L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<ense1000>— Enseiucarrean-10 (1994) —Hurrengo artikulua




 

 

Ezpata txanpontzat

 

Unai Elorriaga

 

Maiz egiten zituen Josek gogoeta berberak. Ez zekien zergatik zeuzkaten gizonek horren buru desberdinak. Hau pentsatzean, jakina, Jesus Bengoetxea, bere lagun mina, zeukan gogoan. Jesus pertsona atzeratu bat zen, sarritan baztertuak gertatzen diren horietakoa. Herri txikietan, askotan, burlagai hartzen den gizon modua.

        Josek bihotzez estimatzen zuen, ordea. Halakoa zen Eibarren jaiotako gizon honen izaera; handi-itxurako pertsonei iseka eta gizaki apalei berorika egingo zien. Nortasun hau gerran gorpuztu zuen.

        Gerra zibilak nabarmen markatu zuen, hura igarotzeko modua kontutan hartuz gero. Frankoren tropak harrapatu eta bonbak desaktibatzen pasa zituen urte batzuk. Armen jaioterrikoa izaki ez omen zuen aitzakirik aurkitu behar hori saihesteko.

        Une beltzak bizi izan zituen langintza zatar honetan. Bonba batek eztanda egin eta pake garaira eraman zuen metralla zati handi bat sartu zitzaion eskumako hankan. Beste behin, bonba bat desaktibatzeko agindua hartu eta proiektila bilatzen zebiltzala, ohe baten azpikaldean hezurdura oso bat topatu zuen ile eta guzti.

        Baina, tartean, momentu barregarriak ere ez ziren aparte egon. Atxilotu baino lehen, herri batean sartu eta bertan ikusi zuten etsaien furgoneta bat, barnean bi edo hiru soldadu zeuzkala. Errekaren alboan zegoen geldi-geldi eta Joseren koadrilaren laguntzaz, bai furgonetak baita soldaduek ere bainu freskagarri bat hartu zuten bizpairu metrotako hegaldia egin eta gero. Soldaduei adarra apur bat jo eta, badaezpada, mendira egin zuten ihes.

        Frankistek harrapatu zituztenean ere bada horrelako pasarterik. Alde batetik bestera bidaltzen zituztenean, bagoi berean sartu ohi zituzten euskaldun guztiak. Behin, bati, tripak txarto zeuzkala eta, kakagurea etorri zitzaion. Josek berak eman zion kaskoa bertan utz zezan oparia besterik ez baitzegoen. Kasko hura, harrezkero, ezin izan zuen berriro jantzi.

        Jesus, egunotan, zoriontsu zebilen, Don Bernardo Basagoitik batzar batera deitu ziolako.

        Don Bernardo bertako aberatsena zen. Familiak heredentziaz utzitako ondasuna zeukan baina, halere, errespeto handia zor zaion pertsona horietakoa zen.

        Garai horretan "club" antzeko bat sortzeko ahaleginetan beste lau jaunekin elkarte bat osotu zuen. "Club"a egin eta gero diru kantitate eder bat jarrita "sozio" bihurtzeko aukera eukiko zuten herritarrek. Bazkideek beraien diruekin erosi zuten lokala eta, halaber beraien poltsikotik ordaindu zituzten barneko prestaketak, hau da, taberna, jantokia eta kartetan ibiltzeko inguru bat. Jolastoki hau zela eta "kasino" izena hartuko zuen gerora herritarren ahotan.

        Dena prest zeukaten baina abokatu batekin kontsultatu eta honek aseguru bat behar zutela ihardetsi zien. Taldekideek, ordea, ez zeukaten diru gehiago ipintzeko gogorik eta idei bat eduki zuten: "Jesusek dirua eduki behar du; ez du ezertan gastatzen eta egunero, sekula faltarik egin gabe, "Altos Hornos"era doa lan egiten" esaten zuten bazkideek. "Bau, gainera engainatzeko errez samar daukagu" erantzun zuen Bernardo presidenteak irribarre ironiko bat luzatuz. Honela, bada, Jesus konbokatu zuten eta, inongo lotsarik gabe, behar zuten dirua eskatu zioten. Honen erantzun sinplea "baina nik dirua ipintzen badut, erosten duzuen hori nirea izango da, ez da? Eta neure izena paperetan agertuko da, ez da?" izan zen. Bernardok baietz esan zion eta halaxe egin zuen. Jesusen izena jarri zuen aseguruaren paperetan. Haren sinadura eta dirua falta ziren bakar-bakarrik. Jesusek, gurutzea egiteko esku tartean sekula eduki ez zuen luma eman ziotenean, azken gauza eskatu zion Bernardori: "Jauna, ni kasinoko sozio izango al naiz?" "Jakina" esan zion aberatsak arin izenpetu zezan.

        Jesus eta Bernardoren arteko tratuak jakin zirenean, "Altos Hornos"eko gertaera famatu hura gogoratu zuen Joseren ilobak. Jesusek, dirudienez, ez zituen zenbakiak ezagutzen eta hilabetero soldata ematen zion langileak parte bat gordetzen zuen berarentzako. Jesus, aldiz, lagun batekin joan ohi zen lanera eta soldata hartu zuten arratsalde batean, Bilbora abiatu ziren paseo bat ematen. Telmok, lagunak, eskopetarako kartutxo batzuk erosi zituen eta Jesusek ere, imitatu nahian edo, zerbait erosi nahi zuela esan zion. Handik lasterrera, landareak saltzen zituzten denda baten ondotik igarotzean, arrebari horrelako berde eta zuriak gustatzen zitzaizkiola eta, haiek erostea erabaki zuen.

        Telmori mesedez eskatu zion bere sobretik dirua hartzeko eta ordaintzeko. Honi, Jesusen sobrea ireki eta laurdena edo falta zela konturatu zenean, soldata banatzailea etorri zitzaion burura. Hurrengo egunean, entzun beharrekoak entzun zituen langile bihozkabe horrek.

        Josek, askotan, laguntzaile gisa izaten zuen Jesus bere lantokian. Ardura gabeko enkarguak ematen zizkion baina biak ere gustora ibiltzen ziren elkarrekin.

        Josek, bestetik, kotxe txiki bat zeukan eta garai haietan, gauza berezia zen lujo hura. Batzutan Bilbora joateko beharra zuela eta, kotxea hartzera joan eta han, peto-peto, aurkituko zuen Jesus, edonora laguntzeko prest. Holakoetan, ostera, ez zion adarra joko horretarako abagunea eukita, nahiz eta bromak Joseren afiziotako bat izan.

        Bere broma hauen helburu emaztearen ahizpa izaten zen. Behin egin ziona ez zuen sekula ahaztuko. Amaginarrebaren etxera gonbidatu bezala joan zen Jose bazkari batera baina jateko ordua bazen dagoeneko eta emaztearen ahizpa falta zen mahaian. Dirudienez, hura gabe ezin zioten bazkariari hasiera eman. Josek, erabat birrinduta, leihotik begiratu eta, ate ondoan, itxaroten ari ziren neska bere nobio berriarekin ikusi zuen. Orduan, lapiko bat urez bete eta leihotik botata, "maitale" biak blai-blai utzi zituen. Neskak ez zuen berriro mutila ikusi harrezkero.

        Bernardo eta bere lagunek asegurua sinatu eta handik gutxira inauguratu zuten kasinoa. Lehenengo egunean herriko pertsonai inportanteenak bazeuden sozio bezala, hauek bakarrik ordain bait zezaketen bertako kuota.

        Aste batzuk igaro eta sozio kopurua handia zenean, lehenengo festa egitea erabaki zuen Basagoiti jaunak. Guzti-guztia ondo baino hobeto prestatu zuten, gizon garrantzitsu hoiek gustora gera zitezen.

        Bederatziretan hasi ziren gonbidatuak iristen baina, halako batean, Jesus ere hara hurbildu zitzaien, bera "sozio zelako". Atezainak ezetz nabarmena luzatu zion baina Jesusek "Bernardo Basagoiti jaun lagunari" deitzeko esan zion. Don Bernardo, halere, ez zen agertu eta atezaintzailea haren mezuarekin itzuli zen: "Don Bernardok ezin zarela sartu esan dit".

        Protesta izpirik ere ez zuen Jesusek azaleratu baina bertatik erabat betilun joan zen.

        Josek ez zuen egunotan Jesus ikusi. Lantegira ere ez zen etortzen baina astebete baino lehen bere betiko aldartean topatu zuenean lasaitu egin zen.

        Joseren aitaginarrebari, Adolfori, ez zitzaion batere gustatzen Jesus eta kasino horren arteko harreman ilun hura. Ez zuen, halere, ezer ere esango. Adolfok, beti, jaun goren bat bezala tratatzen zuen Jesus eta, hargatik, gustora joango zen Bengoetxea jauna haren kristaleri dendara.

        Adolfo lekuz kanpo jaiotako XVIII. mendeko ilustratu bat zen. Fabulak irentsi egiten zituen, haien irakaspenak bere alabei azalduko zizkielarik. Samaniego, Esopo eta beste asko zeuzkan maisu baina ikasitakoak ez zituen buruan gordeko baizik eta ekintza moduan plazaratuko zizkigun. Gustora zegoen umeekin eta bere alboan zegoen oro zerbait ikasi gabe ez zitzaion aldamenetik aldenduko. Ipuinak asmatuko zituen, buruko errota mugitzeko jokoak erakatsiko zizkien, jostailuak egingo zituen eta, pazientzia agortu gabe, irria piztuaraziko zien. Eskolan baino gehiago ikasiko zuten zenbaitetan, beraz. Halaber, ume bat bezala ikusten zuen Jesus eta neurri horretan maite zuen.

        Jose bromazalea zen eta, bereziki, haundinahiak ikusi nahi zituen algarapean. Hala izaki, kasinoan ematen zuten hirugarren festarako, arraultze bi usteltzen utzi zituen. Nahiz eta ez zen oraindik uda ailegatu, egun sargoritsu bat suertatu zen jaia ospatu zen hura. Kasinoan leiho bat utzi zuten irekita baina, hori bai, gortinak itxita, jende xeheak haien dantzaldia ikusi ez zezan.

        Gauerdian, kasinotik hogeitabost bat metrotara zegoen bere etxetik atera eta leihopean jarri zen Jose, neska bati gortea egiteko prest balego bezala. Ehiztari izakerak emandako abileziarekin arraultze usteldu biak bota zituen leihoa eta gortinaren arteko zoru zatira. Kolpearen ondorioz apurtu eta kiratsa hedatzen hastea bat izan zen. Jendeak, orduan, arrazoirik eman gabe, etxerako bidea hartu zuen apurka-apurka. Lasaitasunez ere ez zuten hartu, hogei minututan ez bait zen bertan inor geratzen.

        Bernardok ez zituen nahi aina edari saldu gau horretan eta etxera joateko atea ixten ari zenean, "paseatzen" zebilen Jose topatu zuen. "Zer, paseatzeko gau ederra, e?" galdetu zion aberatsak, "Bai" erantzun zion "fresko usaina ere nabaria da!"

        Bernardo jauna eta bere familiak urtero ospatzen zuten San Juan gaba afari oparo batekin. Ohitura bihurtu zuten Basagoitiarrek eta egun seinalatu honetan famili osoa biltzen zen handik eta hemendik ekarritako jakiak dastatzeko. Jai giroan pasatzen zituzten gau hauek, batak bere ibilerak kontatzen zituela, besteak pasarte barregarri bat aipatzen zuela, eta abar.

        Baina giro goxo hori eten egin zen gau hartan, Bernardorentzat bederen. Telefono deia entzun zuen gauerdi aldera eta "kasinoa suak hartuta dauka, Don Bernardo" izan zen bertatik galbahetu zen mezua. Aditu orduko, izerditan jarri, telefonoa utzi eta korrika bizian abiatu zen hara. Bidetik, San Juaneko bizpairu su ikusi zituen, aurkitu behar zuen haundi horren zantzu balira bezala.

        Kasinora heldu zenean ez zegoen dagoeneko ezer egiterik. Teilatua erabat jausita zegoen eta handik bost minututara eraikuntzak zeukan solairu bakarra behera etorri zen. Suhiltzaileek, gainera, eginahalak eginagatik, alferrikako lana suertatu zen. Hurrengo eguneko izpiak iritsi baino lehen, Josek behin ikusi zuen hezurdura baino errukarriagoa zen kasino horretatik geratzen zena.

        Bernardok ez zuen berehala erreakzionatu; holako unetan egiten zena ez zuen egin. Ez zeukan gogorik bere taldekideak ikusteko eta are gutxiago sozio berri aberatsak bisitatzeko. Hargatik, Baionan zeukan etxe batera aldegin zuen eta bertan pasatu zituen pare bat aste.

        Laster konturatu zen, ordea, ezin zituela eginbeharrak alde batera utzi eta etxera itzuli bezain pronto han guztiak mugitzen hasi zen. Bien bitartean, taldekideek eta sozioek ez zuten erabakirik hartu, errespetoz edo. Erreketatik hiru aste pasata zeudela egin zuten beraz, lehenengo bilera. Erabakia argia izan zen: lehenengo eta behin asegurua kobratu behar zuten. Gerora, ikusiko zituzten aukerak, Posibilitate bat dirua sozioei berriro bueltatzea zen; bestea, antzeko beste eraikuntza bat egitea, lehengoa baino apalagoa noski.

        Honela, hurrengo egunean, Bernardo bera joan zen asegurua kobratzera. Bere harridura, ostera, deskribaezina izan zen. Basagoiti jaunaren lehenengo hitzak "Egunon, eukiko duzue dagoeneko erreketaren berri, jakina, eta konpania honekin sinatuta daukagun asegurua kobratzera nator" izan ziren. Langileak bazekien, gehiago esan gabe, nor zen eta zer eskatzen zuen jaun horrek baina, halere, irrifarre maltzur batekin erantzun zion: "Barkatu jauna baina aseguru hori kobratuta dago. Duela bi aste eta erdi, aseguruaren jabea etorri zen, Jesus Bengoetxea jauna. Gure langile bat gertakarien lekura joan eta argi ikusi zuen istripu baten ondorioa izan zela (alboan zegoen San Juan suteren bateko zenbait txinparta seguruenik) egiaztatu zuen. Nola ez, aseguruak emandako diru guztia, gustora, Jesusek berak eraman zuen".

        Don Bernardok ezin zuen guzti hura sinistu baina gehiago pentsatu gabe Jesusen etxera bideratu zituen pausuak. Honen atarira heldu eta atea jo zuenean arreba irten zitzaion. Jesusekin egon behar zuela esan zion, ea etxean zegoen. Honek baietz eta berehala deituko ziola. Halere, handik gutxira bueltatu zen arreba, bakarrik. "Jesusek zurekin ez duela ezer nahi esan dit. Agur" izan ziren honen azken hitzak atea itxi aurretik.

        Bernardok erositako txanpon berberarekin kobratu zuen, beraz.

        Hurrengo urtetan, etxeen inguruan egiten ziren San Juan sute guztiak debekatu zituen udalak, denek uste bait zuten hauen erruz erre egin zela kasino berria. Baina Josek ez zion sekula inori esango San Juan eguneko gauerdi horretan bere etxeko leihoan egon zela eta, behean, kasinoaren inguruan, Jesus ikusi zuela eskailera batekin eta laupabost zuzirekin. Ez zion inori esango Jesusek zuzi gartsuok bai leihoetan barrena baita teilatuan ere ipini zituela gero eskailera hartzeko eta handik lasterka joateko.

        Ez zion Josek inon esango bazekielako ezpata txanpontzat erabiltzen duen gizonak ezpata sartuta amaitu behar duena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.