L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Enseiucarrean-2 (1986-negua) —<ense0200>




 

 

Larru gorria zuen trena

 

Fabian Laespada

 

                                "... astakirten horrek, fobiak mukururaino

                                beteriko garraio publikoetan jende zakarrak

                                lagatzen dituen haizerre ixil eta kiratsu

                                 horiek zirela uste zenuen".

                                                      E. Mendoza

                                                      Kripta sorginduaren misterioa.

 

Une hartantxe, germaniar automatismoz ateak ixterakoan sapai ibiltari berberaren azpian giza osagai guztiok bilduta geunden.

        Bere beroki ingeleseko paparrean Gurutz Gorriaren intsignia zeraman andre bat O.H.O.ko ikasle bati eserlekua harrapatzen saiatu zen, atzekalde eskergari zalaparta eraginez. Azken sexutxangoetatik gertu zegoelako itxura zuen berrogeidun bat jarrera behartuen hermetismoaz baliatzen zen, Irune Ruiz de Basterra-ren —Snoopyez barreiaturiko bere karpetan irakurri zuen— belaun finetan imaginazioa zapalatzeko. Hamasei bat urtetako mutil baten metalezko ukondo zorrotza nuen nik lagun bizkarrean. Nire itzelezko sudurretik zehe batetara, euskarri epelari lotuta, bene-benetako proletari baten eskutzar gordina: ikatzezkoa zirudien marra bikain batez inguratua zituen atzazalok, zeinak niretzat hildamu bihurtu ziren. Urte askodun eta garaiera gutxidun emakume batek estraperloz lortutako muxika urazukretan eta tomatezko poteek kriskatzen zizkidaten ene orkatilok. Anderetxo batek, Psikologia 4. mailako itxuraz eta bularren Jackes Brel-en diska bat zeramala, eraketa mamitsuzko bere bizkarra mutiko atzeratu baten betaurrekoetan xartatzen zuen —zeini bost axola zitzaion, antza—. Dietetika astekari baten atzean bulegari gazte batek bere buru kirimilatua izkutatzen zuen.

        Hala eta guztiz ere kanpoan eguraldi ederra oso, negu gorrian bageunden ere. Eguzkiak dzinkatzen gintuen. Beroa hain zen haundia ahalke gabe eta aintzingibel gutxi eginik gure arropak eranzteari ekin geniola, lehengo artilezko alkondararen botoiak, gero praken, gonen eta praka-gonen hederia geldika askatzen arituz. Jantziok zolua estaltzen ziharduten neurrian geure gorputzak lasaiago zeuden eta azkenik honenbeste larru zuri eta iletsuren artean aide freskoa paseatzen ari zela sentitu genuen. Elkarri begiratuaz irribarre bat sortu zitzaigun ustekabean.

        Biluzketa herrian trena gelditu eta jantzitako zazpi bidaiari sartu ziren eta beraien arropetatik ahalke sentiturik, erantzi egin zitzaizkigun. Dena armoniazko ixilpean zetzan. Bakarrik aditzen genuen trenbidean suertatzen zen erruberen burrunbada, erritmo astitsua sortuz; beraz, bertan ez zegoenari zentzugabekeria iruditzen zitzaion dantza egiten hasi ginen. Lehenik nor bere buruarekin eta gero bikoterik bikote. Halako valls ederrean murgildurik geunden. Dingilin-dangolo gelditu gabe. Nik neuk koipeztutako atzazaleko proletariarekin egin nuen lehengo; gero urte dexenteak zituen emakume batekin kulunkatzea lortu nuen: profesionaltasun hertsiz markatzen zuen erritmoa, bai horixe, eta ballet irakaslea zela esan zidan. Banengoan ba ni. Geroxeago hogei urtetara heltzen ez zen gaztetto batek gorteatu ninduen halako modu arraro batez, eta bere eskakizunari harrera eginda tango sutsu bat dantzatzeari eman genion, eta beste bat eta beste bat gehiago...

        Nabaria zen guztion nekea; birrinduta geunden eta izerdiak, hori bai nekatu gabe, urratzen zigun larrua. Leiho batzuk zabaldu zituzten, airea sar zedin baina batzuk hotzikarak sentitu genituen. Nire kanadiar aizkolari alkondara bilatzea zailegia suertatzen zitzaidan, beraz, oin ondoan nuen lehengoari eutsi eta jantzi nuen; eskoziar gona bat zen eta hestuegi geratzen bazitzaidan ere galgaitzaz baliatuz egokitu nuen. Aurkitutako jertsei bat ere jantzi nuen baina su eta gar hazkura ematen zidan madarikatuak.

        Bidaiaren azken geltokira heltzen ari ginela nabaritu nuen, non ez geneukan inor gure zain. Ez nuen nere jantzirik bilatu ere. Lo gutxiko itxura barregarria irakur zitekeen gure soinean. Trena gelditu, ateak zabaldu eta munduko ihauteria hiri honetako kaleetan barna murgildu zen.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.