Olerti
«Pampa»etan izar
Orixe
Illun dago lurra, illargirik ez da, izar dago zeru.
Bi obo biribil, bat beltza, bat urdin. Ni naiz erdileku.
Izarrei begira, mendi gabe, doi dut yaso bear buru.
Zerua bertago, izarrak gorrigo. Zelaia paketsu.
Begi-klixka batez negurtuak ditut millakan eremu;
Giltzerdi neregan, eta beste klixkaz buka dut inguru.
Alper da bat-banan izar bakoitzari geldi begiratu;
Guzien nir-nir'ak itz bat egitendu: «tiñel gaituzu gu!»
Bazter orietaz arago ba-dira beste milla mundu:
Ibil eta yoan, nork ote lezake mugarik arkitu?
Ez xilborrik ere. Yainkoaren kutxak ertza non ote du?
Galtzen, naiz berela. Nere gogoeta zertako luzatu?
Nere belarrien betiko xixtua ezin dut sumatu.
Kolkoan arnasa bakan biotzean pilpira larritsu,
Izarren ixillak, nekatuen loak, entzuten uzten du.
Ixil da burua, izketan biotza; baña nork atzitu
Zer dion? Berak, bai, oiartzunik ez dun itza bere baitu.
Noizbait burutik oin, biotzaren garrak osorik nau artu:
Guzia biotz naiz; itza dut nerekin ordu bat, bi ordu.
Itzik ixillen au biur ledi mintzo, biur lekit oiu,
Asperen bederik..! non bail utzi lezan gar onek erraiñu.
Gero... barne-barnez artu dut arnasa, bakarrean iru:
Gorputz unatuak bere saria nai, oiera dei digu.
Lo bete daudenak esnarazi gabe, ixil nauzu sartu,
Oin, gerri ta beso izaretan erdiz, beroaren izu.
Gogoa bil-bil dut gorde magalean, laister sogor, itsu;
Baña lo-aurrean, gar berriko sua nigan oi dut piztu:
Zertako nai ditut izar eta tarte ameska berritu?
Nere biotzean, ain toki gutxitan, guzia zaude Zu.
Ernai, ametsetan, lotan, argiz, gauez, Zu zaituda zeru.
|