L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Enseiucarrean-10 (1994) —<ense1000>




 

 

Malen

 

Ainhoa Segura

 

Paris, 1994ko Ekainak 27.

 

        Kaixo laztana,

        Bi aste dira etxetik kanpora nagoela eta badirudi urteak pasa direla. Hala ere ez dut zure begirada ahaztu, ezta zure ezpainen irripar eztia ere. Biok daukagun altxor preziatuak ez die gure bihotzei elkarrengandik urruntzen uzten eta ziur nago, zoriontsu egingo gaituela betirako.

        Ederra da Paris. Orain lanean nabil, arnasa lasai hartzeko astirik gabe, baina bada zerbait nire eginbeharra arinagotzen duena: eztei bidaia. Sekula ere ez naiz aspertuko egin dudan bidaiarik zoragarriena izan dela esaten. Erreportaia pare bat besterik ez zait falta; igandean bueltan izango nauzu.

        Ondo gorde gure altxorra, inork ere lapur ez diezagun. Maite zaitut.

Ione.

 

Irakurriaz batera, ongi tolestu eta eskutitzez gainezka dagoen zurezko kutxan sartu du; bertan daude ezkon aurreko maitasun olerki guztiak ere. Laster, kutxa haundiagoren bat beharko du, baina... nork daki zer gertatuko den biharko egunez? Mariok ez du geroaz mintzatzea atsegin; biharkoa, biharko utzi behar dela esaten du, ez dela planik egin behar, denak gaizki ateratzen direla eta. Egia esan, Marioren bizitza hondoa jotako plan bat baino ez da.

        Itsasoa bare; eguzkiak ez du zeru zabalean bere izpiak luzatzeko trabarik. Goizeko hamarrak dira eta Elantxobeko kaleetan jendearen mugimendua nabari da: gazteenak portura bidean; emakume taldetxo bat, alboan erosketekin betetako poltsak dituela, kale nagusian kontu kontari... Madalenean, Joxepak —alkatearen emazteak— bere semearen istorioekin dihardu, goizero legez, Ione harritu asmoz. Elantxobeko neskatxarik ederrena da Ione, Joxeparen ustetan: ile beltzarana, azal leun iluna eta gorputz fina. Hamazazpi urte bete berriak ditu eta aita hil zenetik bere amari lagun egiten dio dendan. Egunero egunero, irriparrea ezpainetan, herriko emakume gehientsuenen kontuak entzun behar izaten ditu; bateko, senarraren buruko mina dela, besteko amonaren eztula dela... Berriketaldi guztien artean, kalean behera Maria noiz pasatuko zain egoten da. Mario Bermeokoa da, baina mutil koxkorra zenetik Elantxoben igaro du uda partea. Goizera, portura bidean, kale nagusian behera pasatzen da, eguzkia berotzen hasi bezain pronto.

        Eguzkiaren argitasunak Marioren loa eten du. Maindirea alde batera baztertu eta isil isilik sukalderantz abiatu da. "Oraindik goiz da; kafea egingo dut". Konturatu gabe, okerreko armairua ireki du azukrea hartzeko eta eskutitzen kutxa ikusi du. "Larunbata; zein azkar pasatzen diren egunak! Ione bihar hemen izango da". Kafeari zurrut egin eta logelara bueltatu da. Ohean eseri da, lo datzan Maleni so. "Bai ederra zarela! ile kixkur begi biribil, azal xuri... bihotza hunkitzen didazu!" Malenek begiak ireki ditu eta Mariori begira geratu da, hitzik esan gabe. Honek bere ezpainekin Malenenak bilatu eta musu eman dio. "Esnatu egin zaitut? Ez zen hori nire asmoa, baina badakizu ezin izaten naizela luzaroan isilik egon. Gaixotasun bat dela esan izan didate batzuk. Zer uste duzu zuk? Guztia irriparre batekin konpontzen duzu, ezta? Bai. Nik ere hala egingo banu, askoz hobeto". Leunkiro Malenen bularra ferekatu du; honek, eskua Marioren aurpegira luzatu du eta bapatean logelako paretarantz zuzendu du begirada. "Zeri begira zaude?" Maleni jarraitu eta kolorez apainduriko egutegiaz egin du topo. "Bai, oso azkar pasatzen dira egunak; hamabost ordu barru igandea izango da."

        —Zeri begira zaude Ione? Lan asko daukagu dendan eta ez denborarik galdu!

        Baina Ione naiz pasatuko zain dago. "Honez gero laster joango da porturantz. Bihar igandea da eta egun osoa izango dut berarekin egoteko. Hor non datorren!" Eskuaz agur egin eta irriparre bat luzatu dio. Mariok ene irriparre egin dio.

        — Zerbait gehiago, Joxepa?

        — Ez, laztana; oso ondo dago. Zergatik ez zatoz bihar gurera bazkaltzera? zu bezalako neskatxa eder eta esanekoak hori eta gehiago merezi du. Ion Kepa eta biok izango duzue zer kontaturik gainera! lagun onak omen zarete...

        — Eskerrik asko Joxepa, baina gaur arratsaldean nire lehengusina Malen dator eta bihar portuan bazkalduko dugu.

        — Hurrengo baten, orduan.

        — Bai, hurrengo baten.

        Malen Mundakakoa da, hamabost urtetako neskatxa ile gorria. Jone baino urte pare bat gazteagoa izan amen, elkarrekin oso ondo konpontzen dira. Horregatik, urtero urtero, oporretako hamabostaldi bat batera igarotzen dute; urte baten Mundakan eta hurrengoan Elantxoben.

        Eguna aurrera doa eta denda isteko ordua ere iritsi da. Ama-alabek bezperan gertatutako lapikoko goxoa dastatu dute jangelaren freskotasunean. Fermin itsasoak eraman zuenetik Madalen mutu egoten da jatorduetan, aulki hutsari begira. Ionek ere asko maite zuen aita. Marioren osabaren lagun haundia zen, sarri joaten ziren elkarrekin arrantzan. Ione eta Mario ere joan izan ziren behin baina gehiagotan. Neskatxak asko atsegin zuen Marionekin egotea eta honen emaztea zela amets egiten zuen gauetan. Oraindik ere izaten ditu antzeko ametsak noizean behin. Nork daki, beharbada hainbeste desiratutako amets hau egi bilakatuko da egunen baten!

        Mahaitik altxatu eta harrikoa egiten hasi da Ione. Momentu honetan txirrinak jo du. Neskatxari aurpegia argitu zaio bapatean: "Malen izango da".

        "Zer iruditzen zaizu portutik bueltatxo bat egiten badugu? Arratsalde ederra daukagu gu biontzat bakar bakarrik". Diru zorroa ireki du. Bertan daraman argazkia atera eta sukaldeko mahai gainean utzi du. "Nire bizitza komedia bat da, faltsukeria hutsa! tragedia oro komedia batek estaltzen duela esaten dute. Ez dakit zer egingo nukeen nire alboan zu ez bazintut. Zu eta biok bakarrik. Beste guztia soberan dago". Atea itxi eta kalera bidea hartu dute. Ioneren argazkia sukaldeko isiltasunean geratu da. "Zoratuta nagoela uste al duzu? Badakizu? zure mututasuna, zure isiltasuna, barruan daramazun bake zabala, benetan apreziatzen dut. Sekula ez diezu nire galdera eroei baietzik esaten. Ez duzu ezer ere kanporatzen, bestela ere munduan nahiko zarata dagoela uste duzu; guztia zure barruan gordetzen duzu, itsasoa baino zabalagoa da zure barrea eta bentan betirako murgiltzea gustatuko litzaidake. Entzuten duzu kaioen hotsa?".

        Malen, Marioren besoen berotasunean, eguzkiari begira dago. Ekiaren izpiek ez daukate jada olatuekin jostatzeko indarrik, laster atseden hartzera izkutatu beharko dira eta orduan, ilargiari utziko diote lekua. Gaua hurbiltzean ikaratu egiten da Mario. Iluntasunak bere erraietara sartu arazten du eta handik, barrenetik, galdera zaparrada bati aurre egin behar izaten dio.

        "Zergatik?" Hauxe da galdera guztien maisua, loa galerazi eta oraindik erantzunik aurkitu ez diona. "Zergatik da hain krudela bizitza? zergatik da hain faltsua? Guztia da gezurra: gezurra da maitatzeak zoriontsu egiten duela; gezurra da bilatzen den oro aurkitzen dela; gezurra, guztia ahantz daitekeela... Hala ere gauaren ondoren eguna dator eta bizitzak aurrera egin behar du".

        Igande goiza sekula baino distiratsuago esnatu da. Eta zer esanik ez Ione. Astegunetan baino goizago altxatu da ohetik eguerdirako otartekoak prestatzeko. Kafeontziaren hotsak Malen ere esnatu du.

        — Egunon, Malen.

        — Egunon. Zer egiten duzu horren goiz sukaldean?

        — Gaurko bazkaria prestatzen ari naiz. Portuan pasako dugu eguna, zer diozu?

        — Oso ondo, baina...

        — Berriketa gutxiago eta prestatu gosaria; gose naiz!

        Ioneren buruan Mario baino ez dago. Gaur, Mariorekin igaroko du egun osoa eta horrek ikaragarri pozten du: Mariorekin hitzegin, Mariorekin jolastu, Mariorekin bazkaldu... Sekulako eguna gaurkoa! Neskatxek portura bidea hartu dute jatekoa zorroan sartuta. Ionek urrunera ezagutu du Mario, bere osabaren txalupa gorrian, uraren gainean hara eta hona. Agur egin dio eskua altxatuz. Mutila hasi da arraunean.

        — Kaixo.

        — Egunon, Mario.

        — Gaur egun osorako portura, eh?

        — Bai, bazkaria ekarri dugu. Hau nire lehengusina da; Mundakakoa.

        — Eta zure izena?

        — Malen.

        Malenen ezpain eztietatik ateratako hitz bakarra nahikoa izan da mutilaren bihotza, alderik alde, preso hartzeko.

        — Txalupan bueltatxo bat?

        — Hobeto itsasoa pixkat baretu arte itxaroten badugu; ez duzu uste?

        — Ez horixe! olatu haundiekin dibertigarriagoa da. Zatoz Malen, Ione kakati bat da eta!

        Aita olatu handi batek irentsi zuenetik, ikara haundia sortarazten dio itsasoak neskatxari; batez ere haserre dagoenean, gaur bezala. Sarri darabil heriotza buruan eta ez luke bere aita bezala hil nahi, baina bada zerbait gaurkoan, barruko zirrara hori ahaztu eragiten diona; ezin du inola ere gaurko eguna alperrik galdu. Aurrena pausu bat egin du. "Zer demontre, ez zaigu ezer ere gertatuko!". Zirrara ez da guztiz desagertu, ordea.

        — Itxaron, ongi da!

Itsasoa eta zerua ez datoz bat: bata haserre eta bestea lasai. Igande goiz hau ere, aldi berean zoriontsua eta ikaragarria da. Mariok indartsu dihardu arraunean, baina olatu zakar batek txalupa jo eta irauli egin du. Ionek burua urpetik atera du arnasa sakon hartuaz, laster atera da urazalera Mario ere.

        — Abentura izugarria! — oihukatu du mutilak barrez.

        — Bai — Ionek, oraindik arnas estuka.

        — Eta Malen?

        Neska mutilen begitartea guztiz ilundu da neskatxa ilegorria ez ikustean. Alde batera begiratu, bestera begiratu, baina Malenen arrastorik ez.

        — Denbora asko pasa da. Eta ito bada? — Ionek, negarrari eutsi ezinik.

        Bapatean, zerbait atera da urazalera. Mariok neskatxa eztiaren bainujantzi arraiaduna ezagutu du. Igerian hurbildu eta besoetan hartu du bizirik gabeko gorpua. Beragandik hain hurbil daukan hura sekula ez dela berarentzat izango sentitu du bere barruan eta negarrari eman dio.

        Mario eta Ione nekaturik bueltatu dira portutik. Bazkaria izozkailuan prest zuten, beraz, jan eta lokuluxkatxo bat egitera joan dira. Etzan bezain laster, ametsetan murgildu da Mario: Elantxobeko portua, bere osabaren txalupa gorria eta espresiorik gabeko Malenen aurpegi xuria. Bere bizitzaren ametsa da; hondoa jotako plan zoragarri baten ametsa.

        Ate hotsa. Ione heldu da, baina Mario lo dago eta ez ditu haren urratsak entzun. Sukaldera sartu da. Han, mahai gainean, bere argazkia ikusi du. "Gogoratzen dut argazki hau eman nizun eguna: 1976ko abuztua zen. Jadanik baziren bost urte nire lehengusina Malen ito zela eta zu portuan ikusi zintudan. Bost urte elkar ikusi gabe, istripua gertatu zenetik ez bait zinen gehiago Elantxobera etorri. Zuregana hurbildu eta zer esan ez nekiela, zer moduz zeunden galdetu nizun. Poliki poliki, elkarrizketa goxo batean murgildu ginen eta ondoren, biok bakarrik paseotxo bat egin genuen. Egun hura zoragarria izan zen, zerua zabaldu zen niretzat eta ezin nuen jainkoak eskeinitako aukera hura alperrik galdu. Nire helbide berria eta argazki hau eman nizkizun. Hasiera polita izan genuen eta jarraipena are politagoa: ezkontza, nire behin betiko ametsa!". Argazkia hartu eta logelarantz abiatu da. "Diruzorrotik eroriko zitzaion".

        Mariok, lo dagoen artean, sekula ahaztuko ez duen 1971ko uda darabil oraindik buruan. Orduan hamazazpi besterik ez zituen eta igande goiz hartan, aingeru haren ahots eztia entzun zuen momentutik jakin zuen maite zuela. Baina bapatean, bizirik gabeko gorpu hotza sentitu zuen bere besoen artean eta ikaratu egin zen.

        — Mario! Laztana, amets gaiztoren bat zenerabilen buruan — esan dio Ionek, senarraren larritasuna sumatzean, aurpegia maitekiro ferekatuz.

        — Bai. Noiz...

        — Noiz iritsi naizen? oraintxe bertan. Zain zeunden?

        Ionek musu bat eman dio ezpainetan bere senarrari. Ondoren, zutitu eta sehaskara hurbildu da bertan datzan haurtxoa ikustera. "Etorri da amatxo. Ikusten zaitudan bakoitzean, Mundakako nire lehengusina etortzen zait burura: azal xuri leuna, begi biribilak... zu bezalakoxea zen; izena ere berdina daukazue, gainera. Bai, Mariok ez zuen beste izenik entzun nahi. Malen izen polita da eta Marioren gustokoa bada... Bera da nire bizitza; bion artean zoriontsu egingo dugu."

        — Lo dago gure Malentxo — Ionek, irriparrez.

        — Hala da, loak hartu du betirako.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.