Jose Apirileko goiz batetaz
Juanra Madariaga
Jose Apirileko goiz batetan hil zelako, berak haren alkondarak lisatzen zituen, haren jerse zaharren ukondo adobakiak berjosten, praka txataltuen barrenak hartzen eta haren gantzontzillo eta galtzerdiak behin eta berriro tolesten zituen, baina batez ere, lorerik gabeko Apirilaren goiz hartako kolorea hotz ixil batez orhoitzen zuen bitartean, lisatzeari ekiten zion. Alkondararen atzekaldetik hasten zen lisatzen eta beheko sutan goritutako metal zaharrez jazkiaren marra kolorgeak jarraitzen zituen, zeintzuk luzera eta izen berdinetako, kolore eta neurri berdinetako zatitan banatzen zituen.
Jose Apirileko goiz batetan hil zelako aideratzen zuen alkondara bere soinaren inguruan zebilen bizitza-espazioa, arnasa eta etxe osoaren ixiltasun barrengaitza, uxatu nahirik bezala. Alkondarak hegaldi ttipa bat marrazten zuen aidean, marradun tximeleta handi baten eran, zeinak altxatu ezinik bere gorputxoa berriro jotzen du lur grabitalera. Idunekotik tiratuz, jazkia prest zegoen goritutako pisuaren itzalezko beroak zanpatua izateko, zeinaren bidez edonolako tximurdura desagertzen baitzen.
Jose Apirileko goiz baten hil zelako saiatzen zen patrikerekin topo ez egiten, botoiak ez zanpatzen, alboak ondo tolesten eta ezer ez erretzen batipat. Sukaldearen bizi-gune eskasak mugatzen zuen ixiltasuna, beheko suaren kontra lisakinak egin zarata metalikoak bakarrik mozten zuen. Alkondarak lisatzean, maisutasuna ageria zen oroimenak bezala eta idunekoarekin batera senar atsegin, maitagarri eta gutiziatu bezain laburki bizi baten begitarte irribarretsua somatzen zuen. Benetan laburki bizia, ezkontza egunetik ez ziren bost urte ere bete!
Jose Apirileko goiz batetan hil zelako, berak ezin du pairatu orain atsekabea eta bere matrailak hezerazten ditu. Eta lisatuz intentzio oneko agurrak izkiriatzen ditu ertzean, orainak gogorapena eraman dezan, baina aspaldiko bukaeraren hastapenerako agurrak baino ez dira. Berraurkitzeko agurrak dira, betidaniko agurrak. Eta anpulu bat, ffssshh!, goria ikutuz lurrintzen den bitartean, konturatu da lisatzeari eta negar egiteari utzi ez diola bost urteotan, tristezia saman kolpatzen zaiola, atsegina bihotzean pil-pilean dabilkiola eta larriak raima eta larrua lotzen dizkiola. Baina arropak bota ezinak dira, harenak bederen beharrezkoa zaio ikustea.
Jose Apirileko goiz batetan hil zelako, ezezkoa egiten du buruarekin, ezetza xuxurlatuz ezinezkoa zela adierazten eta bost urte igaro ondoren bere ez-biziaz jabetu da
Jose Apirileko goiz batetan hil zelako, bera harekin batera egunez egun hiltzen da, negar egiten eta lisatzen hiltzen da, lisatzen eta negar egiten.
|