Guatemala'ko Landibar
Urizar
Guatemala'ra etorri-ala, emengo euzkotar zarren berri yakin nairik, illerrira yo nun. Bertan, iñork etzidan ziririk sartuko.
Aspaldidanik Euzkadi'tik etorri ta Guatemala'n bizitzez gelditu ziran euzkotarren berri ikasi gale nintzan. Bizien artean euzkotarren berri ez nun arkitu al izan. Naiz ta euskal-izenak izan, ez zekiten nondikakoak ziranik. Baña, illerrian, amaikatxu euskal-izen arkitu nitun. Ta illok oyuka Euzkadi'ren berri eman zidaten. An ziran Arribillaga, Larrabe, Beltranena, Agirre, Aitzinena, Artzu, Goikolea, Arroyabe ta abar.
Arrezkero, emengo Askatasunaren Agirian sei euzkotarren izenak arkitu nitun: euzkotarrok iñongo errien askatasunaren alde gogor yokatu dute, euskaldunen izena ederturik. Bitartean, beren aberria uztarripean loturik zuten. Nork ezagutu yarduera onen erro sakona? Egia esan, 1839 garren urte beltza baño len onutz etorriak ziran euzkotarrok. Beraz, bere buruaren yabe zan oraindik Euzkadi, eta non-nai askatasunaren azia erein zuten gure arbasoak.
Are arrigarriagoa. Emengo idazle ta olerkarien artean garaienak euzko-izena dute: Liendo ta Goikoetxea, Gartzia Goyena, Landibar, Iturriaga, Larrazabal, Barrundia, Marure, Milla ta Bidaurre, Irisarri, Artzu, ta abar ezagunenak dituzu.
Oraingoz, ordea, Landibar olerkaria aipatu ta aupatu nai dut.
Guatemala uriburu zarrean 1731 garren urtean yaioa duzu Landibar. Beraren aita yatorriz naparra zenun: euzkotarra zan ezkero, etxe oneko semea zan: lanerako mutilla baitzan, gezu baten aberats okitua zan, ta non-nai goretsia ta onartua.
Aipurik ederrena, ordea, semeak egotzi zion Landibar izenari: olerkari izaki, bazterrak arrotu ta arritu zitun.
Guatemala zarrean oraindik ikusi dezakezu Landibarren belaunetxea: bertan, umetandik ikasten asi zan geroko olerkari goragarria.
1749 gko. ikastaroa bukatu ondoren, Mexiko'ra yo zun Landibar gazteak Yesu'ren Lagundian sartzeko asmoz. Zazpi urtetan Mexiko aldean ibilli ondoren, Guatemala'ko yesulagunen ikastetxean nagusi egin zuten, ta bertako buru iraun zun 1767 garren urterarte.
Urte artan, yesulagunok Españi'ko bakaldunak bere alderdietatik yaurti zitun: Landibar atxilotu ta Omoa'ko izturira eraman zuten; bertan, noraezean itxasoratu zuten. Gorriak ikusi ondoren, Itali'ko Boloni'n bizitzez gelditu zan. Minki bearrik gorrienean bizi ta 1793 gko. Iraillak 27 zitularik il zan, ta Andra Mariren elizan eortzi zuten. Beraren gorpuzkiñak Itali'tik Guatemala'ra ekartzeko alegiñak egiten ari dira emengoak.
Landibar'ek idatzi zun olerki-idazti aipagarriena «Rusticatio Mexicana» deritza: 209 orribete itz-neurtuz, latiñez idatzita. Emengo idazle zarren artean aipagarriena bide duzu.
Izkera zarraren zaragi zarretan ardo berria sartu nai izan zun. Bergili'ren yarioa dizute aren itz-neurtu aratz ta apaiñak.
Biotz-ondo aundirik ez du ageri, alare, Ameketako ekandu, landare ta eltxoak esku egokiz azaldu zitun.
Aren idurimenaren ikutuera, orri berrietan jolas egiñaz, belar izpi luzeak zabulunduaz ari dan illunabarreko aizetxo bigun eta eztitsuaren antzekoa da.
Guatemala uriburu berriaren iparraldean txoko ikusgarria duzu; txori ta liliz beterik ageri dira bazterrak; senar-emaztegaiak illunabarrean bertan dute batzarre, baratzen ederrak erakarrita, ta ixillean txutxu-mutxuka ari dira maitari berriok. Etzatera doan eguzki motelaren argitan, bi txori ozkarbi barna doaz. Txoriak ere elkar maitasunez txorrotxioka diardute ta maitasunaren indarrez kulunka ari dira lilipitxi ederrak. Bitartean, jacaranda lore laru begi betegarrien artean, zutik dirau Landibar'en irudiak, burnizko biotz-begietan Guatemala ederra izaki.
|