna edoi-goitiko landa zoriontubetatik lurpeko gaiztoki zoritxarrekotara jatsi eizan eta amen zelan elestuten eben toki ori. Istar ori jatsi ei-zan.
Atzera etorterik ez dan lexara
Irkala'n bizitoki illun baltzera
Sarkera daun arren, urterarik ez
Atzera-aztarnik be ez arako bidez
Toki atan sartu, sartu bakarrik
Andik urteteko ez dozu argirik
Onegaz amaituten doaz asurerritarren azikera'tzazko uartxubok.
Gixadija geruago ta geyago geituten zan. Babylon eta Asurerrija estu ta kaxkar ziran eurontzako ta beste toki batzubetara begira jarri ziran. Gitxika-gitxika seni-talde batzuk gaur eta beste batzuk bijar ona ta ara joten asi ziran. Batzuk gorantz Kaukas-mendi oñetan zabaltzen diran landetarantz eta andik gorago gero Behring deritxon itxasataka bidez Ameriketaraño elduteko; beste talde batzuk berantz Araberri ta Oigitorantz; batzuk eskumarantz Indieta ta Txina ta Niponerrirantz, bestiak eskerrerantz Cyprus eta Kreta bidez Itali ta Parantze ta Auñarmendirantz.
Apurka-apurka erri gusti onen azkereaz diñardukegu, Jaungoikua lagun. Gure asabeak be euren artian edo ebiltzan eta aren bizikereak ikasiz geuria be ikasiko dogula deritxat. Nire asmua beintzat orixe da.
Gai onek euzkeraz erabiltia be zuzen edo da, gure euzkerea eskaratzetan kontu-kontetan erabilteko bakarrik ez da ba-ta.
Urrenguan geyago.
|